Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  24 abendua 2018 12:18

butaka txikia

BUTAKA TXIKIA programan  haur eta familientzako arte eszenikoko ikuskizunak eskainiko dira Gabonetako oporretan, abenduaren 26tik aurrera, gizarte etxeetako antzoki eta ekitaldi-aretoetan.

Kalitateko 8 ikuskizun  izango dira orotara: antzerkia, txotxongiloak, dantza eta musika. Horietako batzuek izen handiko sariak jaso dituzte, hala nola Haurrentzako Arte Eszenikoen Europar Azokan (FETEN) eta Lleidako Txotxongiloen Ferian.

Egun hauetan izango dira emanaldiak: abenduaren 26, 27, 28, 29 eta 30ean, eta urtarrilaren 2, 3 eta 4an. Emanaldi gehienak 18:00etan hasiko dira;  Proyecto Nan eta Javier Arandaren ikuskizunetan, berriz, emanaldi bat baino gehiago eskainiko da.

Gizarte etxe edo kirol instalazioetan erosi ahalko dira sarrerak, pilotalekuetan izan ezik. Prezioa 5 euro izango da.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak, Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:09

Ostiraletik, abenduaren 21etik, hogeita hamabost trafiko-istripu erregistratu dira, eta zazpi pertsona zauritu dira horietan.

Ostiral gauean, atzerako maniobra egiten ari zen gidari batek 37 urteko motozalea zauritu zuen. Larrialdietako zerbitzuek artatu eta Txagorritxu ospitalera eraman zuten.

Larunbatean, 10:30ean, auto batek beste bat jo zuen aurreko ertz batetik, Gamarra plaza eta Bilborako N240 errepidea lotzen dituen bidegurutze biribilean. Hiru emakumezko izan ziren zaurituak: lehen ibilgailuan zihoan 13 urteko neska, eta bigarren ibilgailuan bidaiatzen ziren kopilotua eta beste bidaiari bat, 42 eta 9 urtekoak, hurrenez hurren. Lehena ez zuten eraman ospitalera; beste biak, berriz, Txagorritxu ospitalera eraman zituzten.

Ordu erdi beranduago, ibilgailu batek 46 urteko emakumea eta 9 urteko neskatoa harrapatu zituen; oinezkoak Voluntaria Entrega kalea gurutzatzen saiatu ziren, bat-batean eta korrika, oinezkoen pasabiderik ez zegoen lekutik. Haiek ikusita, gidariak balaztatu egin zuen, baina ezin istripua saihestu. Bi oinezkoak, zaurituta, Txagorritxu ospitalera eraman zituzten anbulantziaz.

Horrez gain, 25 urteko emakume bat zauritu zen atzo, 7:00ak baino lehentxeago. Loma Jeneralaren plazatik paseatzen ari zela gertatu zen, kalea garbitzen ari zen ibilgailua bertan zegoela. Bat-batean, oinezkoak noranzkoa aldatu zuen, Prado kalerako norabidean, eta ibilgailuak harrapatu egin zuen. Tokira bertaratu zen anbulantzia batek eman zion arreta emakumeari, hainbat ubel zituelako, baina emakumeak uko egin zion ospitalera joateari.

Alkoholemiak

Udaltzaingoak lau atestatu egin ditu, alkoholdun edarien eraginpean gidatzen zuten lau gidari ikertzeko.

Ostiralean isuna jarri zion 50 urteko emakume bati, Iruña/Veleia etorbidean beste ibilgailu batekin istripua izan ondoren, eta gertatutakoa ikertuko du. Alkoholemia-proban, 0,78-0,77 miligramoko alkohol-tasa eman zuen botatako aire litro bakoitzeko.

Larunbat gauean, 59 urteko gizon bat modu berezian gidatzen ari zen Jose Atxotegi kaletik. 0,83-0,82 miligramoko alkohol-tasa eman zuen botatako aire litro bakoitzeko, eta, hortaz, Guardiako Epaitegira bideratzeko izapideak egin ziren.

