Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  17 abendua 2018 17:00

– “Ikustarazi beharreko historia: emakumeak Gasteizen” ibilbide hezitzailearen aurkezpena.

Parte-hartzaileak: Estibaliz Canto, Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzia, eta Ismael García-Gómez, arkeologoa eta Erdi Aroko Historian doktorea.

Eguna: abenduak 18, asteartea.

Ordua: 10:00.

Lekua: udaletxeko prentsa-aretoa.

————————————————————–

– Eguberrietarako tokiko kontsumoko ibilbide alternatiboak aurkeztea.

Parte-hartzailea: Nerea Melgosa, Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Saileko zinegotzia.

Eguna: abenduak 18, asteartea.

Ordua: 10.15.

Lekua: Aihotz plaza.

————————————————————————

– Olagibel hil zeneko bigarren mendeurrenaren oroitzapenezko ekitaldien amaiera: “Justo Antonio Olagibel, arkitekto ilustratua” liburua eta Plaza Berriaren maketa berreskuratua aurkeztea.

Parte-hartzaileak: Gorka Urtaran, alkatea, eta Ramón Ruiz Cuevas, arkitektoa.

Eguna: abenduak 18, asteartea.

Ordua: 20.00.

Lekua: udaletxeko harrera-aretoa.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:01

Abenduaren 21ean eta 22an eskainiko da kontzertua, Foru Aldundiaren eta Vital Fundazioaren laguntzarekin

 

 

 

Gaur aurkeztu da Principal antzokiaren mendeurrena ospatzeko azken ekitaldia: Arkék abenduaren 21ean eta 22an eskainiko  duen “Al calor del invierno” kontzertua.

Eguberrietako kontzertuan Gasteizko Ganbara Orkestraren interpretazio bikainaz gozatzeko aukera izango da, eta Arabako abesbatzetako ahots handiez (Dzast Ahotsak, Claustrum Armonicum eta Sortilegio). Musika gau atsegingarriak izango dira, zalantzarik gabe, Eguberrietan Principal antzokira hurbiltzen direnentzat. Gainera,  Arabako konpositore goraipatuenetako baten lanaren erabateko estreinaldiaz ere gozatu ahalko dugu: “Glosas al libro Rimado de Palacio”, Francisco Ibáñezena.

Foru diputatu Igone Martínez de Luna eta Vital Fundazioaren zuzendari Josune Albizu ere izan dira aurkezpenean, bi erakunde horiek ekitaldiaren laguntzaile baitira.

Antzokitik nabarmendu dutenez, “amaiera bikaina izango da mendeurrena ospatzeko programa aberats, formatu askotariko eta publikoaren gertuko honetarako, horixe lortu nahi baikenuen San Prudentzioko agertokiaren 100. urteurrena ospatzeko ekitaldi guztiekin”.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:29

Abenduaren 18an jarriko dira salgai hiriko hainbat lekutan San Anton eguneko zozketarako txartelak, 30.000 txartel aurtengoan.

Jarraian adierazitako lekuetan eskura daitezke txartelak: Laboral kutxa bulegoetan, gizarte etxeetan, San Prudentzio egoitzan, Elikagai azokan, La Unión tabernan, La Peña Dulce eta Abendaño dastategian

Aurten ere, zurezko postua egongo da Urrezko Zeledonen plazan (Postetxearen aurrean) urtarrilaren 10etik 17ra, honako ordutegian:

 

  • 2019/01/10-2019/01/16: 11:30etik 13:30era, eta 18:00tik 21:00etara
  • 2019/01/17: 11:30etik 13:30era, eta 16:30etik 18:00etara

Txartelak 0,60 euro balio dute da, eta zozketa urtarrilaren 17an egingo da, arratsaldeko seietan, Udaletxeko udalbatzaren aretoan, San Prudentzio egoitzaren alde.

Ordu erdi geroago, 18:30ean, San Anton Txikiren zozketa egingo da.

 

Arratsalde osoan zehar ekitaldi batzuk antolatuko dira.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:27

Urtaranen gobernuak Gasteizko Udalaren 2019ko ekitaldirako aurrekontu orokorren proiektua erretiratzeko akordioa onetsi du gaur goizean, Gobernu Batzarraren aparteko bilkuran. Kontuak adosteko izandako azken harremanetan oposizioak ez duela negoziatzeko inolako borondaterik egiaztatu ondoren hartu da erabakia, eta indarrean dagoen aurrekontua datorren urterako luzatzea dakar berekin.

 

Ogasuneko zinegotzi Itziar Gonzalok nabarmendu duenez, udal gobernuak badu mekanismorik aurrekontu-luzapenak Udalaren funtzionamendu normalari eragin ez diezaion, ezta agintaldiko proiektu estrategikoen garapenari ere. “Gure asmoa da hemendik aurrera intentsitate berarekin lan egitea azken ekitaldietan gizarte, ekonomia, mugikortasun eta iraunkortasun arloetan martxan jarri ditugun proiektuak aurrera eramateko eta jarraitzeko. Testuinguru honetan, luzapenak ez du hiria gelditzea esan nahi”, nabarmendu du Gonzalok.

