Prentsa Oharren banner

Apirilak 9, larunbata

  •  Gizarte politiken zinegotzi Nerea Melgosa Galizia Etxeak antolatutako IV Moda pasarelan izango da. Gernikako arbola kalean.
  • Berdintasun arloko zinegotzi Jaione Aguirrek Feministok Prest! ekintzan parte hartuko du. 13.00etan hasiko da ekitaldia, Bilbo plazan.
Share

Prentsa-deialdiak (2016-04-11)

Prentsaurrekoa. ‘Memoriaren Plaza’ erakusketa ibiltaria Gasteizen

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Gogora, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutoko zuzendari Aintzane Ezenarro

Eguna. Astelehena, apirilak 11

Ordua. 10:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

—————

Harrera ekitaldia Urkide ikastetxeari

Vitoria-Gasteizko Udalak harrera egingo die Kultur Trukeak direla eta, Alemaniako Marl hiriko Loekamp Gimnasium zein Gasteizko Urkide ikastetxeetako ikasle eta irakasleei.

Parte hartzaileak. Hezkuntza, Kultura eta Kirol zinegotzi Iñaki Prusilla

Eguna. Astelehena, apirilak 11

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

Share

Euskadiko Toki Erakundeen Legea onetsi delarik, Udalak hausnartzeko aldi bat ireki du

Alkateordeak nabarmendu du araudi berriak udalerrien egiteko instituzionala indartzen duela, eskumenen banaketa argitzen eta zerbitzuen finantzaketa artikulatzen

Atzo Euskadiko Toki Erakundeen Legea –Udalen Legea– onetsi zen Eusko Legebiltzarrean; hori dela kausa, Gasteizko Udalak hausnartzeko aldi bat ireki du, erakundearen funtzionamenduan izango dituen ondorioak neurtzeko. Alkateorde Borja Belandiak lege berriaren garrantzia nabarmendu du, “Euskal Autonomia Erkidegoa sortu zenetik 35 urte igaro ondoren gure erakunde egituran falta zen pieza baitzen”.

Belandia Eusko Legebiltzarrean izan zen atzo, lege proiektuari buruzko eztabaida eta bozketan. “Lege hori funtsezkoa da udalek garatzen jarrai dezaten. Lege berriak udalerrien egiteko instituzionala indartzen du, eskumenen banaketa argitzen eta joriek garatzen dituzten zerbitzuen finantzaketa artikulatzen”, zehaztu du.

Alkateordeak azaldu duenez, Udalen Legeak udalak Finantzen Euskal Kontseiluan egon ahal izatea bermatzen du, EUDEL-Euskadiko Udalen Elkartearen bitartez.

Horiek horrela, Urtaranen gobernuak datozen urteetan zerbitzuak nola eman hausnartzeko aldi bat irekitzea erabaki du, “beti ere Udalbatzako talde politikoen artean ahalik eta adostasun handiena bilatuz, epe laburrera ez ezik, bai eta ertainera eta luzera ere, udal gobernua edozein delarik bide zuzenetik joateko. Urrunera begiratu behar dugu”, amaitu du Borja Belandiak.

Share

Montehermosok eta EHUko Arte Ederretako fakultateak prestakuntzako azken etapetan artisten lana zabaltzeko deialdia egin dute

Aukeratutako proiektuek 600 euroko laguntza jasoko dute , eta ondoren erakusketa eta zabalkundea egingo da,  Leyre Goikoetxea Martínez komisarioa delarik.

Laugarren urtez jarraian, Montehermosok eta EHUko Arte Ederretako fakultateak deialdi bateratua  egin dute prestakuntzako azken etapetan dauden artisten lana ezagutarazteko, aldi berean mundu profesionalera eta gizartera hurbiltzeko plataforma bat eskainiz.

Gasteizko Udalak eta Arte Ederretako fakultateak sorkuntzaren alorreko azken joerei zabalkundea emateko sinatu zuten hitzarmenaren barruan kokatzen da deialdia.

“Profesionalizatzeko bidean diren artistei  gerora lanean erabili beharko dituzten espazioak eta tresnak eskura jartzea da helburua. Aukeratutako proiektuak Montehermoso kulturunearen erakusketa-egitarauan txertatuz, profesional bihurtzeko bidean diren sortzaileen lanak ikustarazteko aukera sortzen da, eta gure lurraldean arte plastikoak eta ikusizkoak garatzeko egokierak eskaintzen” azaldu du Kultura zinegotzi Iñaki Prusillak.

