Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2016-04-13)

Prentsa-deialdiak. Oroit-plaka agertzea Eugenio Lazaro Valle jauna gogoan

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta udalbatzako partaideak

Eguna. Asteazkena, apirilak 13

Ordua. 10:00

Tokia. Udaltzaingoaren egoitza, Agirrelandan

——————

Luis Aranburu Udal Musika Eskolaren eta Vital Fundazioaren arteko lankidetza hitzarmena sinatzea

Parte hartzaileak. Luis Aranburu Udal Musika Eskolako zuzendaritza-kontseiluko lehendakari Iñaki Prusilla, eta Vital  Fundazioko zuzendari Josune Albizua

Eguna. Asteazkena, apirilak 13

Ordua. 10:30

Tokia. Luis Aranburu Udal Musika Eskola (Hedegile kalea, 108)

——————

Prentsa deialdia. Z2 ibilgailu berria aurkeztea

EVOLO Arabako hiri-mugikortasun iraunkorraren arloan diharduen enpresak, 2014az geroztik ELPROEX industria taldekoa, Z2 ibilgailu berria aurkeztuko du; Araban egina dago oso-osorik.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Elproex taldeko lehendakari Javier Knörr

Eguna. Asteazkena, apirilak 13

Ordua. 11:00

Tokia. Plaza Berria

* Aurkezpen ekitaldian Arabako kirol, enpresa, kultura eta gizarte arloko hainbat pertsona ezagunek parte hartuko dute eta Z2 ibilgailua probatu ahal izango dute.

——————

Prentsaurrekoa. TEDxAlmendraMedieval2016 ekimena aurkeztea

Parte hartzaileak. Enplegu eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa; Arabako Foru Aldundiko Garapen Ekonomikoaren zuzendari Javier Hernando; eta TEDxAlmendraMedieval2016 ekimeneko kultur zuzendari eta kofundatzaile Cristina Juesas

Eguna. Asteazkena, apirilak 13

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

——————-

Prentsaurrekoa. ‘Oskara’ ikuskizuna aurkeztea

Parte hartzaileak. Ikuskizuneko zuzendari Jon Maya; eta dantzariak: Eneko Gil, Ibón Huarte, Alain Maya eta  Urko Mitxelena

Eguna. Asteazkena, apirilak 13

Ordua. 11:45

Tokia. Teatro Principal Antzokia

Share

Taldeen gehiengoak 2017ko aurrekontuetan herritarren parte-hartzea handitzeko metodologia adostu du

  • “Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” programaren bitartez, herritarrek hiri proiektuak proposatu eta bozkatuko dituzte, eta udal baliabideen zati baten erabilera lehenetsiko dute
  • Adin orotako edozein herritarrek edo herritar taldek aurkeztu ahalko ditu proposamenak, udalaren eskumeneko edozein arlotan
  • Udalak hitz ematen du herritarren boto gehien lortu duten proposamenak abian jarriko dituela, aurreikusitako aurrekontua (3 milioi euro) agortu arte
  • Bozkatzen dutenek gutxienez hiru proposamen aukeratu beharko dituzte, arlo ezberdinetakoak
  • 2017ko aurrekontuetarako parte hartzeko programa horren ebaluazioa oso garrantzitsua izango da agintaldi honetan aurrekontu parte-hartzaileen metodologia behin betiko finkatzeko

Gasteiztarrek era loteslean hautatu ahalko dituzte hirirako proiektuak eta ekintzak, edozein arlotan, aurrekontu-proiektu parte-hartzailearen  bidez. Udaleko talde politiko guztiek, PPk izan ezik, ontzat eman zuten Gorka Urtaran alkateak otsailean aurkeztutako proposamena, zeina lan-talde batean landu eta hobetu baitute geroztik. Gobernu Batzarrak hilabete honetan onetsiko du  “Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” programa, eta horren bitartez, herritarrek hiri proiektuak proposatu eta bozkatuko dituzte, eta udal baliabideen zati baten erabilera lehenetsiko dute.  Lehen esperientzia hori abiapuntutzat hartuta, Gasteizen agintaldi honetan aurrekontu parte-hartzaileen metodologia behin betiko finkatu ahalko da.

