Prentsa Oharren banner

Astebururako aurreikuspenak

Apirilak 22 ostirala

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi  Iñaki Prusilla Gaztela eta Leon eguna dela eta antolatu diren ekintzetan izango da, Palentzia etxean 20.15etatik aurrera.

Apirilak 23 larunbata

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi  Iñaki Prusilla ‘Guztion ongia, etika eta balioak IX. biltzarra’ delakoan izango da. Europa Biltzar Jauregian, 10.00etan.

Gorka Urtaran alkatea eta Enplegu eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa Deportivo Alavés-Elche partidan izango dira Mendizorrotza-n. 20:15etan.

Share

Prentsa-deialdiak (2016-04-25)

Vitoria-Gasteizko Udalak Brasilgo Ingurumen Ministerioko delegazio baten bisita hartuko du

Parte hartzaileak. Enplegu eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa; Hirigintza eta Ingurumen koordinatzaile nagusi Alvaro Iturritxa; eta Brasilgo Ingurumen Ministerioko ordezkariak

Eguna. Astelehena, apirilak 25

Ordua. 10:00

Tokia. Udaletxea

—————-

Prentsaurrekoa. Menpekotasuna duten pertsonen arreta hobetzeko erakundeen arteko akordioa aurkeztea

Parte hartzaileak. Gizarte Politiken zinegotzi Nerea Melgosa eta Gizarte Zerbitzuen diputatu Beatriz Artolazabal

Eguna. Astelehena, apirilak 25

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

—————

Topaketa informatiboa ‘Mugikortasuna Vitoria-Gasteizen, tranbia Unibertsitateraino zabaltzea’

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran;  Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregi eta Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia.

Eguna. Astelehena, apirilak 25

Ordua. 19:00

Tokia. Hegoalde gizarte etxea

Share

Urtaranen gobernuak 47.300 euro jarriko ditu osasunaren arloko bost hitzarmenetarako

47.300 euro inbertituko ditu Gasteizko Udalak osasun publikoaren arloko kolektiboekin sinatuko dituen bost hitzarmenetan. Gaur goizean onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak Ingurumenaren eta Osasun Publikoaren Sailaren bitartez hitzarmen horiek izenpetzea, elkarte hauekin: laguntza behar duten adineko pertsonak zaintzen dituzten familien Arabako elkartea (ASCUDEAN), adimen-urritasuna duten pertsonen aldeko Arabako elkartea (APDEMA), jatorrizko nahiz bigarren mailako linfedemek eragindakoen elkartea (DELPRISE), garun-paralisia eta antzeko gaixotasunak dituztenen elkartea (ASPACE) eta alboko esklerosi amiotropikoaren Arabako elkartea (ADELA). “Elkarlanean jardun nahi dugu kolektibo hauekin, beren lana funtsezkoa baita gaixotasun horiek dituzten pertsonen bizimodua errazagoa izan dadin”, azaldu du Ingurumen zinegotzi Borja Belandiak.

ASCUDEAN elkartearekiko hitzarmenean 10.970 euroko ekarpena egingo du Gasteizko Udalak, zaintzaileen osasun fisiko, psikiko eta sozialerako programa bat garatzen laguntzeko. Hauek izango dira ekimen horren helburuak: zaintzaileen osasun fisikoa, psikikoa eta soziala sustatzea, jarduerak eskaintzea eta zaintzaileak berreskuratu eta sare naturalera ekartzea, harreman pertsonalak sustatuz eta asteburuko elkarbizitza-jardueretan sor litezkeen adiskidetasun-harremanak lortuz.

APDEMArekin izenpetuko den hitzarmenaren bitartez, berriz, “Familia zentroan” proiektua garatzeko emango du laguntza Gasteizko Udalak. Urritasuna duten pertsonen eta beren senideen bizi-kalitatea hobetzea du helburu programa horrek. Hitzarmenaren bitartez, 11.230 euroko ekarpena egingo du Udalak.

