Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  10 abendua 2018 17:00

Kultur Ondareari buruzko Europako Biltzarrari hasiera ematea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto; Kultura sailburuorde Joxean Muñoz; Euskara, Kultura eta Kirol foru zuzendari Joseba Pérez de Heredia; Santa Maria Katedrala Fundazioaren gerente Jon Lasa

Eguna. Asteartea, abenduak 11

Ordua. 9:30

Tokia. Europa Biltzar Jauregia

———————————

Ostatuetako birziklatze eta ekonomia zirkularrari buruzko kanpaina berria aurkeztea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa; Ihobeko presidente Jesus Losada; eta ostatuetako ordezkariak

Eguna. Asteartea, abenduak 11

Ordua. 10:30

Tokia. Europa Biltzar Jauregiko Florida Aretoa

———————————

Prentsaurrekoa. Principal Antzokiko mendeurreneko ekitaldiak aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto; Mikel Gomez Segura (Cienycientas taldeko zuzendaria); Jose Ruiz de Azua (Cienycientas taldeko produktorea); Josean de Miguel (Cienycientas taldeko gidoilaria); María Piérola (Cienycientas taldeko musika-zuzendaria); Jesús Barredo, Radio Vitoriako zuzendaria; Iraia Sanz (Teatro Escapeko sortzailekidea); Estefanía de Paz (Teatro Escapeko aktorea); Pilar López (Teatro Paraíso); Tomás Fernández Alonso (Teatro Paraíso); y Ainhoa Arenaza (Uruñuela kontserbatorioko zuzendaria)

Eguna. Asteartea, Abenduak 11

Ordua. 11:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:25

Zabalganeko osasun-zentroan martxan jarri den proiektuak 65.000 pertsonari eskainiko die zerbitzua, kirol-jardueren udal-programarekin koordinaturik

Herritarren bizi-kalitatea hobetzeko —kasu honetan  osasuna— tresna bikaina dela Osakidetzaren eta Udalaren arteko lankidetza, nabarmendu du alkateak

 

Jon Darpon Osasun Sailburuak Araba Erakunde Sanitario Integratuan martxan jarri den lehen mailako arretaren esparruko fisioterapia-proiektu pilotua aurkeztu du gaur goizean. Lepoko, bizkarreko eta sorbaldako minak jotako pazienteak osasun-zentroetatik bertatik tratatzea da proiektuaren helburua.

Hezur-giltzaduretan mina duten herritarrentzako artapena hobetzeko estrategia berria da, eta berari esker, osasunaren sustatzaile gisa bultzatuko da lehen mailako arreta. Estrategiak, halaber, pazienteak ahaldundu nahi ditu norberaren zainketaren ikuspuntutik, beren baliabide propioak eta udalerrikoak baliatu ditzaten.

Jon Darponek adierazi bezala, “programa honek pazientearen susperketa erraztu, berriz ere gaixotzeko aukerak murriztu, eta errehabilitazio eta fisioterapiako arreta-zirkuituak ordenatu nahi ditu, atzerapenak murrizteko eta paziente guztien irisgarritasuna hobetzeko”.

Familiako medikua izango da lehen miaketaren ondoren eta paziente bakoitzaren historialaren arabera diagnostikoa egingo duena. Aurrez definitutako protokoloari jarraituta, beharrezko tratamendu farmakologikoaren ostean beti ere, eta behin baztertuta ospitale-arretaren beharraren seinaleak, paziente bakoitza osasun-zentroko fisioterapiako profesionalengana desbideratuko da, Errehabilitazio Zerbitzuak gainbegiratutako tratamendua ezar dakion.

Pazienteak 8-10 laguneko taldeetan antolatuko dira bakoitzaren patologiaren arabera, eta 60-90 minutuko 10 saiotan, beren minari egokitutako jarrera-higienearen eta ariketen inguruko ezaguerak bereganatuko dituzte.101 m2ko gimnasio bat izango dute gainera, beharrezko diren baliabide materialekin.

Gasteizko Udalaren kirol-ekintzen programarekin lankidetzan prestatu da proiektua, zirkuitu bat sortzeko lehen mailako arretaren esparruko fisioterapiatik udal-jarduera fisiko eta kirol-ekintzetara, orientazio- eta jarraipen-zerbitzu bat dela medio.

Pilotaje fasea azaroan abiatu zen Zabalganako osasun-zentroan, eta Sansomendiko eta San Martineko osasun-zentroei dagokien biztanleria ere hartzen zuen barne, 65.000 pertsona guztira. Aurreikuspenen arabera, urtero 500 paziente inguru artatuko dira Zabalganan.

