Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  18 abendua 2018 20:47

Gaurtik aurrera, Plaza Berriaren maketa bat ikusi ahalko da udaletxean, arkitekto gasteiztarraren ondarea gogoratzeko

Gorka Urtaran alkateak, Udalbatzako ordezkariek eta hiriko arkitektoek, besteak beste, urrezko amaiera  eman  diete gaur Olagibel hil zeneko bigarren mendeurrenaren oroitzapenezko ekitaldiei,  “Justo Antonio Olagibel, arkitekto ilustratua” liburua aurkeztuz, zeina Ramón Ruiz Cuevas arkitekto gasteiztarrak idatzi baitu.  Gainera, Plaza Berriaren maketa bat ikusi ahalko da udaletxean gaurtik aurrera, arkitekto gasteiztarraren ondarea gogoratzeko, alkateak iragarri zuen bezala. Izan  ere, Udalak Plaza Berriaren maketa bat berreskuratu du, era jarraituan erakusteko, udaletxera bertara doazen milaka bisitariek ikusterik izan dezaten.

“Olagibelen Plaza Berria Gasteizko gunerik enblematikoenetako bat da, eta Europako plaza nagusi ospetsuenetako bat. Alamedako Markesaren enkarguz egindako lan hori hiriak etorkizunean izango zuen hegoalderako zabalkundearen abiapuntu izan zen, eta harresietatik kanpo eraikitako lehenengoa“, gogoratu du Gorka Urtaranek. Garai neoklasikoko arkitektorik aintzatetsienen artean kokatzen den horrek izan zuen eta izaten jarraitzen duen papera nabarmendu du.

Hain zuzen ere, 1781eko abenduaren 18an sinatu zituen Olagibelek Plaza Berriaren planoak, eta Gasteizko Udalak egun horretan amaitu nahi izan du haren oroitzapenezko urtea izandakoa. Esan bezala, Justo Antonio Olagibel (1818-2018) hil zeneko bigarren mendeurrena gogoratu da aurten, beste ekitaldi askoren artean. Gasteizen hedapenari eta gaur egun zabalgune modernoa deritzogunari egindako ekarpenagatik da ezaguna arkitekto gasteiztarra.

Haren lanek aitorpena lortu dute nazioartean, bereziki Plaza Berriak eta Arkupeek, terraza eta plataforma mailakatuak baliatu baitzituen Erdi Aroko hirigunearen eta hiriaren hego alderanzko zabalgunearen arteko aldapa handia gainditzeko konponbide gisa.

Gaur arratsaldeko ekitaldiak otsailean abiarazitako jarduera-programa oso bati eman dio amaiera, orduan bigarren mendeurrenaren oroitzapen-xafla bat desestali baitzen; gerora, hitzaldiak, bisita gidatuak eta egilearen dokumentuen eta haren lanen argazkien erakusketa bat  (“Olagibelen Gasteiz”) egin dira, “Justo Antonio de Olagibel. Haren lana ezagutzeko modu dibertigarria” koaderno didaktikoa argitaratu da,  eta aire zabaleko “Vitoria-Gasteiz” pintura lehiaketa ere hari eskaini zitzaion. Jarduera horietan eta beste batzuetan Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko Arabako Ordezkaritzak lagundu du.

 

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:00

-’10 urtez tranbia Gasteizen’ jardunaldia.

Parte-hartzaileak: Gasteizko alkate Gorka Urtaran, eta probintziako zein erkidegoko agintariak.

Eguna: abenduak 19, asteazkena.

Ordua: 9.30.

Lekua: Europa jauregia.

———————————————————–

– 2018ko San Silvestre lasterketaren aurkezpena eta rokodromoen zerbitzuari buruzko informazioa

Parte-hartzaileak: Estibaliz Canto, Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzia; Andrés Sanchez eta Mikel García Zurbano, Arabako Atletismo Federazioko lehendakaria eta Antolakuntzen arduraduna, hurrenez hurren; Kepa Koldo Ortiz de Urbina, Laboral Kutxako Komunikazio, Babesletza eta Gizarte Ekintzako lurralde arduraduna eta Izaskun Arriaran, “Salvamento Marítimo Humanitario – SMH” elkarteko zuzendaritza batzordeko kidea

Eguna: abenduak 19, asteazkena.

Ordua: 11.00.

Lekua: udaletxeko prentsa-aretoa.

———————————————————

– “Nola aldatu garen, Eraztun Berdeak 25 urte” erakusketaren inaugurazioa.

Parte-hartzailea: Gorka Urtaran, alkatea.

Eguna: abenduak 19, asteazkena.

Ordua: 18.30.

Lekua: Vital Fundazioaren aretoa -Posta kalea, 13-15.

