Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2016-04-15)

Alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, apirilak 15

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

————–

EUDEL, Euskadiko Udalen Elkarteko batzar nagusia inauguratzea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, apirilak 15

Ordua. 11:30

Tokia. Europa Biltzar Jauregia

———————–

Harrera ekitaldia Antonio Gómez Osuna eta Francisco Espina Vargas jaunen senideei

Udalak harrera egingo die Antonio Gómez Osuna eta Francisco Espina Vargas jaunen senideei; ETAren terrorismoaren biktimak izan ziren, eta hil zituzteneko 28. urteurrena betetzen da orain.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran eta udalbatzako partaideak

Eguna. Ostirala, apirilak 15

Ordua. 13:00

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

* Ondoren, 13:30ean, lore-eskaintza egingo dute haien oroit-plakaren parean (Heraclio Fournier, 1-3)

Share

Udalak eta senitartekoek omenaldia egin diote Luis Cadarsori, ETAk hil zueneko 35. urteurrenean

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Haren bi semek eta biloba batek bakearen eta bizikidetzaren aldeko apustua adierazi dute, eta “biktimak gogoratzeak etorkizun hobea merezi izaten lagundu ahal” digula erantsi

 

Udalbatzako talde politiko guztiek hartu dute parte Luis Cadarso gasteiztarrari ETAk hil zueneko 35. urteurrenean –1981ean izan zen atentatua– Udalak egin dion omenaldian, haren familiarekin batera.  Besteak beste, haren semeek eta biloba batek hartu dute parte ekitaldian, eta bakearen eta bizikidetzaren aldeko apustua adierazi dute; “biktimak gogoratzeak etorkizun hobea merezi izaten lagundu ahal” digula erantsi dute.

Omenaldiaren lehen zatia udaletxeko harrera aretoan egin da: alkateak  oroitzapen-xafla bat eman dio familiari. Gorka Urtaranek gogoratu du Guardia Zibileko teniente koronel erretiratu Luis Cadarso Basaurin egindako atentatuan hil zela, era “bortitz, anker eta bidegabean”, eta familiari adierazi dio: “Gasteizko gizarte osoa zuekin dago”.

Semeetako batek, Carlosek, positibotzat jo du omenaldia egitea, bakea eta bizikidetza lortzen lagundu dezakeen neurrian. Gogoratu du haren aita Abetxukun jaio zela, San Viatorren kongregazioaren San José ikastetxean ikasi zuela, eta Gerra Zibilean parte hartu zuela 18 urte zituelarik. “Gizon langile, ondratua eta bihotz onekoa” zela esan du, eta terrorismoak familia askori eragindako mina deitoratu du. Biktimaren bilobak, Pilar Orracak, aitona omendu eta atentatuaren eguna oroitu du, eta nola patuak nahi izan zuen egun hartan –3 urte zituen orduan– aitonarekin ez  egotea hil zuten unean.

Ondoren, segizioa Forondako ateko Biktimen Monumenturaino joan da, eta bertan lore-eskaintza eta minutu bateko isilaldia egin dute  Luis Cadarsoren oroitzapenez.

Share

Haur eskoletan izena emateko epea maiatzaren 2an hasiko da, eta 1.446 leku eskainiko dituzte

Onartutakoen behin-behineko zerrendak eta itxarote-zerrendak ekainaren 13an argitaratuko dira, gizarte etxeetan, udalaren web-orrian eta haur eskoletan bertan

Matrikula formalizatzeko epea ekainaren 22tik 27ra bitartekoa izango da

Maiatzaren 2tik aurrera eman ahalko da datorren ikasturterako izena   udalaren haur eskoletan eta partzuergoko eskoletan, 2014, 2015 eta 2016an jaiotako umeentzat. Guztira, 296 leku eskaintzen dira 0-1 urte bitarteko umeentzat (37 gela), 988 leku 1-2 urtekoentzat (76 gela) eta 162 leku 2-3 urtekoentzat (9 gela).

Udalak kudeatuko ditu izena emateko prozesua, itxarote-zerrendak eta leku hutsak, herritarrei laguntzeko zerbitzuen eta Haurtzarorako Hezkuntza Atalaren bitartez, Haurreskolak Partzuergoarekin koordinatuta.

Familiek maiatzaren 11ra arte aurkez dezakete eskabidea. Dagokion baremoa ezarri eta puntuazio hurrenkerari zorrotz jarraituz osatu ondoren, onartutakoen behin-behineko zerrendak eta itxarote-zerrendak argitaratuko dira, ekainaren 13an, gizarte etxeetan, haur eskoletan bertan eta udalaren web-orrian . Ekainaren 13tik 15era bitartean, erreklamazioak aurkeztu ahalko dira, idatziz, eta horiek aztertu ondoren, Udalak behin betiko zerrendak argitaratuko ditu, ekainaren 22an.

