Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2016-04-08)

Alkateordearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkateorde Borja Belandiak Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Alkateorde Borja Belandia

Eguna. Ostirala, apirilak 8

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Herritarren partaidetza-organoak berritzeko prozesua aste hauetan elkarguneak eratu eta ekainean gizarte kontseilu berria osatu ondoren amaituko da

Auzogune eta elkarguneetako ordezkariek osatuko dute Gizarte Kontseilua, taldeek eta herritarrek hautaturik

Herritarren partaidetza-organoak berritzeko prozesua ekainean amaituko da, gizarte kontseilu berria osatzearekin batera; auzogune eta elkarguneetako ordezkariek osatuko dute, organo horietako kideek berek aukeratu ondoren.

Aste honetan hasi dira eratzen elkarguneak –lehen sektore kontseilu zirenak– , martxoan lehengo  lurralde kontseiluak auzoka eratu ondoren.  Aurretik Partaidetzaren Herritarren elkargunea osatu zelarik, aste hauetan beste hauek eratzen ari dira: Gazteria, Lankidetza, Osasuna eta Kontsumoa, Euskara (apirilaren 7an), Adinekoak (apirilaren 12an), Bizikidetza eta Aniztasuna (apirilaren 13an), Ingurumena (apirilaren 14an), Animaliak Babestea (apirilaren 19an) eta Berdintasuna (apirilaren 20an).

Partaidetza eta Gardentasuneko zinegotzi Jaione Aguirrek positibotzat jo ditu auzoguneen lehen bilerak, zeinetan “dagoeneko aldaketak egin baitira funtzionatzeko dinamikan. Izan ere, organo bakoitzak planteatzen dituen gaiek markatuko dute etorkizuna. Inportanteena benetan garrantzizkoak diren gaien gainean herritarren iritzi eta proposamenak jasotzea da”.

Auzoguneen etapa berrian 46 elkarte eta taldek hartu dute parte, adinekoentzako 7 zentrok, 19 zerbitzu publikok (osasun zentroak, ikastetxeak eta beste), banakoek eta talde politikoek. Guztira 199 pertsonak hartu dute parte bileretan, Parte-hartzearen Zerbitzuko langileak eta dinamizatzaileak zenbatu gabe.

 

Eztabaidatzeko organoak, udal erabakietan benetako eragina izango  dutenak

Bai auzoguneak bai elkarguneak  eztabaidatzeko organoak dira, ordezkarien bidez Udalbatzako batzordeetara zuzenean proposamenak edo beren intereseko gaiak eramango dituztenak. Hori jasotzeko dagokion aldakuntza tramitatzen ari da Udalbatzaren Araudi Organikoan.

Auzogune eta elkarguneetan herritar talde eta elkarteek, banakoek, beste erakunde publiko batzuen ordezkariek, alorreko teknikariek eta talde politikoek har dezakete parte, hausnarketa partekatuko prozesuan erabaki zen bezala.

Bozkatu beharrik bada –esate baterako, auzogune eta elkarguneetako ordezkariak hautatzeko–, herritar erakundeek eta banakoek bakarrik bozkatuko dute, hau da, ez teknikariek ez eta politikariek ere, eta halaxe jaso da organoen funtzionamendu arauetan, zeinak organo berriak eratzeko bilera guztietan aurkeztu baitira.

Herritarren Partaidetzaren Udal Plana agintaldi honetan onetsi da. Agintaldi honetarako jarduera-ildoak zehazten dira bertan. Horietako bat, hain zuzen, herritarren partaidetza-organoak aztertu eta aldatzea da, taldeekin eta herritarrekin batera. Azarotik otsailera bitartean egin da berrikusteko prozesua, zeinean elkarte ugarik (azaroan eta abenduan lurralde eta sektore kontseilu guztiak bildu ziren), sail guztietako teknikariek eta politikoek hartu baitute parte.

Horren guztiaren ondorioz, partaidetza-organo berrietan funtsezko aldaketak egin dira. “Aldaketa horiek dinamismo eta eraginkortasun handiagoa eman nahi diete parte hartzeko espazio horiei, udalaren erabakietan eragin handiagoa izan dezaten, eta era guztietako taldeek zein banakoek parte hartzea ahalbidetu dezaten”, gogoratu du Partaidetza eta Gardentasuneko zinegotzi Jaione Aguirrek.

 

 

Share

Gasteizek 2.337 leku eskainiko ditu aisialdi eta kultura jardueretan, umeek eta gazteek udari zukua atera diezaioten

Jolas txokoak, hondartzako kanpalekuak, udako ludotekak, musika udalekuak, udaleku irekiak,  ingurumen edo abentura udalekuak eta jarduera nautikoak sartzen dira 4 eta 17 urte bitarteko gasteiztarrentzako jarduera eskaintzan

Datorren astelehenean irekiko da eskabideak aurkezteko epea, apirilaren 22ra arte

Aurtengo berritasunen artean, Gizarte Etxeen Zerbitzuak antolatutako udako ludoteka familiarra dugu.

