Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  14 abendua 2018 22:42

Ospakizun-sorta bati egin dio San Prudentzio kaleko antzokiak; hilaren 18an joko du goia, 100 urte beteko dituen egunean

Datorren asteartean, abenduak 18, ehun urte beteko dira Gasteizko Nuevo Teatro antzokia —gaur egungo Principal antzokia— inauguratu zenetik, Garnieri-Marchetti opera- eta opereta-konpainiaren “La corte de Napoleón” lanarekin.

Mendeurrena ospatzeko, gala bat izan da gaur. Antzokia goraino beteta zegoela, Gorka Urtaran alkatearen hitzak entzun dituzte lehenik herritar eta agintariek, eta azken aldian San Prudentzio kaleko antzokiko agertokira igo izan diren hainbat artistaren bideoa ikusi dute ondoren.

“Cienycientas” obra eskaini da gero; ehundik gora pertsona agertu dira agertokira, Mikel Gómez de Segurak zuzendutako emanaldi dibertigarrian. Gure irrati publikoaren partaidetza izan du, zeinek Principal antzokiaren historiaren 100 urte horietako ehunka oroitzapen eta sentipen helarazi baitizkigu. Topa egin da galaren bukaeran, baina ez antzokiaren 100 urteengatik bakarrik, baita antzezte-arteen eta kulturaren alde ere.

Hainbat agintari izan dira galan. Gorka Urtaran alkateak eta Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok egin diete harrera guztiei ere. Talde politiko guztietako zinegotzien ordezkariekin batera, bertan izan dira Iñigo Urkullu lehendakaria, Bingen Zupiria, Estefanía Beltrán de Heredia eta Maria Jesús San José sailburuak, Ramiro González ahaldun nagusia, Igone Martínez de Luna eta Cristina González foru-diputatuak, Eusko Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejería, Batzar Nagusietako lehendakari Pedro Elosegi, Kultura Ministerioaren ordezkari eta INAEMeko zuzendariorde nagusi Fernando Cerón eta beste zenbait agintari, eta hiriko kulturaren arloko jendea.

Gala horrekin, nahiz eta 2018 urte osoan beste ospakizunik ere izan den, mendeurrena ospatzeko ekitaldi sorta bati egin zaio. Abenduaren 22ra arte iraungo du, eta hilaren 18an joko du goia, Lola Herrera handiak “Cinco horas con Mario” antzezlana eskainiko duelarik. Larunbatean, ihes-areto handi bihurtuko da antzokia; hilaren 16an, “Gizon Zoriontsuaren Alkandora” antzeztuko du Teatro Paraíso taldeak; hilaren 17an, “Intxaur-hauskailua” Eguberrietako ipuina antzeztuko du Moskuko XXI. Mendea Ballet Klasikoak, Jose Uruñuela Dantza Kontserbatorioko ikasleak dantzari. Azkenik, hilaren 21ean eta 22an ,“Al calor del invierno” Eguberrietako kontzertua eskainiko du Arkék. Astelehen honetan bertan egingo da horren aurkezpena prentsaurrekoan.

 

Egitarau aberatsa, hainbat formatutakoa, ikusleengandik gertukoa, horiekin partekatu nahi baita ospakizuna. Ildo horretatik joan da gaurko gala ere, herritarren festa, 100 urteko historia hori haiekin batera errepasatzeko asmoz antolatua.

 

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:00

Prentsaurrekoa. Gabonetako kontzertua aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto; Kultura diputatu Igone Martinez de Luna; Vital Fundazioko zuzendari Josune Albizu; Arke taldeko ordezkari José Ruiz de Azua; Francisco Ibañez Irribarria, konpositorea; Jimmy Bidaurreta, moldatzailea; eta Xabier Sarasua, Claustrum Armonicum abesbatzako zuzendaria

Eguna. Astelehena, abenduak 17

Ordua. 10:30

Tokia. Teatro Principal Antzokia

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   16:55

Santa Barbara aparkaleku berritua irekitzea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; TUVISAko gerente Marijo Ajuriaguerra; udal teknikari arduradunak eta bertako dendariak

Eguna. Larunbata, abenduak 15

Ordua. 10:30

Tokia. Santa Barbara plaza; Lehendakari Leizaola plazatik hurbilen dagoen sarbide etxola, pergola ondoan.

