Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  20 abendua 2018 17:51

Udal-gobernuak ados jartzeko deia egin die FCC eta Ferrovial ABEEari eta Jundizeko Biocompost-en instalazioko langileei.

Horretarako, Urtaranen gobernuko ordezkariak ABEEarekin elkartu dira gaur goizean, iragarritako greba gauzatu ez dadin saiatze aldera, higiene- eta osasun-arazoa ekarriko lukeelako.

Bileran, langileen batzordearekin negoziatzeko eta elkarrizketa-mahaia sortzeko prestutasuna agertu du ABEEak.

Greba-deialdirako iragarri den eguna (abenduaren 26a) baino lehen ados jartzea espero du udalak.

Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:53

 

 

 

 

 

 

Gasteizko alkate Gorka Urtaran, alkateorde Peio López de Munain eta Vital Fundazioaren lehendakari Jon Urresti 2018ko Eguberrietako azokan izan dira, Espainia plazan; giro handia zegoen bertan. Vital Fundazioak antolatzen duen azokan —61. edizioa da aurtengoa— 138 saltoki jarri dira, askotariko produktuak eskaintzeko: gastronomia, artisautza eta oilategiko hegaztien erakusketa eta salmenta; tokiko produktuen presentzia handia nabarmendu behar da. Aurten, berritasun gisa, “Zero plastikoa” ekimena jarri da abian, azoka plastikorik gabeko lekua bihurtu dadin.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:51

 

Gorka Urtaran alkateak ongietorria egin dio Udalak Vitoria-Gasteiz 2018 Enplegu Planaren barruan zuzenean kontratatutako pertsonen bigarren promozioari; Eusko Jaurlaritzarekin batera garatzen da plan hori. Gaur hasi dira lanean 67 pertsona horiek, hainbat arlotako zereginak betetzeko, hala nola instalazioak mantentzea, eraikinak birgaitzea edo enplegu berdea.

Bigarren promozio hau Vitoria-Gasteiz Enplegu Planaren bitartez sortutako zuzeneko 163 kontratuen barruan sartzen da, eta horiei tokiko enpresei emandako laguntzei esker egindako 175 kontratazio gehitzen zaizkie. Orotara 338 lanpostu sortu dira enplegua sustatzeko udal ekimen nagusi horren bitartez;  Gazteen Enplegurako Programa Eragileak, berriz, beste 70 lanpostu sortzea ahalbidetu du. Bi ekintza horietan 3,9 milioi euro inbertituta da orotara.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:19

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Gorka Urtaran audioa

Talde politiko guztiek, EH Bilduk izan ezik, Gasteizko tradizioaren, kulturaren eta historiaren zati den elementu horren kontra egindako sabotajea arbuiatu dute

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek irmo eta erabat gaitzetsi du bart gauean Olarizuko gurutzeari egindako erasoa. Talde politiko guztiek, EH Bilduk izan ezik, Gasteizko tradizioaren, kulturaren eta historiaren zati den elementu horren kontra egindako sabotajea arbuiatu dute.

“Olarizuko gurutzea ez da erlijio sinbolo hutsa, gure ondarearen, gure tradizioaren, gure kulturaren eta gure historiaren zatia baizik. Pentsaezina eta jasanezina da gutxiengo batek justizia bere esku hartu nahi izatea, eta zerk iraun behar duen eta zer suntsitu behar den erabakitzea. Ez dugu onartuko. Are onartezinagoa da pertsona horiek babes politikoa izatea Udal honetan, horrek iraganeko garaietara eramaten baikaitu, ez hiri honetara ez Euskadira itzultzea nahi ez dugun garaietara”, adierazi du Gorka Urtaranek.

“Sinbolo honek ez du inolako zerikusirik frankismoarekin”, gogorarazi du alkateak. “Herritarren arteko diru-bilketa bidez egin zen, eta Gasteizko ondarearen zatia da. Hiri plural eta askotariko batez mintzo bagara, non giza eskubideak eta adierazpen eskubidea errespetatzen baitira, ezin dira babestu gurutzeak jasan dituen indarkeriazko jarrerak eta ekintzak”, azpimarratu du.

Alkateak erakunde-adierazpena egiteko proposamena helarazi die udal talde politikoei, Udalaren gaitzespena azaltzeko. “Gaitsezpena aho batez eta azkar egin behar zen, baina ez da posible izan, zoritxarrez”, azaldu du alkateak. Azkenean, Alderdi Popularrak, Eusko Alderdi Jeltzaleak, Euskadiko Alderdi Sozialistak, Podemosek eta Irabazik sinatu dute adierazpena. Onetsitako testuak “irmotasunez gaitzesten du bart gauean Olarizuko Gurutzeari egindako erasoa, herritar ororen ondarea den horri kalte handiak ekarri baitizkio”.