ADELPRISE elkartearekin sinatuko den hitzarmenaren bitartez, 8.220 euroko ekarpena egingo du Udalak. Jarduera hauek eskaintzea da horren helburua: arreta integrala eragindakoei eta senideei, zabalkundea, kontzientziazioa eta prebentzioa, prestakuntza eta bilerak, aldizkari bat argitaratzea eta Nordic Walking ikastaro bat.

ASPACErekin sinatuko den hitzarmenaren kasuan, 11.230 euroko ekarpena egingo du Gasteizko Udalak, pertsona bakoitzaren ahalmen funtzionalak ahalik eta ongien aprobetxatzeko, jarrerak hobeto kontrolatu eta sor litezkeen deformazioak ekiditeko, hondamen progresiboa eta mugikortasunetik eratorritako zauriak eragozteko eta kirol egokitua sustatzeko esku-hartze fisioterapeutikoa bideratzeko. Jarrera-higienearen arloko lantegi bat egingo da, familiei zuzendua, eta banako esku-hartzeak, nagusi eta haurrei zuzenduak.

ADELArekiko hitzarmenaren bitartez, alboko esklerosi amiotropikoak eragindakoei lagunduko die Udalak, 5.650 euroko ekarpena eginez. Horrek aukera emango du hainbat fisioterapia-jarduera bideratzeko, eragindakoei nahiz zaintzaileei zuzenduta, eta logopedia-laguntza nahiz laguntza psikologiko banakatua emateko.

 

 

Share

Javier Alonso artistaren “Naturaren xuxurlak” argazki erakusketa Atarian.

Datorren asteartetik maiatzaren 20ra bitartean zabalik

Ataria -Salburuko Hezeguneak Interpretatzeko Zentroan Javier Alonso Torres argazkilariaren “Naturaren xuxurlak” erakusketa izango da ikusgai datorren apirilaren 26tik. Gasteizko Udalak antolatutako erakukseta maiatzaren 29ra bitartean egongo da zabalik.

“Natura argazkien bidez ezagutzea bakarrik ikusmenarekin lotutako zerbait dela eman dezake. Pentsa liteke argazkilariak asmo bakarra duela, irudiak hartzean berak ikusitakoa ikusleak ere ikustea. Egilearen testu eta hausnarketez lagundutako erakusketa honen bidez, irudi batek zentzumen bat baino gehiago piztu dezakeela erakutsi nahi dugu” adierazi dute Atariako arduradunek.

Erakusketa “bere altxorretara erakartzeko naturak baliatzen dituen xuxurla eztiak entzutera animatzen gaituen bidaia da. Hitz eta argazkiz, soinu eta irudiz osatutako ibilbidea da” azaldu dute.

Share

Enpresa txikiak sortu, berritu eta lehiakortasuna bultzatzeko laguntza ekonomikoen programa onetsi du Urtaranen gobernuak

Enpresa txikiak sortu, berritu eta horien lehiakortasuna bultzatzeko laguntza ekonomikoen udal programaren deialdia onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak. Ekintzailetza sustatzera zuzenduta dago ekimena, eta 188.978 euroko zuzkidura izango du guztira. 50 langile baino gutxiago dituzten enpresei zuzendua dago, urtean 10 milioi eurotik beherako negozio-bolumena dutelarik.   Diru-laguntza bakoitzaren zenbatekoa ezingo da izan 8.000 eurotik gorakoa, eta eskabideen bolumenak baliagarri dagoen diru-kopurua gainditzen badu, programaren diru-zuzkidura handitzeko aukera aurreikusten da. Aurki emango da jakitera laguntza-eskabideak aurkezteko epearen berri.

