Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  4 abendua 2018 17:00

– Udal Folklore Akademiaren “Txistuka Berria” material didaktikoaren aurkezpena.

Parte-hartzaileak: Estibaliz Canto, Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzia; Roberto Álvarez, Udal Folklore Akademiako burua; Jimmy Vidaurreta, Udal Folklore Akademiako moldatzailea, eta Gorka Hermosilla, Euskal Herriko Txistulari Elkartearen Arabako ordezkaria.

Eguna: abenduak 5, asteazkena.

Ordua: 11.00.

Lekua: udaletxeko prentsa-aretoa.

————————————————————-

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. abenduak 5, asteazkena

Ordua. 11:30.

Lekua: udaletxeko prentsa-aretoa.

————————————————————-

LHko ikasleentzako Ikasenpresa biltzarraren amaiera-ekitaldia eta sarien banaketa; Tknika berrikuntza zentroak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatzen dute hori, Gasteizko Udalaren laguntzarekin.

Parte-hartzailea: Nerea Melgosa, Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Saileko zinegotzia.

Eguna: abenduak 5, asteazkena.

Ordua: 13.00.

Lekua: Europa biltzar jauregia – Francisco de Vitoria aretoa.

————————————————————

Gazte Klik Klak lehiaketaren sarien banaketa eta erakusketaren inaugurazioa.

Parte-hartzaileak: Iñaki Prusilla, Gazteria zinegotzia.

Eguna: abenduak 5, asteazkena.

Ordua: 19.00.

Lekua: ZAS Kultur (Hedegile kalea, 84).

————————————————–

2018ko Ardoarabaren inaugurazio-ekitaldia.

Parte-hartzailea: Nerea Melgosa, Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Saileko zinegotzia.

Eguna: abenduak 5, asteazkena.

Ordua: 19.00.

Lekua: Foru plazan jarritako karpa.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:42

 

 

 

 

 

 

Eraztun Berdearen 25. urteurrena ospatzen den urtean, Gasteizko Udalak Evelio Lobera omendu du, ia lan-bizitza osoan (1978-2009) udal langilea izandako horrek gerriko berdearen proiektu esanguratsuenetako batzuk sustatu baitzituen. Haren lana eta ahalegina bereziki garrantzitsuak izan ziren Salburuko eta Zabalganeko parkeak sortzeko.

 

 

 

 

 

 

 

Gaur eguerdian udaletxean egindako harrera-ekitaldian, Gorka Urtaran alkateak zorionak eman dizkio Loberari, “bizitza guztian bere taldearekin egindako lanagatik Gasteizek ingurumenaren eremuan hobera egiteko, batez ere herrietan zehar”. Alkateak, gainera, azpimarratu nahi izan du “Udaletxe honetan arrakastatsu izan den binomioa. Alde batetik, politikaren eremutik ingurumena bultzatzeko eta horrela hiritarren bizi klitatea hobetzeko; baina baita talde teknikotik egindako lana ideia horiek gero ekimen konkretuetan bihurtzeko” .

 

 

 

 

 

 

ACOVI-Gasteizko Kontzejuen Elkartearen lehendakari Miren Fernández de Landa eta José Ángel Cuerda alkate ohia ere izan dira ekitaldian; azken horrek gogoratu du Eveliok animatu zuela Salburuko aintzirak berreskuratzen hasteko, hiriak han zuen altxor ekologikoaz oso jende gutxi jabetzen zen garaian. Gaur, 25 urte geroago, Eraztun Berdeak aitorpenak jasotzen ditu etengabe, esate baterako, joan den astean alkateak jasotakoa, Madrilen egindako Ingurumenaren Biltzar Nazionalaren barruan.

 

 

 

 

 

 

 

 

Nekazaritza Eremuaren Zerbitzuko, Ingurumen Saileko zein Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko berrogeita hamar lankide inguru bildu dira Evelio Loberari egindako omenaldian, baita administrazio-batzarretako ordezkariak eta senideak ere. Loberak biziki eskertu du aitorpena, eta adierazi du “talde txiki eta erosoa izan dela beti Nekazaritza Eremuaren Zerbitzua”.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:37

Maialen Lujanbio, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Beñat Gastelumendi, Igor Elortza, Sustrai Colina, Unai Agirre eta Aitor Mendiluzek zurrumurren aurkakoa bertso-saio eskainiko dute, Udalak eta Aldundiak bizikidetzaren arloan sentsibilizatzeko  dituzten programen baitan.