Gertaeren berri izan bezain laster, udaltzainak, suhiltzaileak eta Nekazaritza Eremuaren Zerbitzuko zein Hiriko Mantentze Lanen Ataleko langileak joan dira bertara, kalteak aztertzera; kalteak handiak dira. Lehenengo azterketaren arabera, konpontzeko lana luzea, konplexua eta garestia izango dela jo da. Hasteko, behin-behineko neurriak hartzea erabaki da, gurutzearen oinarrian hondatu den zatia sendotzeko, eta inguruan perimetro bat ezartzeko, pertsonen segurtasuna babeste aldera.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:12

Udaltzaingoak jakinarazi duenez, atzo urrezko kate bat lapurtu zioten 61 urteko emakume bati, “besarkadaren” metodoa erabilita. Eguerdia baino pixka bat beranduago gertatu zen, Lakua-Arriaga auzoan. Emakumeari, kaletik pasieran zebilela, emakume bat hurbildu zitzaion, eta musu batzuk emateko eskatu zion. Biktimak men egin zuen, hurbileko zentro bateko desgaitua zela pentsatuta.

Une hartan, lepoan indarrez tira egin ziola nabaritu zuen, eta korrika alde egin zuen emakumeak urrezko katea kendu ziola konturatu zen (kateak domina bat zuen zintzilik). Gertakari horren aurrean, ezezagunen besarkadez ez fidatzeko aholkatzen du Udaltzaingoak. Halaber, egun hauetan sustatzen den elkartasun faltsuaz ere ez fidatzeko dio, askotariko kausetarako sinadurak eskatzen baitira, batzuetan, lapurreta egiteko.

Hamar trafiko-istripu

Udaltzaingoak hamar trafiko-istriputan hartu zuen esku atzo. Horietan, ez zen zauritu larririk izan, baina 37 urteko gidari bat ari dira ikertzen, alkoholaren eraginpean gidatzeagatik.

Gauerdia igarota gertatu zen, Juan de Garai kalean prebentziozko alkoholemia-kontrol batean gerarazi zutenean, Gabonetan bideko segurtasuna zaintzeko kanpaina bereziaren esparruan. Alkoholemia-probetan, 0.86-0.79 miligramoko alkohol-tasa eman zuen botatako aire litro bakoitzeko, eta, hortaz, Guardiako Epaitegira bideratzeko izapideak egin ziren.

Udaltzaingoak 25 salaketa izapidetu zituen, eta 12 kasutan aritu zen polizia judizial gisa.

Sutea enpresa batean

Suhiltzaileek goizeko seiak baino pixka bat lehenago hartu dute esku, Jundizeko fundizio-enpresa batean, makina batean piztutako sua itzaltzeko, non olio hidraulikoa erre den. Langile guztiak bertatik atera ondoren, PSISZeko taldeek ingurua itzaltzeko eta hozteko lanak egin dituzte, su-itzalgailuak eta bitsezko lerro bat erabilita.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:32

 

Abenduaren 27an plazaratuko dute, 20:30ean, Principal antzokian, Aitzina Folk jaialdiaren barruan

Gasteiz Big Band eta Udal Txistulari Banda “Melodías Vascas 10.1” diskoa argitaratzeko eta Hamar Euskal Melodiei itxura berria emateko elkartu dira.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Cantok, Udal Txistulari Bandaren zuzendari Roberto Álvarezek, Gasteiz Big Bandeko kide Jimmy Bidaurretak eta Aitzina Folk-en arduradun Patxi Villének aurkeztu dute gaur diskoa.

XIX. mendearen erdialdetik, konpositoreek euskal melodia tradizionalak lehen pianorako moldatu zituzten, askotan pianoak ahotsari laguntzen ziola; geroago, abesbatzek kantatzeko ere moldatu zituzten. XX. mendean, berriz, beste musika formazio batzuetarako moldatu ziren: hari laukoteak, musika bandak eta orkestrak. Jesús Guridik moldaketa ugari egin zituen; horietako batzuk Resurrección María Azkue eta Aita Donostiak bildu zituzten, eta beste batzuk, berak. Hain zuzen ere, Hamar Euskal Melodiak dira haren lan ezagunetako batzuk.

