Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2016-04-27)

Gorka Urtaran alkateak ‘8th European Conference On Sustainable Cities & Towns – Hiri eta Herri Jasangarrien Europako 8. Konferentzia’-n hartuko du parte.

Parte hartzailea: Gorka Urtaran alkatea

Eguna: Apirilak 27 asteazkena

Ordua: 12.30

Legua: Euskalduna Jauregia, Bilbo

——–

San Prudentzio Erretreta Udaletxean

Parte hartzaileak: Udalbaltza

Eguna. Apirilak 27, asteazkena

Ordua. 20.00

Tokia. Udaletxeko balkoi nagusia

Share

Alkateak “lasaitasuna eta erantzukizuna” eskatu die udal talde politikoei mugikortasun iraunkorraren proiektua aurrera atera dadin

“Lasaitasuna eta erantzukizuna” eskatu die Gasteizko alkate Gorka Urtaranek udal talde politikoei, Eusko Jaurlaritzarekin eta Aldundiarekin lantzen ari den mugikortasun iraunkorraren proiektua aurrera atera dadin. “Ez dugu aukera hau galtzen utzi behar, ezta arriskuan jarri ere sistema multimodala abian jartzeko aukera, tranbia zabaldu eta autobus azkarra eta azken miliako bizikleta elektrikoa hedatuz hirian”. Gorka Urtaranek gogora ekarri du eredu osasungarri, iraunkor eta ahalmen eta kalitate handiko hori benetako iraultza izango dela hiri-mugikortasunaren esparruan. Eta orobat azaldu du herritarrek ez luketela ulertuko udal taldeek erantzukizunez jokatuko ez balute, urrunera begiratuz.

Estrategia iraunkor eta lehiakorra bideratzea garraio publikoaren arloan —sistema intermodala, integrala eta elektrifikatua bere baitan hartuko duena—, funtsezko zutabea da udal-gobernuaren plan estrategikoan. “Agintaldi honetan dugun helburu nagusietako bat Gasteiz modernizatzea da, bai alderdi fisikoari dagokionez, bai alderdi sozialari dagokionez”, gogorarazi du Gorka Urtaranek. “Eta, horretan, nabarmentzekoak dira tranbia zabaltzeko proiektua, BRTa martxan jartzea eta bizikleta elektrikoa. Baina baita udal-gobernua mugikortasun ziklistaren eta garraio publikoaren hobekuntzaren arloan agintaldiko hamar hilabete hauetan gauzatzen ari den beste hainbat jarduera ere”, esan du.

Hil honetan argitaratu da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian tranbia hegoaldetik unibertsitate-campuserantz luzatzeari buruzko azterlana. Talde politikoen eta herritar ororen esku jarriko du azterlan hori Udalak, udal instalazioetan, edonork aztertu eta alegazioak aurkezterik izan dezan. Gaur egun, jendaurreko erakustaldian dago azterlana, alegazio-epea zabalik baitago. Hegoalderantz luzatzeak Triana zubiaren inguruan gune intermodal interesgarria sortzea ahalbidetuko du, tren geltokia Lakuako autobus geltokiaren lotzea, eta EHUko fakultateetara tranbiaz iristea.

BRTa ezartzeari dagokionez, hiriko 14 auzo hartuko ditu eta gasteiztarren % 40ari emango dio zerbitzua. Proiektu osoa idazteko kostua milioi bat euro izango da, eta horrek barne hartzen du tranbiaren hedapena, BRT sistema eta bizikleta elektrikoa ezartzea. Eusko Jaurlaritzak % 65 finantzatuko du, eta Udalak eta Aldundiak, berriz, bakoitzak % 17,5.

“Hiru erakundeak lanean ari dira, garraio publikoaren eskema moderno eta ahalmen handiko hori bultzatzeko”, adierazi du alkateak. Hiri-proiektu horrek, gainera, taldeen inplikazioa eskatzen du. “Guztiok bat gatozen puntu asko dago, ezadostasunak ezadostasun, eta hori da garrantzitsua”, nabarmendu du Gorka Urtaranek.