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   15:30

Ostirala, abenduak 14

  • Alkate Gorka Urtaranek eta Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak parte hartuko dute, Wine City elkarteko ordezkariekin batera, Gabonetako zuhaitzaren inaugurazioan 19:00etan, Katedral berrian.
  • Alkate Gorka Urtaran, eta Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto, eta gobernu taldeko partaideak Principal Antzokiko mendeurreneko galan izango dira, 19:30ean.

 

Larunbata, abenduak 15

  • Lehen alkateorde Peio López de Munainek parte hartuko du Gabonetako izotz pistaren inaugurazioan 10:00etan, Andre Maria Zuriaren plazan.
  • Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto Enrique Eguren Saria Armando Llanosi emateko ekitaldian izango da 10:30ean, BIBAT Museoko areto nagusian.
  • Alkate Gorka Urtaranek parte hartuko du Santa Barbara plazako aparkalekuko lehen solairua irekitzeko ekitaldian 10:30ean.
  • Alkate Gorka Urtaran FBR enpresaren proiektu berriaren aurkezpenean izango da 13:00etan, Jardines de Uleta hotelean.
  • Alkate Gorka Urtaranek parte hartuko du Odol Emaileen Elkarteak antolatzen duen Gabonetako bazkarian, 14:30ean, Andere jatetxean.
  • Alkate Gorka Urtaran, eta Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto Gabonetako Gimnasia gala ikusten izango dira 18:00etan, Mendizorrotza kiroldegian.
  • Lehen alkateorde Peio Lopez de Munainek parte hartuko du Cortada Laburmetraien XXII. Jaialdiko sari-banaketan 20:00etan, Vital Fundazioko aretoan.

 

Igandea, abenduak 16

  • Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Cantok parte hartuko du Vitoria-Gasteizko Maratoi Erdiaren sari-banaketan 11:30ean, Mendizorrotzako aparkalekuan.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   15:19

EH Bilduri 2019ko aurrekontuaren inguruan egindako proposamen politikoa

 

2019ko aurrekontuak onesteko aukera emango zuen akordioa negoziatzeko udal gobernuak eta Bilduk egindako azkeneko bileran udal talde horrek abandonatu egin du mahaia. Atsekabea agertu du Urtaranen gobernuak.

 

Gaurko bilerara, zein 13:00etan hasi baita eta hamar minuturen buruan abandonatu baitu Bilduk, akordio-proposamen batekin joan da udal gobernua, eta bere egina zuen talde horren planteamenduen parte bat, jarrera adostu batetik proiektu estrategikoak bultzatzea printzipiotzat harturik, geldiarazi beharrean. Aurrekontu-proiektuaren aurkezpenarekin hasi eta gaurkoaren aurretik Bilduri egindako berariazko proposamen batekin jarraitu zuen negoziazio baten hirugarren kapitulua zen eskaintza hori.

 

“Ohartu berri gara Bildu inoiz ez dela aurrekontuak adostean interesaturik egon, ezpada hiriko proiektua geldiaraztean. Izan ere, bere eskaeretako bat bai trena lurperatzeko egungo proiektua bai tranbia Salburura hedatzeko proiektua gelditzea izan da. Gobernua bat dator proiektuak hobetzeko idearekin, ez gelditzearekin”, adierazi du Ogasuneko zinegotzi Itziar Gonzalok.

 

“Negoziazio baten itxura egin nahi izan du Bilduk, baina ez du inondik ere burutu nahi izan. Beren helburua dena geldiaraztea dela erakusten dute gaur, bereziki hiriaren etorkizuna markatuko duten proiektu estrategikoak, eta horretan ezin gintezke bat etorri haiekin. Akordioak batzeko izan behar du, inolaz ere ez geldiarazteko. Bileran ez jarraitzea erabaki dute, gure proposamenaz besterik entzun gabe”, gehitu du Gonzalok.

Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:40

 

 

 

 

 

 

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munainek EDEKAk —ezintasunen alorrean diharduten euskal entitate, federazio eta konfederazioen plataforma— antolatu duen aisialdi inklusiboari eta ezintasunari buruzko jardunaldia irekitzeko ekitaldian izan da gaur, Europa jauregian. Enplegu eta Gizarte Politiken sailburu Beatriz Artolazabal eta Gizarte Zerbitzuen foru diputatu Marian Olabarrieta ere izan dira ekitaldian.

López de Munainek Udala arlo horretan egiten ari den ahalegina nabarmendu du, “hiri bidezkoagoa, gizatiarragoa, kohesionatuagoa eta unibertsalagoa lortzeko. Esate baterako, umeentzako udaleku eta opor jardueretan lekuen % 5 erreserbatzen da hezkuntza premia bereziak dituzten adingabeentzat; turismo irisgarriko politikak ere garatzen ari gara, pertsona orok Gasteizko turismo baliabideez gozatzerik izan dezan, eta azkenaldian haurrentzako hogeita hamar parke inguru egokitzen ari gara, jolas irisgarriak jarriz”.

Gizarte Politiken zinegotziak, orobat, hirugarren sektoreko entitateek egiten duten lana goraipatu du:  “gizartea kontzientziatzeko eta arreta emateko egiten duzuen lana funtsezkoa da berdintasunari eta normalizazioari dagokienez hiri bidezkoagoa eraikitzeko”.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:01

 

Eraztun Berdearen 25. urteurrenaren amaiera gisa, alkateak proiektu bat iragarri du, Olarizuko lorategi botanikoa “Euskadiko lorategi botanikoa handia” bihur dadin, eta “gasteiztarrak elkartu eta gozatzeko gunea” 

IGIk datozen bi urteetan Eraztun Berdea “hobetu eta sendotzeko” egin dituen hamar proiektu aletu ditu

Proiektuaren aurkezpena esteka honetan jaitsi daiteke

 

Eraztun Berdearen 25. urteurrenaren amaiera gisa, Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gerriko berde hori hobetu eta sendotzeko helburua duten hamar proiektu aurkeztu ditu. Horien artean, etorkizuneko Olarizuko parkea nabarmentzen da. Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren planen arabera, jendeari arreta emateko leku berria jarriko da bertan, labirinto natural bat, tirolinak, jolas naturalizatuak eta landarez hornitutako harmailak, aire zabaleko kultur jarduerez gozatu ahal izateko. “Olarizu Eraztunaren harribitxia izatea espero dugu, gure asmoa baita edukiz eta erakargarriz hornitzea, bai aisialdirako bai zabalkunderako. Euskadiko lorategi botaniko handia izateaz gain, gasteiztarrak elkartu eta gozatzeko gunea izango da Olarizu, eta udalerriaren zinezko erreferentea. Azken batean, hirirako sustatzen ari garen 2025 Estrategiaren zutabe bat”, azaldu du Gasteizko alkateak.

2018an bete dira 25 urte Eraztun Berdearen proiektua abiatu zenetik. Denbora horretan, hiriaren periferia ingurumen eta gizarte aldetik berreskuratzeko jarduera ugari egin dira, eta horiei esker, oso hondatuta zegoen espazio bat balio ekologiko handiko parkeen multzoa bihurtu da (horietako batzuk Natura 2000 Europar Sarearen barruan sartuta daude), baita hiriko aisialdirako gune nagusia ere. Gaur egun, Eraztun Berdea  hiriaren ezaugarri behinenetako bat da, eta lehen mailako ingurumen, gizarte eta turismo baliabidea. “Hala ere, zabaldu, hobetu eta sendotu egin nahi dugu” laburtu du alkateak.

Olarizuko etxaldean egin den prentsaurrekoan, Gasteizko alkateak datozen urteetarako aurreikusi diren hamar jarduera aletu ditu, munta handikoak zein txikikoak. Udalak zein beste eragile batzuek sustatutako ekimenak dira, Eraztun Berdea hobetzeko balioko dutenak.

