Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  19 abendua 2018 19:58

Erakusketak berrikusketa egin dio 80ko hamarkadako obra-hondakinez betetako eraztun haren bilakaerari, gaur egun den identitate ikurreraino, baita hiriaren eraldaketarekin duen lotura estuari ere

Vital Fundazioaren Erakusketa Gunea, gaurtik aurrera eta martxoaren 25era arte Gasteizko eraztun berdearen zazpigarren parkea izango da. ‘Nola aldatu garen. 25 urte bete ditu Eraztun Berdeak’ erakusketak, El Correorekin lankidetzan antolatuak, 80ko hamarkadan hiria inguratzen zuen obra-hondakinez betetako eraztun haren bilakaeraren berri ematen du, gaur egun den identitate ikur bilakatu arte, baita Vitoria-Gasteizek mende laurden horretan izan duen eraldaketarekin duen harreman estuaren berri ere.

2018 honetan, ospakizuna dugu Vitoria-Gasteizen, izan ere, gure enblema ezagunenetako batek, eraztun berdeak, 25 urte bete ditu. Nola ez, Vital Fundazioak bat egin du urtebetetze berezi horrekin: gaur egun eraztun berdeaz hitz egitea, hiriaren eta bertako biztanleen eraldaketaz hitz egitea baita.

Urteurrena ospatzeko El Correo egunkariak egin duen lanetik abiatuta, Jesús Ruano komisario duen erakusketak Iñaki Andrés-ek egindako formatu handiko 22 argazki ditu oinarri, eta erakusketaren diseinua Fernando Martínez de Viñasprek egin du. Argazkietan, eraztuna osatzen duten 6 parke naturalak, urteen joan-etorrian bertan gertatu diren gertakari historikoekin uztartu dira. Erromatarrak, Erdi Arokoak, soldaduak eta pilotuak hurbilagoko garaietan, ibili ziren, gaur egun herritar guztiek gozatzen dituzten eta mundu mailan erreferente bilakatu diren inguru horietatik. Jende askoren lanari esker, maisutzaz berreskuratu diren milaka hektarea.

Hartara, erakusketan zehar, bisitariak sei postal berde horietaz gozatzeaz gain, Vitoria-Gasteizko erakusleiho onenetako bat, gure hiri-periferia berdeak izan duen bilakaeraren partaide ere izango da. Non zen abiapuntua eta noraino iritsi garen; aerodromo zahar batetik hegaztiak eta fauna anitza dituen parkeraino, dauden adibideetako bat besterik ez da. Vitoria-Gasteiz, gaur egun, munduko hiri berdeenen eta jasangarrienen aitzinean jarri duen eraldaketa-eragina.

‘Nola aldatu garen. 25 urte bete ditu Eraztun Berdeak’ erakusketak eraztunaren bizi-ibilbidea berrikusten duten bost atal ditu. Abiapuntua, ‘lerro gorri guztiak piztu ziren’ unean ardazten da, garai grisa eta beltza, zeinetan gune horiek, teorian berdeak, gure hiriko berezko zabortegi bilakatuak ziren. Txabolismoa, obra-hondakinak, txatarra, legez kanpoko ehiza edo autoak garbitzeko edo olioa aldatzeko lekuak, ohikoa zen garai haietan. Lur kutsatua zen, lur degradatua, ur zikinak, pestizidak, legez kanpoko baratzak eta abar zituena.

Hiri-periferia horrek zituen ingurumenaren narriaduraren arazo larriei irtenbide integrala ematen saiatzeko tresna giza sortu zen eraztun berdearen ideiak amaiera eman zion. Pertsona askoren lana hiriko Udalean, eta gerora, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren inplikazioa, erabakigarriak izan ziren gaur egun gozatzen dugun unibertso berde horri bidea emateko.

