Prentsa Oharren banner

Tranbiaren luzapenaren inguruko topaketa Hegoalden

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek tranbia hegoaldera luzatzeko proiektuaren inguruko topaketan parte hartu du, Hegoalde gizartetxean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregi eta Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalezekin batera. Ekitaldi honetan tranbiaren hegoaldera zabaltzearen inguruko proiektua azaldu da ikuspuntu sozialetik. Eta hiritar, auzotar, eragile sektorial eta kolektiboek honen inguruan duten edozein galdera plazaratzeko aukera izan dute.
Alkateak mugikortasunaren arloan hiriak duen “aukerq historiko honen txanpa hartzeko indarra egitea” eskatu die gasteiztar guztiei.

Share

Brasilgo Ingurumen Ministerioaren ordezkaritza bat hartu du Udalak

 

 

 

 

 

 

 

 

Brasilgo Ingurumen Ministerioaren ordezkaritza bat hartu du gaur Gasteizko Udalak. Ia bi orduz egon dira bilduta, gaur goizean, Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Saileko zinegotzi Nerea Melgosa eta Hirigintza eta Ingurumen koordinatzaile nagusi Alvaro Iturritxa Gasteizko azken hamarkadetako ingurumen- eta hirigintza-kudeaketaren eta Green Capital izatearen esperientziaren berri jakin nahi izan duten pertsona horiekin.

Ekitaldi instituzional horrez gain, Brasilgo Ingurumen Ministerioaren ordezkariek hiria bisitatuko dute, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko teknikariek lagundurik, egun osoan zehar. Eraztun Berdea ezagutuko dute, baita Salburuko hezeguneak eta Europa jauregia berritua ere.

Share

Udalak eta Foru Aldundiak hobetu egin dute mendekotasuna eta ELZrako (Etxean Laguntzeko Zerbitzua) eskubidea dutenei eskainitako arreta.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Protokoloa izenpetu dute, beste hobekuntzen artean, bi erakundeek etxebizitza berean modu paraleloan parte hartuko ez dutela jasotzen duena.

Gasteizko udaleko eta Arabako Foru Aldundiko gizarte zerbitzuak ados jarri dira mendekotasuna eta ELZrako (Etxean Laguntzeko Zerbitzua) eskubidea dutenei eskainitako arreta hobetzeko, arreta integrala eta kasuak bideratzeko prozedura martxan jartzeari esker. Beatriz Artolazabal Gizarte Zerbitzuen foru diputatuak eta Nerea Melgosa Gizarte Politiken zinegotziak prozedura honetako giltzarriak azaldu dituzte prentsaurrekoan.

Zorroari buruzko Dekretuak ezartzen duenez, Etxean Laguntzeko Zerbitzua udalaren eskumenekoa da. Araban zerbitzu hori eman izan die Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak mendekotasuna dutenei, eta Gasteizko udalak autonomia dutenei. Zorroari buruzko Dekretuak mendekotasun egoeran edo arrisku egoeran dauden pertsonek zerbitzu horretarako duten eskubide subjektiboa arautzen du. Erakunde bien arteko akordioak erantzuna ematen die “bai lankidetzarako borondatea eta partekatutako lanari, baita Zorroari buruzko Dekretua gauzatzeko eta gure erantzukizunak betetzeko prestutasunari ere”, azpimarratu du Gizarte Zerbitzuen foru diputatuak.

Zehazki, lehenengo graduko mendekotasuna duten pertsonak artatu eta bideratzeko eta Etxean Laguntzeko Zerbitzuko proposamenerako akordioak jasotzen duenez, ez erakunde batak ez besteak ez dute esku hartuko batera etxebizitza berean.

Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak mendekotasuna artatzeko erabilitako baliabide bat aplikatu dituen kasuetan, erakunde horrek balioetsiko du bizikidetza unitateko beste kideek erabiltzeko Etxean Laguntzeko Zerbitzua abian jartzea; unitate horretan bestelako perfilak ager daitezkeelako: mendekotasun arriskua, aldi baterako haustura, mugak dituen pertsonak, larrialdiko egoerak.

