Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  5 abendua 2018 15:27

Abenduak 5, asteazkena

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak eta Partaidetza eta Gizarte Etxeen zinegotzi Isabel Martínezek ArdoArabaren inaugurazioan hartuko dute parte, 19:00etan, Foru plazako karpan.

Abenduak 7, ostirala

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa Araba Encounterren V. edizioaren inauguraziora joango da, 12:00etan, Europa jauregian.

Alkate Gorka Urtaranek Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren fundazioaren patronatuaren bileran parte hartuko  du, 12:30ean, La Moncloa jauregian (Madril).

Bizikidetza eta Aniztasuneko zinegotzi Nerea Melgosa Andre Mariaren Jubileu Urtea hasteko ekitaldira joango da, 17:30ean, Sortzez Garbiaren Katedralaren sagarapenaren 50. urteurrena dela eta.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:34

Eledunen batzarrean, EH Bildu Gasteiz, EAJ-PNV, PSE-EE, Podemos eta Irabazi talde politikoek hurrengo adierazpena onartu dute:

  1. Beren gaitzespen etiko eta politi­korik irmoena agertu nahi dute EHUko ikasle bati ideia politikoen­gatik egindako erasoaren aurrean, gure herrian zorionez gainditutzat jotzen ditugun garaietara baikara­matza horrek.
  2. Beren elkartasun eta babes osoa adierazten diote pertsona kaltetuari eta susperraldi azkarra opa diote.
  3. Guztion giza eskubideak errespe­tatuko dituen kultura demokratiko sakona finkatu eta sustatzea da mo­durik hoberena, beren ustez, jatorria­rekin, etniarekin, kulturarekin, sexu-orientazioarekin, genero-identitatea­rekin edo ideia politikoekin zerikusia duten arrazoiengatik pertsonen kon­trako diskriminazioa eta gorrotoa bul­tzatzen duten mugimendu eta ideo­logien intolerantziari aurre egiteko eta horren kontra immunizatzeko.
  4. Konpromisoa hartzen dute —Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna, abenduaren 10a, hain gertu dugun honetan— euskal gizarte bidezkoa­ren alde lan egiten jarraitzeko, salbu­espenik gabe babes ditzan guztion eskubideak, eta bertan pertsona guz­tiek izan dezaten aukera adierazi nahi dituenak libreki adierazteko, edozein izanik ere jatorria, kultura, sexu-orientazioa, genero-identitatea edo ideia politikoak, printzipio demo­kratikoekin eta eskubideekin bat etortzea beste mugarik gabe.
Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:31

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek “prestutasun handiagoa” eskatuko dio ostiralean Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sánchezi, “Sustapen Ministerioak berehala aurkez dezan Gasteizen trenbidea lurperatzeko behin betiko proiektua“, eta “lanak lehenbailehen lizatatu ditzan. Ez dago aitzakiarik: proiektua euskal erakundeekin landu da, maiatzean aurkeztu zen, eta irailean adostu zen gobernu zentralarekin. Beraz, behin betiko irtenbide teknikoa guztiz itxita dago aspalditik”, gogorarazi du Gasteizko alkateak. Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren  fundazioaren patronatuak ostiralean Madrilen egingo duen bilera baliatuko du Pedro Sánchezi eskaera egiteko, hura ere bileran izango baita.

Alkateak gogora ekarri du trenbidea lurperatzea eta abiadura handia Gasteizen integratzea proiektu “estrategiko, itxaropentsu eta funtsezkoa” dela “datozen urteetarako. Horregatik, ez dago aitzakiarik”. Euskal erakundeek eta Sustapen Ministerioak adostu duten proiektuaren arabera, tren-korridorea 3,6 kilometrotan joango da lurpetik (Salburua bulebarretik Pedro Asua kaleraino); ibilgailuentzako lurpeko bidea eraikiko da, udal gobernuak proposatu zuen bezala (Triana zubitik Gaztelako ateko zubiraino), eta tren-geltoki berria egingo da Dato kalean.