——————————————————–

– Kirolaren Balioak nabarmentzeko Vitoria-Gasteiz saria.
Parte-hartzailea: Estíbaliz Canto, Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzia.

Eguna: abenduak 19, asteazkena.

Ordua: 19.00.

Lekua: Europa jauregia.

——————————————————-

-AJEBASK-Araba 2018 sariak banatzeko gala.

Parte-hartzaileak: Gorka Urtaran, alkatea; Peio López de Munain, lehen alkateordea, eta Nerea Melgosa, Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzia.

Eguna: abenduak 19, asteazkena.

Ordua: 20.00.

Lekua: Silken Ciudad de Vitoria hotela.

 

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:17

Atzo bi autok izandako istripuaren inguruabarrak ikertzen ari da atestatu-talde bat. Gidarietako bat (32 urtekoa) zauritu zen, eta bertaratutako larrialdietako zerbitzuek artatu zuten; gero, Txagorritxu ospitalera eraman zuten.

Zentro berera eraman zuten 73 urteko emakume bat, hiriko autobus baten barrualdean erori baitzen, autobusak auto bat jo zuenean. Gaztelako Atean gertatu zen ezbeharra.

Udaltzaingoak beste 16 trafiko-istriputan hartu zuen esku atzo; haietan, ez zen zauriturik egon, eta ez zen inor ikertu bide-segurtasunaren kontrako delituengatik. 32 salaketa izapidetu zituen, eta 11 kasutan jardun zuen polizia judizial gisa.

Logela batean itxita

Gaur goizean, seiak baino minutu batzuk lehenago, suhiltzaileek esku hartu dute, Errege-Erregina Katolikoen kaleko etxebizitza bateko gelan harrapatuta geratu diren hainbat pertsona erreskatatzeko. PSISZeko talde bateko kideak autoeskala batekin sartu dira etxebizitzara, eta atea irekitzeko beharrezko lanak egin dituzte.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:08

 

Gasteizko Udalak landu duen Eguberrietako zorion-agurrak 2019a urte biribila izango dela iragartzen du, eta hiriko ekitaldi handietako batzuk jasotzen ditu: saskibaloiko Euroligaren Final Four txapelketa, Nazioarteko Enoturismo Biltzarra, Michelin Hirien Nazioarteko Sarearen Biltzarra, saskibaloiko Erreginaren Kopa eta Ironman proba.

Ikus-entzunezko formatuan egindako zorion-agurrak animazio teknikak baliatzen ditu, ekitaldi batetik bestera igarotzeko elementu zirkularrak erabiliz: saskibaloi baloia, kopak (Enoturismo Biltzarragatik) eta gurpila (Michelin hiriengatik). Datorren urtean hiriak biziko dituen erronka itxaropentsuak estilo dinamiko eta moderno batez agertzea da helburua, estatuan zein nazioartean ikusgarritasun handia  emango baitiote Gasteizi.

Sare sozialetan  (facebook, instagram, twitter, whatsap…) zabaltzeaz gain, zorion-agurra TUVISAko hiri autobusen pantailetan, gizarte etxeetan eta Antso Jakitunaren kaleko pantaila erraldoian ere emango da gaurtik aurrera. Orobat, udalaren web-orrian ikus daiteke bideo-agurra.

Informazio gehiago: Gasteizko Udaren Eguberrietako zorion-agurra

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:18

Dagoeneko 800 pertsonak eman dute izena Hezkuntza Zerbitzuaren proposamen berri horretan, eta urtarrilaren 8ra arte izango da horretarako aukera 

 Ibilbidean zehar askotariko arloak aipatuko dira, hala nola etxeko lanak, hezkuntza, kultura, artea, erlijioa, ikerketa eta politika

 

Estíbaliz Canto zinegotziak gidatzen duen Hezkuntza Zerbitzuak jarduera berria jarri du martxan Gasteiz, hiri hezitzailea programaren barruan: Ikusarazi beharreko historia: emakumeak Gasteizen” ibilbidea. Proposamen didaktiko horren bidez, dela anonimotasunetik dela publikoki emakumeek Gasteizko historiari egin dioten ekarpenaren balioa nabarmendu eta ikusarazi nahi du Udalak, historiografiak ahaztu edo isildu egin baititu. “Ibilbideak, beraz, historiaren irakurketa berria ahalbidetuko du, bidezkoagoa, zorrotzagoa eta Gasteizen garai historiko ezberdinetan bizi izan ziren emakume eta gizonen errealitateari doituagoa”, adierazi du udal ordezkariak prentsaurrekoan.

