Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  29 abendua 2018 11:30

CARLOS ZAPATERO

Urte Zaharrean, Udaltzaingoak hiriko 70 ostalaritza-establezimendu inguru ikuskatuko ditu, hain zuzen ere Urte Berriari ongi etorria emateko jende gehien hartuko dituztenak. Horietatik 17tan kotiloiak egitekoak dira.

Duela egun batzuk, Udaltzaingoa establezimendu guzti horietan izan da, eta xehetasun osoz azaldu dizkie arduradunei halako ekimenak arautzeko udal bandoaren jakin beharreko guztiak; horrenbestez, urtarrilaren 1eko gauean hiriko hotel, kafetegi, jatetxe, diskoteka eta pubak udaltzainen bisita jasoko dute, adierazitako edukiera errespetatzen dutela, beharrezko lizentzia indarrean dutela, eta segurtasun-neurriak eta irekitze-ordutegia betetzen dituztela egiaztatzeko.

“Udaltzaingoak kotiloirik egingo den lokaletan bi ikuskaritza egiteko agindua dauka. Batez ere edukiera errespetatzen dela eta larrialdietako irteerak egoera egokian daudela egiaztatu nahi dugu. Lokalaren jabeak jakin behar dupertsona-kopuruak baimendutako gehiengoa gainditzen badu, edo larrialdietako irteerak blokeatuta baldin badaude, lokala” hustu eta itxi egin ahalko dela, azaldu du Herritarren Segurtasuneko zinegotzi Carlos Zapaterok.

Udaltzaingoaren datuen arabera, 6.624 pertsonak egingo diote 2019ari ongi etorria Gasteizen egitekoak diren kotiloietan. Horietako 17 Udaltzaingoak zainduko ditu, eta beste batean –700 pertsonentzako edukiera gainditzen baitu– Ertzaintza arituko da ikuskatze lanean. Florida kalean dagoen diskoteka bat da, eta 896 pertsona har ditzake.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  28 abendua 2018 13:51

“Hiria martxan dago, eta modernoago, erakargarriago eta dinamikoago izateko pausoak ematen ari da”

 

Urtarrilaren 17an Sustapen ministroak abiadura handiko trena hirian sartzeko behin betiko konponbide teknikoa aurkeztuko duela Gasteizen, iragarri du Gorka Urtaranek

 

 

  1. urtea “oso ona izan da, oso positiboa Gasteizentzat, jarduera ekonomiko gehiagorekin, enplegu gehiagorekin, bisita gehiagorekin eta jarduera handiagoarekin”, nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak urte bukaerako balantzean.

 

Zentzu horretan, aurten abian jarri diren proiektuak zehaztu ditu alkateak, hala nola Koroatzeko Smartencity proiektua, Erdialdeko Masterplana —ekintzen erdiak dagoeneko aktibatuta—, auzoetako inbertsioak —Gasteiz Hobetuz programaren bitartez, 6 milioi euroko inbertsioarekin—, TUVISAko flotaren berrikuntza —ibilgailu hibrido berriekin—, aurki egingo den autobus elektriko adimentsuaren esleipena, tranbia San Kristobal auzora luzatzeko obrak, Salburukoa dagoeneko definitua eta Zabalganekoaren proiektua. Gainera, abiadura handiko trena Gasteizera nola sartuko den definitzeari dagokionez egindako aurrerapenak gogora ekarri ditu alkateak, eta iragarri du urtarrilaren 17an Sustapen ministroak abiadura handiko trena hirian sartzeko behin betiko konponbide teknikoa aurkeztuko duela Gasteizen.

 

Hirian aurten sortu den jarduera gertakariz gertakari aletzen jarraitu du alkateak, eta, ildo horretatik, nabarmendu du enplegatutako pertsonen kopuruaren igoera, baita Gizarte Segurantzara afiliatuenarena ere, eta turisten kopuru handiagoa. Nabarmentzekoa, meeting-, pizgarri-, konbentzio-, ekitaldi- eta biltzar-turismoaren sarreren kopurua bikoiztu egin dela.

 

Konbentziturik agertu da alkatea 2019. urtea ez dela gutxiago izango, “Urte erakargarria  izango da. Aukera izango dugu Estatuan eta nazioartean erakusteko zein den gure benetako potentziala.” Zentzu horretan, hainbat ekitaldi aipatu ditu alkateak, hala nola Nazioarteko Enoturismo Biltzarra edo Michelin Hirien Nazioarteko Sarearen Biltzarra, zeinek “Gasteizek duen izaera industriala bultzatzen baitu, inguruko beste hiri batzuek ez duten pisua duena, Europako batez bestekotik oso gorakoa.”