Baina, hogeita bost urte igaro dira, eta eraldaketa, ingurumenari dagokiona baino gehiago izan da. Izan ere, Vitoria-Gasteizen kasuan, “eraztun berdea” efektuari buruz hitz egin dezakegu, eta hori da, hain zuzen ere, beste atal baten epigrafea. Gune jasangarri eta aisialdirako horietaranzko aldaketa horrek herritarrak inplika daitezela eragin du, eta hein handi batean, baita euren bizimoduan ohitura osasungarriak eta ekologikoak sar ditzatela ere. Duela mende laurden bat, 1.000 edo 1.500 pertsonek edo egiten zuten footing deitzen genuena. Gaur egun, ordea, 12.000 lagunek edo egiten dute running, astean. Gainera, eraztun berdea pista naturala da milaka herritarrentzat, bertatik ibiltzen baitira paseoan edo bizikletaz, inori ez zaio bururatzen gune horietatik zilindrada handiko motozikleta batean ibiltzea.

Eta, esan dezakegu, eragin hori harago ere joan dela. Herritarren kontzientzian beste zenbait balore ere sartu dira, birziklatzea edo fauna eta flora zaintzea, esaterako. Mugikortasuna ere aldatu egin da. Udaletik bertatik, metro arina edo erabat elektrikoak diren hiri-autobusak bezalako garraiobide jasangarriak bultzatu dira, Vitoria-Gasteizen diharduten automozioaren merkatuko hainbat enpresa lider erabat elektrikoa den ibilgailua lortzeko lanean ari dira, eta hiritar asko bizikletaz ibiltzen hasi dira, tradizionaletan edo elektrikoetan, mugitzeko baliabide gisa. 2018an, Vitoria-Gasteiz ‘sarera entxufatuta’ dago, eta zaharkituta geratu diren beste erregai batzuk baztertu ditu.

Beste alde batetik, gaur gune hori aberastasuna sortzen duen hiriaren sektore estrategikoa da. Milaka turista datozkigu bisitan urtero, bazter horietaz gozatzeko edo bertan burutzen diren kirol-probetan parte hartzeko. Iaz, esaterako, 27 proba egin ziren hirian eta 35.00 lagunek edo hartu zuten parte. Azken finean, eraztun berdea ‘paradisua etxeko atarian’ izan da gasteiztarrentzat, nahiz eta lan asko geratzen den egiteko.

Puntu honetan, erakusketak ez du albo batera utzi ‘gainditzeke dugun ikasgaia’. Aldatu egin gara, bai, baina ez nahikoa. Gure erosketa-otzaran plastiko eta bere eratorrien kopuru aberrantea metatzen da. Harrigarria da sagar zurituak ikustea polietilenoko erretilu batean, plastikoz inguratuak, gure kontsumorako. Botilak eta ontziak, material horietaz egindako mota guztietako poltsak, baztertu egin dituzte papera, kartoia eta beira eta ontzi horietako asko gure baso, erreka eta itsasoetara doaz.

Atzera egin dugu arlo horri dagokionez. Berriz ere ontziratu gabe erostea, produktuak soltean erostea edo paperezko poltsa batean edo beirazko botila bat aukeratzea plastikozkoa hartu beharrean, gure erosketa-zerrendara itzuli behar da. Vital Fundazioa, gure hiriko saltokietan zentzu horretarantz doazen salmenta ohiturak bultzatuko dituzten proiektuetan ari da lanean dagoeneko. Deklaratu diezaiogun gerra plastikoari eta eman ditzagun urratsak erosketa arduratsurantz eta ingurumenarekiko adeitsurantz.

‘Nola aldatu garen. 25 urte bete ditu Eraztun Berdeak’ Vital Fundazioaren Erakusketa Gunean izango da ikusgai Gabonetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era (abenduaren 24an, 25ean eta 31n, eta urtarrilaren 1ean, 5ean eta 6an aretoa itxita egongo da) eta hortik aurrera, martxoaren 25era arte, 18:00etatik 20:30era astelehenetik larunbatera eta 18:00etatik 20:30era igande eta jaiegunetan.

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:00

– IGIren neguko agendaren aurkezpena.

Parte-hartzaileak: Iñaki Prusilla, Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzia eta IGIko lehendakaria, eta Gorka Belamendia, Atariaren koordinatzailea.

Eguna: abenduak 20, osteguna.

Ordua: 10:00.

