Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  1 abendua 2018 14:08

Gasteizko alkate Gorka Urtaran Etxe Berdeak programaren amaiera ekitaldian izan da gaur goizean. Berrogeita hamar familiak —90 heldu, 5 urtetik gorako 25 ume eta hortik beherako 9— hartu dute parte Gasteizko Udalak IGI-Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren bitartez garatzen duen ekimen horretan, zeinak Vital fundazioaren sostengua eta Leroy Merlinen laguntza baitu. Programaren azken edizioan parte hartu dutenek opariak eta diplomak jaso dituzte Salburuko gizarte etxean.

Gasteizko alkatearekin batera beste hauek izan dira ekitaldian: Iñaki Prusilla, Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzia; Jon Urresti, Vital fundazioaren lehendakaria; José Luis Fernández, Leroy Merlin-ekoa, eta Maite Bravo, Atari Consultora-koa. Programan parte hartu duten umeek beren familietan lortutako aurrerapenak erakutsi dituzte. Sariak jaso ondoren, familiartean bazkaldu dute.

Beren eguneroko erabaki eta ohiturek ingurumenean eta gizartean duten eraginaz kezkatuta dauden familiei zuzendutako heziketa programa da, etxearen –eta ondorioz, hiriko ingurumenaren– kudeaketa arduratsuagora aldatzeko prozesuan laguntzeko xedez. Programaren bidez, ur- eta energia-kontsumoaren autokontrola sustatzen da, aurrezteko neurrien eta jokabideen bitartez, eta erosketa etikoagoa eta ekologikoagoa egiten laguntzen.

Alkateak zorionak eman nahi izan dizkie edizio honetako parte-hartzaileei, eta gogorarazi du zein garrantzitsuak diren “keinu txikiak, hala nola kontsumo txikiko eta led teknologiako bonbillak instalatzea; erabiltzen ez ditugun etxetresna elektrikoak itzaltzea; berogailua, edo arropa- eta ontzi-garbigailuak eraginkortasunez erabiltzea…; azken batean, Gasteiz hobea izan dadin, ingurumenarekin konprometitua, eta European Green Capital den aldetik erreferentea izaten jarrai dezan, aste honetan bertan Ingurumenaren Biltzar Nazionalean (CONAMA) erakutsi den bezala“.

 

Share