Hiriak 2019an hartuko dituen kirol ekitaldi handiak ere gogora ekarri ditu Gorka Urtaranek: Saskibaloiko Erreginaren Kopa, Euroligaren Final Four txapelketa edo Iron Manen nazioarteko proba. “Kirola maite duen hiria da Gasteiz, gogoko dugu kirola, eta kirol ekitaldiak egin daitezela. Lehen mailako ekitaldi horiek guztiek aukera ederra emango digute nazioartean proiektatzeko.”

 

 

Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:49

Agirrelandako SISZeko suhiltzaileak Txagorritxu – Arabako Unibertsitate Ospitaleko pediatriako gunean ingresatuta dauden harrak bisitatu dituzte gaur.

Eskala-kamioi bat baliatu dute suhiltzaileek eraikinaren leiho batera iritsi eta bertatik sartzeko, eta handik haurrak zain zituzten gelara jo dute.

Behin barruan, suhiltzaileek opariak banatu dituzte haurren artean, tartean lanean darabilten kaskoaren jostailuzko erreplikak.

Gabonetan ohitura bihurtu da suhiltzaileek ospitaletara egiten duten bisitaldia, betiere Osakidetzaren laguntzarekin.

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:03

 

  • Lanerako aurrekontua 3.036.000 eurokoa da, eta horietatik 1.700.000 euro kanpo-finantziaziotik datoz
  • Esku-hartzeak bost kale hauek ukituko ditu: San Frantzisko, San Frantzisko aldapa, San Bizente aldapa, Gernikako Estatutua eta Mateo Moraza
  • Azpimarratzekoak dira oinezkoentzako sortuko diren eremu berriak eta Erdi Aroko hiriguneko irisgarritasunaren hobekuntza

Tokiko Gobernu Batzarrak Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren ingurunea eraberritzeko lanen kontratazio-dosierra onetsi du. Lanen aurrekontua 3.036.000 eurokoa da, eta horietatik 1.700.000 euro kanpo-finantziaziotik etorriko dira, hain zuzen ere Estatuko aurrekontu orokorretik. Obrak gauzatzeko epea 11 hilabetekoa izango da, eta horien ondorioz bost kaletako espazioa berrantolatuko da: zoladura aldatuko da (leku askotan zaharkitu eta narriatuta baitago), berritu egingo dira instalazio eta zerbitzuak (esaterako argiztapena eta saneamendua), oinezkoentzako lekua irabaziko da eta hobetu egingo da Erdi Aroko hiriguneko irisgarritasuna, igogailu eta eskailera mekaniko berrien bitartez.

Udalak erredaktatu eta lehiaketara deitu duen proiektuak berekin ekarriko du la gaur egun Arkupeen alboan dabilen trafikoaren desagerpena. Gune hori guztia oinezkoentzako izango da, halako moduan non are gehiago nabarmenduko den Justo Antonio Olagibel arkitektoaren lana, eta ostalaritza-terrazetarako gunea sortuko da bertan. Trafikoarentzako beste bide bat sortuko da Gobernuaren Ordezkariordetzaren eta Oroitzapenezko Zentroaren artean, Gernikako Estatutuaren kaletik.

San Frantzisko kalean ere esku-hartze handia egingo da. Gaur egungo zoladura erabat aldatuko da 18. zenbakitik aurrera, eta inguru horretako aparkalekuak desagerraraziko dira. Nabarmen handituko da hego aldeko espaloia, eta ipar aldekoan (ikusita zeharkako malda handia duela) zabalera aldakorreko terraza proiektatu da, luzean. Zarama bilketa pneumatikorako ontziak bi gunetan bilduko, eta ez hirutan (gaur egun horrela antolatuta daude), eta hondakinak biltzeko ohiko edukiontziak lurperatzea aurreikusi da. Horrez gain, zuhaitz berriak landatuko dira, eta argiztapen apaingarriaz hornitutako Virgen Blanca modeloko eserleku luzeak instalatuko dira bi espaloietan, bai eta Vitoria modeloko aulkiak ere hegoaldekoan.