Share

Transexual, lesbiana, gay, bisexual eta intersexualenganako errespetua aldarrikatuko du Gasteizek, hainbat ekitaldirekin, 17Mren inguruan

Zinema-erakustaldi bat hartuko du Montehermoso kulturuneak, eta transgeneroei buruzko hitzaldi bat

1990eko maiatzaren 17an, gaixotasun mentalen zerrendatik kendu zuen homosexualitatea Osasunaren Mundu Erakundeak. Hori izan zen lehen urratsa, sexu-joera eta -identitatea onartuak izaten has zitezen, gizarteen berezko aniztasunaren baitako gisa. Ildo horretatik aldaketa eta aurrerapen ugari gertatu badira ere, transexual, lesbiana, gay, bisexual eta intersexualek —LGTBI ere deitu ohi zaien horiek— diskriminazioa, estigmatizatzea eta bortizkeria jasaten jarraitzen dute.

Hainbat ekitaldirekin ospatuko du Udaleko Berdintasun Zerbitzuak data hori, LGTBfobiaren kontrako borrokan ahaleginak egiteko asmoz, kultura, hezkuntza, entretenimendua eta ezagutza baliatuz aniztasunarekiko errespetua galdatzeko.

Bestalde, “Transgeneroak: teoria feministentzako erronkak”  hitzaldia izango da Montehermoso kulturunean maiatzaren 11n, 19:00etan, Cristina Garaizabal Elizalderen eskutik —aktibista feminista eta prestakuntza psikoanalitikoko psikologo klinikoa, eta sexu-aniztasunarekin eta generoarekin zerikusia duten arazoetan aditua—. Inmaculada Mujika Flores izango da moderatzailea —ALDARTE / Lesbianei, gayei eta transexualei arreta eskaintzeko zentroaren sortzaile-kidea eta zuzendaria—. Sarrera doan izango da, lekuak bete arte, eta zeinu-hizkuntzako interpretea nahiz haurtzaindegi-zerbitzua eskainiko da, eskatuz gero.

Maiatzaren 16an, 18an eta 20an, zinema-erakustaldiaren egoitza izango da Montehermoso. 18:30etatik aurrera izango dira emanaldiak, eta film hauek eskainiko dira: “Closet monster”, ingelesez, gaztelaniazko azpitituluekin; “Pojkarna” (“Neska Galduak”), suedieraz, gaztelaniazko azpitituluekin, eta “Sangailés Vasara”, lituanieraz, gaztelaniazko azpitituluekin.

 

Share

Indarrak batu dituzte Gasteizek, Bilbok, Iruñeak, Zarautzek, Hendaiak, Lapurdik eta Nafarroako sustatzaile batek, kaleko arte eszenikoen arloko euskal produkzioa bultzatzeko

Karrikan plataformak proiektu bat aukeratuko du, eta sustatzaileen 2017ko jaialdi guztietan egongo da presente

Proposamen artistikoak aurkezteko epea maiatzaren 2tik ekainaren 18ra arte egongo da zabalik. Hemen dago eskuragarri informazio guztia: www.karrikan.eu

Bilboko, Iruñeko, Zarauzko eta Hendaiako Udalekin, Lapurdiko Errobi mankomunitatearekin eta Nafarroako Quiero Teatro antzerki-sustatzailearekin elkartu ditu indarrak Gasteizko Udalak, Karrikan plataforma eratzeko, eta, hartara, Pirinioen bi aldeetan kaleko arte eszenikoen arloko sorkuntza lagundu eta sustatzeko. Guztien artean proiektu bat aukeratzeko konpromisoa hartu dute, eta, laguntza ekonomikoa eta teknikoa emateaz gain, sustatzaileen jaialdi handi guztietan programatuko da, 2017an. Gure hiriaren kasuan, KaldeArte Kaleko Arteen Nazioarteko Erakustaldian izango da.