Aukeratutako proiektuek 600 euroko laguntza jasoko dute , eta ondoren erakusketa eta zabalkundea egingo da,  Leyre Goikoetxea Martínez komisarioa delarik.

 Aukeraketa egin ondoren, kulturunearekin elkarlanean, proiektuen jarraipena egin du, erakusketa gauzatu bitartean. Erakusketa antolatu eta gauzatzeko prozesu osoan parte hartu dute aukeratutako artistek, baita muntatzeko lanetan eta prentsaurrekoan ere.

Komisario lanetan jarduteko emakumeak aukeratu dira lau edizioetan, emakumeek alor horretan egiten duten lana agerian jartzeko: Itxaso Mendiluze (2013), Julia Morandeira Arrizabalaga (2014), Haizea Barcenilla (2015) eta Leyre Goikoetxea Martínez (2016).

Share

Udalak Aragoi kalea berrituko du, oinezkoei leku gehiago emateko dezaten eta uholdeek eragindako arazoak konpontzeko

Lanen aurrekontua 369.289 euro da, eta gauzatze-epea, sei hilabete.

Gasteizko Udalak Aragoi kalea berrituko du, oinezkoei leku gehiago emateko, eurite gogorrak daudenean sortzen diren uholdeak konpontzeko eta oro har inguruaren itxura hobetzeko, orain hondatuta baitago. Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi du lan horietarako kontratazio dosierra, zeinak 369.289,54 euroko aurrekontua baitu, eta sei hilabetean gauzatzeko epea. “Azkenean erantzun egingo zaio inguruko auzokoen eskaerari, urteak baitzeramatzaten kalea  eraberritzeko eskatzen”, azaldu du alkateorde eta Hirigintzako zinegotzi Borja Belandiak. “Laster emango zaie proiektuaren berri onuradunei”, zehaztu du.

Aragoi kalea nahiko hondatuta dago une honetan, eta itxura zaharkitua du. Atarietara ematen duen aldeko espaloiaren zabalera ez da uniformea, eta asfalto urtuzko akabera du; beste aldean, Jacinto Benavente kaletik bereizteko parterre bat dago, hobetu daitekeena. Kaleak zirkulaziorako errei bat du, eta aparkalekuak bi aldeetan. Bestetik, eurite gogorrak daudenean sortzen diren urak gainezka egiten du, drainatzea ezegokia delako.

Orain lehiaketara atera diren lanak Galizia eta Andaluzia kaleen artean egingo dira. Lanak bukatu ondoren, oinezkoek izango dute lehentasuna, ibilgailuek igarotzen jarraitu arren leku gutxiago utziko baitzaie. Zoruaren azalera osoa maila berean geratuko da, hormigoizko galtzadarriak eta granito itxurako akabera erabiliz. Berdegunean zuhaitz berriak aldatuko dira, Aragoi kalearen eta Jacinto Benavente kalearen arteko bereizketa hobetzeko –hiribide hori nahiko zaratatsua da, motordun ibilgailu ugari igarotzen baita bertatik–. Aragoi kalean dagoen aparkatzeko lekua ere murriztuko da. Horren ordez, leku gehiago jarriko da Andaluzia kalean.

Orobat, beste lan hauek egingo dira: argiteria hobetu, zuntz optikoa kanalizatu, eta Andaluzia zein Galizia kaleetatik datorren ura hartzeko hustubideak jarri bi muturretan. Hiru eserleku luze –sei metro bakoitzak– ere ipiniko dira. Lanak gauzatzeko epea sei hilabetekoa da. “Proiektu ona da Aragoi kaleko auzokoentzat, eta Gasteizko Udalari aspalditik  egindako eskaerari erantzuten dio. Lan horiei esker inguruko auzokoen bizi-kalitatea hobetuko dela uste dugu”, zehaztu du Borja Belandiak.

Share

Urtaranen gobernua Udaltzaingoaren radar mugikorraren funtzionamendua aldatzea aztertzen ari da

 

  • Laster Armentiaganeko trafikoaren intentsitatea eta abiadura neurtuko dira, inguru horretan radarra jartzea aztertzeko

Alkateorde Borja Belandiak iragarri duenez, gobernu-taldea Udaltzaingoaren radar mugikorraren funtzionamendua aldatzeko aukerak aztertzen ari da, 2013an zehaztu ziren 40 lekuetan ez ezik beste toki batzuetan jartzeko. Urtaranen gobernuaren asmoa da bide publikoan jarritako radarra leku finko horietara ez mugatzea, gehiegizko abiadura antzematen den egoeretan esku hartzeko aukera handiagoa izateko.