– Larragorri parke berriaren lehen fasea. 2019rako aurrekontu-proiektuan 450.000 euro sartu dira desjabetzeak aurrera eramateko, eta URArekin hitzarmena egin da, Batan eta Zapardiel ibaietan uholdeetatik babesteko proiektua gauzatzeko.  Parke berriak era guztietako erabilerak izango lituzke: uretako jarduerak, turismo aisialdirako gunea, kirol espazioak, nekazaritza parkea…

Hegoaldeko ibilbidea. Jundiz eta Estibaliz muinoen artean orain dagoen lotura hobetu nahi da, inguru hori hondatuta baitago. Vasco-Navarroaren bide berdean barrena joango litzateke ibilbidea,  Olarizu, Larragorri eta Armentiako parkeak lotuz, baita Donejakue bidea ere.

Armentiako basoa eta Zabalganekoa lotzea. N-102 errepidearen gainetik oinezkoentzako pasabidea jartzea planteatzen da, Mariturriko biribilgunetik Gometxako errepideraino. Proiektu hori “Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” aurrekontu parte-hartzaileetan sartu zen.

-Vasco-Navarroaren bide berdea, Eraztun Berdea eta Krispiña lotzeko. Aldundiak sustatutako proiektua da.

-Áncora errota zaharberritzea, Abetxukuko nekazaritza ekologikoko parkeko interpretazio zentroa jartzeko.

-Zadorra ibaiaren egokitzapen hidraulikorako proiektua, Gamarra eta Abetxuku artean. 2. fasea. URAk egingo du.

-Salburuko parkea hedatzea, hezegunearen ondoko bi nekazaritza funts gehituz, zeinek orain kudeaketa pribatua baitute. Administrazio-batzarrekin negoziatzen ari da, IGIk bere gain hartzerik izan dezan horien kudeaketa naturalistikoa.

-Iragazki berde berria sortzea, Arkautiko nekazaritza eskolako hondakin-urak arazteko. Eskolak finantzatuko du proiektua.

– Egurrezko pasabidea trenbidearen gainetik, Eraztun Berdea Nebera gainetik Errekaleor ibairaino lotzeko. Proiektua lantzen ari da. Iliada ibilbidea eta Arkaiatik Gasteizerako bidea lotuko ditu.

 

 

 

 

 Olarizuko lorategi botanikoa

Gaur goizean aurkeztutako proiektuen arteko deigarriena da. Eraztun Berdearen hegoaldean sortu zen lorategi botanikoa, tokiko, eskualdeko, Europako eta munduko landare-biodibertsitatea kontserbatu, ezagutarazi eta agerian jartzeko asmoz. Arboretoak Europako baso mota nagusiak biltzen ditu, eta landare erabilgarrien espazioa ere nabarmentzekoa da. Ez da ahaztu behar Olarizu aisialdirako gunea eta herri-erromeriak ospatzeko tokia ere badela, baita Gasteizko Mendietara eta natur intereseko beste lekuetara sartzeko bidea ere. Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak eta Ingurumen Sailak irudikatutako parke berriak izaera hori areagotuko du, eta zenbait berrikuntza ere egingo dira:

-Sarbide berria. Adurtzako futbol-zelaien atzealdean, Jauregilanda kalean barrena, aparkaleku txiki bat proiektatu da, parkera sartzeko ere balioko duena.

– Pasabidea. Adurtzatik gertu dagoen aintzira gurutzatzeko egurrezko pasabidea jartzea aurreikusi da. “Hartara, parkearen sarrera ikusgarriagoa izango da”, azaldu du alkateak.

– Haztegia. Kotxetegi berriak eraiki ondoren, udal haztegia Olarizura aldatzea aurreikusi du Udalak. “Gainera, herritarrek bisitatu ahalko dute haztegia”, iragarri du Gasteizko alkateak.

-‘Hortus conclusus’ edo landare erabilgarrien lorategi berria. Olarizuko baratzeen zati bat dagoe lekuan jarriko da.