Beste alde handiak Gernikako Estatutuaren kaleari eragingo dio: trafikoarentzako bide berriaz gain, Erdi Aroko hiriguneko irisgarritasuna hobetzeko bi elementu aurreikusten dira bertan. Batetik, edukiera handiko (1.500 kg / 20 pertsona) igogailu panoramikoa, 5,45 metroko gorabehera gainditzeko. Eta igogailuaren alboan eskailera mekanikoak ere instalatuko dira, igotzeko eta jaisteko alda banarekin, bakoitza metro bat zabal. Orduero 6.000 pertsona eramateko gaitasuna izango du.

Eraberritze lanek San Bizente aldapa ere ukituko dute: arazoak eman dituen lauzazko zoladura altxatuko da, eta horren ordez aglomeratu asfaltikoko zoladura jarraitu malgua ipiniko da, zeinak kale honen azpian dauden Aihotz plazako lokaletako hezetasun-arazoak ekiditea ahalbidetuko duen.

Mateo Moraza kalearen galtzada luzatu egingo da Gernikako Estatutuaren kaleko bide berriarekin lotzeraino, eta trafikotik aske utziko ditu Oroimenezko Zentroaren sarrera eta Postetxearen atzealdearekiko lotunea. eraikin zaharberrituaren paraleloan joango den bide paralelo horren zabalera 4,7 metrokoa izango da guztira, eta 3 metroko zabaleradun espaloiak bereziko du. Inguru horretan argiztapenaren tratamendu berezia egingo da, aintzat hartuta Erdialdearen eta haren inguruaren ezaugarriak. Kale horretan dagoen bilketa pneumatikorako buzoien gunearen alboan bi edukiontzi lurperatu paratuko dira (beira eta ontziak biltzeko, hurrenez hurren); hartara, ekidin egin ahal izango da gaur egun Arkupeen ondoan daudenen ikus-inpaktua.

Berrikuntzaren beste elementu bat Oroimenezko Zentroaren, San Frantzisko aldaparen eta Gernikako Estatutuaren kalearen arteko hirukian dagoen erdialdeko parterrea izango da. Erabat aldatuko da parterrea, halako moduan non hegoaldera lekua irabaziko den, gaurko gaztainondo-ilara gordeko da eta zuhaixka berriak landatuko dira. Kendu egingo da gaur egun bertan dagoen iturri apaingarria, eta horren ordez beste bat ipiniko, turrusta bikoitzekoa eta geiser erakoa.

Bizikleten mugikortasunak tratamendu berezia izango dute Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren ingurua eraberritzeko proiektuan; izan ere, bi errei sortuko dira Gernikako Estatutuaren kalean (2,15 metroko zabalerakoak) eta luzatu egingo da Mateo Morazako Oroimenezko Zentroaren alboan (1,7 metroko zabalera). Hartara, nabarmen hobetuko da Olagoibel kaletik datorren bidegorriaren jarraikortasuna.

Lehiaketara aurkeztuko diren enpresen eskaintzen balorazioan kontuan hartuko da egin beharreko lanen memoria, esaterako lanak egin bitartean ahalik eta eragin urriena izatea (30 puntu gehienez), eskaintza ekonomikoa (35 puntu gehienez) eta berme-epea luzatzea (10 puntu gehienez).

Lan horiek guztiak ez dute eraberritze baten lehen fasea baino osatzen; ondotik egingo direnekin, plaza bat sortuko da Oroimenezko Zentroaren eta Postetxearen atzealdean, zein Oroimenaren plaza deituko den. Horri guztiari esker, espazio berezi bat sortuko da Oroimenezko Zentroaren inguruan, non gerora, eskultura edo elementu sinbolikoren bat jartzea aurreikusi den.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:55

Gasteizko aireportuko hegaldi erregularren operatiboaren jarraitutasunak Urtaranen gobernuaren babesa jaso du gaur, VIA elkartearekiko 2018ko lankidetza-hitzarmena onetsi delarik Tokiko Gobernu Batzarrean. Ekimen horren bitartez, 182.000 euroko ekarpen ekonomikoa egingo du Gasteizko Udalak, Gasteizko aireportuan aurten merkantzien eta bidaiarien trafikoa gehitzera zuzenduta garatu diren hainbat ekintza finantzatzen laguntzeko.