Orobat, Gorka Urtaranek proposatu du geroago “geratzen den zatia lurperatzen jarraitzea, bigarren fase batean, Pedro Asua kaletik Mariturriraino. Ez naizelako Zabalganeko auzokoez ahaztu. Hori bai, oposizioko talde batzuek nahiago dute dena eskatu, ezer egin ez dadin”.

 

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:10

Atzo, 52 eta 19 urteko bi motor-gidari zauritu ziren trafiko-istripuetan.

Auto batek lehenengoak gidatzen zuen motozikleta jo zuen Gaztelako Atearen kalearen eta Rosalia de Castro kalearen arteko biribilgunean. Antza, autoak ez zuen errespetatu pasatzen uzteko seinalea, eta biribilgunearen barrualdetik zihoan motor-gidariaren aurka egin zuen talka. Talkaren ondorioz, galtzadara erori zen. Larrialdietako zerbitzuek artatu zuten, eta Txagorritxu ospitalera eraman zuten gero.

Bigarren motor-gidaria, 19 urtekoa, istripu batean zauritu zen, Antonio Machado eta Pablo Morillo kaleen arteko bidegurutzean. Auto batek ez zuen motorraren lehentasuna errespetatu, eta jo egin zuen. Ondorioz, motor-gidaria galtzadara erori zen, eta lesioak egin zituen eskuan. Hortaz, Santiago ospitalera eraman zuten anbulantziaz.

Udaltzaingoak beste 18 trafiko-istriputan hartu zuen esku atzo; haietan, ez zen zauriturik egon, eta ez zen inor ikertu bide-segurtasunaren kontrako delituengatik. Bestetik, 12 salaketa izapidetu zituen, eta 11 kasutan jardun zuen polizia judizial gisa.

Ibilgailu bat sutan

Suhiltzaileek esku hartu dute goizaldeko 03:30ak aldera, A-4301 errepidean (Zadorra hiribidearen inguruan) sutan zegoen ibilgailu bat itzaltzeko.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:41

Udalak Balgorza enpresari esleitu dizkio lanak, 539.512,57 euroan

Bidenabar, argiteria-, saneamendu- eta drainatze-sareak hobetuko dira

 

 

Urtaranen gobernuak 539.512,57 euroko inbertsioa egingo du Salvador kalea eraberritzeko. Lanak lau hilabetetan egingo dira, esleitzen direnetik kontatuta. Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak diseinatutako lanak Balgorza enpresari esleitzea onetsi du gaur goizean Tokiko Gobernu Batzarrak. Kontratuaren lehia-oinarria 714.964,97 euro zen, eta enpresak % 24,54ko beherapena eskaini du.

Salvador kalea (Pilar auzoan) zahartuta geratu da, eta hainbat arazo ditu, besteak beste, galtzada hondatuak, espaloi estuak eta egoera txarrean dauden zoladurak. Auzotarrekin adostutako esku-hartzeari esker, oinezkoentzako lekua irabaziko da, eta espazioa modernizatuko. Halaber, Udalaren Mugikortasun Iraunkorrerako Planak xedatzen duenari eta duela gutxi egindako beste jarduera batzuen ildoari jarraiki, bidegorri bat jarri eta zirkulazio-abiadura “lasaitu” egingo da, orain arte ibilgailuentzako zen erreietako bat kenduta. Horretaz gain, beste lan hauek egingo dira: zuhaitzak landatu, hiri-altzari berriak jarri eta argiteria-, saneamendu- eta drainatze-sareak hobetu. “Oso berri pozgarria da gaurkoa. Auzoko biztanleen eskaera historiko eta zentzuzko bati erantzuna ematen baitiogu. Lan hauei esker kaleak hobetuko ditugu, erakargarriagoak eta atseginagoak izango dira. Hobeak. Auzoekin eta herritarrekin agindutakoa betetzen dugu”, azaldu du alkateak.