-Landarez hornitutako harmailak. Etxaldearen ondoan, “‘antzoki berdea’ jartzea proposatzen da, herritarrek aire zabaleko kultur jarduerez gozatu ahal izan dezaten, ingurune paregabe batean. Lurra mugituz eskailera-maila moduko batzuk egingo dira, eta esertzeko egurrezko elementuak ere izango ditu”, esan du Gorka Urtaranek.

– Informazio bulegoa. Parkeko interpretazio zentroa Olarizu hiribideko sarbidean jarriko da. Duela urte batzuk EEEren mugikortasun elektrikorako eraikina  izandako egitura jarriko da bertan, orain ez baita erabiltzen —Jose Mardones kalean dago—. EEEk duela bi urte laga zion espazio hori Udalari. 2019an Olarizura aldatuko da, lorategi botanikora doazen bisitariei ongietorria eta informazioa emateko gunea izan dadin. Parke berriko aisialdiko jarduerak kudeatzeko lekua ere izango da; horretaz gain, bizikletak alokatuko dira (orain etxaldean egiten da) eta erakusketetarako zona txiki bat egokituko da.

-Landarezko labirintoa. Europako lorategi eta parke botaniko askotan egon ohi den jolasa proiektatu da: 5.000 metro koadro inguruko labirintoa, bi sarrerarekin. Kanpoaldetik ikusi ahalko dira barruan dabiltzan pertsonak, gorago egongo baita.

– Tirolina eremua. Harrera zentroaren eta labirintoaren ondoan, tirolinak dituen jolas-eremua sortuko da, zuhaitzez zuhaitz “hegan” egiteko.  Jolas, kirol eta turismo jarduera izango da, haurrei zein helduei zuzendua.

-Jolas naturalizatuak. Natur osagai handiko umeentzako jolasgunea gehitzea da asmoa. “Txikienen artean sorkuntza, irudimena eta askatasuna sustatu nahi ditugu, baita naturaren  eta paisaiaren gozamena ere”, alkatearen hitzetan.

– Kafetegia. Etxaldean kafetegia handia jartzea ere aurreikusi da proiektuan.

Alkateak iragarri du proiektuak datorren urtean sustatzen hasiko direla, EEEren eraikina lekuz aldatzetik hasita. Proiektua fasetan egingo da.

Plan horiek guztiak “GASTEIZ BERDEAGOA, HIRIA – NATURA SARE BIZIA.  2018-2030 PLANA” agirian jaso dira, Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi  duena, Eraztun Berdea hobetu eta osatzeko bide-orri gisa.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:33

Udaltzaingoa 30 urteko gizonezko bat ari da ikertzen, alkoholdun edarien eraginpean gidatzeagatik, alkohola hautemateko nahitaezko probak egiteari uko egiteagatik eta ihes egiteagatik.

22:00ak baino minutu batzuk lehentxoago gertatu zen, Arriagako Atearen kaletik nahitaezko argiztapenik gabe eta arraro zihoan auto bat ikusi zuenean zaintza-lanetan zebilen patruila batek. Udaltzainek geratzeko esan zioten, baina gidariak ez zien jaramonik egin, eta, abiadura azkartuta, ihes egin zuen. Hala ere, handik gutxira harrapatu zuten, Gasteizko Taldearen kalean.

Harekin esku hartu zutenean, alkoholdun edarien eraginpean egoteko ageriko zantzuak ikusi zizkioten, eta, hortaz, alkoholemia-probak egin zizkioten. Lehenengo proban, 0,81 miligramoko alkohol-tasa eman zuen botatako aire litro bakoitzeko, baina uko egin zion derrigorrezko bigarren proba egiteari. Ondorioz, bi arrazoiengatiko izapideak egin zizkioten.

Udaltzaingoa atestatu bat ari da izapidetzen. Bertan, 29 urteko gizonezko bat ari dira ikertzen, bide-segurtasunaren kontrako delitua egiteagatik; izan ere, gidabaimenik gabe gidatu zuen. 14:30ak baino pixka bat lehenago, trafiko-istripua izan zuen beste auto batekin, Arriagako Atearen eta Juan de Garai kaleen elkargunean. Bere eta ibilgailuaren dokumentazioa aztertzean, gidabaimenik ez zuela egiaztatu zuten, eta ez duela inoiz eduki.

