Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2016-04-12)

Prentsaurrekoa. 2016ko Martin Fiz maratoia aurkeztea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatu Igone Martínez de Luna; Kutxabankeko Marketing eta Publizitate arduradun Ángel Pérez; zuzendari tekniko eta munduko maratoi txapeldun Martín Fiz; eta Martín Fiz maratoiko antolakuntza zuzendari Eduardo Martínez

Eguna. Asteartea, apirilak 12

Ordua. 10:30

Lekua. Montehermoso Kulturunea

——————–

Prentsaurrekoa. Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren ‘Stick Dance Quartet’ eta ‘Planeten Soinua’ kontzertuak aurkeztea

Parte hartzaileak. Hezkuntza, Kultura eta Kirol zinegotzi Iñaki Prusilla; Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari Oriol Roch; eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Kontzertu Hezitzaileen arduradun Mikel Cañadas

Eguna. Asteartea, apirilak 12

Ordua. 11:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

Share

Ostegunean administrazio publikoetan “U” teoria aplikatzeari buruzko jardunaldi bat egingo da Europa biltzar etxean

Ostegunean, apirilak 14, administrazio publikoetan “U” teoria aplikatzeari buruzko jardunaldi bat egingo da Europa biltzar etxean, Q-epea (Euskal Erakunde Publikoak Bikaintasunerantz) sareak antolaturik. Sare horrek euskal erakunde ugari biltzen ditu, Gasteizko Udala barne, eta kudeaketaren alorrean jardunbide egokiak zabaltzeko ekimenen barruan saio bat antolatu du “U” teoriaren aplikazio arrakastatsuen kasuak ezagutarazteko; berrikuntza bilatzeko lidergoaren ikusmolde berri batean oinarritzean datza teoria hori.

Europa biltzar etxeko Green aretoan izango da jardunaldia, goizez. Lan dinamika horrekin lotutako hiru esperientzia praktiko –Euskadin, Madrilen eta Eskozian garatutakoak– aurkeztuko dituzte. Euskadi ordezkatuz, Iñigo Retolaza eta Alex Carascosak MemoriaLab zertan den eta haren lorpen nagusiak zein diren azalduko dute: 2013an sortu zen ekimen hori, Gernika Gogoratuz Bakearen Aldeko Aztertegian.

Politika publiko eta sozialen ikertzaile eta diseinatzaile Franco Lloberak Madrilen bioeskualdeko txanpon soziala aplikatzeaz hitz egingo du; jarduera hori “U” teoriari buruzko mintegi batetik sortu zen, eta bio-hondakinen kudeaketaren efizientzia ekologikoa eta soziala hobetzean oinarritutako txanpon-mota berri bat sustatzen du.

Azkenik, Eskoziako Ulab 2.0 esperientziari buruzko hitzaldia izango da. Keira Oliverrek, Gizarte zibila aktibatzeko laborategi horren arduradunak, eta Peter Ashek, aholkulari eta ekimenaren kolaboratzaileak, Ulab 2.0 horren bilakaeraren berri emango dute, herrialdean barrena 80 hub autoantolatuak sortzera iritsi baitira.

“U” teoriari buruzko jardunaldirako izen-ematea doakoa da, eta lekuak mugatuak. Amaieran parte hartzeko dinamika bat egingo da.

 

Share

Memoria Plaza ekimen ibiltaria Gasteizera helduko da, lehen aldiz Araban

 

 

 

 

 

 

 

 

Erakusketa ikusgai egongo da Andre Maria Zuriaren plazan apirilaren 18tik 24ra

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Aintzane Ezenarrok Gogora Institutuko zuzendariak, Memoriaren Plaza Gasteizen izango duen programazioa aurkeztu dute. Honako hau izango da Arabako lurraldean egingo den ekimen ibiltari horren lehenengo etapa, bertan Arabako Foru Aldundiak ere laguntzen du. Herritarrek parte hartzeko proiektu bat da; helburua da Euskadin azken urteotan gertatutakoei buruzko lekukotzak biltzea eta azaltzea, memoria plural eta partekatu bat eraikitzeko asmoz.  Erakusketa Vitoria-Gasteizko Andra Maria Zuriaren plazan, apirilaren 18tik 24ra izango da.

