Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2016-04-14)

Harrera ekitaldia Luis Cadarso San Juan jaunaren senideei

Udalak harrera egingo die Luis Cadarso San Juan jaunaren senideei; ETAren terrorismoaren biktima izan zen, eta hil zuteneko 35. urteurrena betetzen da orain.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran eta udalbatzako partaideak

Eguna. Osteguna, apirilak 14

Ordua. 10:15

Tokia. Udaetxeko harrera aretoa

* Ondoren, 11:00etan, lore-eskaintza egingo dute Biktimen Monumentuan, Forondako Atea kalean.

——————

Prentsaurrekoa. Koroatze auzoko SmartEnCity proiektuko aurrerapenak aurkeztea eta horri buruz egingo den jardunaldi informatiboaren berri ematea

Parte hartzaileak. Ingurumen eta Hirigintzako udal koordinatzaile Álvaro Iturritxa; eta Visesako zuzendari nagusi Marcos Muro

Eguna. Osteguna, apirilak 14

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

———————

Harrera ekitaldia ikasle frantziarrei

Vitoria-Gasteizko Udalak harrera egingo die Kultur Trukeak direla eta, Frantziako Angers hiriko Saint Martin institutuko zein Gasteizko Corazonistas ikastetxeetako ikasle eta irakasleei.

Parte hartzaileak. Hezkuntza, Kultura eta Kirol zinegotzi Iñaki Prusilla

Eguna. Osteguna, apirilak 14

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

Share

ETAk 1980an hildako Udaltzaingoko buruaren omenezko xafla bat jarri da Agirrelandan

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Eugenio Lázaro Valleren familia, korporazioko kideak, alkatea buru zela, eta zenbait polizia estamentu izan dira Erne sindikatuak deitutako omenaldian

Gaur omenaldia egin zaio Eugenio Lázaro Valle zenari, Agirrelandako Udaltzaingoaren instalazioetan, ETAk 1980ko apirilaren 13an hil baitzuen Udaltzaingoaren buru zena. Lázaroren alargunak eta seme batek haren omenezko xafla bat desestali dute, Udaltzaingoaren egoitzan.

Eugenio Lázaro Valleren senitarteko batzuk –alarguna, seme bat eta arreba bat, besteak beste–, korporazioko ordezkariak, eta zenbait polizia estamentu izan dira haren kontrako atentatuaren 36. urteurrena gogoratzeko ekitaldian. Erne sindikatuak proposatu zuen omenaldia egitea, eta Alkatetza Sailaren laguntza izan du.

Xafla desestali eta Erne sindikatuko kide Emilio Pascualek eta alkate Gorka Urtaranek lore-sorta jarri ondoren, minutu bateko isilaldia egin da. Pascualek horrelako omenaldiak egiteak duen garrantzia azaldu du, eta Gasteizek Udaltzaingoaren buru izandakoari asko zor diola adierazi du. Hildakoaren seme Alfonso Lázarok eskerrak eman ditu omenaldiagatik, eta positibotzat jo du, bere aitaren aitorpen pertsonal eta profesionala den heinean.

Udaltzaingoaren komisario-buru José Antonio Anguianok, berriz, adierazi du: “indarkeriak, edonork baliatzen duelarik edo edonork jasaten duelarik, umiliazioa baino ez du sortzen pairatzen duenarengan, eta lotsa baliatzen duenarengan”. Azkenik, alkateak hartu du hitza, familiari maitasun mezua helarazteko, eta gogorarazteko ezen “Gasteiz beti biktimekin egongo” dela, ” eta guztiei elkartasuna eta maitasuna erakutsiko” diela. “Eugenio Lázaro beti egon da gure gogoan, eta gaurtik aurrera leku pribilegiatua izango du udal instalazioetan”, adierazi du.

 

 

Share

XXI. Mendeko Flamenkoa zikloak jarraitzaile gehiago erakartzen jarraitzen du, aurtengo izarra Rocío Márquez kantaria izan delarik

 

Udal Antzoki Sarea datorren urteko ediziorako kartel berezia prestatzen ari da, 20. urteurrena beteko baitu zikloak

Udal Antzoki Sareak antolatutako XXI. Mendeko Flamenkoa zikloak jarraitzaile gehiago erakartzen jarraitzen du, programatutako kontzertuen kalitate handiari eta kantari ezagunen eta gazteen nahasketari esker.