 

Bi zauritu hainbat istriputan

Azkenengo 24 orduetan, hemezortzi trafiko-istripu erregistratu dira, eta, horietan, bi pertsona zauritu dira.

09:00ak aldera, istripu bat gertatu zen Wellingtongo Dukearen kalean. Bi bizikletaren artekoa izan zen ezbeharra. 19 urteko bizikletari bat zauritu zen, eta, anbulantziak, toki hartan artatu ondoren, Santiago ospitalera eraman zuen.

43 urteko emakume bat zauritu zen 20:00ak aldera, Triana kaleko bidegorrira sartu eta lehentasunez zihoan bizikleta batek jo baitzuen. Santiago ospitalera eraman zuten, anbulantziaz.

Udaltzaingoak hemezortzi salaketa izapidetu zituen, eta sei kasutan aritu zen polizia judizial gisa.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:03

 

 

Udala biomasa estrategia bat zehazten ari da, udalerriko mendietako baso-biomasaren energia bertan aprobetxatzeko

Mendien kudeaketa iraunkorragoa izatea eta baso-eremuaren osasuna bermatzea lortu nahi da

Proba pilotu bat egingo da, Gasteizko galdaretan 500 tona ezpal baliatuz

Gasteizko Udalak biomasa estrategia bat onartu du gaur goizean, udalerriko mendi publikoen baso-biomasaren energia bertan aprobetxatzeko, klima aldaketarekiko egokitzapena, energia-eraginkortasuna eta basoen kudeaketa iraunkorra irizpidetzat hartuta. Ingurumen Sailak, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak eta Udal Eraikinetako Mantentze Zerbitzuak koordinatutako epe luzerako planaren barruan Udalak sustatuko duen lehen neurria proiektu pilotu bat izango da, 500 tona baso-biomasaren errendimendua Gasteizko udalerriko galdaretan probatzeko. Hirian kontsumitzen den energia sortzeko ezpalak baliatzearen bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa aztertzeko ere balioko du 2019an egitekoa den probak. “Hasierako proba horrek benetako informazioa emango digu eredu berriaren funtzionamenduaz, eta etorkizunerako erabaki estrategikoak hartzen lagunduko digu”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Gaur egun, Udalak 13 biomasa-galdara ditu hainbat instalaziotan, zeinetan 1.575 tona pellet baliatzen baita. Datozen urteetan diesel eta gasetik biomasara alda daitezkeen beste 24 instalazio identifikatu ditu Udalak. SmartEnCity proiektuak ere biomasaz elikatutako galdara komunitarioa barne hartzen du.

Hori guztia kontuan izanik, udalerrian orain kontsumitzen diren 2.200 tona biomasatik 10.000 tonara igaroko litzateke arrazoizko epe batean. “Horri gehitzen badiogu Gasteizek 12.000 hektarea baso eta mendi dituela, ikusiko dugu hiriak potentzial handia duela biomasa erregai gisa kontsumitzeko”, esan du Gasteizko alkateak.

“Udalerriko baso-biomasa udalaren ekipamenduak berotzeko baliatzea autohornikuntza iraunkorreko estrategia da, energiaren ikuspegitik gure udalerriaren etorkizuna bermatu dezakeena. Europako Hiriburu Berdea garen aldetik, uste dugu Gasteizek klima-aldaketaren kontrako eta energia berriztagarrien aldeko estrategien abangoardian egon behar duela”, argudiatu du alkateak. “Beti ere kontuan hartuz ematen ditugun pausoek basoen funtzio ekologiko eta sozialak babestea bermatzen dutela, arriskuak minimizatuz, basoak era iraunkorrean kudeatuz eta administrazio-batzarrekin elkarlanean arituz, haiek baitira basoen % 80ren jabeak”.