Orain, Gasteiz Big Bandeko kide Jimmy Bidaurretak eguneratu egin ditu, eta Udal Txistulari Bandarekin batera “Melodías Vascas 10.1” diskoan jaso. Diskoa bihar jarriko da salgai, eta lehen kontzertua abenduaren 27an emango dute, 20:30ean, Principal antzokian, Aitzina Folk jaialdiaren barruan; sarrera merkeenak 10 euro balio du.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:56

Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak (IGI) jardueraz betetako programa diseinatu du negurako; zehazki, 103 jarduera garatuko ditu datozen hilabeteetan. Jarduera horiek Atarian, Olarizuko etxaldean, Urarteko baratzeetan eta Gasteizko beste gune natural batzuetan egingo dira; aurten, gainera, Eraztun Berdearen 25. urteurrena ospatzen da. Eskaintzak hainbat jarduera barne hartzen ditu: erakusketak Ataria interpretazio zentroan, ingurumenarekin eta kulturarekin lotutako lantegiak eta ikastaroak, natura ibilbideak, eta familientzako askotariko ekimenak udalaren baliabide ezberdinetan. Abenduaren 26tik aurrera eman beharko da izena, 010 telefonoan, Udalaren webgunean, Atarian eta gizarte etxeetan.

“Udalak urteak daramatza jarduerak antolatzen herritarren artean ingurumenarekiko kontzientzia sendotzeko xedez. Are gehiago aurten, Eraztun Berdearen 25. urteurrena delarik eta hiriak jaso dituen aitorpenak kontuan hartuz. Izan ere, IGIren kontzientziazio eta zabalkunde lana oinarrizko tresna izan da Gasteizen hainbestetan aipatzen dugun eta kanpoan ezagun bihurtu gaituen DNA berde hori geureganatzeko”, nabarmendu du Ingurumen zinegotzi Iñaki Prusillak. Atariko koordinatzaile Gorka Belamendiarekin batera eman du prentsaurrekoa zinegotziak, eta azpimarratu du programazioa IGIrekin lankidetzan aritzen diren zenbait erakunderekin batera osatu dela.

Programan hiru erakusketa aurkituko ditugu: lehena, Alemaniako Natura Argazkilarien Elkartearen ‘European Wildlife Photographer of the Year’ erakusketa, 84 irudi harrigarriz osatua eta berriro ere Atarian ikusgai jarriko dena. Dagoeneko bisitatu daiteke. Bigarrena, ‘Saguzarrak: gauaren aliatuak’ izenekoa, SECEMU-Saguzarrak Kontserbatu eta Ikertzeko Espainiako Elkarteak antolatua eta Juan Tomás Alcalde, Iñaki Martínez eta José Manuel Castrilloren lanak biltzen dituena. Gasteizen  bizi diren espezieak ikusi ahalko dira bertan. Martxoan, berriz, AVIS Produkzioak enpresak landutako ‘Klima aldaketari aurre egitea’ bideo-erakusketa irekiko da. Goi mendietako espezieek berotze globalari nola egin behar dioten aurre erakusten du.

Orobat, ingurumen sentsibilizaziorako ildo berria estreinatuko du Atariak, familiei begira. ‘Natura familiartean’ programa da, 6 eta 10 urte bitarteko umeak dituzten familientzat, Salburuko natura basatian esperimentatu dezaten. Horretaz gain, askotariko jarduerak antolatu ditu IGIk: era guztietako hitzaldiak (landareei eta hariztiei buruz, pizido eta akainei buruz, Ebroko deltako parke naturaleko zuzendari Francesc Vidalek emango duena…), ikastaroak (argazkigintza edo boilurrei buruzkoak), natura ibilbideak (baso-igel jauzkaria, urubia edo beste hegazti batzuk ezagutzeko…), inauteri aurreko lantegiak eta Euskadiko Hazien Sareak Olarizun antolatutako ateak zabaltzeko jardunaldiak. Beste berritasun bat ‘Eraiken-ek etxe osasuntsuak aktibatzen ditu’ izeneko jarduera da, martxoaren 14an, eraikuntzaren institutuarekin batera antolatua.

Web-orri hauetan kontsultatu daiteke programa osoa: www.vitoria-gasteiz.org/cea, www.vitoria-gasteiz.org/ataria eta www.vitoria-gasteiz.org/anilloverde . Jardueretan parte hartu nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena, udalaren web-orrian, Atarian, 010ean edo gizarte etxeetan. Jardueren tarifak ere leku horietan kontsultatu daitezke.

Agenda Invierno CEA

 

Share