Aireportua hiriko, lurraldeko eta Euskadiko turismoaren sustapeneko funtsezko pieza bihurtzera zuzendutako ekintzak bideratzeko Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lau urterako akordioaren barruan sartzen da gaur onetsi den hitzarmena. Forondaren sustapenerako lehiaketa bat abian jartzea ekarri zuen ekimen horrek, Estatu barruko eta nazioarteko hegaldiak egiten dituzten konpainiei zuzendua, hegaldi erregularren operatiboa martxan jartzeko aukera izan zedin hartara.

Forondako aireportua bultzatzeko euskal erakundeek modu bateratuan zertutako ekintzen ondorioak bereziki bidaiarien trafikoan nabaritu dira. 2014an guztira 7064 bidaiari izan ziren; aldiz, lau urte geroago, 20 bider handiagoa izan da kopuru hori. Abenduko datuak zenbatu gabe badaude ere, dagoeneko 129.808 bidaiariko bolumena lortu da.

Charter hegaldien bilakaera onak hainbat lekutara hegaldatzeko aukera eskaini du aurten, hala nola Praga, Malta, Polonia, Herrialde Baldikoak, Bukarest, Estrasburgo, Mosku-San Petersburgo, Vilnius-Tallin, Dubrovnik-Pula eta Varsovia-Katowice. Hegaldi erregularrak gehitu behar zaizkie horiei, honako hauek izan baitira 2018an: Kolonia-Bonn, Milan-Bergamo, Sevilla eta Tenerife Sur.

Kargari dagokionez, orobat izan da positiboa bilakaera, nahiz eta aldakuntza ez den hain handia izan. 2014an 42.160.653 kg merkantzia garraiatu ziren guztira; aurten, berriz, 57.336.248 kg-ra iristen da zifra, abendu bukaerako datuen faltan. Garraiatutako merkantzien pisu globalaren egonkortzeko joera gehitzen zaio horri, nahiz eta mugitzen den merkantzia-kopurua handiagoa izan. Garraiatzen den karga-motaren aldakuntzari zor zaio horri, nabarmen igo baita pakete-garraioa.

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:50

838 luminariaren ordez LED teknologia eraginkorragoa baliatzen duten lanparak jartzeko lehiaketa deitu du udal gobernuak, energia-kontsumoa gutxitu eta argiztapen hobea lortzeko

 398.809 euro inbertituko ditu 23 kale eta plazatan argiteria publikoa hobetzeko

Lakua, San Martin, Ariznabarra eta Anglo auzoetako kale nagusietako argiteria publikoa hobetuko du Udalak. 398.809 euro inbertituko ditu datorren urtean, hiriko zona horietako 23 kaletako argiztapena eta energia-eraginkortasuna hobetzeko, udal gobernuak onetsitako lehiaketa publikoaren baldintzetan jasotzen denez.

Argiteria publikoaren kontsumo elektrikoa murriztea da hobekuntza horren helburua, eta instalazioak argiteria publikoaren energia-eraginkortasunaren araudira egokitzea. Gasteizko kaleetako luminarien parte bat ordeztuko da horretarako. Orotara, 838 luminaria.

838 luminaria, 23 kale eta plazatan.

Zehazki, 463 luminaria ordeztuko dira Lakua auzoan, eta 375 San Martin, Ariznabarra eta Anglo auzoetan.

 

 

 

 

 

 

Hauek dira luminariak ordeztuko diren kale eta plazak: Zadorra hiribidea, Wellingtongo Dukearen kalea, Landaberde kalea, Baiona kalea, Iruñea kalea, Blas de Otero kalea, Donostia kalea, Pedro Asua kalea, Etxezarra kalea, Fontetxako Gazteluaren kalea, Abendaño kalea, Adrian Aldekoa Margolariaren kalea, Ignacio Diaz Ruiz de Olano Margolariaren kalea, Buztinzuri kalea, Herrandarren kalea, Prudencio Maria Berastegi kalea, La Paloma kalea, Esperantza kalea, Logroño kalea, Jose Antxeta kalea, Jose San Martin kalea eta Judimendi hiribidea.

LED teknologiko luminariak instalatuko dira, orain artekoak baino eraginkorragoak izaki. Energia-kontsumoa murrizteko aukera ematen du horrek —kontsumo elektrikoa (kwh) eta atmosferara egiten diren CO2 emisioak—, eta argiteria publikoaren energia-eraginkortasunaren araudiarekin bat datozen argiztapen- eta uniformetasun-mailak lortzekoa. Gainera, orain dauden argiek eragiten duten itsutzea eta argi-kutsadura ekidin nahi dira, baita mantentze-kostuak gutxitu ere, luminaria horien bizitza baliagarria konbentzionalena baino askoz luzeagoa baita. A energia-kalifikazioa lortuko da berrikuntzaren ondoren.