“Radar mugikorraren eraginkortasuna gutxitzen ari dela antzeman dugu, zein lekutan jar daitekeen jakina denez ibilgailuek leku horietan bakarrik moteltzen baitute abiadura. Gasteizko trafikoaren segurtasuna ezin da berrogei guneko zerrenda batera mugatu, kontrol eremuak hedatzeko aukerak aztertu behar ditugu, istripuak eragoztea dagoelako jokoan”, adierazi du Borja Belandiak.

Trafiko Zerbitzuak ibilgailuen kopurua neurtzeko gailu bat jarriko du laster Armentiaganean, hiriko sarrera nagusietako bat baita. Gailu horrek –”aforatzailea”– ibilgailuak zenbatu eta abiadura neurtzeko balio du, trafikoaren abiadura gehiegizkoa delako sentsazioa eta errealitatea bat datozen egiaztatzeko.

Izan ere, Herritarren Postontzian zenbait kexa jaso dira horrekin lotuta, hirira Armentiatik sartzen diren ibilgailuek ez dituztela abiadura-mugak errespetatzen adierazten baitute. Errepide zati horretan abiadura gehiegizkoa dela egiaztatzen bada, inguruan radar mugikorra jartzeko aukera aztertuko da.

 

Share

Urtaranen gobernuak Santa Luzia eta Judimendiko argiztapena hobetuko du 200 led luminaria berri instalatuz

Urtaranen gobernuak Santa Luzia eta Judimendiko argiztapena hobetuko du, led teknologia baliatzen duten 200 luminaria berri instalatuz. Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi du kontratazio-dosierra, eta urtean 20.300 euroko aurrezpena ekarriko du horrek. Lanak egiteko aurrekontua 101.393,55 euro da.

“Argiteria publikoaren elektrizitate kontsumoa murriztea da helburua, led teknologia baliatuz, ohiko lanparak baino eraginkorragoa baita. Luminaria horiek jarrita, energia-kontsumoa gutxituko da, eta kaleak hobeto eta modu uniformeagoan argituko dira”, argitu du Borja Belandia alkateordeak. Gainera, argi zaharrek eragindako itsutze eta argi kutsadura desagertuko dira.

 

Aldaketa hauek egingo dira:

– Kaleko 275 W-eko luminarien ordez 108 W-eko kaleko LED luminariak.

– 165 W-eko “bolen” ordez 66 W eta 50 W-eko girotzeko LED luminariak.

– 330 W-eko luminaria biribilen ordez  40 W-eko LED luminaria biribilak.

 

“Aldaketa horiek eginda energia eta dirua aurreztuko da, CO2 emisioak gutxituko eta auzoko ikuste erosotasuna nabarmen hobetuko, erreprodukzio kromatikoa hobetuko baita, eta oraingo luminarien itsutzea murriztuko”, azaldu du alkateorde eta Ingurumen zinegotzi Borja Belandiak.

Aurrezpenak:

 

Potentzia = 34,4 kW/urte

Energia = 145.000 kWh/urte

Euroak: 20.300 € urtean.

 

Berrituko diren kaleak: Benito Ginea kalea

Cola y Goiti kalea

Manuel Saez de Quejana kalea

Miranda de Ebro kalea

Trebiñoko Konderriaren kalea

Judimendi hiribidea

Mariano San Miguel Musikariaren kalea

Santa Luzia kalea

Errekatxiki kalea

Pepe Ubis plaza

Jacinto Benavente kalea

Tornay Medikuaren kalea

Ricardo Puga kalea

Federico Baraibar kalea

Jose Lejarreta kalea

Estibalizko Andre Mariaren hiribidea

Osasun Iturri kalea

Federico Garcia Lorca kalea

Florida kalea

 

Share

Salmenta ibiltaria arautzeko ordenantzaren berrikuspena onetsi da, merkataritzako formula berriak barne hartzeko, saltoki-ibilgailuak, esaterako

Tokiko Gobernu Batzarrak Gasteizen Salmenta Ibiltaria arautzeko Ordenantzaren berrikuspena onetsi du gaur goizean; Udalbatzak 2005ean onetsi zuen testu hori, eta 2010ean aldatu zen. Araudiaren azken aldaketak espazio publikoan merkataritzako formula berriak erabiltzeko bide emango du, saltoki-ibilgailuak, esaterako; orobat, salmenta ibiltarian aritzeko baimenen iraunaldia luzatu eta azken urteetan gertatutako aldaketak kontuan hartuko ditu.