“Enpresarik gabe, ez dago garapen ekonomikorik, eta enpresa txikirik gabe, garapen horren oinarria galtzen dugu. Ekintzaile baten ekimen berri bakoitzak, denik eta txikiena izanik ere, gure ehun ekonomikoa sendotzen laguntzen du, eta kalitateko enplegua sortzeko oinarriak jartzen ditu. Hain zuzen ere, horregatik da hain garrantzitsua gaur onetsi duguna bezalako laguntza-programa bat”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

71 diru-laguntza eman ziren iaz, guztira, enpresa txikiak sortu, berritu eta horien lehiakortasuna bultzatzeko laguntzak emateko deialdiaren baitan. Horietatik, negozio berriak sortzera bideratu ziren 39, eta beste 32k, berriz, berrikuntza- eta hobekuntza-proiektuak garatzeko balio izan zuten.

Hiru jarduera-sektore izango dira enpresa txikiak sortu, berritu eta lehiakortasuna bultzatzeko laguntzen hartzaile: industria eta fabrikazioa; handizkako merkataritza, garraioa eta eraikuntza, eta, azkenik, enpresa eta pertsonentzako zerbitzuak. Udal gobernuak enpresei lagundu eta enplegua sustatzeko ezarriak dituen ildo estrategikoen haritik dator laguntza-deialdi hau.

 

Share

Alkateak araudia aldatzea proposatu du, babes ofizialeko etxebizitzen OHZren igoera mugatzeko

  • Urtaranek esan du errenta baxuenak dituzten babes ofizialeko etxebizitzen jabeei batez beste % 42 hobaria emango zaiela, eta ordainagiria bederatzi kuotatan zatikatzeko aukera eskaintzen die
  • “Joka dezagun sen onez, OHZren igoera zenbateko zentzuzko eta eskuragarri batera mugatzeko”, baieztatu du alkateak

 

Gasteizko alkateak Ondasun Higiezinen gaineko Zergari buruzko Foru Araua aldatzea proposatu die talde politikoei, babes ofizialeko etxebizitzei zerga horretan aplikatzen zaizkien igoerak mugatzeko. “Ez da arrazoizkoa familia askorentzat OHZ % 30 igotzea egun batetik bestera. Horrelako neurri batek duen benetako inpaktua neurtu behar dugu, eta igoerarako gehienezko muga jarri. Hori lortzeko bideak aztertuko ditugu. Ez da erraza, baina sen onez jokatuz gero, OHZren gehiegizko igoerak leuntzeko neurriak har daitezke. Bere garaian gauza bera gertatu zen ekonomi jardueren gaineko zergaren gehiegizko igoerarekin, eta orain berdin jokatu behar dugu”, azaldu du Gorka Urtaranek.

 

Aldi berean, alkateak iragarri du ezen aurten saltzeko gehienezko balioa eguneratu zaien babes ofizialeko etxebizitza guztien –20.000 gutxi gorabehera– % 37,8ri kuotaren % 42ko hobaria egingo zaiela batez beste. Hartara, errenta baxuenak dituzten babes ofizialeko etxebizitzen jabeei ez die eragingo gehiegizko igoera horrek. “Kontuan izan behar da familia horien egoera eta, beraz, ordainagiriaren ia erdiaren hobaria izango dute”, azpimarratu du Urtaranek.

 

Alkateak proposatutako hirugarren neurria ondasun higiezinen gaineko zergaren kuota zatikatzea da. “Babespeko etxebizitzen titular askok badu baliabide ekonomiko nahikorik beren etxebizitzen balioen eguneratzea ordaintzeko. Izan ere, titularren % 63k ezin ditu errenta baxuenentzako hobariak eskuratu, baina kuota zatikatuz gero errazago ordain daiteke”, zehaztu du Gorka Urtaranek. Aurten saltzeko gehienezko balioa eguneratu zaien babes ofizialeko etxebizitzei 44 eta 57 euro arteko igoera aplikatuko zaie ondasun higiezinen gaineko zergan.

 

Babespeko etxebizitzen OHZri buruz sortu den eztabaida dela eta, Urtaranek erantzukizuna, zentzua eta lasaitasuna eskatu die talde politikoei. “Adostasuna lortzeko eskua luzatzen jarraituko dut, Gasteizen pertsona ororen bizi-kalitatea bermatuta egon dadin”, amaitu du.