Izan ere, luzapenaren bidez normaltasunez beteko dira udal zerbitzu nagusiei dagozkien gastu arruntak, baita kontratuei dagozkienak ere, aurreikusitako eguneratzeekin. “Orobat, 2018ko aurrekontuan aurreikusitako inbertsio-proiektuen betebehar eta konpromiso ekonomikoak beteko ditugu, horietarako baliabide ekonomikoak beste erakundeekiko hitzarmenen bidez lotu baitira. Proiektu horietarako epe eta zenbatekoak ez daude arriskuan”, azaldu Itziar Gonzalok, eta erantsi du gobernu-taldeak lanean jarraituko duela hiriarentzat estrategiko diren proiektuetan akordioak lortzeko.

“Ez dute eragotziko gure helburuak betetzea, hau da, Gasteizko garapen ekonomikoa bultzatzea, gizarte kohesioa ahalbidetzea, hazkunde jasangarria sustatzea eta bizilagunen ongizatea bermatzea”, esan du gobernuko zinegotzi eta PSE-EEren Ogasuneko bozeramaile Estíbaliz Cantok.

Aurrekontu-proiektua erretiratzeak jarri dio amaiera negoziazio prozesuari. Lehen fasean, kontuak aurkeztu aurretik, talde politiko guztiei eskaini zitzaien aurrekontu-proiektuan partida irekiagoak sartzeko aukera, oposizioaren proposamenak kontuan hartze aldera. Talde batzuek ez zuten aukera hori onartu; Bilduk eta PPk, berriz, ez zioten uko egin aurrekontua aurkeztutakoan negoziatzeari.

Bigarren negoziazio-faseaz, Itziar Gonzalok PPren “ekintza esperpentikoa” aipatu du. “Lehenengo bileran, talde horrek esan zuen proposamen bat helaraziko zuela, eta azkenean ez zuen aurkeztu. Bigarren bilera bertan behera utzi zuten, eta bi hilabete lehenago ordenantza fiskalei buruz hartutako akordioa hautsi, beren jokabidea justifikatzeko aitzakia zentzugabeak argudiatuz”, gogorarazi du Gonzalok.

Bildurekin izandako kontaktuei dagokienez, Ogasuneko zinegotziak deitoratu du talde horren borondate bakarra udal kudeaketa geldiaraztea zela. “Lehenengo bileran negoziatzeko borondate faltsua irudikatu ondoren, haiek planteatutako helburuetan oinarritutako proposamen bat egin genien, 2019ko aurrekontuan sar zitekeena. Bigarren bileran, hiria eraldatzeko proiektuak —esaterako lurperatzea— baztertzea zekarren proposamena aurkeztu zuen Bilduk, eta enpleguaren alorrean gauzatu ezineko proposamenak. Hirugarren bileran, ia ezinezkoa gertatu zen gobernu-taldearen azken proposamenari heltzea, zeinean Bilduk egindako planteamenduetako batzuk onartzen baitziren, adosteko eta ez geldiarazteko jarrera batetik. Bilduk hamar minuturen buruan alde egin zuen bileratik, haren asmo bakarra blokeatzea zela erakutsiz”, erantsi du Ogasuneko zinegotziak.

Estíbaliz Cantoren hitzetan, “oposizioko taldeek ez dute erantzukizuna beren gain hartu nahi izan, eta ezetz esan diete azken urteetako aurrekontu onenei. Uko egin diete inbertsioetarako, hiri proiektuetarako eta pertsonen eskubideak eta ongizatea bermatzeko 388 milioi eurori. Esate baterako, kontuen % 11 gizarte politiketarako zen. Hala ere, argi geratu behar da aurrekontuak erretiratzeak ez duela hiria geldituko, horixe baita oposizioaren asmoa”.

Hauteskundeen aurreko giroan oposizioak erakutsitako jarrera ikusirik, 2019ko aurrekontu-proiektua erretiratzea erabaki da. “Gobernu honen lana gauzen politika da, ez politikaren gauzak. Ez gaude prest denbora galtzeko batzordean agiri ekonomiko bat eztabaidatzen, talde politikoek negoziazioan iragarri dutenez aurka agertzeko asmoa badute. Jarrera horrekin oposizioak ez du udal gobernua zigortzen, Gasteizko herritarrak baizik”, azpimarratu du Ogasuneko zinegotziak.

Urtaranen gobernuak gogorarazi du luzapenak, besteak beste, eragotzi egingo duela sail guztietan gastu ahalmen handiagoa zekarren aurrekontu bat (oraingoa baino % 6,5 gehiago) abian jartzea. 2019rako kontuen proiektuan bi alderdi nabarmentzen ziren: inbertsio-asmoa (36 milioi eurotik gora, 2018an baino % 27,5 gehiago) eta enpleguaren aldeko apustua (zuzeneko 545 enplegu inbertsioaren bidez, 400 kontratazio enplegu-planen bidez, eta 60 agente berri). 2019ko aurrekontuen ardatz estrategikoetako batzuk adinekoentzako bizi-kalitatea, familien beharrak eta gizarte eta osasun alorretako kolektiboak ziren. “Beraz, aurrekontu-proiektu ona aurkeztu izanaren lasaitasuna dugu, eta akordioa lortzeko ahalegin egiazkoa egin izanarena“, amaitu du Itziar Gonzalok.

 

Share