Andre Maria Zuriaren plazan hasten da ibilbidea, ondoren Hirigune Historikora eta Zabalgunera joateko. Bi orduz, zenbait leku eta eraikin bisitatuko dira, eta emakumeek hainbat arlotan izandako eginkizun garrantzitsuak ezagutuko, hala nola etxeko lanetan, ordaindutako lanetan, hezkuntzan, kulturan, artean, erlijioan, ikerketan, aisialdian eta politikan. Izenik ezagutzen ez zaien emakumeez gain, beste figura hauen berri emango da ibilbidean: Loreto dde Arriola, María Josefa Sancho Guerra, Teresa de Berganzo, Victoria de Anda y Esquível, María Pilar de Acedo, Daría Imbert, Berenguela López de Haro, María de Maeztu eta Micaela Portilla. “Hartara, historiak ahaztutako emakumeen errealitatearen aurreko pentsamendu kritikoa sustatuko da, genero-berdintasunari dagokionez jarrera koherente eta aktiboa hartzea ahalbidetuko duena”, zehaztu du Cantok.

Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleei zuzendua dago, baita interesa izan dezaketen beste heldu-talde batzuei ere. Euskaraz edo gaztelaniaz egin daiteke. Orain arte 44 taldek (883 pertsona orotara)  eman dute izena, baina 2019ko urtarrilaren 8ra arte luzatu da izena emateko epea. Epez kanpo jasotako eskabideak ere hartuko ditu kontuan Hezkuntza Zerbitzuak, lekurik bada. 2018ko abenduaren 10etik 2019ko maiatzera bitartean egin daiteke ibilbidea, dena delako taldeak aukeratzen duen egunean. Udalaren Hezkuntza Zerbitzuaren web-orrian dago informazioa eskuragarri: vitoria-gasteiz.org/hezkuntza.

Enklabe enpresa arduratuko da ibilbideez; ondare historiko, artistiko eta arkeologikoaren alorrean diharduen kooperatiba da hori. Arkeologia doktore Ismael García-Gómezek diseinatu du ibilbidea, eta Topografiako ingeniari tekniko Miren Fernández de Gorostiza arduratzen da antolatu eta kudeatzeaz.

 Genero-ikuspegia kontuan hartuko duten beste ibilbide batzuk

Hezkuntza jarduera berri hori sortzeaz gain, Udalaren Hezkuntza Zerbitzua genero-ikuspegia txertatzen ari da Arte eta Historia ibilbideak programan, zeina duela 25 urte baino gehiago hasi baitzen antolatzen. Horren barruan sartzen dira ibilbide hauek: Erdi Aroko Gasteiz, Gasteiz Neoklasikoa, XIX. mendeko Zabalgunea, Udala, Artxiboak ezagutzea, San Pedro eliza, eta Gasteizko ahozko memoria. Orobat, Santa Maria katedraleko lantegiak eta bisitak egokituko ditu, Santa Maria Katedrala Fundazioarekiko lankidetzan antolatuak.  Joan den ikasturtean 81 ikastetxetako 12.442 ikasle eta helduk hartu zuten parte horietan.

 

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   07:17

Udaltzaingoak hiru pertsona atxilotu ditu asteburuan genero-indarkeria ezartzeagatik.

Atzo, igandean, 08:15ean, Zaramaga auzoko etxebizitza baten barrualdean borrokan ari zirela ohartarazi zuen 092ra egindako dei batek. Antza, 24 urteko gizon batek, mozkor, bikotekidea erasotu zuen diskoteka batean. Ondoren, etxera iritsitakoan, non bere koinata-koinatuekin eta biktimaren amarekin bizi den, familia-eztabaida hasi zen, eta lehenengoak ere erasotu zituen.

Egitateei eta bikotekidearen lesioei erreparatuta, udaltzainek gizona atxilotu zuten. Beste patruila batek Agirrelandako bulegoetara lagundu zuen emakumea, eta, gero, ospitale batera. Izapideak egin ondoren, epailearen esku jarri zuten gizona.

Udaltzaingoak 32 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo arratsaldean, genero-indarkeriaren delitu baten ustezko egilea izateagatik. 16:00ak baino pixka bat lehenago, Ariznabarra auzoko etxebizitza batera bertaratzea eskatu zitzaion patruila bati. Han, asaldatuta zegoen eta substantzia estupefazienteen eraginpean egoteko zantzuak zituen gizon batek ireki zuen atea. Jasotako lekukotzen arabera, familia-eztabaida izan zuen, eta bikotekidea iraindu eta erasotu zuen.

Udaltzainek gizona atxilotu zuten, eta uniformerik gabeko patruila batek ospitalera lagundu zuen biktima, lesioak arta ziezazkioten. Gizona gaur goizean jarriko dute epaitegiaren esku.