Datorren astelehenean, apirilak 11, hasiko da epea udalaren oporretarako jarduera programarako eskabideak aurkezteko.  Zenbait sail eta zerbitzutan landutako 12 programaren bidez, uda garairako aisialdi eta kultura aukerak eskainiko zaizkie 4 eta 17 urte bitartekoei.

Jolas txokoak, hondartzako kanpalekuak, udako ludotekak, musika udalekuak, udaleku irekiak,  ingurumen edo abentura udalekuak eta jarduera nautikoak sartzen dira 4 eta 17 urte bitarteko gasteiztarrentzako jarduera eskaintzan. Izan ere, horren xedea da “era koordinatuan heziketa helburu multzo bat lantzea, zuzenean lotutakoa sormena, berdintasuna, gizalegea, bizikidetza, bakearen kultura, sorkuntza eta berdintasuna lantzearekin; balio horiek guztiak Hiri Hezitzaileen Gutunetik ateratakoak dira, eta hiriko hezkuntza proiekturekiko konpromisoa islatzen dute”, Hezkuntza arloko zinegotzi Iñaki Prusillak azaldu duenez.

Udalak 2.337 leku eskainiko ditu aurten (horren barruan ez dira sartzen Jarduera nautikoetako hastapen ikastaroetako 411 lekuak, Kirol Zerbitzuak herritar ororentzat antolatzen baitu). Eskainitako udako jarduerak 2016ko ekainaren 27tik irailaren 2ra arte garatuko dira (10 aste guztira).

Horietaz gain, hiriko ikastetxeetako gurasoen elkarteek antolatutako baliabideak daude.

 

PROGRAMAK

  • Jolas txokoak (2010. eta 2012. urteen artean jaiotakoentzat)
  • Udako ludoteka familiarra (2007. eta 2011. urteen artean jaiotakoentzat)
  • Udako ludotekak (2007. eta 2011. urteen artean jaiotakoentzat)
  • ¡múSIka, bai¡ musika udalekuak, 2016 (2004. eta 2011. urteen artean jaiotakoentzat)
  • Udaleku irekiak (2007. eta 2009. urteen artean jaiotakoentzat)
  • Ingurumen udalekuak (2004. eta 2006. urteen artean jaiotakoentzat)
  • Green Summer Camp (2004. eta 2009. urteen artean jaiotakoentzat)
  • Abentura udalekua (2003. eta 2006. urteen artean jaiotakoentzat)
  • Udako txokokluba (2003. eta 2006. urteen artean jaiotakoentzat)
  • Jarduera nautikoen campusa (2001. eta 2009. urteen artean jaiotakoentzat)
  • Hondartzako kanpamentuak (1999. eta 2003. urteen artean jaiotakoentzat)
  • Jarduera nautikoetako hastapen ikastaroak (2009. urtera arte jaiotakoentzat)

Udalak informazio guztia jasotzen duen liburuxka argitaratu du (29.700 ale), zeina 4 eta 17 urte bitarteko seme-alabak dituzten familiei banatuko baitzaie, beren ikastetxeen bitartez.

Paperean emandako informazioa udalaren web orrian osatu daiteke, jarduera guztiei buruzko argibide guztiak zehazten baitira bertan: jardueraren deskribapena, lantzen diren balioak eta helburuak, hartzaileak, antolakuntza, parte hartzeko baldintzak eta izena emateko modua.

Izena emateko egutegia bera da jarduera guztietarako, Jarduera nautikoetako hastapen ikastaroetarako izan ezik:

  • Eskaera: apirilaren 11tik 22ra.
  • Zozketa: maiatzaren 6an.
  • Formalizatzea: maiatzaren 6tik 13ra.
  • Hutsik dauden lekuak jakinaraztea: maiatzaren 16an.
  • Leku hutsetarako izen-ematea: maiatzaren 19tik aurrera.

Jarduera nautikoetako hastapen ikastaroei dagokionez, zuzenean emango da izena, maiatzaren 30etik aurrera, leku guztiak bete arte.

Hezkuntza-premia bereziak dituzten haurren zein gizarte-premiak dituzten edo genero indarkeria pairatzen duten familia-unitateetako haurren kasuan izan ezik, bide hauetako edozein erabili ahalko da izena emateko:

  • herritarrei laguntzeko bulegoak, 08:30etik 20:00etara, astelehenetik ostiralera;
  • argibideetarako telefonoa: 010 edo 945 161 100;
  • www.vitoria-gasteiz.org

Hezkuntza-premia bereziak dituzten haurren zein gizarte-premiak dituzten edo genero indarkeria pairatzen duten familia-unitateetako haurren kasuan, herritarrei laguntzeko bulegoetan eman beharko da izena.

LIBURUXKA (PDF)

Share