Prentsa Oharren banner

Prentsa deialdiak (2020-7-6)

– Prentsaurrekoa. Cabaret Festival Vitoria-Gasteiz 2020 aurkeztea.

Parte-hartzaileak: Estíbaliz Canto, Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kultura zinegotzia; Ana M. Del Val, Arabako Foru Aldundiko Kultura diputatua; Goyo Zurro, Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendaria; David Camín, Nervión Flyn-en zuzendaria; Álex eta Haimar, Gatibu taldeko kideak. Josune, Huntza taldeko abeslaria, eta Maribel Salas eta Gorka Aguinagalde euskal aktoreak.

Eguna: uztailak 6, astelehena.

Ordua: 10:30.

Lekua: Montehermoso kulturunea.

Share

2020ko Erdi Aroko azoka bertan behera geratuko dela berretsi du Udalak

Irailaren 25etik 27ra bitartean izatekoa zen Gasteizko Erdi Aroko azoka bertan behera geratu da ofizialki, arrazoi sanitarioengatik. Gaur egun ez da bideragarria, bertako nahiz kanpoko jende ugari bildu ohi baita bertan, eta zaila baita edukiera mugatzea, egin ohi den lekuan. Izan ere, Erdi Aroko hiriguneko kale gehienak estuak dira, eta sarbide ugari dituzte. Ia erabat ezinezko egingo luke horrek Euskadiko Udalen Elkarteak (Eudel) emandako gomendioa betetzea, hots, jendetzarik ez biltzea.

Gasteizen izaten den eskaintza kultural jendetsuenetako bat da Erdi Aroko azoka. Iraileko laugarren asteburuan, itxuraldatu egiten dira Erdi Aroko hiriguneko kale eta plazak, iparraren eta hegoaren arteko bidegurutzea izan zen garaira itzultzen da hiria. Eskulangileen berrehun bat saltokik osatu ohi dute azoka. Gainera, fartsak, antzezpenak, malabarak, txotxongiloak, musika eta su-ikuskizunak izan ohi dira.

Share

ASCUDEAN elkartearekin hitzarmena sinatzea onetsi da, adinekoak zaintzen dituzten pertsonei laguntzeko programa garatzeko

 

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailaren eta ASCUDEAN elkartearen arteko lankidetza-hitzarmena sinatzea onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak, adinekoak zaintzen dituzten pertsonei laguntzeko programa garatzeko, 2020an.

70.397,57 euro emango dizkio Udalak Asociación de Familias Cuidadoras y Personas Dependientes de Álava elkarteari, bi progama barne hartuko dituen proiektu bat gauzatzeko. Batetik, laguntza behar duten adinekoak zaintzen dituzten pertsona eta familiek arnasa hartzeko programa, batzuen eta besteen bizi-kalitatea hobetzeko, eta bestetik, berriz, menpeko pertsonak zaintzen dituzten familien osasuna sustatzeko programa.

Proiektu integral horrek orobat barne hartzen ditu herritarrei zuzendutako zabalkunde- eta sentsibilizazio-ekintzak, zeinen helburua baita familia zaintzaileen eta menpeko pertsonen problematikaren berri ematea gizarteari, eta, hartara, “pertsonek eta familiek beren senideak zaintzen egiten duten lan garrantzitsuari balioa aitortzea eta hori ikusaraztea”, Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak nabarmendu duenez.

2001ean sortu zen ASCUDEAN. Problema eta premia komunak dituzten familia zaintzaileak biltzen dituen Euskadiko elkarte bakarra da, zeinen xedea baita horiek beste pertsona batzuekin egotea, esperientziak trukatu eta egoera ulertzeko.

Share

2030 Agendaren garapen iraunkorreko helburuak garatzeko toki-erakundeen sareari atxikitzea erabaki du Gasteizko Udalak

Gasteizko Udala 2030 Agendaren garapen iraunkorreko helburuak garatzeko toki-erakundeen sareari atxikitzea onetsi du gaur goizean Tokiko Gobernu Batzarrak.  Udal politika publikoetan, zeharka, 2030 Agendaren garapen iraunkorreko helburuak lokalizatu eta inplementatzeko konpromisoa hartzen duten gobernu lokalek osatzen dute sarea.