 

Doako ekitaldia Europa jauregian egingo da abenduaren 18an, Migratzaileen Nazioarteko egunean.

 

Gasteizko Udaleko Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuak eta Arabako Foru Aldundiak ekitaldi berezi bat antolatu dute abenduaren 18an Migratzaileen Nazioarteko Eguna ospatzeko: bertso-saioa. Bertan izango dira Maialen Lujanbio (2017ko bertsolari txapelketako irabazlea), Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Beñat Gastelumendi, Igor Elortza, Sustrai Colina, Unai Agirre eta Aitor Mendiluze finalistak. Ekitaldia doakoa izango da, eta Europa jauregiko Maria de Maeztu Auditoriumean izango da, 19:00etan.

Aintzane Irazusta arituko da gidari, eta auzoetako eguneroko bizikidetzarekin loturiko gaiak jorratuko dituzte, zurrumurru, estereotipo negatibo eta bazterkeriarik gabeko gizartea aldarrikatuko dutelarik.

Agintaldi honetan zurrumurruen kontra sustatutako estrategiaren baitako ekimena da. Bizikidetza eta Aniztasuneko zinegotzi Nerea Melgosak nabarmendu egin du “askotariko pertsonen inplikazioa, haiek baitira ekimen honen benetako potentziala arlo askotara iritsi ahal izateko. Hainbat arlotako ordezkariek hartzen dute parte: hezkuntza formala eta ez-formala, elkarteak, osasuna, auzo elkarteak eta atzerriko jatorria duten pertsonen elkarteak. Zalantzarik gabe, hori aberasgarria da estrategiarentzat, agente horiek ikasitakoa beren lan-esparruetan zabaldu eta  errepikatzen duten neurrian. Bertso-saioaren bidez, gure hizkuntza baliatzen dugu estrategia eta konpromiso hau ezagutarazteko aukera bikain gisa”

Gasteizko zurrumurruen kontrako estrategia 2016ko amaieran hasi zen garatzen, gizartean migrazioari eta atzerritik etorritakoei buruz dauden estereotipo negatiboak eta zurrumurru faltsuak desaktibatu nahi dituzten pertsonen sareak osatzeko helburuarekin. Sentsibilizazio jardueren bitartez, zurrumurru horiek geldiaraztea da asmoa, jarrera baztertzaile eta xenofoboak sorrarazten baitituzte, eta aniztasunezko bizikidetza zailtzen.

Arabako Foru Aldundia, berriz, 2016ko ekainean sartu zen ZAS! Zurrumurruen Aurkako Sarean, lurraldeko herrietan bizikidetza sustatzeko estrategia burutzeko, eta, horrenbestez, ikusarazi egin nahi du arabarrek ez dutela hemen bizi diren migratzaile eta errefuxiatuen inguruan dauden zurrumurru, gezur eta aurreiritzi xenofoboekin nahas ditzatela uzten.

Abenduaren 18ko bertso-saioa dela eta, Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatu Igone Martinez de Lunak adierazi du “aski ezaguna da bertsolaritzak darabiltzan gizarte-gaien bidez egiten duen lan-soziala, eta horrek balio erantsia ematen dio ariketari. Hain zuzen ere, gizarte-gaiak lantzeko duen modu bereziagatik, gizarteak berak hausnarketak egiten baitizkio gizarteari, egoki deritzogu gizartea sentsibilizatzeko duen ahalmena baliatzeari“.

Doako garraio zerbitzua eskainiko da, aurretiaz izena emanda, Arabako beste herrietakoek ere interesik izanez gero etortzerik izan dezaten.