Azkenik, ekainaren 22tik 27ra bitartean formalizatuko da matrikula. Eskatutako dokumentazioa aurkeztu  beharko dute familiek , bai eta umearen bi argazki, txertaketa-liburuxkaren fotokopia, dagokion ordainketa-egiaztagiria eta osasun txartelaren fotokopia ere.

INFORMAZIO LIBURUXKA (PDF)

Share

Udalak eta Visesak Koroatzearen auzoa biziberritzeko SmartEnCity proiektuari buruzko informazio guztia biltzen duen agiria aurkeztu dute

 

 

 

 

 

 

 


-“Gardentasuna eta herritarren partaidetza funtsezkoak dira auzoaren eraldaketa bultzatzeko”, diote ekimenaren sustatzaileek

 – Uda baino lehen partaidetza-prozesu bat egiteko asmoa dago, zein espazio publikotan esku hartuko den identifikatu eta zehazteko

-Proiektuaren aurrekontua 29,5 milioi euro da Gasteizerako, eta 1.313 etxebizitza birgaitu ahalko dira 

Gasteizko Udalak eta Visesa Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoak –Europak Koroatzearen auzoa biziberritzeko proiektuaren buru izateko izendatutakoa– proiektuari buruzko informazio guztia biltzen duen agiri bat aurkeztu dute gaur goizean. Dosierra udalaren web-orrian , Visesaren web-orrian eta Aldabeko gizarte etxean eskura daiteke, eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak udaletxean egin duen kontseiluan ere aurkeztu da. Bestetik, apirilaren 18an bi informazio saio egingo dira Europa biltzar etxean (goizez eta arratsaldez), zalantzak argitzeko, eta SmartEnCity proiektuan interesa izan dezakeen oro dago gonbidatuta. Ekimen horrek Koroatzearen auzoa eraldatuko du, bertako auzokoen bizi-kalitatea hobetzeko xedez, energia-eraginkortasuna, mugikortasun iraunkorra eta informazioaren teknologien (IKT) erabilera hobetzeko ekintzen bidez.

Gasteizko Udaleko Hirigintza eta Ingurumen koordinatzaile Alvaro Iturritxak iragarri duenez, espazio publikoan egitekoak diren jarduerak oraindik ez daude zehaztuta, baina Udala horiek lantzen ari da dagoeneko. “Esku-hartzeak Koroatzearen auzoko bizilagunekin, elkarteekin eta entitateekin batera zehaztuko dira. Horretarako, herritarren parte-hartzerako prozesu bat jarriko dugu martxan, eta uda baino lehen, maiatzean edo ekainean, lantegiak egingo ditugu, proiektuaren ildo nagusiak adosteko. Teknikariek dagoeneko leku interesgarri batzuk identifikatu dituzte: Aldabe plaza, Ziudadela plaza, Arriagako atea (Antepara kalearen eta San Ignazio kalearen artean), Kutxa plazako berdeguneak eta oinezkoen pasabide batzuk. Altzari publikoak eta argiteria ere hobetuko dira, eta beroa banatzeko sarea instalatzeko behar diren zangak egingo dira. Hori bai, inguruan bizi direnei entzun eta haien iradokizunak ezagutu nahi ditugu, elkarrekin lan egiteko eta onuradunen konplizitatea izateko”, azaldu du. Koroatzearen auzoko gizarte-eragileen eta auzo elkarteen sostengua funtsezkoa izan da Europako Batzordearen oniritzia lortzeko. Espazio publikoaren alorreko lanak 2017an hasiko dira ziur aski.

Une honetan, birgaitze energetikorako zenbait aurreproiektu lantzen ari dira, auzoan dauden eraikin mota ezberdinen arabera, parte hartzeko interesa duten jabeen erkidegoek aztertu ditzaten. Informazio hori 2016ko uztailerako prest egongo dela kalkulatu da. Visesak espero du udazkenerako jarri ahalko duela abian erkidegoentzako aholkularitza zerbitzua, birgaitzeko lanen aurrekontua egin eta eskuratu daitezkeen laguntzez informatzeko.

Visesako zuzendari nagusi Marcos Muroren hitzetan, “konpromiso bat dugu Koroatzearen auzoko biztanleekin. Proiektuak onura argiak ekarriko dizkie auzokoei, auzoa atseginagoa izango baita; eraikinak, erosoagoak; etxebizitzak, hobeto isolatuak eta erosotasun handiagokoak, eta energiaren faktura, merkeagoa. Auzoak ere irabaziko du, espazio publikoak kalitate handiagoa izanik negozio berrietarako erakargarriagoa izango baita. Gainera, aukera paregabea da, Europako Batzordeak, Eusko Jaurlaritzak, Visesaren bidez, eta Gasteizko Udalak auzoaren aldeko apustua egin baitute, birgaikuntza energetikoari elkarrekin aurre egitea ahalbidetzen duten diru-laguntza garrantzitsuak emanez”.