Udalaren baliabide bat eskaintzen ari diren kasuetan (Etxean Laguntzeko Zerbitzua edo Eguneko Arreta Zerbitzua), Udalak erabakiko du bizikidetza unitateko beste kideek erabiltzeko Etxean Laguntzeko Zerbitzua martxan jarri ala ez; unitate horretan bestelako perfilak ager daitezkeelako, mendekotasunari lotuta edo ez, beti ere Etxean Laguntzeko Zerbitzua zerbitzu aplikagarri bakarra bada.

Mendekotasun Legeari lotutako bestelako baliabide edo zerbitzuak aplikatzea beharrezkoa denean, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundea arduratuko da bizikidetza unitate osoa artatzeaz.

Kasuak Gizarte Ongizaterako Foru Erakundetik Udalera bideratzea poliki-poliki egingo da hainbat alditan. Lehenengo aldian, Udalak lehengo graduan (25-39 puntu) balioetsiko pertsonen kasu berriak hartuko ditu; gradu horretako Banakako Arreta planean etxez etxeko laguntza zerbitzua islatzen da beharrezko baliabide bakar gisa.

“Akordio hau oso garrantzi handikoa da, une oro familien beharrei arreta integrala ematen saiatuko baita. Ez dugu arreta zatikatuko, Udaletik familiako pertsona bati arreta ematen eta Foru Aldunditik beste bati, nahiz eta mendekotasun gradu ezberdinak izan eta nahiz eta erakunde bakoitzak eskumena izan haietako bati arreta emateko. Une oro landu da prozedura hori, pertsonen eta familien ikuspegitik, haiei jarraitutasuna, arreta globala eskaini ahal izateko, arretan geldiunerik egin gabe eta bi erakunderen erreferentziekin mareatu gabe”, azpimarratu du Nerea Melgosa zinegotziak.

Bestalde, Beatriz Artolazabal Gizarte Zerbitzuen foru diputatuak azaldu duenez, 40 puntu baino gutxiagoko gradu bateko mendekotasuneko kasuak bideratzeak ez du ekarriko inolako aldaketarik zerbitzua erabiltzen dituztenentzako. Mendekotasun balioespena behar duten pertsonek foru bulegoetan hala eskatu beharko dute, orain arte bezala. Foru-ordezkariak balioetsi egin du akordio hau, izan ere, “kalitateko zerbitzua bermatzea azken helburutzat hartuta egin behar den erakundeen arteko koordinazioaren adibidea besterik ez da”.

 

Share

Udalbatzak eta Gasteizen bizi diren ekuadortarren komunitateak samina eta elkartasuna erakutsi dute, Ekuadorreko lurrikara dela eta

Alderdi guztietako ordezkariak —alkatea eta ahaldun nagusia buru— eta Gasteizen bizi diren ekuadortarren komunitateak parte hartu dute gaur eguerdian udaletxearen aurrean egin den elkarretaratzean, beren samina eta elkartasuna adierazteko Ekuadorren izandako lurrikararen biktimei. Izatez, erreplikak gertatzen ari dira oraindik ere.

Ekitaldi horretarako, eten egin da goizean zehar burutzen ari zen udalbatzaren bilkura, hartara Ekuadorreko herritarrei sostengua eman ahal izateko, eta bost minutuko isilaldia egin da. Gorka Urtaran alkateak eta Ekuadorrek Bilbon duen kontsulak, Pablo Buitrón jaunak, aste honetan izan duten elkarrizketa bat izan da ekimenaren abiapuntua, kontsulak berak egin baitzuen proposamena.

Lurrikarak sortutako kalteek Gasteizen sortu duten samina adierazi du Gorka Urtaranek. Izan ere, bostehunetik gora dira dagoeneko hildakoak, eta 4.000tik gora zaurituak; gainera, pertsona ugari daude desargertuta. Era berean, Udalak eta Aldundiak Larrialdietarako Arabako Funtsa aktibatu dutela jakinarazi du alkateak, hartara lurrikararen ondorio suntsitzaileak jasan dituzten pertsonengana baliabideak helarazteko modurik izan dadin.

 

 

Share