Argibide gehiago 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:52

 

2019ko otsailaren 21ean, 22an eta 23an izango da

Antolatzaileek uste dute 80.000 bat bisitari erakarriko dituela

 Gasteizko Umbra Light jaialdiak argiz eta artez beteko ditu Arabako hiriburuko leku publiko eta eraikin ezagunenak, 2019ko otsailaren 21ean, 22an eta 23an, eta, horrela, hiria eta lurraldea erreferente izango dira turismo, kultura eta teknologia arloan. Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak babestutako ekitaldi honekin batera, kulturarekin lotutako eta profesionalentzako programa bat izango da.

Maider Etxeberria Eusko Jaurlaritzako Turismo Saileko zuzendariak, Cristina González Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismoaren Sustapenaren Saileko diputatuak eta Iñaki Prusilla Gasteizko Udaleko Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Saileko zinegotziak aurkeztu dute gaur jaialdi hau, ekitaldia antolatuko duen Argia kultura elkarteko zuzendariekin batera: Joaquín Pérez-Goicoechea, Rafael Gallego eta Carlos Torrijos.

Gasteizko Umbra Light jaialdiaren helburua da Arabako urteroko ekintzen programan izatea. Jaialdiaren lehenengo edizioa 2019ko otsailaren 21ean, 22an eta 23an izango da eta lema: Hiri argiak. Hiri paisaia berriak, eta xedea izango da hiriaren hiri eta natura ondare baliotsua beste ikuspegi batetik ikusaraztea, argia erabilita arte esku-hartzeak eginez.

Horretarako, hiriko erdialde historikoko eta zabalguneko hamabost bat leku eta eraikinetan tamaina handiko argi eskulturak izango dira eta mundu osoko artistek diseinatutako proiekzioak eta, horrela, arte ibilbidea osatuko da hirian. Argia izango da lanen protagonista nagusia, baina mugimenduz, musikaz eta bestez osatutako konposizioak ere izango dira.

Antolatzaileek uste dute argi eskulturek eta proiekzioek 80.000 bat pertsona erakarriko dituztela jaialdiak irauten duen hiru egunetan.

“Argi eta arte ibilbide honek aukera emango digu hiriko eguneroko tokiak berrezagutzeko eta orain eta etorkizunean Gasteizek, Arabak eta Euskadik izan behar dituzten balio gakoak jorratu eta indartzeko: natura eta ingurumena, ondarea eta artea, teknologia eta berrikuntza, eta gizarte konpromisoa”, azaldu du Maider Etxebarriak, Eusko Jaurlaritzako Turismo Saileko zuzendariak.

 

Cristina Gonzálezek, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Saileko foru diputatuak, esan duenez, Umbra Light jaialdiak “hirian eta lurraldean mugimendua sortuko du behe denboraldian; turismo sektorean urtarokotasuna murrizten lagunduko du, eta eragin positiboa izango du gure hotel eta landetxeetan, taberna eta jatetxeetan, eta merkataritzan”.

Bestalde, Iñaki Prusilla Gasteizko Udaleko Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Saileko zinegotziak nabarmendu duenez, “jaialdiak erreferente izan nahi du nazioartean, teknologiarekin eta argiztapenarekin lotutako arlo esperimentalean”. Ekitaldi honek, hirian egiten diren beste askok bezala, erakusten du hiria prestatuta dagoela maila goreneko ekitaldiak hartzeko, besteak beste, saskibaloiko Final Four, Michelin Hirien Kongresua edo IWINETC nazioarteko enoturismo kongresua. 2019 urte borobila izango da Gasteizen”.

Nazioarteko oihartzuna

Gasteizko Umbra Light jaialdiari esker, hiriaren izena hogei bat herrialdetan entzungo da, ILO (International Light Festival Organization) delakoaren sustapenaren bitartez. Nazioarteko plataforma horrek argiztapen jaialdiak antolatzen laguntzen du, ikerkuntzan aritzen da eta horien berri ematen du, eta bi argitalpen espezializatu digital kaleratzen ditu Espainian, Europan eta Iberoamerikan.