Etxebizitzak birgaitzeko lanak 2017an hasiko dira. Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalak berme funts bat sortuko dute, birgaitzearen hileroko kuotari aurre egiteko gaitasun ekonomikorik ez duten jabeei laguntzeko. Proiektuaren egitasmo deigarrienetako bat galdara zentral bat instalatzea da, zeinak energia berriztagarria baliatuko baitu, gastua eta berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko.  Oraindik ez da zehaztu galdara nola kudeatuko den eta nolako zerbitzua eskainiko den. Proiektuaren arduradunek iragarri dute Aldabeko gizarte etxetik gertu kokatuko dela.

Birgaitze energetikoaren batez besteko prezioa etxebizitza bakoitzeko 21.000 euro ingurukoa izango dela jo da. Administrazioen diru-laguntzek 11.400 euro estaliko dute, beraz, jabeek 9.600 euro jarri beharko dute. Dena dela, hori kalkulua besterik ez da, egoera sozio-ekonomikoaren azterketa eta proiektua oraindik ez baitira zehaztu. Hauek dira proiektuaren toki-bazkideak: Visesa-Eusko Jaurlaritza, Gasteizko Udala, Tecnalia, Mondragón Taldea, Ingurugiro Gaietarako Ikastegia, Fagor Ederlan, Etxetresna Elektrikoen Euskadiko Kluster Taldea, ETIC Smart Cities Innovation Center, MCCTelecom, Acciona Azpiegiturak, Giroa, Cartif, eta Estudios Gis. Errota Zaharra auzo elkartea lankide da.

Finantzazioari dagokionez, SmartEnCity proiektuak 75.500.000 euroko aurrekontua du guztira (hiru hiriak barne: Gasteiz, Tartu eta Sonderborg). Europako Batzordearen guztizko diru-laguntza 27.800.000 eurokoa da. Gasteizko proiekturako aurrekontua 29.500.000 eurokoa da eta Bruselatik 10.880.000 euroko diru-laguntza jasoko da. Europako diru-laguntzaren kontura gehienez 750 etxebizitza birgaitu eta berokuntza sarea eraiki ahalko dira; Eusko Jaurlaritzak Visesaren bidez eta Gasteizko Udalak egindako ekarpenari esker 1.313 etxebizitza birgaitu ahal dira guztira.

Dokumentuarekiko esteka

Share

Berrehun eta berrogeita hamar dantzarik hartuko dute parte “Gasteiz dantzan” ekitaldiaren hamabosgarren edizioan

 

 

 

 

 

 

 

 

Jarduera horren bidez, “Jose Uruñuela” udal dantza kontserbatorioak Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatuko du

Igandean, apirilak 17, “Gasteiz dantzan” ekitaldiaren XV. edizioa egingo da Espainia plazan, 12:00etatik 14:30era. “Jose Uruñuela” udal dantza kontserbatorioak antolatu du ekitaldia, datorren apirilaren 29an ospatzekoa den Dantzaren Nazioarteko Eguna dela eta.

Aurten, hamahiru taldek hartuko dute parte “Gasteiz dantzan” jardueran, eta espezialitate eta estilo ezberdinetako koreografiak eta fusioak dantzatuko dituzte: dantza klasikoa, euskal dantzak, neoklasikoa, garaikidea, flamenkoa, folklore kolonbiarra, ekialdeko dantza, izaera dantza, country line dance, urbanoa, Bollywoodekoa, zumba, euskal dantza modernoa eta abar.

“Gasteiz dantzan” ekitaldiak Gasteizko zein inguruko dantza taldeak eta eskolak biltzea du helburutzat, bertan lantzen diren estiloak eta espezialitateak erakutsiz herritarrak dantzara hurbilarazteko, eta bereziki, “ikusle berriak, horrelako ikuskizunetara joan ohi ez direnak”.

Gazteentzako barra klasikoa osatzen duten ariketak Iker Murillok eta Vitali Safronkinek diseinatu dituzte, zeinak Lausanneko Béjart Balletean aritu baitziren eta, gaur egun, Uniqart dantza konpainiako zuzendari artistikoa eta koreografoa baitira.  “Jose Uruñuela” kontserbatorioko ikasleek dantzatuko dituzte.