“Salmenta Ibiltariari buruzko aldaketak bereziki helburu batekin egingo dira: garai berrietara egokitzea. Azken urteetan kalean saltzeko formatu berriak agertzen ari dira, saltoki-ibilgailuak, esaterako, eta errealitate hori udal araudian jaso beharra dago”, adierazi du alkateorde Borja Belandiak.

Saltoki-ibilgailuak edo antzekoak baliatzeko deialdi publiko bat egingo da, eta bertan zehaztuko da  zein lekutan jarri ahalko diren eta zein baldintza bete behar den dagokion baimena eskuratzeko. Orain arte, hedatuz doazen jarduerak, food-truck direlakoak, esaterako, espazio pribatuetan baino ezin ziren garatu.

Beste aldaketa garrantzitsu bat Udalak jarduera horretarako ematen duen baimenaren iraunaldia luzatzea da, hiru urtetik lau urtera. “Hartara, baimenen kudeaketa hobetzen da, eta jarduera horretan dabiltzanei egonkortasun handiagoa ematen, denbora gehiago izango baitute inbertsioa amortizatzeko”, erantsi du alkateordeak.

Azkenik, salmenta ibiltariari buruzko ordenantzaren berrikuspenak jarduera horretarako erreserbatutako eremuekin lotutako beste alderdi batzuk aldatuko dira, eta txosnekin lotutako artikulu guztiak kenduko, Jendaurreko Ikuskizun eta Jolas Jarduerei buruzko 10/2015 Legeak arautzen dituela uste baita.

 

 

 

Share

Urtaranen gobernuak beste bultzada dat eman dio Basaldea proiektuari, ureztatze biltegietarako lanak kontratatuz

Tokiko Gobernu Batzarrak Basaldea proiekturako ureztatze biltegiak instalatzeko eta beste lan osagarri batzuk egiteko kontratazio-dosierra onetsi du gaur goizean. Hori urrats erabakigarria da Abetxukuko nekazaritza ekologikoko mintegiaren funtzionamendu integrala bermatzeko. Ureztatzeko bi biltegiek 1.500 m3-ko edukiera izango dute guztira, eta sei hektarea lur baino gehiago hornituko dute. Lanak gauzatzeko epea lau hilabetekoa da, eta aurrekontua, 174.774 euro.

“Basaldea lozorrotik atera dugu, eta azken urratsak egiten ari gara Abetxukuko lurretan nekazaritza ekologikoa behingoz ekoizten has dadin. Proiektu hori funtsezkoa da planteatzen dugun hiri-ereduan, ingurune naturalaren eta nekazaritzaren errespetuan oinarritzen baita, eta bertako produktuen kontsumoarekin gero eta sentsibilizatuago baikaude”, adierazi du alkateorde Borja Belandiak.

Biltegiek metro koadroko 30 litroz hornitzeko sistema mantentzeko balioko dute; gainera, ponpatzeko etxola bat ere egokituko da, Zadorra ibaitik ura ateratzeko. Ur-hartune hori –Konfederazio Hidrografikoaren baimena du– urte osoan erabiliko da, lehorteetan salbu.

Orobat, Basaldeako sarreran dagoen zabaldia garbitu eta zolatuko da, zenbait aparkaleku jarriko dira, eta lekua utziko da hiru modulu (bulegoa, komunak eta biltegia) jartzeko. Ureztatzeko biltegiak eta sistema osagarriak 814 m2 duen lursail batean instalatuko dira, eta heskaiaz eta soropilez apainduko da.

Basaldea proiekturako ureztatze biltegiak instalatzeko eta beste lan osagarri batzuk egiteko kontratazioak bat egiten du martxoaren 18an Tokiko Gobernu Batzarrak Basaldea proiektuaren bidez nekazaritza ekologikoa sustatzeko sinatu zuen lankidetza hitzarmenarekin, zeinean Arabako Foru Aldundiak, Hazi fundazioak, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak (ENEEK) eta Azoka Plazako Merkataritza Gunearen Elkarteak hartzen baitute parte. Laster onetsiko da Abetxukuko mintegiko lursailak interesa duten ekintzaileen artean banatzeko deialdia.

Share