Hain zuzen ere, Argia kultura elkarteko zuzendariek azaldu dutenez, umbra hitza aukeratu dute jaialdiaren izenerako eta nazioartean sustatzeko marka sortzeko, “argiarekin lotutako esanahia duelako (itzala) eta 2.000 milioi hiztunek baino gehiagok ezagutzen dutelako edo ulertu dezaketelako. Izan ere, hitz hori elkarrengandik oso ezberdinak diren hainbat hizkuntzatan aurki dezakegu: ingelesa, frantsesa, alemana, malaysiera eta norvegiera”.

Joaquín Pérez-Goicoecheak, Rafael Gallegok eta Carlos Torrijosek uste dute Gasteizko Umbra Light jaialdiaren lehen edizioak eta bertan hiru egunetan izango diren argi eskulturek eta proiekzioek 80.000 ikusle izango dituztela: batez beste, 27.000 ikusle egunean. “Edonorentzako ekitaldia da, bereziki familientzakoa, eta gasteiztarrek, arabarrek eta beste erkidego batzuetako bisitariek izugarri gozatuko dute”.

Argiztapen jaialdiak kultura eta teknologia ekitaldiak dira; laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran hasi ziren egiten, eta gero eta zabalduago daude. Europan, Asian, Ameriketan eta Ozeanian hamaika dira era honetako ekitaldiak urtero antolatzen dituzten hiriak. Europako hiriak adibide jarriz gero, Lyon, Amsterdam, Helsinki, Eindhoven eta Durham aipatu behar ditugu, hainbat edizio arrakastatsu egin baitira hiri horietan.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:44

Halaber, dokumentuak faltsutzeagatik eta egoera zibila usurpatzeagatik ere ar¡ dira horiek ikertzen

Udaltzaingoak hiru pertsona (42 eta 34 urteko bi gizon eta 27 urteko emakume bat) atxilotu zituen atzo, etxebizitzetan ahalegin-mailan lapurreta-delitua egitea egotzita, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak etxebizitzetako lapurretei aurre egiteko elkarrekin abiatu duten operatibo baten esparruan.

Zaintza horietaz arduratzen diren agenteek Manuel Iradier kaleko atari batean ikusi zituzten pertsona horiek atzo goizean. Gizonak sarraila plastikozko orri batzuekin manipulatu eta barrura sartzen ziren bitartean, emakumeak bide publikora begiratzen zuen, zaindari-jarrerarekin.

Higiezinetik irten ondoren, aurretik aztertuta zirudien ibilbidea egin zuten hiru pertsonek, eta beste atari batean amaitu zuten, gauza bera egiteko asmoz, baina ez zuten lortu. Bidetik, etxebizitzetako ateak “irristadaren” metodoaren bidez irekitzeko erabiltzen zituzten orriak bota zituzten.

Orduan, uniformedun patruilak bertaratzea eskatu zuten jarraika zituzten agenteek, horiek atxilotzeko. Ustezko lapurrek eskularruak eta ateei irekita eusteko ziri bat zeramatzaten. Gainera, sartu ziren higiezineko atezain automatikoko botoi batzuk eta hainbat etxebizitzatako ateak markatu zituztela egiaztatu zuen Udaltzaingoak.

Gaur goizean, epailearen esku utzi dituzte atxilotuak, izapideak egin ondoren. Horietan, dokumentuak faltsutzeagatik eta egoera zibila usurpatzeagatik ere ar¡ dira horiek ikertzen, beste pertsona batzuen plantak egin baitzituzten.

Gidabaimenik gabe gidatzen

Udaltzaingoak, halaber, beste 15 trafiko-istriputan hartu zuen esku atzo; haietan, ez zen zauriturik egon. Dena dela, 29 urteko gizon bat ari dira ikertzen, Buesa Arenako aparkalekuan gidabaimenik gabe gidatzeagatik.

Instalazio horretako aparkalekuan auto bat arraro zebilela ikusi zuen patruila batek. Instalazioan, haurrentzako ekitaldi bat ari ziren egiten, eta trafiko handi samarra zegoen. Maniobra arraroak egiten ari zenez, udaltzainek gerarazi egin zuten. Bere eta ibilgailuaren dokumentazioa aztertzean, gidabaimenik ez zuela eta praktikak egiten ari zela ikusi zuten (ez du inoiz atera gidabaimena). Diligentziak bideratu zituzten, Guardiako Epaitegian izapidetu zitezen.