Aurkezpenean, Gorka Urtaranek azpimarratu du biktimen testigantza gizartera hurbiltzeak duen garrantzia. “Memoria pluralaren eraikitzean lagundu behar dugu memoria guztiona dela ezin baitugu ahaztu”, esan du. Horretaz gain, herritarrak gonbidatu ditu erakusketa ikustera, beraien testigantzak ematera eta erakusketaren inguruan egingo diren mahai inguruetan parte hartzera.

 

Lau xede ditu Memoriaren Plaza proiektuaren fase ibiltariak:

–        Memoria jendarteratzea eta partekatzea, erakusketa baten bitartez, eta guztion artean eraikitako gogoeta sustatzea.

–        Herritarrei beren memoria-lekukotza uzteko espazio bat eskaintzea.

–        Memoriak udalerrien eremuan lantzea, eta dinamikak sustatzea iraganari buruzko gogoeta kritikoak partekatzeko.

–        Gogora Institutua ezagutaraztea eta herritarrengana hurbiltzea.

 

Honako gune hauek izango ditu:

–        Lekukotzak grabatzeko eremua: erakusketara bertaratutakoek beren memoria-lekukotza in situ grabatzeko aukera izango dute.

–       Lekukotzen bideoak: Gerra Zibilaren nahiz 107/2012 Dekretuaren babespeko frankismoaren biktimen memorien lekukotzak entzun ahal izango dituzte, bai eta terrorismoaren biktimenak ere.

–        Proiekzio eta debate eremua: zenbait dokumental proiektatuko dira eta mahai-inguru batzuk antolatzea aurreikusi dute.

–        Mezuen hormairudia: bertaratzen direnek beren mezua hormairudian idatzi ahalko dute.

 

Aintzane Ezenarrok Memoria Plazaren programazioa azaldu du:

 

–        Apirilaren 18an, 18:30ean: Erakusketaren irekiera ekitaldia.

–        Apirilaren 18ean, 19:00etan: “Vitoria-Gasteizko memoria”. Jose Angel Cuerda, Alfonso Alonso eta Patxi Lazcozen arteko mahai-ingurua. Moderatzailea: Sara Buesa

–        Apirilaren 21ean, 19:00etan: Marta Buesa eta Eva Barrosoren arteko mahai-ingurua.

Memoriaren Plaza 2015eko ekainean hasitako ekimen bat da. Batetik, herritarren zuzeneko testimonio eta emozioak biltzean datza; bestetik, memoriari buruzko elkarrizketa bat hastea hainbat eztabaida taldeen artean. Lehen fasea amaituta, Gogora Institutuak memoria anitz horiek ikusgai egin eta zabaldu nahi ditu, bere lekukotza eskaini nahi duen ororentzako espazioak sortuz.

Share

Arabak aurten lehenengo aldiz larrialdietarako funtsa erabiliko du Etiopiari laguntzeko

Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak 30.000 euro bideratuko dituzte giza larrialdian dauden 13.800 pertsona urez hornitzeko proiektu batera

Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak osatzen duten Larrialdietarako Arabako Funtsak (LAF) ia 30.000 euro bideratuko ditu Etiopiako biztanleak urez hornitzeko proiektu batera, herri hartan sortzen ari den giza larrialdiko egoera dela eta, azken 50 urteetako agorraldirik txarrena pairatzen ari baita.

“El Niño” fenomenoaren eraginarekin zuzenean loturik dagoen larrialdi hori dela eta, Etiopiako gobernuak giza laguntza jasotzeko eskaera egin beharrean gertatu da. Larrialdietarako Arabako Funtsaren ekarpen horren arrazoia Etiopian 2006az gero diharduen Gasteizko Adra GGKEk laguntza esleitzeko egindako eskaera da. Haren proiektuan larrialdiko ur hornikuntza aurreikusten da, gutxienez litro bat eguneko 13.800 pertsonarentzat hilabetez, 38 ur hornitegi gauzatuz eta ura arazteko kit-ak banatuz. Esku-hartze hau Adadleko barrutian egingo da, Shebelleko probintzian, estatuko somaliar eskualdean.

LAF tartean dauden erakundeei garapen bidean dauden herrialdeetan eragina duten larrialdiko egoeratan laguntza ematea ahalbideratzen dien mekanismo bat bezala pentsatuta dago. Hori, gertatu den larrialdiaren kasuan esku hartzeko ahalmen egiaztatua duten erakundeei erantzun ekonomiko azkarra emanez gauzatzen da.

