Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  22 abendua 2018 11:00

400 pertsonak osatuko dute desfilea, eta pertsonaia nagusiek 10etatik 15etara hartuko dituzte umeak udaletxean

Abenduaren 24an, astelehenarekin, Olentzero eta Mari Domingi etorriko dira gure hirira, ume guztien artean opariak banatzera. Egunaren goiz partean, aurrez aurre hartuko dituzte umeak, gero ohiko desfilea eta udaletxetiko agurra egiteko.

Zenbait galtzagorri lagun dituztelarik, Olentzerok eta Mari Domingik aurrez aurre hartuko dituzte haurrak udaletxean, iazko ordutegi zabaldu berean: 10:00etatik 15:00etara.

Folklore Akademiako trikitixa, alboka eta txalapartaren musikak alaituko du ekitaldia une oro. Orobat, bidezko merkataritzako piruletak banatuko dira.

Gero, poz eta bozkarioa barra-barra banatzen duten pertsonaiok atseden hartuko dute 18:00ak arte. ordu horretan hasiko da ohiko desfilea, Iparralde gizarte-etxean, eta ibilbide hau egingo du: Legutiano atea, Frantzia kalea, bake kalea, Olagibel kalea, eta Espainia plazaraino.

Mari Domingi lehenengo karrozan joango da, haurrek inguratuta. Bigarren karrozan izango da Olentzero.

Desfilean parte-hartzaile eta elementu eszeniko gehiago sartu dira, bai eta Olentzero eta Mari Domingirekin zerikusia duten osagai gehiago ere.  Erraldoien konpartsak ere hartuko du parte, baserritarrek zein buruhandiek lagunduta, bai eta Gargantuak, eta 10 galtzagorriren taldea, zeinak Olentzero eta Mari Domingiri lagunduko baitiete Gasteizko ume guztientzako opariak eramaten. Guztira 400 pertsonak hartuko du parte desfilean.

19:00ak aldera, Olentzerok, Mari Domingik eta galtzagorri eta ume segizioak agurra egingo dute, udaletxeko balkoi nagusitik, eta gasteiztar guztiekin batera abestuko dute.

Parte-hartzaileak: Gainera, Udal Folklore Akademiak, Arabako Dantza Federazioak, Olabide ikastolak, Indarra taldeak eta Kalez Kale proiektuak hartuko dute parte. Agrolasak ere laguntzen du.

Share