Udaltzaingoak 24 salaketa izapidetu zituen, eta kasu batean aritu zen polizia judizial gisa.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:39

 

 

 

 

 

 

 

Miel A. Elustondok idatzitako lanak 120 orrialde ditu, eta koloretako argazkiak 

 Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak argitaratu dute ‘Izaskun Arrueren urratsen atzetik’ liburua, Miel A. Elustondok idatzia. Gaur goizean aurkeztu da liburua Oihaneder Euskararen Etxean. Horren bidez, omenaldia egin nahi zaie, batetik, XX. mendearen hasieran euskaraz eskolaratzea sustatu zutenei eta, bestetik, Gasteizko lehenengo andereñotzat jotzen denari. Aldi berean, Arrue Gasteiz eta Arabaren euskalduntzea sustatzen hasi zeneko garaia ere aztertzen du argitalpenak.

Hain zuzen ere, 1963 abenduaren 4an hasi zen Izaskun Arrue euskaraz eskolak ematen ume talde txiki bati, bere etxean bertan (Zerkabarren kaleko 9.ean). Erregistroen arabera, garai hartan Gasteizen euskararen alde egindako lehen jardueretako bat izan zen hori, eta hirian zein lurraldean euskara berreskuratzeko mugimenduaren hazietako bat. Gerra aurretik euskara ikasten hasi ziren pertsonen garrantzia ahaztu gabe, jakina. Haien seme-alabak izan ziren Arrueren lehen ikasleak, hain zuzen.

Izaskun Arrueren figura abiapuntutzat hartuta, azken hamarkadetan Arabako eta Gasteizko euskararen historia laburtzen du egileak. Hainbat protagonistaren berri ematen du: Pilar Landaburu, Andoni Perez Cuadrado, Isabel López de Uralde, Pedro Anitua, Ramón Narbaiza, Peli Romarategi, Andoni Urrestarazu, Peli Presa, Peli Martin, Juan Enekotegi, Jose Antonio Arriola, Terese Urrestarazu, Rafa Etxegarai, Felix Razkin, Pako Eizagirre, Jose Maria Allur, Pruden Sudupe, Eusebio Osa…  Baita zenbait proiektu eta lekuren berri ere: Errepublikako ikastola, Ramiro de Maeztu, apaizgaitegia, Estibalizko santutegia, Jesus Obrero…

Gasteizko lehenengo andereño gisa ezaguna izan arren, Izaskun Arruek beti azpimarratzen zuen ikasleen gurasoen ahalegina. Arrue hil zenean, 2016an, sortu zen liburua argitaratzeko ideia, eta orduan hasi zen egilea haren istorioak aztertzen. ‘Izaskun Arrueren urratsen atzetik’ liburuan jaso dira orain, 120 orrialdetan eta koloretako argazkiez hornituta; 12 euroan jarriko da salgai liburu-dendetan.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   09:23

 

Gorka Urtaran audioa

 

Hasteko, Bustaldean (Aretxabaleta) eta hiriko beste alderdi batzuetan hutsik dauden 40 etxebizitzatik gora birgaituko dira planaren barruan, gehien bat gazteentzat

 Alokabidek eta 21 Zabalguneak lantalde bat osatuko dute, ekimenaren barruan zein etxebizitza sar daitekeen aztertzeko, fasetan egingo baita

 

Duela bi aste iragarri zen bezala, Alkate Gorka Urtaranek eta Etxebizitza sailburu Iñaki Arriolak bilera egin dute gaur, Gasteizko Udalak hutsik dauden udal etxebizitzekin lotuta egindako proposamena aztertzeko, horiei irtenbidea eman eta etxebizitza sozialen eskaerari erantzutearren.