Gobernu taldeak sustatutako eraberritzeak hainbat jarduera-eremu izango ditu. Ekialdean zabaldu egingo da espaloia —lau eserleku jartzeko tokia geratuko da— eta bateriako aparkamenduak ilarako aparkamendu bihurtuko dira. Mendebaldean ere zabaldu egingo da espaloia, eta bost eserleku jarri eta 17 zuhaitz landatuko dira. Alde horretako aparkamenduek bateriakoak izaten jarraituko dute, baina galtzadaren erdialdera aldatuko dira.

Zirkulazio erreietan aurreikusitako esku hartzeen ondorioz egin ahalko dira aipatutakoak. Desagertu egingo da orain arte hegoaren eta iparraren arteko lotura egiteko aukera ematen duena, eta horren ordez bidegorria margotuko da. Beste erreiak, iparretik hegora doanak, trafiko lasaitua izango du, “30 eremua” izatera pasata. Bidenabar eta ohi denez, Udalak argiteria-, saneamendu-, eta drainatze-sareak hobetuko ditu.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:30

Balgorza enpresa arduratuko da lanez; bidegorri bat sortuko da, espaloiak zabalduko, galtzada konponduko eta hogei zuhaitz landatuko

Eserleku berriak ere jarriko dira, eta argiteria-, saneamendu- eta drainatze-sareak hobetuko

Urtaranen gobernuak 581.033,45 euro inbertituko ditu Peru kalea eta ingurunea eraberritzeko; lau hilabetetan gauzatu beharko dira lanak.  Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak diseinatutako lanak Balgorza enpresari esleitzea onetsi du gaur goizean Tokiko Gobernu Batzarrak; lanek Costa Rica kalea ere hartuko dute barne. Kontratuaren lehia-oinarria 780.434,44 euro zen, eta enpresak % 25,55eko beherapena eskaini du.

Peru kalea (Pilar auzoan) ezerosoa da, eta hainbat arazo ditu: galtzadak hondatuta daude, espaloiak estuak dira, eta zoladura egoera txarrean dago. Auzotarrekin adostutako esku-hartzeari esker, oinezkoentzako lekua irabaziko da, eta espazioa modernizatuko. Orobat, bidegorri bat sortuko da, zirkulazioaren abiadura motelduko, eta ibilgailu motordunentzako erreiak murriztuko. “Salvador kaleko esku-hartzearen antzekoa da. Honi esker kalea hobetzen dugu, atseginagoa eta erakargarriagoa egiteko. Hiritarrekin agindutakoa betetzen dugu, baita auzoekin ere, eta gainera auzoetatik egiten dizkiguten eskaerei erantzuna ematen diegu”, azaldu du alkate Gorka Urtaranek.

Gobernu taldeak sustatutako eraberritzeak hainbat jarduera-eremu izango ditu. Peru kalearen iparraldean, espaloia metrotik gora zabalduko da, zirkulazio-errei bat kenduta. Espaloia zabalduko denez, hamalau zuhaitz landatuko dira —garatzeko nahikoa leku izango baitute— eta lau eserleku berri jarriko dira. Aparkalekuen kopurua ia ez da aldatuko, baina espaloia zabaldu behar denez, hegoalderantz mugituko dira. Ondo-ondoan bidegorri bat margotuko da, Domingo Beltran de Otazu kaletik Arriagako ateraino, ibilgailu motordunen kontrako noranzkoan. Costa Rica kalearekiko bidegurutzera iristean, bizikletek autoen erreitik joan behar dute, “30eko zona” izango baita.

Peru kalearen hegoaldeko espaloian, berriz, bost eserleku berri jarriko dira. Bateriako aparkalekuak lineako bihurtuko dira. Izan ere, alde horretan bizilekuetako eraikinen fatxadak eta atariak daude, eta baterian aparkatutako ibilgailuek enbarazu handiagoa egiten zuten. Arriagako atearen ondoko zatian zamalanetarako lekuak utziko dira. Peru kalearen erdialdean, bestetik, oinezkoen pasabidea sortuko da, edukiontzien irla dagoen lekuan. Ohikoa denez, Udalak argiteria-, saneamendu- eta drainatze-sarea hobetzeko baliatuko ditu lanak.