Aurten Rocío Márquez kantaria izan da izarra, antzokia bete baitzuen, duela bi urte bezala. Badajozeko kantari Guadianak 234 ikusle bildu zituen, eta haren ondoren Luis el Zambok eta David de Jacobak izan zuten ikusle gehien. 2016ko edizioan, flamenko zikloak 1.094 ikusle erakarri ditu, iaz baino zertxobait gehiago, eta publikoaren zaletasuna berresten du horrek. Oro har, batez besteko okupazioa % 85ekoa izan da.

Datorren urtean zikloak 20 urte beteko dituela eta, Udal Antzoki Sarea programazio berezia prestatzen ari da.

 

Share

Larunbatean TEDxAlmendraMedieval ekitaldiaren bigarren edizioa egingo da Europa biltzar etxean, eta aurten atzerriko hizlariak etorriko dira

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak eta Arabako Foru Aldundiko Garapen Ekonomikoko zuzendari Javier Hernandok  TEDxAlmendraMedieval ekitaldiaren bigarren edizioa aurkeztu dute Cristina Juesasen batera, zeina ideiak zabaltzeko ekimen horren fundatzaileetako bat baita, eta kultura zuzendaria. TEDxAlmendraMedieval ekitaldiaren 2016ko edizioa Europa biltzar etxean egingo da, 10:00etatik aurrera. Atzerriko hizlariek, aktibista sozialek, zientzialariek eta ikuskizun eta komunikazioaren munduko izarrek hartuko dute parte.

“TEDxAlmendraMedieval antolatu dutenek ongi adierazten dutenez, hiria mugitzen duzunean gauzak gertatzen dira. Oso arlo ezberdinetako ideiak partekatzea, Europa biltzar etxean egingo den bezala, herritarren pentsatzeko modua –eta, beraz, jokatzeko modua– iraultzeko modurik onena da”, esan du Nerea Melgosak.

Gasteizen egingo den TED mintzaldien bigarren edizioan 300 pertsona bilduko dira, iaz halako hiru. Lehenengo edizioak oihartzuna lortu zuen hedabideetan (1.270.000 pertsonatik gorako audientzia) eta sare sozialetan (ekitaldia egin zen goizean twitterreko trending topic izan zen estatuan).

 

Atzerriko eta bertako hizlariak

Besteak beste, hauek hartuko  dute parte: Hossein Derakhshan kazetaria, zeinari Irango gobernuak hemeretzi urteko kartzela zigorra ezarri baitzion, bere herrialdean iraultza elektronikoa pizteagatik;  Andy Stalman, brandingaren maisua; Adela Úcar kazetari eta telebista aurkezlea; José Mota umoregilea; Eduardo Anitua zientzialaria….

Ekitaldiak TEDx hitzaldi ospetsuak entzuteko esperientzia eskainiko die parte hartzaileei, zeinetan askotariko gaiak landuko baitira: gizarte ekintzailetza, nanoteknologia, kirolaren balioak edo bullyinga. Hizlariek gai bati buruz hitz egiten dute, formatu bakarrean eta hamabost minutuz. Orobat, bertako adituek hartuko dute parte: Miguel Ángel Ruiz Díez, Arabako HIESaren aurkako Batzordeko lehendakari ohia; Tania Lamarca, Olinpiar Jokoetako txapelduna, eta Asier Urbina sukaldaria.

Hitzaldiez gain, zuzeneko ikuskizunak eta beste TED hitzaldietako bideoak eskainiko dira, eta lantegiak ere izango dira, esaterako, sormenari buruzkoa, Ned Hoste diseinatzaile britainiarrak gidatua, edo arte txoko bat.

Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren laguntzaz gain, TEDxAlmendraMedieval-ek enpresa eta talde hauen laguntza du: Tecnalia, EiTB, Basquetour, Baicast, Grupo Vadillo Asesores, Laboral Kutxa, Grupo La Rioja Alta, Sistemas Arco, Gran Hotel Lakua, IlustrApados, Gasteiz Hoy,  Doitu eta EFIC.

Argibide gehiago: Web-orria: TEDxAlmendraMedieval

E-posta: cristina@tedxalmendramedieval.com

Tel.: 616935524

Share

Larunbatean hizkuntza aniztasunarekin lotutako Anhitzak proiektua antolatu da

Gasteizko Udalak, Euskara Zerbitzuaren bitartez, hizkuntza aniztasunarekin lotutako topaketa bat antolatu du: Anhitzak proiektua. Ekimenaren helburua Arabako hiriburuan dagoen hizkuntza aniztasuna agerian jartzea da. Topaketa apirilaren 16an izango da, Oihaneder Euskararen Etxean, 11:00etan hasi eta 14:00ak bitartean.