Argitze publikoa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:42

2019ko diru-laguntzetarako deialdien oinarri orokorrak onetsi ditu gaur Tokiko Gobernu Batzarrak. Pertsona, entitate eta elkarteei Udalaren jarduera edo programen osagarri diren jarduera edo programak garatzeko ematen zaizkien diru-laguntzak arautzen dira horien bitartez.

30 diru-laguntza ildo ezarriko ditu Udalak datorren urtean. Auzo-elkarteentzako eta berdintasun-proiektuetarako diru-laguntzak izango dira lehenengoak, gaurko Gobernu Batzarrean onetsi baitira horiek ere.

Auzo-elkarteak

 2019an auzoak dinamizatu eta partaidetza soziala bultzatuko duten proiektuak garatzeko Gasteizko auzo-elkarteentzako diru-laguntzen deialdiaren oinarriak ontzat eman ditu udal gobernuak gaur, ostiraleko ohiko bilkuran.

Partaidetza eta Gizarte Etxeen Sailak, zeinen mende baitaude laguntza horiek, 180.000 euro bideratuko ditu aldez aurretik izapidetu duen deialdi horretara, “auzo-elkarteek beren proiektuak lehenbailehen aurkezterik izan dezaten, eta, hartara, beren lanean lagunduko dieten diru-laguntzak eskuratu, eta garatzen dituzten programa eta jardueren gastuei aurre egin”, adierazi du Isabel Martínez zinegotzi ordezkariak.

Kontzeptu hauek barne hartzen dituzte diru-laguntzek:

  • Jarduera- eta zerbitzu-programa burutzeko laguntza ekonomikoak, bulego-gastuak barne.
  • Udal titulartasuneko lokalak erabiltzeko baimena.

Otsailaren 28ra artekoa izango da eskabideak aurkezteko epea.

50.000 euro berdintasun-proiektuetarako

Bestalde, 2019an Gasteizko udalerrian genero-berdintasunaren alorreko jarduerak eta proiektuak garatzeko diru-laguntzen deialdi publikoaren oinarriak onetsi ditu Tokiko Gobernu Batzarrak, oinarri orokorretan ezarritako diru-laguntzen ildoetako bat izaki. 50.000 euro bideratuko ditu Udalak horretara.

Emakume-elkarteak, talde feministak eta LGBTI kolektiboak sendotzen lagundu nahi du Udalak laguntza horien bitartez, ikuspegi feminista edo genero-ikuspegi argia duten proiektuak finantzatuz, eta, aldi berean, entitatean bertan emakumeen partaidetza aktiboa sustatzeko eta beren jarduera eremuan —kirola, hezkuntza, arlo soziala, kulturala eta abar— genero-berdintasunerako proiektu edo jarduerak egiteko sortutako espazio bat duten entitate mistoen proiektuak sustatu.

80.000 euro lankidetza-politiketarako

Bestalde, Euskal Fondoari 80.000 euroko beste ekarpen bat egitea onetsi du udal gobernuak, 2018ko Plan Operatiboan laguntzeko.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:37

Gobernu Batzarrak C, D eta E taldeetarako deialdia onetsi du, zeina agintaldi honetan deitutako besteei (goi mailako taldeetarako, Udaltzaingorako eta Suhiltzaile Zerbitzurako) gehitzen baitzaie

 2019an beste deialdi bat egingo da behe mailako taldeetarako

 Tokiko Gobernu Batzarrak  C1, C2 eta E (C, D eta E) taldeetako 275 lanpostu betetzeko sustapenaren eta enplegu-eskaintza publikoaren deialdia onetsi du gaur; besteak beste, lanpostu hauek sartzen dira aipatutako kategorietan: administrariak, mantentze ofizialak, informazio agenteak, garbitzaileak, hainbat zerbitzutako laguntzaileak, jagoleak eta hainbat lanbidetako langileak.  Orotara, 275 lanpostu betetzeko deialdia onetsi du Udalak: 76, barne-sustapenez; 19, desgaitasuna duten pertsonentzat, eta 180, txanda irekian —sustapenean bete gabe geratzen direnak gehitu dakizkieke horiei—.