Horrez gain, larunbatean, Ertzaintzak 30 urteko gidaria gelditu zuen Los Herran kalean; gidariak abiada handian eta kontrako noranzkoan gidatu zuen Jesus Guridi kaletik, eta ia-ia beste ibilgailu bat jo zuen Pio XII bidegurutzean. Udaltzainek egindako alkoholemia-proban, 0,92-0,91 miligramoko alkohol-tasa eman zuen botatako aire litro bakoitzeko.

Amaitzeko, Udaltzaingoa 23 urteko gizonezko bat ari da ikertzen, bide-segurtasunaren kontrako delitua egiteagatik; izan ere, alkoholdun edarien eraginpean gidatu zuen. Atzo, 8:30ak aldera, norbaitek 092 telefonora deitu zuen, eta jakinarazi gidari bat modu berezian gidatzen ari zela Logroño kalean. Alkoholemia-proban, 0,84-0,90 miligramoko alkohol-tasa eman zuen botatako aire litro bakoitzeko.

Prebentziozko alkoholemia-kontrolak

2018-2023 eperako Bide-segurtasunerako eta Mugikortasun Iraunkorrerako Plan Estrategikoaren harira egindako kanpaina hasi zenetik, abenduaren 9an, prebentzioko hamalau alkoholemia-kontrol egin dira hirian. Guztira, 170 gidari pasatu dira horietatik. Horietako seik eman dute positibo. Horietako bost administrazio-bidean salatu dituzte, eta bat ikertzen ari dira, bide-segurtasunaren kontrako delitua egiteagatik.

Ostiraletik, Udaltzaingoak 49 salaketa jaso ditu Agirrelandan, eta 18 kasutan aritu da polizia judizial gisa.

2018.12.24 Udaltzaingoa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:52

“Guztiok harro egon gaitezkeen hiri miragarria, gero eta erakargarriagoa eta dinamikoagoa” goretsi du Gorka Urtaranek Eguberrietako mezuan

Gasteizek nazioarteko erreferente bihurtzeko duen potentziala nabarmendu du alkateak, hainbat esparrutako mundu mailako ekitaldiz betea baitator 2019. urtea. Eguberrietako mezua zabaldu du gaur Gorka Urtaranek, eta 2018. urtearen balantze txiki bat egin du bertan: “urte oso positiboa Gasteizentzat, oso datu onak izan baititugu hiriarentzat, zeinek erakusten duten enplegu gehiagoko hiria dela Gasteiz, jarduera ekonomikoak gora egin duela, baita merkataritza-jarduerak eta turismoak ere, gero eta biltzar gehiago egiten baitira, gero eta enpresa-jardunaldi gehiago… Hiri erakargarriagoa eta dinamikoagoa dugu, eta erreferentea.”

Konbentziturik agertu da alkatea 2019. urtea ez dela gutxiago izango, “Urte borobila izango da. Beste urte batez, aukera izango dugu Estatuan eta nazioartean erakusteko zein den gure benetako potentziala.” Zentzu horretan, hainbat ekitaldi aipatu ditu alkateak, hala nola Nazioarteko Enoturismo Biltzarra, zeinek “turismoa hain gertu dugun Arabako Errioxako ardoaren industria eta kulturarekin erlazionatzen baitu”, edo Michelin Hirien Nazioarteko Sarearen Biltzarra, zeinek “Gasteizek duen izaera industriala bultzatzen baitu, inguruko beste hiri batzuek ez duten pisua duena, Europako batez bestekotik oso gorakoa.”

Hiriak 2019an hartuko dituen kirol ekitaldi handiak ere gogora ekarri ditu Gorka Urtaranek: Saskibaloiko Erreginaren Kopa, Euroligaren Final Four txapelketa edo Iron Manen nazioarteko proba. “Kirola maite duen hiria da Gasteiz, gogoko dugu kirola, eta kirol ekitaldiak egin daitezela. Lehen mailako ekitaldi horiek guztiek aukera ederra emango digute nazioartean proiektatzeko.”

Egun zoriontsuak opa egin dizkie alkateak gasteiztar guztiei Eguberrietako mezuaren bukaeran, maite dituzten pertsonen konpainian. “Guztiok harro egon gaitezkeen hiri miragarrian bizi gara”, adierazi du.

El Correo digitalean ikus daiteke alkatearen Eguberrietako mezua.

 

Share