Halaber, udaltzainek 47 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo, genero-indarkeriaren delitu baten ustezko egilea izateagatik. 17:00ak baino minutu batzuk lehenago gertatu zen, emaztea eta seme-alaba adingabeak zeuden etxebizitzako atea apurtu zuenean. Emakumeak ez zuen gizona etxera sartzea nahi, oso oldarkor baitzegoen.

Agenteek esku hartu zutenean, gizonak hainbat mehatxu bota zizkion biktimari, eta, azkenean, atxilotu egin zuten. Gaur goizean, epaitegiaren esku jarriko dute.

Erasoa mediku bati

Udaltzaingoak 28 urteko gizonezko bat atxilotu zuen ostiral arratsaldean, mediku bati eraso egiteagatik. 15:00ak baino pixka bat lehenago, Santiago ospitaleko psikiatria-arloko larrialdietara polizia bertaratu zedila eskatu zuen 092ra egindako dei batek, oldarkor zegoen paziente batek doktore bat erasotu baitzuen, eta heriotza-mehatxua egin.

Patruila bat bertaratu zen tokira, eta, biktimaren adierazpenak entzun ondoren, gizona atxilotu zuen. Izapideak Guardiako Epaitegira bideratu ondoren, aske geratu zen.

Indarra erabiliz egindako lapurreta

Larunbatean, 19 urteko gazte bat atxilotu zuten, indarkeria erabiliz lapurreta egitea leporatuta.

Egitateak 18:30ak aldera gertatu ziren, Jesusen Zerbitzarien kalera joan zedila eskatu ziotenean erdialdean zaintza-lanak egiten ari zen patruila bati, gizon bat atxikita baitzuten pertsona bati mugikorra lapurtzeagatik.

Udaltzainek biktimarekin hitz egin zuten, eta, hark esan zienez, mugikorretik hitz egiten ari zela, bultzatu egin zuten, eta lurrera erori, eta lapurrak une hura baliatu zuen mugikorra hartu eta korrika ateratzeko.

Gizonak eskua lesionatu zuen erorikoan, baina haren atzetik atera zen korrika. Herritar batek laguntza-oihuak entzun zituen, eta lapurra atxiki zuen. Bada, hantxe eduki zuen patruila iritsi arte. Patruilak, gero, gizona atxilotu zuen.

Hiru zauritu hainbat istriputan

Ostiral arratsaldean, auto batek beste auto bat jo zuen Santo Tomasen Ubideko kalean. Istripuan, ibilgailu bateko gidaria zauritu zen, baina ez zen ospitalera eraman behar izan. Istripuaren erantzuleari alkoholemia-probak egin zizkioten, eta positibo eman zuen.

Larunbatean, 39 urteko bizikletari bat zauritu zen, Arriagako parkearen barrualdean zihoala irrist egin eta lurrera erori baitzen. Anbulantzia batek eman zion arreta, eta Santiago ospitalera eraman zuen.

Halaber, 35 urteko bizikletari bat zauritu zen Etxezarra kalean. Seme adingabearekin zihoala gertatu zen. Une batean, bi bizikletek talka egin zuten, eta erori egin zen. Larrialdietako zerbitzuetako talde batek artatu zuen, baina ez zen ospitalera eraman behar izan.

Udaltzaingoak beste 33 trafiko-istriputan hartu du esku asteburuan; haietan, ez da zauriturik egon. Dena dela, 24, 39, 31 eta 30 urteko lau gizon ari dira ikertzen, alkoholdun edarien eraginpean gidatzeagatik. Lehenengoa prebentziozko alkoholemia-kontrol batean gerarazi zuten Micaela Portilla kalean; bigarrena, berriz, arduragabe gidatzen harrapatu zuten Nafarroa eta Salbaterrabide kaleen elkargunean. Azken biek trafiko-istripu bana eduki zuten; Artapadura kalean batak, eta Gaztelako Atean besteak.

Bestetik, Bideko Segurtasunerako eta Mugikortasun Jasangarrirako 2018-2023ko Udal Plan Estrategikoaren barruan, prebentziozko zazpi alkoholemia-kontrol egin ziren aurreko astean. Horietan, 90 bat gidariri egin zizkieten alkoholemia-probak. Batek eman zuen positibo, eta bide-segurtasunaren kontrako delitua egiteagatik ari dira ikertzen.

Asteburuan, Udaltzaingoak 51 salaketa izapidetu ditu, eta 15 kasutan jardun du polizia judizial gisa.

Sutea tximinia batean

Suhiltzaileek esku hartu dute gaur, Letonako familia bakarreko egurrezko etxebizitza bateko tximinian piztutako sua itzaltzeko. PSISZeko taldeek bi ur-lerrorekin itzali dute sua (teilatutik bata, barrualdetik bestea), eta beharrezko neurriak hartu dituzte leherketametroarekin, giroa kaltegarria ez dela ziurtatzeko.

 

Share