Kasu honetan, Etiopiako Gobernuak azken 50 urteetako agorraldirik txarrenarengatik egindako giza laguntza eskaerari beste egoera batzuk gainjarri zaizkio, hala nola errefuxiatuen krisia Europan. Hala ere, agentzia humanitarioek diotenez, munduko alde horretan izan den euri eskasia luzeak ondorio suntsigarriak izan ditu iraupeneko nekazaritza eta abeltzaintzan, eta horren eraginez murriztu egin da elikagaiak lortzeko aukera.

Horren guztiaren ondorioz, gutxienez 10,2 milioi pertsonak (horien artean, 6 milioi umek) kalte larriak jasan dituzte eta laguntza humanitarioaren beharrean gertatu dira. Gainera, Etiopiaren barruan lekualdatutako pertsonen kopurua 505.000tik 636.000ra handitu da “El Niño”ren eraginarengatik.

Batez ere artzainez osatutako herriak dira, oso gainpopulaturik daudenak, eta klimaren fenomenoekiko oso kalteberak.

Euskal erakundeek gehitu egin dute Larrialdietarako Arabako Funtserako beren ekarpena 2016an. Arabako Foru Aldundiak bi halakora handitu du bere ekarpena, ekitaldi honetan 50.000 eurotik 100.000 eurora pasatuz. Gasteizko Udalak, bere aldetik, 120.000 euro jartzen ditu.

 

 

Share

Montehermosok zinema ziklo bat, erakusketa bat, liburu banaketa eta bookcrossing ekintza bat antolatu ditu Liburuaren Nazioarteko Eguna dela eta

Beste urte batzuetan bezala, Montehermosoko dokumentazio zentroak ere Liburuaren Nazioarteko Eguna ospakizunarekin  bat egingo du, zinema ziklo bat, erakusketa bat, eta bookcrossing ekintza bat antolatu baititu.

Alde batetik, apirilaren 18tik 22ra arte , Montehermosoko Dokumentazio Zentroa bisitatzen duten pertsona guztiek liburu edo aldizkari bat jasoko dute opari, Liburuaren Nazioarteko Eguna dela eta (izakinak agortu arte).

Beste aldetik,  Dokumentazio Zentroko zinemari buruzko funtsen erakusketa bibliografikoa izango da. Maiatzaren 30era arte. Idatzizko erreferentzia horrek Dokumentazio Zentroko funtsak ezagutarazteko eta bertan ematen  diren zerbitzuen berri emateko helburua du.

“Sekuentzia klasikoak” zinema zikloa ere egingo dute: 30, 40 eta 50eko hamarkadetako lan esanguratsuak. Galdu ezin dituzun titulu ahaztezinak. Sarrera librea, lekuak bete arte.

TIEMPOS MODERNOS  (C. Chaplin 1936,  90′)
2016ko apirilaren 14an, 19:00etan.

LA FIERA DE MI NIÑA  (Howard Hawks 1938. 102′)
        2016ko apirilaren 20an. 19:00etan.

QUÉ BELLO ES VIVIR  (Frank Capra 1946, 128’)
        2016ko maiatzaren4an. 19:00etan.

EVA AL DESNUDO  (J. L. Mankiewicz 1950, 133′)
        2016ko maiatzaren 19an. 19:00etan.

Gainera, estatu mailan, liburuen askatze masiboa egingo da, museo eta kultur zentroetan egin ohi den bookcrossing programaren barruan. Gogoan izan Montehermosok bookcrossing eremu ofiziala izaten jarraitzen duela, klaustroan. Liburuak libre uzteko leku finkoa da, zeinean herritarrek urte osoan parte hartu dezakete.

 Dokumentazio Zentroak kultura garaikideari buruzko 10.000 titulu –liburuak, aldizkariak eta ikus-entzunezkoak– ditu: zinema, argazkigintza, arte garaikidea… Erabilera publikoko 19 ordenagailuz hornituta dago, eta lasai ikasi eta irakurtzeko eremuak. Sarrera eta erabilera doakoak dira, baina ordenagailuez eta mailegu-zerbitzuaz baliatzeko bazkide izan behar da. Ordutegia:  astelehenetan, 10:00etatik 14:00etara; asteartetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.

 

Share