Sailburuak eskertu egin dio lankidetza Gasteizko alkate Gorka Urtarani, eta bizi-kalitatea hobetzea xede duten gisa horretako programak martxan jartzeko emandako laguntza. Alkateak, bere aldetik, azpimarratu du proiektu berritzaile hori Eusko Jaurlaritzaren eta Udalaren arteko lankidetzari esker gauzatu dela. “Hauxe da agintaldi osoan jorratu dugun bidea: erakundeen ahaleginak batzea, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko; kasu honetan, osasuna. Horregatik, proiektu horretarako eta zerbitzua hobetzeko antzeko proiektuetarako behar duen lankidetza eskaintzen diogu Osakidetzari”, adierazi du.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:17

 

Abenduaren 12an hasiko da izena emateko epea

Gabonetako ludotekak 1

Udalaren ludoteka eta ludokluben sareak haurrentzako 1180 leku eskainiko ditu 2018ko Eguberrietako opor-programaren barruan.

 

1.- Ludoteka-egonaldiak

4-8 urteko haurrentzat, 9:30etik 13:30era.

Bina txanda egingo dira, 10 ludotekatan: lehena, 2018ko abenduaren 26tik 28ra, eta bigarrena, berriz, 2019ko urtarrilaren 2tik 4ra; guztira, 400 leku. Zentroak: Aldabe, Ariznabarra, Arriaga, Ibaiondo, Iparralde, Judimendi, Lakua, Pilar, Salburua, Zabalgana.

 

2.- Familientzako jarduerak:

3-6 urteko haurrentzat, gurasoentzat nahiz beste senitarteko batzuentzat, eta 4 urtetik 8ra bitarteko haurrentzako jarduerak, 17:30etik 19:30era. Abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra bitartean, hainbat jarduera egingo dira hiriko lau ludotekatan —Abetxuku, Arana, Ariznabarra eta Landatxo—, hala nola sukaldaritza, artea burbuilekin, ipuin-sorkuntza eta beste; guztira, 360 leku.

 

3.- Ludoklub-egonaldiak

9-12 urteko haurrentzat, 9:30etik 13:30era —Ibaiondo, Salburua eta Zabalgana— eta 16:00etatik 20:00etara —Arriagan lehen txanda eta Lakuan bigarrena—. Bina txanda egingo dira: lehena, 2018ko abenduaren 26tik 28ra, eta bigarrena 2019ko urtarrilaren 2tik 4ra; guztira, 160 leku.

 

4.- Jarduera puntualak

9-12 urteko haurrentzat, 17:30etik 19:30era. Abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra, hainbat modalitatetako jarduerak izango dira zenbait gizarte-etxetan: sukaldaritza, esperimentuak, igerilekuko jolasak; guztira, 280 leku.

 

2018ko abenduaren 11ko 8:30etik aurrera eman ahal izango da izena, edozein gizarte-etxe edo kirol-instalaziotan, baita internet bidez ere.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:03

 

 

 

 

 

  • Azoka plazaren ondoko Eguberrietako azokak eskaintza enogastronomiko onena bilduko du, eta hogeita hamar doako jarduera osagarri, dastatzeak eta lantegiak barne
  • Udalak sustatutako Eguberrietako artisautza azokan, berriz, 35 saltoki jarriko dira, bi leku berritan: Independentzia kalea eta Urrezko Zeledonen plaza

Gasteizek Eguberrietako azoken eskaintza hobetu du, merkataritza dinamizatzeko tresna garrantzitsua izaten jarrai dezaten. Gaur aurkeztu da  Europa erdialdeko kutsuko Eguberrietako azokaren bigarren edizioa, zeina abenduaren 13an inauguratuko baita, Azoka plazaren ondoan: tokiko produktuetan oinarritutako eskaintza enogastronomiko zabala izango da bertan, eta doako jarduera ugari. Hurrengo  egunean, abenduaren 14an (ostirala) irekiko da Udalak antolatutako Eguberrietako artisautza azoka, zeinak konfigurazio berria izango baitu: Foru plazan jartzen zen karparen ordez, 35 etxola jarriko dira, korridore klimatizatu batez lotuta eta Independentzia kalean eta Urrezko Zeledonen plazan banatuta.

Azoka plazaren ondoko Eguberrietako azokan tokiko produktuen sorta handia aurkitu ahalko da, egun hauetako tipikoenetatik hasita (hestebeteak, gozokiak…) beste espezialitate batzuetara, hala nola lekaleak, eztia eta eguzkilore likorea. Produktu horietako asko probatzeko aukera ere izango da, edarien (Errioxako ardoa, txakolina eta garagardoa) zein Idiazabal jatorri-deitura duten gazten dastatze komentatuak antolatu baitira, baita gisatuen (txahalkia, baserriko oilaskoa eta euskal txerria) dastatzeak ere.

