Prentsa Oharren banner

Udalak giza eskubideen aldeko taldeen lana zabalduko duen sorkuntza artistikoko proiektu bat hautatuko du

Montehermosok eta Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak “Giza eskubideak eta sorkuntza artistikoa” deialdia abiatu dute

Proiektuak aurkezteko epea maiatzaren 6an bukatuko du

 

Udalak  giza eskubideen aldeko taldeen lana zabalduko duen sorkuntza artistikoko proiektu bat hautatuko du. Halaxe jasotzen du Montehermoso kulturuneak eta Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak sustatutako “Giza eskubideak eta sorkuntza artistikoa” deialdiak.

Bai Garapenean Laguntzeko Zerbitzuan, bai Montehermoso kulturunean, uste dute egungo kulturgintza, bere adierazpide ugariekin —sorkuntza plastikoa, ikus-entzunezkoak, antzezte arteak…—, berebiziko tresna dela elkarrizketa eta gogoeta espazioak sustatzeko, eta agerian jartzeko zein egoeratan dauden giza eskubideak gaur egungo mundu honetan.

Testuinguru horretan, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala eta abenduaren 10eko ospakizuna erreferentziatzat harturik, organizazio eta kolektibo sozial eta kulturalek egiten duten lana zabaldu eta herritarren sentsibilizazioa ahalbidetuko zuen sorkuntza artistikoko proiektu bat hautatzeko deialdia egitea erabaki zuten Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak eta Montehermoso kulturuneak  —giza eskubideak babestu eta aldezteko nazioarteko elkartasunaren alorreko gizarte eragileak eta hiriko kultur eragileak elkarlanean jarriko zituen proiektu bat—.

Esku hartu duten gizarte eragileek, talde artistikoek eta udal zerbitzuek aurreko urteetan egindako balorazioek argi utzi dute ekimena arrakastatsua izan dela, bai esparru bateko eta besteko taldeen arteko lankidetzari dagokionez, bai gauzatu diren ekoizpenei eta ikusleek erakutsi duten interesari dagokienez.

Ikuspegi malgua eta diziplinartekoa du deialdiak, eta honako hauek ahalbidetzera dago zuzendua:

  • nazioarteko elkartasunaren alorreko erakunde edo kolektiboen eta sorkuntza artistikoaren adierazpenetako edozein —plastikoa, ikus-entzunezkoak, antzezte-arteak…— lantzen duten kultur eragileen arteko harremana,
  • planetan gertatzen diren giza eskubideen urraketen gainean sentsibilizatzea herritarrak, sorkuntza artistikoaren bitartez, bidegabekeria horien aurrean gogoeta eta jarrera kritikoak garatzeko asmoz,
  • Gasteizko gizarte-erakundeek nazioarteko elkartasunaren eta giza eskubideen alorrean bideratzen dituzten ekintzei buruzko gertuko eta benetako informazioa ematea herritarrei.

2016ko maiatzaren 6ra artekoa izango da proiektuak aurkezteko epea.

Eskura nahiz postaz aurkeztu ahal izango dira, bai Garapenean Laguntzeko Zerbitzuan —Frai Zacarias Martínez kalea, 3; 01001 Vitoria-Gasteiz—, bai Montehermoso kulturunean —Frai Zacarias Martínez kalea, 2; 01001 Vitoria-Gasteiz. Postaz bidaltzen bada, dena delako posta-bulegoko erregistroan jarritakoa joko da aurkezte datatzat.

Posta elektronikoz bidaltzen bada , mmartinezml@vitoria-gasteiz.org helbidera bidal daiteke dokumentazioa. Pdf formatuko agiri osagarriak erantsi ahal izango zaizkio posta elektronikoz egiten den bidalketari, behar izanez gero zip batean konprimituta.

Eskabideak eta erantsitako agiriak jasotzea: Eskabideak eta agiriak posta elektronikoz edo posta arruntez jasotzen direlarik, posta elektronikoz baieztatuko da jaso direla. Eskura ematen badira, berriz, jaso izanaren egiaztagiriaren bitartez. Hortaz, egiaztapena jasotzen ez bada, ondorioztatu beharko da agiriak ez direla heldu.

Info +

Share