Biomasaren energia aprobetxamendurako udal estrategia basoen kudeaketa iraunkorrera bideratuko da, energia-aurrezpena enplegu-sorkuntzarekin eta suteen prebentzioarekin uztartuz. Hartara, eraikin publikoak era jasangarriagoan berotu ahalko dira.

Biomasa Kudeatzeko Plana idaztea aurreikusi da, 2030 mugarritzat jarrita, eta Biomasaren Mahaia sortzea, non, Udalaz eta administrazio-batzarrez gain, Hazi, Aldundia, EEE eta Baskegur (Euskadiko egurraren elkartea) egongo baitira ordezkatuta. Jarduerak kudeaketa plan baten bidez antolatuko dira.  Administrazio-batzarrekiko lankidetza funtsezkoa da, Gasteizko mendien % 80ren jabeak baitira. Eragile horiek baso partzuergo baten bidez edo lankidetzako beste formula batzuk baliatuz sar litezke planean.

 

Proiektu pilotua

2019an egitekoa den proiektu pilotuan udal instalazioetako galdaretan 500 tona ezpal erabiltzea aurreikusi da. Lehenengo fasean, merkatuan eskuragarri dauden kalitateko ezpalak erabiliko dira galdaretan probatzeko. Aldi berean, egurra aterako da Udalaren jabetzako mendietatik, kalitateko ezpalak ekoiztearren. Atera, garraiatu, biltegiratu, xehatu eta lehortu ondoren, tokiko ezpala galdaretan probatuko da.

Udalak bere jabetzako konifero basoak identifikatu ditu Gasteizko Mendietan, eta horietatik 360 tona atera litezke datozen bi urteetan. Beste iturri batzuk ere erabil litezke, berdeguneen eta Eraztun Berdearen mantentze-lanetatik lortutako egur hondarrak, esaterako.

Urratsak egin ahala, Udalak hainbat alderdi aztertuko ditu: zikloaren balantze energetikoa eta emisioak, biomasa erabiltzeko modurik onena (ezpala edo pelleta), proiektuaren kudeaketa- eta ustiapen-eredua, eta ziklo osoaren kostu guztien balantze ekonomikoa. Eredu berriarekin lotutako erabaki estrategikoak hartzerakoan ezagutza tekniko handiagoa eta hobea izaten lagunduko du horrek.

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:53

 

Udalaren gizarte etxe, kirol instalazio eta eraikinetan edariak zein bestelako produktuak saltzeko makinak hornitzeko, jartzeko nahiz horiek ustiatzeko kontratua lehiaketara ateratzea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak. Urteko gutxieneko kanona 28.073 eurokoa izango da, udalaren 39 zentrotan zerbitzu hori emateko.

Saltzeko makinen kontratu berriak lau berrikuntza nabarmen izango ditu. Hasteko, makina guztiek A+ energia-ziurtapena eduki beharko dute, elektrizitate kontsumoa txikiagoa izan dadin. Bigarren, edari beroen makinetan bidezko merkataritzako kafea eta kakaoa sartzeko beharra ezarri da; produktu horiek dagoeneko zerbitzatzen ziren udal eraikin nagusietako makinetan, baina ez guztietan.

Hirugarren berrikuntza edalontzirik gabeko produktuak kontsumitzeko aukera da. Makinak aukera hori eskaintzeko programatuko dira, eta erabiltzaileak bere katilua baliatuz gero merkeagoa izango da prezioa; horrela, hondakin gutxiago sortuko dira. Azkenik, kontratu berriak vending sistemetan saltzen diren produktuen kalitatea nabarmen hobetzea ekarriko du.

Udalaren gizarte etxe, kirol instalazio eta eraikinetan 82 saltzeko makina daude; horietako 31n edari beroak eskaintzen dira; beste 31n, edari hotzak; 10etan, igeri egiteko txanoak eta higiene-produktuak, eta 10etan, zizka-mizkak. Besteak beste, eraikin hauetan daude vending makinak: gizarte etxeak, Europa biltzar jauregia, udal kiroldegiak, pilotalekuak, udal langileen bulegoak eta hezkuntza-ekipamenduak.

 

Share

Aurrekoak »