Slow Food Arabaren eta UAGAren eskutik, berriz, dastamen-laborategi batean parte hartu ahalko da. Janari-ibilgailu batek osatuko du merkataritza eta gastronomia eskaintza. Gainera, Eguberrietako azokarekin lotutako Gastronomia Elkarteentzako II. Lehiaketara deitu da, hiru plater tipiko prestatu ditzaten:  babarrun pintoa, txerri solomoa eta hegaluzea.

Bestetik, zuzeneko sukaldaritza-lantegiak antolatu dira, garai honetako bileretarako zizka-mizkak prestatzen ikasteko, eta umeentzako lantegiak, Eguberrietako gailetak eta mazapan iruditxoak egiteko. Olentzerok gozokiak banatuko ditu, eta gutunak jasoko; girotzeko eta elkartasunezko beste jarduera batzuk ere izango dira, esate baterako, erroska solidarioaren dastatzea: Gizakien Lurra elkarteak eta Arabako Pastelgile eta Gozogileen Elkarteak eskainiko dute abenduaren 20an (osteguna), horretarako berariaz jarritako saltokian.

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak hartu du parte azokaren bigarren edizioaren aurkezpenean. Azokak aisialdirako eskaintza erakargarria dakar, gastronomia, ardoen kultura (Arabako Errioxako ardoa, txakolina edo sagardoa), gourmet produktuak eta gure ekoizleen produktuak ardatz hartuta, txikienen sentsibilizazioa ahaztu gabe.

 

 

Eguberrietako artisautza azoka berria

Azoka plazatik metro gutxitara jarriko da Gasteizko Udalak sustatutako artisautza azoka. Aurten, berritasun gisa, bi lekutan kokatutako da: Independentzia kalea eta Urrezko Zeledonen plaza. Artisautza azokaren konfigurazio berria irisgarriagoa eta erosoagoa izango da, saltzaileentzat zein publikoarentzat, eta inguruko oinezkoen ibilbideetan integratuta egongo da.

3×2 metroko 35 saltoki jarriko dira, lerroan, korridore klimatizatu eta babestua dutelarik, segurtasuneko beira tenplatuzko 2×1 metroko kristalak dituzten moduluez osatua.

“Artisauen azokaren egitura berriarekin, espazio erakargarriago eta modernoagoa lortuko dugu, artisau-produktuen eskaintza ezagutzeko gonbita egingo duena. Hartara, kokatuta dagoen kaleak dinamizatzeko ahalmen handiagoa izango du. Gainera, irisgarriagoa izango da, kalean bertan egongo baita, Foru plazan zeuden oztopoak kenduta. Eta erosotasun handiagoa ere lortuko dugu, bertaratzen direnentzat zein langileentzat”, azaldu du Nerea Melgosak.

Eguberrietako artisautza azokaren irekiera ofiziala abenduaren 14an (ostirala) izango da, 12:00etan, eta urtarrilaren 6ko 22:00etan itxiko da.

Ordutegia beste urte batzuetakoa izango da: 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 22:00etara, salbuespen hauekin:

 

  • Abenduaren 24an eta 31n, 21:00etan itxiko da.
  • Urtarrilaren 1ean ez da goizean irekiko.
  • Urtarrilaren 5ean ez da eguerdian itxiko.

Estatuko leku guztietatik etorritako artisauek askotariko produktuak ekarriko dituzte: zeramika, kosmetika naturala, moda osagarriak (kotoi organikoz, larru ekologikoz, tapizez, jackard-ez edo kortxoz egindakoak), musika tresnen irudiak, eskuz egindako osagarriak (berrerabilpena sustatuz), olibondo eta ezpel egurrez egindako eskulanak, lamina irudidunak, umeentzako jostailuak (zurezkoak eta feltrozkoak) eta abar. Azokak interes handia pizten du sektoreko profesionalen artean, eta horren erakusgarria da 51 eskabide jaso direla gehienez jar zitezkeen 35 saltokiak eskuratzeko.

Azken edizioetan bezala, azokaren artisautza osagaia lehenetsi nahi izan da, eta horretarako, deialdiaren oinarrietan 5 puntu eman zaie eskulangintza enpresen erregistro ofizial batean sartuta daudela egiaztatzen dutenei, eskaintzen ziren 35 lizentzietako bat eskuratzeko aukera handiago izan zezaten, eta hala izan da.

Azoka Plazaren ondoko Eguberrietako azokari buruzko informazioa eta izen-emateak: www.aenkomer.com

Independentzia kaleko eta Urrezko Zeledonen plazako Eguberrietako artisautza azokari buruzko informazioa: Eguberrietako azoka

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:00

Egoiliar eta merkatarientzako TAO txartelen indarraldia 2019ko urtarrilaren 31ra arte luzatzea erabaki du Udalak; txartel horri esker, araututako eremuan bizilekua dutenek edo inguruko merkataritza-jardueraren bati atxikitakoek ez dute ordu-txartelik jarri beharrik aparkatzeko, eta ez dute denbora mugarik.