Erabiltzen ez diren zenbait etxebizitza Eusko Jaurlaritzaren esku jartzea proposatu dio alkateak sailburuari, batez ere gazteentzako etxebizitza programetarako baliatu ditzan. Gorka Urtaranen ustez, “oso albiste ona da hiriarentzat” , eta Eusko Jaurlaritzaren harrera eskertu du. “Garai batean sustatu zen etxebizitza politikaren ondorioz, Udalak hutsik eta egoera eskasean dauden hainbat etxe ditu. Ekimen honen bidez, etxebizitza horiek baliatuko ditugu eta, gainera, legez kanpoko okupazioak eragotziko”, azpimarratu du alkateak.

 Hasteko, 40 etxebizitzek baino gehiagok osatutako multzo bat aipatu du alkateak, zeinak Aretxabaletan eta hiriko beste alderdi batzuetan baitaude. Eusko Jaurlaritzak birgaitzeko gastuak ordainduko ditu, eta inbertsioa alokairuen bidez konpentsatuko da.

Bilera amaitutakoan, sailburuak iragarri du Alokabidek eta 21 Zabalguneak lantalde bat osatuko dutela, ekimenaren barruan zein etxebizitza sar daitekeen aztertzeko, fasetan egingo baita.  Dagozkion hitzarmenak sinatuko dira etxebizitza multzo bakoitzeko. Arriolak bi erakundeen inplikazioa eta konpromisoa nabarmendu du, “lanari ekingo baitiogu epe motzera emaitzak aurkezteko.”

Udal gobernuak sustatu duen Etxebizitza Planaren barruan sartzen da ekimena, behar hauei erantzun nahian:

  • Udalak erantzuteko ahalmen handiagoa izatea  gizarte larrialdietako egoeretan, esaterako genero-indarkeria,  etxegabetzeak, adingabeak dituzten familien bizitegi-bazterketa larria…, edo ostatu emateko edo ostatu berria emateko etxebizitzak behar diren beste egoera batzuk.
  • Udalak bizileku bitartekoak eduki ahal izatea gazteen eskaerei erantzuteko, haien ahalmen ekonomikoariegokitutako alokairuak behar baitituzte.
  • Etxebizitza multzo bat Eusko Jaurlaritzaren esku jartzea, haren etxebizitza planen beharrei erantzuteko.

Proiektuak bat egiten du 3 B-en filosofiarekin —espazio publikoak berpiztea, eraikinak berrerabiltzea, eta bizitza ekonomiko eta soziala biziberritzea—, zeina agintaldiaren hasieratik garatu baitu Urtaran alkateak, eta beste plan batzuetan ere kontuan hartu baita, Erdigunerako Masterplanean, esaterako.

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   07:12

Udaltzaingoak hiru gazte frantziar identifikatu zituen atzo, Txagorritxu inguruan aparkatutako hogeita hamar bat ibilgailutan kalteak eragiteagatik. Hezkuntza-arloko programa europar bateko ikasle gazteak dira (Gasteizko zentro batean daude ikasten).

Igande goizaldean 04:00ak baino pixka bat beranduago 092ra egindako dei batek eman zuen gertaeren berri, eta, beraz, ingurura bertaratu zen patruila bat. Bada, hiru gazteak topatu zituen, ibilgailuetatik erauzitako atzerako ispilu batzuk gainean zeramatzatela. Halaber, beste auto batzuen beira-garbigailuetan ere kalteak egin zituztela egiaztatu zuten udaltzainek.

Agirrelandatik, gazteen arduradun batekin jarri ziren harremanetan. Arduradun horrek jatorrizko zentroko zuzendariari eman dio gertaeren berri, gurasoengana heldu dadin eta horiek beren gain har ditzaten kalteen zenbatekoak.

Hiru urteko haur bat harrapatu dute

Udaltzaingoko atestatu-talde bat istripu baten inguruabarrak ikertzen ari da. Istripua larunbatean gertatu zen, 20:00etan, Zadorra hiribidearen eta Agirrelanda kalearen arteko bidegurutzean. Bertan, ibilgailu batek 3 urteko haur bat harrapatu zuen, eta zauritu egin zen. Bada, Gurutzetako ospitalera eraman zuten.