Share

2016ko Andre Maria Zuriaren jaiak iragartzeko kartel lehiaketarako deia egin du Gasteizko Udalak

 

Kartelak 2016ko maiatzaren 2tik 13ra bitartean, aurkeztu behar dira Landatxo Gizarte Etxean

2016ko Andre Maria Zuriaren jaiak iragartzeko kartel lehiaketarako deia egin du Gasteizko Udalak. Kartelak 2016ko maiatzaren 2tik 13ra bitartean, aurkeztu behar dira Landatxo Gizarte Etxean, Santa Maria kalea, 4; astelehenetik ostiralera: 08:00-20:30. Larunbatean: 10:00-13:30.  Igande eta jaiegunetan: itxita. Egile bakoitzak bi lan aurkeztu ahalko ditu gehienez. Lanek jatorrizkoak, argitaratu gabeak, eta beste inongo lehiaketa batzuetan saritu gabeak izan behar dute.

Kartel irabazlea aukeratzeko, 1. fasean, Arabako Diseinu Grafikoaren Profesionalen Elkarteak (DIGA) izendatutako hiru adituk osatutako dute epaimahaia. Epaimahai horrek lau kartel finalista eta sei gehienez hautatuko ditu aurkezten diren lan guztien artetik. Eta 2. fasean herri bozketaren bitartez puntuazioaren % 75 emango da, eta gainerako % 25a  epaimahai teknikoak erabakiko du.

2016ko Gasteizko jaiak iragartzeko kartel ofiziala 1.500 euroko saria izango du, Udalaren web-orrian eta  prentsa-ohar baten bidez emango da aditzera zein kartel egokitu den irabazle eta zein izan diren finalistak.

OINARRIAK (pdf)

 

 

Share

LURRAREN NAZIOARTEKO EGUNA

 

Gaur, apirilak 22, Ama Lurraren Nazioarteko Eguna dela eta, Gasteizko Udalak biodibertsitatearen kontserbazioarekin eta klima-aldaketaren aurkako borrokarekin duen konpromisoa erakutsi nahi du.

2016an, Ama Lurraren Eguna bat dator klima-aldaketari buruzko Parisko Akordioa sinatzeko zeremoniarekin, zeina Nazio Batuek New Yorken duten egoitzan izango baita. Klima Aldaketari buruzko Esparru Hitzarmenaren parte ziren 196 estatuek onetsi zuten akordioa, Parisen, 2015eko abenduaren 12an. Herrialde horiek guztiek hitz eman zuten tenperatura globalaren igoerari 2 gradu zentigradutik behera eusten saiatuko direla, eta, arrisku larria kontuan izanik, ahaleginak egingo dituztela 1,5 gradutik beherakoa izan dadin.

Gasteizko Udalak, Gorka Urtaran alkatearen bitartez, klima aldaketaren kontra borrokatzeko ekintzak areagotzeko konpromisoa hartu zuen Parisko tokiko agintarien gailurrean. Udalbatzak hiriek eta toki-erakundeek duten zeregina aitortzen du, borroka horretan eta eredu aldaketan funtsezko osagaiak baitira. Hori dela  eta, Gasteizko Udalak berretsi egiten du hartutako konpromisoa, eta hitz ematen du azkartu eta areagotu egingo dituela bere ahaleginak, Arabako hiriburua beti egon baita iraunkortasun politiken abangoardian.

Pertsonen, gainerako espezie bizien eta planetaren arteko dependentziak esperientziak eta informazioa trukatzeko sareak osatzera behartzen du, planetaren muga ekologikoak aintzat hartzen eta errespetatzen dituen eredu jasangarri baterako trantsizioa azkartzerik izan dadin. Gasteizko Udalak aitortzen du Lurraren iraupena karbono maila txikiko ekonomia batean baino ez dela posible izango, zeinean produkzio sistema eraginkorren bidez energiaren, lehengaien eta uraren kontsumoa murriztuko baita,  hondakinak edo kutsadura eragotziko, eta ekosistemak eta biodibertsitatea babestuko.

 

Share