TAO txartelak urtero berritzen dira, eta ezarritako baldintzak betetzen jarraitzen duten titularrei etxera bidaltzen zaizkie.

Hain zuzen ere, betekizunak betetzen direla eta txartela onuradunei bidaltzen zaiela egiaztatzearren baliatu du Udalak luzapena, Lurrazaleko Aparkaldi Mugatuaren Zerbitzua arautzen duen Ordenantzan aurreikusten baita aukera hori.

Horrenbestez, 2018an txartela lortu zuten onuradunek urtarrilean ere jarrai dezakete urte horretako txartela erabiltzen, baldin eta abenduaren 31rako 2019rako TAO txartel berria jaso ez badute eta betekizunak betetzen badituzte.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:50

Vitoria-Gasteizen estreinatuko da Kaldearteren hurrengo edizioan 

Eflirkoa konpainiaren Echos dantza garaikideko pieza aukeratua izan da Karrikan-en hirugarren edizioan, aurkeztutako 18 proiekturen artean. Plataformak kale-arteen sorkuntza bultzatzen du Euskal Herrian. Plataforma honetan barruan Gasteizko Udalak hartzen du parte, KaldeArte arakustaldiaren bidez. Karrikan-eko kideek proiektu hau aukeratu dute bere originaltasunagaitik, planteamendu artistikoaren exigentziagaitik eta bidegarritasunagaitik.

Eflirkoa kolektiboa Flora Bougues koreografo eta dantzariak eta Eric Lenormand saxofonista eta konpositoreak osatzen dute. Kolektiboak musika eta dantza nahasten duten zeharkako proiektuak sortzen ditu. Ikuskizunetan landutako gaien inguruko bitartekaritza taldearen konpromesu artistikoaren parte da.

Echos proiektuan, Eflirkoa kolektiboak dantza garaikidea eta eguneko hainbat musika-hizkuntza tradizional fusionatzen ditu hiri-espazioan. Ikuskizunak eztabaidatu egiten du gizakiaren lekua hirigunean, eta bere patroi soziokulturalak esploratzen ditu, elementu primaroien atemporalitatearen testuinguruan.

Inspirazio iturriak, haizea, itsasoa, eta lurra bezalako betiko elementu naturalak dira, alde batetik; eta bestetik, eguneroko keinuak, hirian sortzen diren jarrerak eta talde-erlazioak bezalako hiri-ingurugiroko elementu zehatzak. Echos-ek tokian-tokiko berezitasun espazialak erabiltzen ditu eta publikoari leku aktiboa ematen dio, ikuskizunean integratuz.

Ikuskizunaren sormen prozesua maiatzera arte iraungo du, Karrikan-ek emandako egonaldi artistiko ezberdinetan: Hameka Kale Arteen Fabrikan (Louhossoa, Lapurdi), Harrobian (Bilbo, Bizkaia), Mendi Zolan (Hendaia, Lapurdi) eta Dantzagunean (Errenteria, Gipuzkoa). Lanaren estreinaldia 2019ko maiatzaren erdialderako aurreikusita dago Mai du théâtre jaialdian, Hendaian eta KaldeArteren programazioaren barruan izango da ekainean.

Karrikan 2016. Urtean sortutako plataforma da. Egun Vitoria-Gasteiz-eko, Bilboko, Iruñako eta Hendaiko udala, Hameka Euskal Herriko Erkidegoak eta Quiero Teatro antzerki-sustatzaileak osatzen dute. Plataformaren helburua kaleko arte-eszenikoen sorkuntzak bultzatzea da Pirinioen alde bietan. Bazkide-kolaboratzaile dira Libourneko, Arrigorriagako eta Iurretako udalak, eta Gipuzkoako Dantzagunea, Gipuzkoako Foru Aldundiko dantza-zerbitzua.  Konpainiari 18.200€-tako dirulaguntza emango zaio, baita hiru sorkuntza-egonaldi eta hurrengo jaialdietan programatua izango da: Clown Jaialdian (Arrigorriaga), Mai du théâtre-n (Hendaia), KaldeArte-n (Gasteiz), Kalealdia-n (Bilbo), Fest’Arts-en (Libourne), Harresietako jaialdian (Iruña), Abian!-en (Hameka, Lapurdi) eta Kalez Kalen (Iurreta). Konpainiaren beharrei egokitutako aholku administratiboa izango du baita ere.

Karrikan-ek Euskal Herrian egungo kale-arteen egoeraren begirada amankomun bat eman nahi du, non kale-arteen sorkuntzarako laguntza deialdi gutxi dagoen, eta bereziki, konpainia edota artista sortuberriei laguntza eskaini nahi die, zenbaitetan, eremu honen gabeziak hornituz.

Informazio gehiago www.karrikan.eu webgunean

Share