Lekua: udaletxeko prentsa-aretoa.

————————————————————

– MELODÍAS VASCAS 10.1 diskoaren aurkezpena.

Parte-hartzaileak: Estibaliz Canto, Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzia; Roberto Álvarez, Udal Txistulari Bandaren zuzendaria; Jimmy Bidaurreta, Gasteiz Big Band-ekoa, eta Patxi Villén, Aitzina Folk-en zuzendaria.

Eguna: abenduak 20, osteguna.

Ordua: 11.00.

Lekua: udaletxeko prentsa-aretoa.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:10

 

 

 

 

 

 

Alkateak baieztatu du erakundeek hedatzearen alde egindako apustua irmoa dela

“Duela hamarkada bat tranbia Gasteizen ezarri izana inflexio-puntu gakoa izan zen hiriarentzat, modernizatzen eta bizi-kalitatea hobetzen lagundu baitu” adierazi du Gorka Urtaran alkateak; azpimarratu du, halaber, erabilera unibertsala duela, eta erakundeek beste auzo batzuetara hedatzearen alde egindako apustua irmoa dela.

Europa jauregiak Gasteizko tranbiari bereziki eskainitako jardunaldia hartu du gaur, igandean, abenduak 23, hamar urte beteko baititu. Garraio bide horrek urtean 8 milioitik gora bidaiari ditu, eta 10 gasteiztarretako 9k uste dute beren bizi-kalitatea hobetu duela. Garapen Ekonomiko eta Azpiegituren sailburu Arantxa Tapiak azaldu duenez, 2019. urtean berrikuntzak egingo dira: 44 metro luze diren unitateak jarriko dira oraingo 31 metrokoen ordez, geltoki irisgarriagoak egokituko dira, eta martxan jarriko da sarearen hegoaldeko luzapena, campuseraino.

“Tranbiak bikaintasuna lortu du, eta puntualtasuna da gehien balioetsiko alderdia. Gasteiz hiri modernoagoa da orain, bizi-kalitatea hobetu duen garraiobide bati esker”, adierazi du. Iraunkorra izateaz gain garraiobide moderno eta kalitateko den horren aldeko apustua egiten jarraituko du Eusko Jaurlaritzak.  “Sarea Salburura eta Zabalganera hedatzearekin erabateko konpromisoa dugu”, azpimarratu du sailburuak.

Tranbia hiriko mugikortasunaren egituratzaile gisa. Horixe izan da Bartzelonako Hiri Ekologiako Agentziaren zuzendari Salvador Ruedaren mintzaldiaren ardatza. “Gasteizen mugikortasuna era integralean garatzearen alde egin da, eta bete-betean asmatu da”, esan du. Alkateak, berriz, tranbia pertsona guztientzat diseinatuta dagoela erantsi du, eta mugikortasun segurua eta ingurumena errespetatzen duena bermatzen duela.

Gaurko jardunaldiaren osagarri erakusketa bat jarri da Europa jauregiaren kanpoaldean hilaren 10etik bihar arte. “10 urte bizi-bizi” lemaren pean, tranbiak Euskadiko hiriburuan izan duen bilakaera azaltzen du modu grafiko eta atseginean

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:44

Udaltzaingoak 17 trafiko-istriputan hartu zuen esku atzo; haietan, ez zen zauriturik egon. Bestetik, 11 salaketa izapidetu zituen, eta 15 kasutan jardun zuen polizia judizial gisa.

Bi zabor-edukiontzi sutan

Atzo, Iruñea kalean erre ziren bi edukiontzi itzali zituzten suhiltzaileek.

Halaber, N-240 errepidean istripua izan ondoren kamioiko kabinan harrapatuta geratu zen gidaria erreskatatu behar izan zuten. Handik atera ostean, osasun-langileek artatu zuten.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:21

Bihar, abenduak 20, baliabide ekonomiko eskaseko pentsiodunek ohiko etxebizitzan duten energia-gastua finantzatzeko beste laguntza-deialdi bat abiaraziko du Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak. 30.000 euroko aurrekontua bideratuko du horretara.