Izan ere, kaleko arteen arloan Euskadin sortzen ari diren artisten sorkuntza-lana eta zabalkundea bultzatu nahi da Karrikan plataformaren bitartez, ikuskizunak espazio publikoan eskaintzen dituzten kolektibo, artista nahiz konpainia profesional edo profesionalizatzeko bidean daudenei bultzada emanez, zazpi herrialdeetako edozeinetakoak direlarik ere. Zentzu horretan, zuzeneko ikuskizunen diziplinak oro onartuko dira: antzerkia, dantza, zirkua, hainbat diziplina nahasten dituztenak eta abar. Nolanahi ere, testurik gabeko edo euskarazko proiektuei emango zaie lehentasuna, eta formatu txiki edo ertaineko ikuskizunei.

Karrikan plataformako kideek konpromisoa hartzen dute aukeratzen den proiektuari erabateko bultzada emateko, laguntza ekonomikoa emanez, sorkuntza-egoitzak ahalbidetuz, laguntza artistikoa, teknikoa eta administratiboa emanez —konpainiaren premien arabera—, eta kaleko arteen arloan berek antolatzen dituzten jaialdi guztietan gutxienez emanaldi bat programatuz, zeinek bere hirian. KaldeArtez gain, honako hauek dira jaialdi horiek: Bilboko Kalealdia, Hendaiako Mai du Théâtre, Zarauzko Kalerki, Iruñeko udako programazioa eta Errobi mankomunitateko Abian!

Proposamen artistikoak aurkezteko epea maiatzaren 2tik ekainaren 18ra arte egongo da zabalik. Web-orri honetan eskaintzen da informazio guztia: www.karrikan.eu

 

 

Share

Haziak lehiaketaren aurkezteko epea amaitzear

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Maiatzaren 10ean  Aldabeko gizarte etxean lan saio kolektiboa izango da. Bertan lehiaketara aurkeztu diren pertsonak eta ideiak elkar ezagutzeko unea izango da.

Hurrengo maiatzaren 3an, Ideia gazteen haziak lehiaketaren laugarren ediziora proiektuak aurkezteko epea amaituko da.   Lehiaketa honen helburua gazteek euren proiektuak aurrera ateratzen laguntzea da, horretarako beharrezkoak dituzten baliabideak eskainiz.  Lanerako tresna haziak-bonuak deitu ditugun sariak dira, proiektuek dituzten beharrei erantzuteko moduko laguntzak, alegia.  Proiektua gorpuzteko espazio baten bilaketa, materiala erostea, baimenak eskuratzen laguntzea, proiektuaren zabaltzea, egin ahal izateko kontratatzea…hauek dira proiektu batek jaso ditzakeen laguntzetako batzuk.

Lehiaketaren oinarriak udal web orrian har daitezke www.vitoria-gasteiz.org/haziakeu  eta dokumentazioa, berriz,  haziak@vitoria-gasteiz.org  posta helbidera bidali behar da.

Lehiaketa prozesu bizia da eta ez da amaitzen ideiak aurkezte hutsarekin. Maiatzaren 10ean  Aldabeko gizarte etxean lan saio kolektiboa izango dugu. Bertan lehiaketara aurkeztu diren pertsonak eta ideiak elkar ezagutzeko unea izango da eta bide batez, proiektuek hainbat ekarpen on jaso ahal izando dituzte. Aurreko urteko #AhZeBerria proiektuaren, espazio publikoan egindako eskuhartze artistikoaren egileek euren esperientzia erakutsiko dute.

Lan saioaren ondoren, nahi izanez gero, taldeek proiektua berridatzi ondoren  berriro ere aurkeztu ahal izango dute. Udaleko teknikariz eta hiriko gaztez osatutako epaimahai batek aurtengo proiektuak aukeratuko dituzte eta hauek erreal bilakatu

Gazteria Zerbitzuak bultzatzen duen lehiaketak izan dituen aurreko hiru edizioetan 49 proiektu atera dira aurrera, askotarikoak gainera, arteari, osasunari, kirolari, zinemari, harremanei  edo eta gai sozialei lotuta, besteak beste.  Interes aniztasun hau, hiriko gaztedi anitz baten isla dugu.

 

Share