Costa Rica kalean, berriz, esku-hartze soilagoa egingo da, duela hamar urte ere egin baitziren lanak. Divino Maestro ikastetxearen ondoko espaloia metro inguru zabalduko da, eta sei zuhaitz landatuko. Trafiko errei bat ere kenduko da, eta bertan bidegorria margotuko da, Peru kaletik Arriagako Kofradiaren kaleraino.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:58

Herritarren Segurtasunaren Sailak eta Araba Classic Clubak hitzarmen bat sinatuko dute, elkartea Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen hiru ibilgailu historiko zaindu eta mantentzeaz arduratu dadin: bi kamioi eta auto bat, denen artean 195 urte batzen dutenak.

Tokiko Gobernu Batzarrak gaur onetsitakoaren arabera, ibilgailuak Araba Classic Clubaren lokaletara eramango dituzte, han baldintza ezin hobeetan zaindu ditzaten, hala Udalak nola elkarteak ekitaldietan erakutsi edo erabiltzeko prest.

Ibilgailu hauek sartu dira hitzarmenean:

  • Udaltzaingoaren autoa,  Austin Princess VI-13103, 1963an matrikulatua.
  • Suhiltzaileen kamioia, Magirus VI-811, 1927 aldera matrikulatua.
  • Suhiltzaileen eskailera-kamioia, Magirus Deutz VI-25536, 1969 aldera matrikulatua.

Ibilgailu horiek Udaltzaingoak eta SISZk Agirrelandan dituzten instalazioetan daude gordeta, baina bertan erabili gabe egoteak hondatzea ekar dezake. “Uste dugu hobe dela lekuz aldatzea zaintzeko. Guk ibilgailuen titularitatea izaten jarraituko dugu, baina Araba Classic Cluba arduratuko da baldintza onenetan zaintzeaz, merezi duten ikusgarritasuna emanez eta balio historikoari eutsiz”, azaldu du Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Carlos Zapaterok.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:57

Ariznabarreko futbol-zelaian belarra aldatzeko lanak kontratatzeko lehiaketa publikoa abiaraztea onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak; aurrekontua 270.389 euro da, eta gauzatzeko gehieneko epea, 110 egun.

Oraingo belar artifizialeko geruza aldatzea da helburua, 16 urtetan etengabe erabili ondoren hondatuta baitago. Azken urteetan hainbat lan egin dira hobetzeko asmoz, baina Udalak aldatzea erabaki du, kirola praktikatzeko baldintza egokiak izan ditzan.

Ariznabarreko futbol-zelaiak 6.000 m2 inguruko azalera du orotara, eta zelaiak berak, 95 luze eta 54 m zabal. Belardi artifizial berria azken belaunaldikoa izango da, Udal Administrazioaren Saileko teknikariek Euskadin bisitatu dituzten beste kirol-instalazio batzuetan erabiltzen denaren antzekoa, errendimendua eta mantentzea egokienak direla bermatzearren.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok adierazi duenez, “taldeekin eta Arabako Futbol Federazioarekin hartutako konpromisoak zorrotz betetzen ari gara: Aranbizkarreko aldagelak uda aurretik lizitatu genituen, orain Ariznabarreko belardia aldatzea onetsi dugu, eta datorren astean, Lakua-Arriagari dagokiona lizitatuko dugu. Eta horren berri ematen ari gara jarraipen mahaiaren aldian aldiko bileretan”.

Igogailua Haurtzaron

Orobat, Haurtzaro haur-eskolan igogailua instalatzeko lanak onetsi ditu Tokiko Gobernu Batzarrak gaurko bileran; eskola Erdi Aroko hirigunean dago eta 0 eta 2 urte bitarteko haurrentzako lekua eskaintzen du. Esparza Obras y Proyectos enpresa arduratuko da lanez, 113.496 euroan eta 140 egunean.