“Ahalegin handia egiten ari gara krisiaren eragin txarrenak jasaten jarraitzen duten eta ahultasun-egoeran dauden pertsonek oinarrizko eta funtsezko behar bat —argia eta berokuntza— betetzerik izan dezaten”, azaldu du Gizarte Politiken zinegotzi Peio López de Munainek.

Gastu hauek lagundu daitezke diruz: 2018ko uztailaren 1etik 2018ko abenduaren 31ra bitarteko elektrizitatearen, gasaren edo beste erregai batzuen kontsumoari dagozkionak, edo komunitate gastuak, horiek berokuntza barne hartzen badute.

Energia-gastuagatik justifikatutako zenbatekoaren araberakoa izango da onuradunek jasotzen duten laguntza. Pertsona bakoitzak 300 euro jaso ahalko du gehienez, eta kopuru horrek ezingo ditu egin diren gastuak gainditu.

Onuradunek gizarte larrialdiko laguntzarik (GLL) jaso badute ohiko etxebizitza edo alojamendua mantendu ahal izateko, seihilekoan egindako gastuari energia-gasturako jasotako GLLari dagokiona kenduko zaio diruz lagun daitekeen gehienezko gastua kalkulatzeko.

Energia gasturako laguntza bi zatitan ordainduko da: % 80, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo hilabetean; gainerako % 20a, berriz, gastuak justifikatu ondoren ordainduko da.

Eskabidea aurkezten den unean betekizun hauek betetzen dituzten pertsonak baliatu ahalko dira 2018ko bigarren deialdiaz:

  • Diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzea pentsio-osagarri gisa.
  • Eskabidea aurkezten den uneari dagokionez, azken 10 urteetan gutxienez 5 urtez Gasteizen erroldatuta egon izana, eta gutxienez urtebetez, modu jarraikian, eskabidea egin aurretik.
  • Ohiko etxebizitzarako elektrizitatearen, gasaren edo beste erregai batzuen fakturak ordaintzea, zuzenean edo zeharka (etxejabeen erkidegoari, errentatzaileari…)
  • Bonu soziala eskatu izana.
  • Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorrean aipatzen diren debeku-egoeretako batean ez egotea.

Eskabideak aurrez aurre tramitatu ahalko dira herritarrei laguntzeko bulegoetan, abenduaren 20tik otsailaren 20ra arte.

2018ko lehen seihilekoari zegokion laguntza-deialdian 120 laguntza eman zituen Udalak.

Energia-gastua finantzatzeko laguntza-eskabideak

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:02

Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak ebatziko du auzia, eta Udala publizitaterik gabeko prozedura negoziatua prestatzen ari da

 

 

Rokodromoen lehiaketa esleitu gabe geratuko da berriro, Kontratazio Mahaiak gaur ziurtatu baitu aurkeztutako enpresa bakarrak atzera ere ez dituela bete betebehar teknikoen agirian ezarritako betekizunak: “horrenbestez, Kontratazio Mahaiak lehiaketa esleitu gabe utzi beste aukerarik ez du, eta Udalak, bere borondatearen kontra, zerbitzua mugarik gabe itxita eduki beharko du”, adierazi du Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok prentsaurrekoan. Hark azpimarratu duenez, etenaldia ez da “Udalak sortutakoa, lehiatzailerik ez egotearen ondorio zuzena baizik, hainbat prozesutan esleipendun gerta zitekeen enpresak nahiago izan duelako kontratuak gauzatu gabe uztea, kooperatibako bazkide-langileengan duen eragina gorabehera”; izan ere, baldintzen agiriarekin “lanean lirateke”.