275 lanpostu horietaz gain, 2019an beste lanpostu batzuk eskainiko dira kalifikazio-maila beretan, beste deialdi batean.  Bi deialdietarako oinarriak datorren urtean onetsiko dira.

Gorka Urtaran alkateak agintaldiaren hasieran iragarri zuenari jarraituz, Udalaren 2017-2019ko Enplegu Planaren barruan hainbat ekintza jarri dira martxan; planak hurrenez hurren hornikuntza-prozesuak (administrazio karrera) eta enplegu-eskaintza publikoak egitea aurreikusten zuen, udal enpleguan aldibatekotasun-tasa % 37tik % 10era murrizteko helburu zehatzarekin.

 Ondorioz, 60 udaltzain lanpostu, 15 suhiltzaile lanpostu  eta goi kategorietako 132 lanpostu eskaini ditu Udalak agintaldi honetan. Orotara, 482 lanpostu dira, gehi datozen hilabeteetan eskaintzen direnak .  “Agintaldiaren hasieran hitz eman nuen udal enpleguarekin lotutako hainbat hautatze prozesu abian jarriko nuela, udal plantillaren behin-behinekotasuna murrizteko. Pausoak ematen eta gure konpromisoa betetzen jarraitzen dugu, Udalaren historian egin den enplegu-eskaintza publiko handienetako bat osatzeko”, nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak.

Udalaren enplegu-eskaintzari buruzko informazioa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:25

Arte eta Lanbide Eskola fundazioari 182.000 euroko ekarpena egitea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak gaur, patronatuko kide den aldetik.

Udalaren 2018ko bigarren ekarpen ekonomikoa izango da; izan ere, joan den uztailean 268.000 euroko lehen transferentzia bat onetsi zuen udal gobernuak.

Bi ekarpenak batuz, guztira 450.000 eurokoa izango da Udalaren aurtengo ekarpena, “Arte eta Lanbide Eskolak, hiriko erakunde handi horrek, normaltasunez funtzionatzerik izan dezan. Hain zuzen ere, hezkuntzaren, kulturaren eta artearen alorrean egiten duen lanagatik ematen diogu laguntza”, adierazi du Kultura, Hezkuntza eta Kirol Saileko zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:25

1.574.000 euro bideratuko ditu Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak Blas Otero kaleko adinekoentzako zerbitzuen kudeaketara, bi urtean. Kudeaketa hori Sirimiri enpresari esleitzea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak gaur. Bera arduratuko da zerbitzuak emateaz Blas de Otero kaleko 14.eko zainpeko apartamentuetan, eguneko arreta-zerbitzuan eta jantokian.

30 apartamentutan banatutako 35 leku dituzte zainpeko apartamentuek. Etxebizitza autonomoak dira, pertsona bakarrentzat nahiz bikoteentzat, erabilera libreko zerbitzu kolektiboak dituztenak. 65 urte edo gehiagoko pertsonei ematen zaie ostatu bertan.

Egunez bertaratzen diren 40 erabiltzaileri eskaintzen die arreta eguneko zentroak, arreta integral eta askotarikoa —gizarte- eta osasun-laguntza, animazioa, jantokia, garraioa, higiene pertsonala, terapia okupazionala eta beste—.

Azkenik, 40 leku ditu jantokiak. 60 urtetik gorako pertsonei nutrizioaren ikuspegitik osoa den janaria eskaintzen saiatzen da zerbitzu hori, prestatzeko ezintasun fisiko nahiz psikikoa dutelako, familia laguntzarik ez dutelako edo zailtasun ekonomikoak dituztelako beren kabuz egiterik ez dutelarik. Era berean, adinekoen arteko integrazioa eta bizikidetza sustatzen da.

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munainek azaldu duenez, “bertaratzen diren adinekoek bizi-kalitatearekin eta ongizate pertsonalarekin zerikusia duten arlo guztietan hobekuntzak lor ditzaten behar diren baldintzak lantzen ditugu, abiapuntutzat harturik haien duintasunari, eskubideei, interesei eta lehentasunei zor diegun begirunea, eta beren bizitzako erabakietan benetako partaidetza ahalbidetuz.

Zentzu horretan, zerbitzu guztiek —115 adinekori eskaintzen diete arreta—, pertsonarengan zentratutako arreta-eredu bat aplikatzen dute, “zeinek aukera ematen baitu erabiltzaileen autonomia garatzeko, burujabetasuna bultzatuz”, bukatu du López de Munainek.

Share

Aurrekoak »