 

PARTE HARTZEN DUTEN TALDEAK ETA ESKOLAK

Gasteizko “José Uruñuela” udal dantza kontserbatorioa

“Gisela” dantza ikastegia (Gasteiz)

U Klap! (Vitoria-Gasteiz)

“Noralai” eskola (Gasteiz)

“Así es Colombia” folklore taldea (Gasteiz)

Yee Haw Country Taldea (Vitoria-Gasteiz)

Urkide ikastetxea (Gasteiz)

Al Compás del Alma elkartea (Gasteiz)

Kahina eta Arabesco konpainia (Gasteiz)

Soka kulturarteko eta kirol elkartea (Gasteiz)

Yee Hop (Vitoria-Gasteiz)

Arabesco elkartea (Gasteiz)

“Algara” Dantza Taldea (Vitoria-Gasteiz)

 

 

DANTZAREN NAZIOARTEKO EGUNA

1981ean Peter Gusev maisu errusiarrak apirilaren 29an, urtero, Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatzea proposatu zuen, dantza klasikoaren berritzaile handitzat jotzen den Jean-Georges Noverre frantziar koreografoaren omenez. Hurrengo urtean proposamena onartu eta ofizial bihurtu zuen ITI-UNESCO erakundeak. Ordutik hona, munduan zehar egun hori ospatzeko mezu bat ibiltzen da munduan zehar.

 

Share

“Jotamentala” dokumentalaren estreinaldia datorren larunbatean izango da Gasteizen

Udal Folklore Akademiak emanaldira gonbitea luzatzen du

Aldabe Gizarte Etxeko Ekitaldi Aretoan izango da, sarrera librea, eserlekuak bete arte

Udal Folklore Akademiak, AIKO Taldeak eta Bideografikek ekoiztutako “Jotamentala” dokumentalaren estreinaldira gonbitea luzatzen du. 2016ko Apirilak 16 larunbatean, 19:30etan Aldabe Gizarte Etxeko Ekitaldi Aretoan izango da emanaldia. Sarrera librea, eserlekuak bete arte.

 Euskaraz eta gaztelaniaz egindako film dokumentala da, eta 50 minututan jotaren inguruko ibilbide zorrotza egiten du, dantza tradizional horren jatorritik hasi, bilakaeratik eta aldaeretatik igaro, eta gaur egungo egoeran eta aurreikusten zaion etorkizunean amaitzeko.

 Dantzak erakusteko eta ikasteko modu desberdinaren bitartez Euskal Herriko dantza tradizionalak berreskuratzeko lanean duen esperientzia luzean oinarrituta, AIKO Taldeak dantza herrikoi ezagunenetakoa eta klasikoenetakoa, jota ezaguna, irudien bitartez omentzea erabaki du. Baina Sabin Bikandi, Larraitz Artetxe, Patxi Laborda edo Josu Garate bezalako AIKO taldeko kideez gain, “Jotamentala” dokumentalak aditu askoren testigantza ere eskainiko digu, Cesc Gelabert edo Jon Maya bezalako dantzari eta koreografoena eta Juan Antonio Urbeltz, Jon Pertika, Iñaki Irigoyen edo Jose Inazio Ansorena bezalako folklorearen ikerlariena, besteak beste.

 Dokumentala, egoitza Durangon duen Bideografik Ekoizpenak etxeak ekoiztu du. AIKO Taldeak lehendik ere egin du lan ekoizpen etxe horrekin, “Dantza Plazara” (2013) film labur dokumentalean, hain zuzen ere. Gidoia Carlos Iglesiasena da, zuzendaritza Eukeni Arriortuarena eta errealizazioa Xabier Zabalarena.

 JOTAMENTALA TRAILER

Share

AMVISAk jakinarazi du bere izenean telefono-dei faltsuak egiten ari direla

AMVISAk jakinarazi telefono-dei faltsuak egiten ari direla uraren udal sozietatearen izenean. “Jakin dugu ur enpresa baten izenean deiak egiten ari direla, etxeetara kontsumoak ikuskatzera edo zurrusta-haustekoak instalatzera joateko asmoz”, azaldu dute, eta argitu dute AMVISA ez dela dei horiek egiten ari.

Azken ordainagiriari erantsi zitzaion eskuorrian jakinarazi zenez, martxotik ekainera bitartean etxeko kontsumoari buruzko sentsibilizazio-kanpaina bat egiten da, abonatuen etxebizitzetan. Parte hartzeko, interesdunek aldez aurretik eman behar zuten izena (telefonoz edo posta elektronikoz) eta ondoren hitzordua adosteko deitu zieten. Beraz, AMVISAtik argitu dutenez, ez diote deitzen “aldez aurretik kanpainan parte hartzeko eskatu ez duenari”. Gainera, bisitak egiten dituzten pertsonek AMVISAren eta ekimenaren laguntzaile Egibideren logotipoak daramatzate identifikatzeko.

Share