Aipatu beharra dago baldintza-agiria aurrekoen antzekoa zela, orduen kopurua handituta, baita —eta bereziki— orduko prezioa ere, 19,85 eurotik 22,97 eurora igo baitzen. Beraz, Cantoren hitzetan, “ez da lan arazo bat; enpresak, ez interes publikoarengatik, apropos handitu nahi du orduen kopurua sailak ezarritakoaren aldean, eta sailak interes orokorra zaindu behar du

Enpresak, berriz, baldintza-agirien kontrako bi errekurtso berezi aurkeztu zituen azaroan Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoan, zeinak bi hilabeteko epea baitu ebazteko. “Zerbitzuak ez du irregulartasunik antzeman bi errekurtsoetan adierazitakoari dagokionez, baina agian hori da albiste positibo bakarra auzi honetan, ebazpenak ematen dituen jarraibideek irtenbide bat bilatzea ahalbidetuko dutelako”, onartu du kirol arloko arduradunak.

Bitartean, Udalak publizitaterik gabeko prozedura negoziatua idatziko du, enpresei deitu ahal izateko. Errekurtsoa ebatzi bezain laster argitaratuko du hori.

Ondorioz, udal rokodromoen zerbitzuak etenda jarraituko du, aipatutako organoak errekurtsoak ebatzi arte. “Nire erantzukizuna da barkamena eskatzea erabiltzaileei Udalaren kontroletik kanpo dagoen egoera ezatsegin honengatik, bestela ez genukeelako amore emango lan edo segurtasun eskubideengatik, enpresen irabazi-nahiarengatik baizik”, amaitu du Cantok.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:57

 

 

 

 

 

 

 

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Cantok Gasteizko XXXVI. San Silvestre lasterketa aurkeztu du gaur prentsaurrekoan. Harekin batera izan dira Atletismo Federazioko lehendakari Andrés Sánchez, Federazio horretako teknikari Mikel García Zurbano eta Laboral Kutxako kide Kepa Ortiz de Urbina. Lasterketa abenduaren 31n izango da, Korazonisten kaletik abiatuta, eta helmuga Olagibel kalean duela.

Salvamento Marítimo GKEko kide Izaskun Arriaranek ere hartu du parte prentsaurrekoan, izen-emate bakoitzaren 0,50 euro harentzat izango baita.

Herri lasterketa 18:30ean abiatuko da Korazonisten kaletik, eta Olagibel kalean bukatuko, 6.450 metro egin ondoren.

Txikientzako lasterketa (2004tik 2013ra bitartean jaiotakoentzat) 17:30ean hasiko da; irteera eta helmuga Olagibel kalean izango dira, eta 1.100 metroko ibilbidea egin beharko da.

Abenduaren 20ra arte eman ahalko da izena, internetez. Hilaren 29, 30 eta 31n ere eman ahalko da izena, turismo-bulegoan. Informazio gehiago: www.mediamaratonvitoriagasteiz.com.

Folleto San Silvestre 18

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   08:24

Bihar, osteguna, Eguberrietako nekazaritza eta artisautza azoka egingo da, Espainia plazan (elikadura saltokiak) eta Agirre Lehendakariaren kalean (artisautza saltokiak). 9.00etan zabalduko dira saltokiak. Ohiko ekitaldi horretan ekoizleek ehun saltokitik gora jarriko dituzte eta milaka eta milaka pertsona hurbilduko dira.

Segurtasuna bermatzearren, Udaltzaingoaren patruilak ibiliko dira, uniformez jantzita zein ez, prebentzio lanak egiteko eta baimenik gabeko salmenta ibiltaria antzeman eta eragozteko.

Udaltzaingoak jendetza biltzen denean jarraitu beharreko ohiko zuhurtziazko neurriak har ditzaten gomendatzen diete herritarrei: diru-zorroa eta baliozko gauzak leku seguruan eramatea, eta ezarritako lekuetatik kanpo dauden edo baimenik ez duten saltokietan ez erostea, jatorria eta kalitatea zalantzazkoak izan baitaitezke, eta iruzurrezkoak.

Umeekin joanez gero, identifikazio eskumuturrekoak jartzea komeni da, edo gurasoen nahiz tutoreen telefono-zenbakia besoan idaztea, galtzen badira haiekin harremanetan jarri ahal izateko.

Eguberrietako gainerako ekitaldi eta ospakizunetan gomendio horiek kontuan hartzeko eskatzen die herritarrei Udaltzaingoak, eta behar izanez gero 092 zenbakira dei egin dezaketela gogoratzen.

Share