Prentsa Oharren banner

Euskal Adierazpenaren sinaduran parte hartuko du alkateak, Hiri eta Herri Iraunkorren Europako 8. Konferentzian

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Alkate Gorka Urtaranen adierazpenak: 20160427AlkateICLEI eus

Hiriek klima-aldaketaren kontrako borrokan eta politika osasungarri eta iraunkorrak martxan jartzeko orduan jokatu beharreko papera berretsi du Gasteizko Udalak

Hiri eta Herri Iraunkorren Europako 8. Konferentzian parte hartu du gaur goizean Gasteizko alkate Gorka Urtaranek. Ingurumenaren arloko nazioarteko 800 aditu baino gehiago izango dira bertan, gaurtik hasi eta ostiralera arte —apirilaren 29ra arte—, baita Europa osoko hainbat agintari ere. Kontinenteko gobernu lokalak eta hainbat eskualdetakoak bilduko ditu ekimen horrek, eta ingurumenaren eta iraunkortasunaren arloarekin zerikusia duten eragile ugari, hiri eta herriek etorkizun iraunkorrago baterantz jotzeko estrategia globala sortzeko orduan jokatu beharreko papera sustatzeko helburuarekin. Lehendik ere, joan den abenduan, izana zen Gorka Urtaran NBEren Klima Aldaketari buruzko 21 Biltzarraren baitan (COP-21) Parisen izan zen lider lokalen mundu-gailurrean. Bietan ere, Udalak klima-aldaketaren kontra borrokatzeko ekintzak areagotzeko hartua duen konpromisoa berretsi du alkateak, eta “planetaren beroketa eragozteko hirien zeregina funtsezkoa” dela azpimarratu du.

Hauek dira egun hauetan Bilbon burutzen ari den ekitaldiaren antolatzaileak: ICLEI – Iraunkortasunaren aldeko Tokiko Gobernuen Nazioarteko Sarea, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, Udalsarea 21, Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gasteizko eta Donostiako Udalak. Europako udalerriak elkartzeko gune bat sortzea da konferentziaren helburu nagusia, iraunkortasunaren eta ingurumenaren gaineko esperientzia eta jakintzak ezagutzera eman eta partekatzeko, hartara jasangarri ez diren praktikak bazter utzi eta politika lokal efiziente, zuzen eta solidarioago baterako oinarriak jartzeko. Era berean, hiriek eta herriek maila guztietan bidera dezaketen ekintza eraldatzailea sustatu eta bultzatu nahi du konferentziak, Euskal Adierazpena sinatuz, entitate lokalek gizarte iraunkorrak eratzeari dagozkionetan zer nolako garrantzia duten azpimarratuz, ororen aurrean.

Euskal Adierazpenaren aurkezpenean parte hartu du Gasteizko alkate Gorka Urtaranek, atxiki egin baitzaio hiriburu arabarra adierazpen horri. Nazioarteko mugimendu iraunkorraren bide-orria izango da agiri hori hemendik aurrera, eta duela 20 urtetik hona indarrean egon diren Aalborgeko konpromisoak eguneratzeko balioko du. Europako hiri eta herriek Europa bizigarriago eta inklusiboagoa ekarriko duten hiri produktibo, jasangarri eta erresilienteak sortzeko jarraitu beharreko bide berriak markatzen ditu adierazpen horrek. Agiriak —hemen eskura daiteke http://conferences.sustainablecities.eu/basquecountry2016/es/— aitortzen du gure gizarteek aldaketa teknologiko, sozioekonomiko eta soziokulturala behar dutela, gure biztanleriari bizi-kalitate egokia segurtatzeko, eta, aldi berean, beharrezkoa dela errespetatzea gure tokiko ekosistemen eta ekosistema globalen mugak, eta eskura dauden baliabide naturalak.

 

Ostiralean, hitzaldia

Bihar, apirilak 28, Gasteiz bisitatuko dute konferentzian parte hartzen ari diren hainbat lagunek, eta bertatik bertara ezagutuko dituzte hirian 30 urte baino gehiagoz ingurumenarekiko begirunez jokatzearen emaitza diren hainbat adibide, baita garapen iraunkorreko politiken aldeko konpromiso sendoa ere. Bisitan zehar, Salburuko parkera eta Ataria Salburuko hezeguneak interpretatzeko zentrora joango dira konferentziako parte-hartzaileak. Espazio publikoaren eta eraikiaren berrikuntza ere erakutsiko zaie hirian zehar egingo den ibilbidean: Europa biltzar-jauregiaren fatxada berdea, Gasteiz hiribideko eta Antso Jakitunaren kaleko obrak eta Santa Maria katedrala eraberritzeko proiektua. Arratsaldean, harrera ofiziala egingo zaie Artium museoan.

Ostiralean, gainera, modu aktiboan parte hartuko du Gorka Urtaran alkateak konferentziaren osoko bilkuretako batean, ‘Europar Batasunaren Hiri Agendatik Hiri Agenda Berrira’ izenburupean. Hitzaldian, Gasteizen mugikortasun iraunkorraren arloan izandako bilakaera eta aurrerapenak azalduko ditu alkateak. Mahai berean izango dira: Erion Veliaj, Tiranako alkatea (Albania); Catarina Freitas, Almada hiriko (Portugal) Ingurumen, Klima, Energia eta Mugikortasun Saileko burua, eta Damien Carême, Grande-Syntheko alkatea eta Dunkerqueko Metropoli Kontseiluko lehendakariordea (Frantzia).

 

 

Share

Bi koreografia estreinatuko ditu Jose Uruñuela Dantza Kontserbatorioak igandean, Donostian, Giuliano maisuarekin

Astelehenean zabalduko du Udalaren dantza-ikastegiak hurrengo ikasturterako eskabideak aurkezteko epea

José Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioko ikasleek Juan Giuliano maisuak diseinatutako bi koreografia estreinatuko dituzte igandean, maiatzak 1, Donostiako Victoria Eugenia antzokian izango den Dantzaren Hilabetearen amaiera-ekitaldian.

Interpretatuko duten lehen pieza “Ikerketa” izango da, Vivaldiren musikarekin, eta Beñat Anduela, Maddi Argibe, Sayoa Belarra, Ainhoa Eguizabal, Lidia Gómez de Segura, África Arnanz, Claudia Arrue, Sofía Victoria González, Alazne Uralde eta Nerea Sanz de Acedo izango dira dantzari. Claudia Arrue eta Beñat Anduelak Giuliano maisuaren beste ballet bat estreinatuko dute, “Recuerdos del mañana”, Peter Kubiken musikarekin.

Bi interpretazio horien bitartez, Dantzaren Nazioarteko Eguna —apirilaren 29a— ospatuko du Udal Dantza Kontserbatorioak.

 

Hurrengo ikasturterako izen-ematea, maiatzaren 2tik aurrera

Bestalde, maiatzaren 2an zabalduko du José Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioak hurrengo ikasturterako izena emateko epea. Dantza kontserbatorioko idazkaritzan jaso nahiz aurkeztu ahal izango dira eskabideak —Hiru Probintzien plaza, 8—.

 

Prestakuntza-eskaintzari buruzko informazio gehiago:

 

Share