Ostiralean, Santa Maria kalearen eta Gasteiz kalearen arteko bidegurutzean, auto batek oinezko bat harrapatu zuen; izan ere, 11 urteko neskato bat korrika atera zen, eta ibilgailu baten aurrealdearekin egin zuen talka. Txagorritxu ospitalera eraman zuten anbulantziaz.

Larunbatean, 52 urteko bizikletari bat zauritu zen, auto baten aurka talka egin zuelako Gamarrako Atearen eta Zumarren hiribidearen arteko elkargunea erregulatzen duen biribilgunean. Autoko gidariak ez zuen errespetatu pasatzen uzteko seinalea, eta bizikletak, lehentasunez zihoala, talka egin zuen autoaren kontra. Larrialdietako zerbitzuek bizikletaria artatu zuten, eta Txagorritxu ospitalera eraman.

14 urteko beste bizikletari bat zauritu zen atzo, auto batek kolpatu baitzuen, Andaluzia eta Madril kaleen elkargunean zebra-bide bat zeharkatzen ari zela. Adingabea bizikletatik erori zen, eta Txagorritxu ospitalera eraman zuten anbulantziaz.

Alkoholemia-tasa laukoiztu du

Udaltzaingoa atestatu bat ari da izapidetzen. Bertan, lau gidari ari dira ikertzen, bide-segurtasunaren kontrako delituak egiteagatik: hiru alkoholaren eraginpean gidatzeagatik eta, laugarrena, gidabaimenik gabe gidatzeagatik.

Poliziaren lehenengo esku-hartzea ostiralean izan zen, auto bat Errege Atean arraro zirkulatzen ari zela ohartarazi zuenean 092ra egindako dei batek. 42 urteko gidariak, alkoholemia-proban, 1,01-1.03 miligramoko alkohol-tasa eman zuen botatako aire litro bakoitzeko.

Atzo goizaldean, auto batek Tomas Zumarraga Dohatsuaren kaleko 82. zenbaki inguruan aparkatutako bost ibilgailuren kontra egin zuen talka. Gidariak, 33 urteko gizonezkoak, positibo eman zuen alkoholemian.

37 urteko gidari batek trafiko-istripua izan du gaur goizaldean, astelehenean, Madril kalean. Nahitaezko alkoholemia-proban, 0.67-0.60 miligramoko alkohol-tasa eman du botatako aire litro bakoitzeko.

Udaltzaingoa, halaber, 39 urteko gizonezko bat ari da ikertzen, gidabaimenik gabe gidatzeagatik. Prebentziozko alkoholemia-proba batean gerarazi zuten, Ortiz de Zarate kalean, eta, bere dokumentazioa nahiz ibilgailuarena aztertzean, gidabaimenik ez zuela egiaztatu zen. Hortaz, Guardiako Epaitegian bideratzeko izapideak egin ziren.

Asteburuan, prebentziozko bost alkoholemia-kontrol egin ditu Udaltzaingoak hirian, eta, horietan, ehun bat gidariri egin zaizkie alkoholemia-probak. Horietako batek eman du positibo, eta administrazio-bidean salatu zen.

Asteburuan, beste 37 trafiko-istriputan hartu du esku; haietan, ez da zauriturik egon. Bestetik, 35 salaketa izapidetu ditu, eta 22 kasutan jardun du polizia judizial gisa.

Farola bat erortzear

Suhiltzaileek esku hartu dute bart gauerdian, erortzeko arriskua zuen farola bat kentzeko, Iturritxu kalean. Atzo, paper- eta kartoi-edukiontzi batean piztutako sua itzali zuten Madril kalean, bai eta Txirula kalean kea zerion paperontzi batekoa sua itzali ere.

Ostiralean, Okina eta Sasetaren artean galdutako bizikletari bat topatzeko hartu zuten esku. Hiru ordu eta erdi bilatzen igaro ostean, bidetik kanpo topatu zuten, 20:00ak aldera, zegoen tokitik egin zituen argizko seinaleei esker.

Share