Kultura jarduerak eta dinamika ludikoak baliatuko dira elkar ezagutzeko eta hizkuntza aniztasunaren inguruan gogoeta egiteko. Parte-hartzaileek nork bere ama-hizkuntzan hitz egin ahalko dute. “Gasteiz hiri anitza da, eta bertako biztanleak hainbat hizkuntzatan mintzo dira egunerokoan. Anhitzak ekimenaren bitartez, herritarrak harremanetan jartzeaz eta kultura aberastasuna sustatzeaz gain, agerian jarriko dugu gasteiztarrok elkarrekin bizitzeko eta gure bizilagunen sustraiak eta errealitatea ezagutzeko dugun gogoa”, azaldu du Euskara zinegotzi Iñaki Prusillak.

Harrera ekitaldia, hizkuntza aniztasunari buruzko world-kafea, parte-hartzaileek elkar ezagutzeko dinamika bat, umeentzako jolasak eta lantegiak eta kultur ekitaldi bat barne hartzen ditu programak. Ekitaldia antolatu ahal izateko, udalaren web-orrian (www.vitoria-gasteiz.org) edo 945 161588 telefono zenbakian izena emateko eskatzen da, eta topaketan erabili nahi den hizkuntza adieraztea.

Share

Luis Aranburu Musika Eskolak eta Vital fundazioak indarrak batu dituzte familiei musika-tresnak erosten laguntzeko


Vital fundazioak tresnak erosiko ditu eta udal eskolako ikasleei alokairu sinboliko baten truke lagako dizkie, erosteko aukerarekin

Laguntzak 7 eta 8 urteko ikasleentzat izango dira, akordeoia, fagota, oboea edo antzeko instrumentuak aukeratzen badituzte

Luis Aranburu Musika Eskolak eta Vital fundazioak indarrak batu dituzte familiei musika-tresnak erosten laguntzeko; izan ere, instrumentu jakin batzuk erosteko ahalegin ekonomiko handia egin behar izaten da, umeek gerora hori ikasten jarraituko duten ziur jakiten ez den garai batean.

Vital fundazioko zuzendari  Josune Albizuk eta Musika Eskolako lehendakari Iñaki Prusillak konpromiso hori jasotzen duen hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean, familiei sostengua emanez hirian kulturaren garapenari laguntzeko. Hitzarmen aitzindaria da, EAEn ez baita horrelakorik ezagutzen.

Gasteizko Luis Aranburu Musika Eskola erreferentea da hiriko kulturan, musikara hurbildu nahi duen orori prestakuntza emateaz gain, askotariko talde eta erakundeekin batera aritzen baita. Ireki zenetik 23 urtera, eskolak bere heziketa eskaintza osatu eta orekatzeko beharra ikusi zuen, instrumentuen praktika erraztuz.

“Familien oraingo egoera ekonomikoaz jakitun, Eskolak hiri proiektuekin konpromisoa duen aliatu bat bilatu zuen, Vital fundazioa, instrumentu bat erosteko inbertsio ekonomiko handia egin behar duten familiei laguntzeko. Eta emaitza  ezin pozgarriagoa da, erakundeen arteko lankidetzari esker gure etorkizunari, gure seme-alaben kultura eta sorkuntza garapenari begira jarriko baikara”, nabarmendu du Luis Aranburu Musika Eskolako lehendakari Iñaki Prusillak.

Vital Fundazioko zuzendari Josune Albizuk, berriz, bat egin du ideia horrekin, eta azpimarratu du haientzat garrantzitsua dela “gure gazteei prestakuntza integrala eskaintzeko gauza izatea, beren gaitasun artistikoak arlo guztietan garatzea ahalbidetuko baitie. Gure ustez –erantsi du–, programa honek musikarako talentua saritzea ahalbidetuko du, familien zirkunstantzia sozial edo ekonomikoen gainetik”.

Izan  ere, Eskolan ematen diren espezialitate batzuetan, instrumentuak garestiak dira eta horiek aukeratzea eragotz dezake, esate baterako, akordeoia, fagota eta oboea, eta neurri txikiagoan, tronpa, tuba, tronboia, biolontxeloa eta biola.