Aurrekontu parte-hartzaileak agintaldi honetan onetsitako Herritarren Partaidetzaren Planaren hiru ardatzetako bat da, hauek baitira, hain zuzen: parte hartzeko organoak (lurralde kontseiluak eta sektore kontseiluak) berritzea, Herritar-kontsulten Araudia, eta aurrekontu parte-hartzaileen proiektua.

Herritarrek maiatzean aurkeztu ahalko dituzte proposamenak

Adin orotako edozein herritarrek edo herritar taldek aurkeztu ahalko ditu proposamenak, udalaren eskumeneko edozein arlotan, ezarritako epean eta eran.

Proposamen bakoitzean alderdi hauek zehaztu beharko dira: aurkezten dutenen identifikazioa, sinaduraren eta NANaren zenbakiaren bitartez (adingabeak badira haien tutoretza duten helduenak); proposamenaren eremua; justifikazioa; Udalari eskatzen zaionaren deskribapena; proposamena gauzatuz zein emaitza lortu nahi den; nortzuk izango diren onuradunak  eta zein onura lortuko  duten.

Proposamenak maiatzean aurkeztu ahalko dira, formulario bat online betez, edo zuzenean, herritarrei laguntzeko bulegoetan. Formulario bera izango da proiektu guztietarako. Gainera, proposamena egiten dutenek ikus-entzunezko materiala erantsi ahalko diote formulario ofizialari, hura osatzeko.

Proposamenek interes orokorrekoak izan beharko dute, eta ezingo dute merkataritza edo publizitate helbururik izan.  Inbertsio-proiektua izango da, ez dagoen zerbitzuren bat sortzeko, dauden zerbitzuak hobetzeko, espazio publikoan inbertitzeko, erabilera publikoko espazio berriak sortzeko, etab.

Herritarrek 3 milioi euroren erabilera erabakiko dute

Udalak hitz ematen du herritarren boto gehien lortu duten proposamenak abian jarriko dituela, aurreikusitako aurrekontua (3 milioi euro) agortu arte ; gutxienez 6 proposamen izango dira, proposamen bakoitzak gehienez aurrekontu osoaren % 15 jaso ahalko baitu.

Herritarren parte hartzea sustatu eta haiek motibatzeko, Udalak ahalegin berezia egingo du talde jakin batzuetara heltzeko: haur, hezkuntza, aisialdi eta denbora libreko zerbitzuak; 16 urtetik gorako gazteak; gizarte etxeen erabiltzaileak; taldeak; plataformak; elkarteak; elkargo profesionalak; sare sozialetako eragileak; hedabideak, eta beste.

Proposamenak prestatzeko aholkularitza eta laguntza

Prozesuan udaleko sail  guztiek esku hartuko dute, banakoen zein elkarte  eta taldeen parte hartzea bultzatzeko, gazteak eta umeak barne.

Gainera, maiatzean, Udalak lau gune egokituko ditu gizarte etxeetan, interesdunek proposamenak lantzeko informazioa, aholkularitza eta laguntza  jasotzerik izan dezaten. Eztabaidatzeko lekuak izatea da asmoa, parte hartu nahi dutenek informatu, ikertu eta aholkuak jasotzeko aukera izan dezaten, eta proposamenak beste batzuekin partekatzeko.

Erregistratu ondoren, dagokion sailari bidaliko zaio proposamena, eta hark bideragarritasun tekniko eta ekonomikoari buruzko txosten teknikoa egin ondoren, “proiektutzat” joko dira, hau da, bigarren fase batean herritarrek lehenetsi dezaketen aukeretako bat.

Banakako botoa, gutxienez hiru proiekturi

Proposamenak “proiektu” bihurtu ondoren, horien berri emango da, herritarrek leheneste-fasera igaro direnak ezagut ditzaten. Bideragarritzat jo ondoren, proposamena egin duten pertsonek berek aurkeztea aztertzen ari da.