Eraikinaren solairu guztiak irisgarri izan daitezen bermatzea da proiektuaren helburua, haur eskolaz gain Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailaren arreta-baliabide bat  ere hartzen baitu.

Igogailuak 8 pertsona hartu ahalko ditu, haurrentzako bi aulkirentzako lekua izango du, eta mugikortasun murriztuko pertsonentzat erabilgarria izango da.

Udalak agintaldi honetan udal haur-eskoletan jartzen duen bigarren igogailua izango da. Lehena Zaramagako haur-eskolan jarri zen, 2017ko urrian.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:56

Tokiko Gobernu Batzarrak Firmes Alaveses enpresari esleitu dizkio Jundizko industrialdeko  Zorrolleta kalea eraberritzeko lanak. Kontratu honen bitartez zoladura oso hondatua duen bide batean esku hartuko da, guztira 12.926 metro koadroko azalera konponduko delarik. Kontratua 165.917,84 eurokoa da, BEZa barne.  2.000 tona inguru asfalto berritzea aurreikusi da.

Industria planak aurrera jarraitzen du Zorrolleta kaleko lanekin. Plana abian jarri zenetik honako kaleetan esku hartu da: Bitoriabidea eta Bitorialanda (Ehari-Gobeu industrialdean), Arkatxa (Oreitiasolo industrialdean) eta Larragana (Gamarra- Betoñu industrialdea). Esku hartze hauek 411.257 euroan egin dira, eta kopuru horri gehitu egin behar zaizkio industrialdetako seinaleztapen horizontala berritzeko kontratuko 283.772 euroak, beraz, ia 700.000 euroko inbertsioa izan da guztira.

“Industrialdeetan egindako urtebeteko lan honi esker nabarmen aldatu ahal izan da urte askoan esku hartzerik gabe zeuden espazioen itxura. Enpresek berek egindako eskaria zen eta, honen bitartez, industrialdeak jarduera berrietarako erakargarriago bihurtzen dira” nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak.

Hurrengo pausua Jundizko industrialdean egingo da, izan ere Jundiz kalearen zoladura berritzeko lehiaketa egingo baita. Lan horietarako 622.518 euroko aurrekontua aurreikusi da Esan beharra dago 2019ko aurrekontuak industrialdeetarako milioi euroko inbertsio-pakete berria hartzen duela barne, eta hori 2018an erabilitakoari gehitzen zaio.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:51

Irakaskuntzarako aldizkari eta CD batek osatzen dute lana, zeinek 2008an egindako lan batean jasotako melodia tradizionalen moldaketak eta berrikuntzak biltzen baitituzte

 

Udal Folklore Akademiak —Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailarem mende dago— “Txistuka Berria” aldizkaria aurkeztu du gaur, zeina 2008an argitaratu eta 10 urtez irakasteko baliatu den “Txistuka” lanaren jarraipena baita; oraingoan, beste melodia batzuk, berrikuntzak eta moldaketa ugari sartu dira, baita musika akonpainamenduko CD bat ere.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok; Udal Folklore Akademiako zuzendari Roberto Álvarezek; akademiako moldatzaile Jimmy Vidaurretak, eta Euskal Herriko Txistulari Elkarteko kide Gorka Hermosillak aurkeztu dute prentsaurrekoan.

Izan ere, Euskal Herriko Txistulari Elkartearen “Txistulari” aldizkariaren laguntzarekin egin da argitalpen berria. Txistu eta akonpainamendurako (pianoa, baxua eta bateria) kantu berriak dakartza, Jimmy Vidaurretak eta Roberto Álvarezek grabatutako CD batez lagunduta.

Dagoeneko eskuragarri daude aldizkaria zein diskoa. “Txistulari” aldizkariaren harpidedunei banatuko zaie, eta Akademiak zenbait ale gordeko ditu, ikasleei saltzeko asmoz.

Share

Aurrekoak »