2016/2017 ikasturterako tresna hauek erosiko dira: 2 eskusoinu, 2 fagot eta 2 oboe, guztira 15.000 eurorainoko balioa dutela.  Instrumentuak Vital fundazioaren jabetzakoak izango dira, eta Luis Aranburu Musika Eskolari maileguan utziko dizkio hark erabili eta gozatu ditzan. Eskolak alokairua kobratuko die ikasleei, 50 € hiruhilekoko, mantentze kontzeptuan. Hartara, lehenengo bi ikasturteetan ikasleek musika-tresna erabili ahalko dute etxean ikasi eta praktikatzeko.

Epe hori nahikotzat jo da ikasleak tresna erosi nahi duen erabakitzeko. Orobat, maileguan izandako denboran erabilitako instrumentua erosteko aukera emango zaio, prezioari alokairu kontzeptuan ordaindutako kopuruak kenduta.

Udal Musika Eskola 1992ko irailean sortu zen. Lehen urtean, Luis Aranburu Eskolak 350 ikasle pasatxo eta 8 irakasle izan zituen, zeinek hamar instrumentu eta Musikaren Lengoaia ematen baitzuten. Gaur egun, 38 irakasle dira, eta 997 ikasle.

 

Share

Gaur “El silencio de la ciudad blanca” eleberria aurkeztuko dute Gasteizen

 

  • 28 komunikabide etorriko dira Eva García Sáenz de Urturi gasteiztarraren liburuaren aurkezpenera

Gaur “El silencio de la ciudad blanca” eleberria aurkeztuko dute Gasteizen. Nobela thrillerraren generoan Planeta argitaletxeak denboraldi honetarako egindako apustu nagusietako bat da. Gasteiztar batek, Eva García Sáenz de Urturik, idatzitakoa izateaz gain, Euskadiko hiriburuko kaleetan girotuta dago lana. Ia hogeita hamar hedabidek –bertako eta estatuko prentsa zein argitalpen espezializatuak– emango dute argitalpenaren berri gaur eta datozen egunetan. Horietako gehienak gaur Erdi Aroko hiriguneko kaleetan egingo den aurkezpenean izango dira.

“El silencio de la ciudad blanca” eleberriak Dolores Redondok Baztango trilogiarekin genero beltza berritzeko jorratutako bideari jarraitu nahi dio. Orobat, Gasteiz kanpoan ezagutarazteko erakusgaien bilduma izateko asmoa du. Esate baterako, azalean Andre Maria Zuriaren plazaren irudia agertzen da, eta orrialdeetan hiriko hainbat leku aipatzen dira (Buruileria plaza, Santa Maria katedrala, Erdi Aroko harresia, Senda ibilbidea, Eraztun Berdea, Kordoi Etxea, Ibiltariaren estatua, etab.), bai eta bertako jaiak ere, hala nola Blusen Eguna, Zeledonen jaitsiera eta San Prudentzio.

Aurkezpenean parte hartzen duten hedabideek ibilbidea egingo dute eleberrian aipatzen diren lekuetako batzuetan barrena, 12:00etan, egileak berak gidatuta. Ondoren, 14:00etan, liburua aurkeztuko da, alkate Gorka Urtaran, Planetako zuzendari Belén López Celada eta Eva García Sáenz de Urturi bertan direlarik. Arratsaldean, Santa Maria katedrala bisitatzera joango dira, eta 19:30ean egileak liburuak sinatuko ditu, El Corte Inglésen.

 

Egilea

Eva García Sáenz de Urturi idazle gasteiztarrak laugarren eleberria du hau, eta arrakasta handia lortu du bere ibilbidean. 2012an, “La saga de los longevos” salmenta fenomenoa bihurtu zen, eta ingelesera itzuli ondoren arrakastatsua gertatu zen Estatu Batuetan eta Bretainia Handian. 2014an, “Los hijos de Adán” eta “Pasaje a Tahití” (Espasa) nobela historikoa argitaratu zituen.

“El silencio de la ciudad blanca” nobelaren aurreko hiru lanek lehen lekua lortu dute salmenta digitalean estatu mailan. Literatur lehiaketetako epaimahaietako kide izan ohi da, eta Ser irratiaren kolaboratzailea. Online eskaintzen duen idazleentzako marketin ikastaroa ondoen balioetsitakoen artean dago. Hizlaria eta idazketa sortzaileko hezitzaile aditua da, eta literaturari zein hedabide sozialei buruzko hitzaldi ugari ematen du. Sarean jarraitzaile gehien duten idazleetako bat da.

Share