Aukeratutako proiektuak ezagutarazi ondoren, botoa eman ahalko da, bai  egoitza elektronikoan, Herritarren Udal Txartela baliatuz, bai herritarrei laguntzeko bulegoetan zuzenean.

Bozkatzen dutenek gutxienez hiru proposamen aukeratu beharko dituzte, arlo ezberdinetakoak.

Share

Umoreak eta bidaia espazialek bat egingo dute musika klasikoarekin “Familiarentzako musika” programaren 20. urteurrenean

EOSek bi kontzertu emango ditu Principal antzokian, eta horiekin batera lantegi didaktikoak eskainiko ditu 30 umerentzat, sarreren prezioaren barruan

Umoreak, perkusioak eta errepertorio sinfonikoko lan “espazialenek”  bat egingo dute musika klasikoarekin Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Principal antzokian eskainiko duen “Familiarentzako musika” programan. Gasteizen antolatu ohi den familiarentzako kontzertuen zikloak bi proposamen dakartza denboraldi honetan, adin, sentipen eta emozio ezberdinetarako baina beti helburu berarekin: ikusle guztiak liluratzea zuzeneko musikaren bidez.

Lehen hitzordua apirilaren 17an dago jarrita, 18:00etan, Principal antzokian. Ganbera kontzertua izango da, “osasunerako gomendagarria”, STICK DANCE QUARTET izenburua  duena; perkusionistek beren munduaren ikuspegi umoretsua, egunerokoa eta sentikortasunez betea eskainiko
digute. Eguneroko bizitzako objektuak musika-tresna bihurtuko dira, eta musikariak, fikziozko pertsonaiak, frakaren ordez elastikoa jantzita.

Bigarren proposamena maiatzaren 13an izango da: proiekzioz lagundutako kontzertu sinfonikoa, zeinean Euskadiko Orkestra Juan José Ocónen zuzendaritzapean arituko baita.  “Planeten Soinua” izenburua duen kontzertuan, Euskadiko Orkestrak bere soinu ahalmenaren maximoa eta minimoa erakutsiko ditu, errepertorio sinfonikoko lan “espazialenetan” barrena: “Marte”, G. Holstena; “Star Wars”; J. Williamsena; “Clair de lune”, C. Debussyrena, eta “Jupiter” sinfonia, W.A. Mozartena, besteak beste.

Programa hori “Musika Gela” ekimenaren barruan sartzen da, zeina Udalaren eta Euskadiko Orkestraren arteko lankidetzaren emaitza baita;  hain zuzen ere, 2016an 20. ediziora iritsi da.  “Musika gela” Euskadiko Orkestraren heziketa ildoa da, umeentzako musika klasikoko kontzertuen bidez etorkizuneko ikusleak sortzeko xedez.

Lantegi didaktikoak 30 umerentzat

“Gasteizko Udalarentzat eta Antzoki Sarearentzat ekintza estrategikoa da, publiko berriak erakartzea eta musika gizarte osoaren eskura jartzea oso garrantzitsua baita. Familiartean, lagunekin edo ikaskideekin batera izan, ekintza guztien helburua da entzuleak musikaren unibertsoa ezagutzea, kontzertua den topaketa artistikoan parte hartuz eta horrek dakartzan plazera eta emozioa partekatuz”, nabarmendu du Kultura zinegotzi Iñaki Prusillak. Orobat gogorarazi du kontzertuen aurretik musikariek eta hezitzaile profesionalek lantegi didaktikoak ematen dituztela, umeek musikari buruzko xehetasun gehiago ikas dezaten:  tresnak, musikaren historiako garaiak, konpositoreak, orkestrako kideak eta ezaugarriak.  “Hogei urte hauetan batez beste 1.500 haur igaro dira kontzertuetatik, eta badakigu  MUSIKA GELA /FAMILIARENTZAKO MUSIKA ziklo honek arrastoa utzi duela gure ikusleengan, musika klasikoko zein arte eszenikoetako proposamenek lortzen duten batez besteko asistentziak erakusten duenez”, azpimarratu du Prusillak.

Share