Toki-erakundeen artean jarduketak koordinatzen laguntzera zuzenduta dago sarea, hartara emaitza hobeak lortzeko udalerrietan 2030 Agenda inplementatzean, esparru lokaleko garapen iraunkorreko helburuak lokalizatu eta garatuz.

Covid-19ak eragindako krisialdiari aurre egiteko tresnak, jarraibideak, informazioa eta proposamenak emango dituen tresna bat da; hain zuzen ere, 2030 Agendaren premisa nagusietako bat, zein baita inor atzean ez uztea, aintzakotzat hartuta. Bertako kide diren gobernu lokalen artean esperientziak trukatzeko foroa izan nahi dut sareak, eta orobat eskaini horiei aholkularitza- eta laguntza-zerbitzuak, eta teknikariei prestakuntza.

2030 Agendaren garapen iraunkorreko helburuak garatzeko toki-erakundeen sareari atxikiz, jarduketa-multzo bat definitzeko konpromisoa hartzen du Gasteizko Udalak, eta Jarduketa Plan batean edo Estrategia Lokalaren Plan batean bildu beharko da hori, egoeraren analisiarekin eta 2030 Agendaren garapen iraunkorreko helburuak lokalizatu eta inplementatzeko plan batekin batera.

Aldi berean, agente lokal eta ekonomiko guztiek eta udal-bizitzan ordezkaritza duten herritar-organizazioek parte hartzeko informazio- eta sentsibilizazio-prozesu bati ekin beharko zaio, 2030 Agendaren inplementazio lokalean inplikatu daitezen.

“2030 Agendaren garapen iraunkorreko helburuak garatzeko toki-erakundeen sarearen helburuak guztiz lerrokatuta daude Gasteizko Udalaren helburuekin, eta Udala sare horri atxikitzea aukera ona dela uste dugu, balio eta helburu beren inguruan konpromisoak hartuak dituzten beste udalerriko batzuekiko elkarlana sendotzeko orduan”, azaldu du Ana Oregik, zeinek ordezkatzen baitu Gasteizko Udala 2030 Agendaren garapen iraunkorreko helburuak garatzeko toki-erakundeen sarean.

Share

Bi atxilotu desobedientzia larria eta erresistentzia direla eta

Estenaga Apezpikuaren kalean 23 urteko gazte bat atxilotu du bart Udaltzaingoak patruila-auto baten parean oihuka eta keinu lizunak eginez gelditzeagatik. Identifikatzeko eskatu eta behin eta berriro horri uko egin ostean, udaltzainek atxilotuta zegoela jakinarazi zioten. Une hartan, erresistentzia fisiko handiarekin erantzun zuen eta, horrenbestez, atxilotu eta polizia-etxera eraman zuten. Aske utzi ondoren, zitazioa jasotzen duenean epaitegira joan beharko du.

Udaltzainek atzo gauean 45 urteko emakumezkoa atxilotu zuten desobedientzia larria, agintaritza-agenteen aurkako atentatua eta erresistentzia delituen ustezko egilea izateagatik.

Gertakariak 20:50 inguruan jazo ziren. Koordinazio Zentralak egindako eskaeraren arabera, patruila bat Andaluzia kaleko etxebizitza batera joan zen etxeko liskarra gertatzen ari zelako.

Bertan, emakumea, pertsona heldu baten zaintzailea, oso asaldatuta topatu zuten. Pertsona horren senide bat izan zen, hain zuzen ere, udaltzainek bertaratzea eskatu zuena. Etxebizitzara iritsitakoan, udaltzainek emakumeari identifikatzeko eskatu zioten. Emakumeak, ordea, behin eta berriro uko egin zion eta, azkenean, udaltzainetako baten aurka eraso egin zuen eta, ondorioz, atxilotu egin zuten. Gaur jarriko dute epailearen esku.

 

Share

Udalak ez du suziririk jaurtiko abuztuaren 4an osasun-langileei eskainiko dien omenaldian

 

“Ez dugu nahi beste herri batzuetan izan direnen gisako jende-pilaketarik gertatzea hirian”, dio Estibaliz Canto Kultura zinegotziak

 

Gasteizko Udalak ez du suziririk jaurtiko, abuztuaren 4an osasun-langileei —pandemiaren kontrako borrokan egin duten lan eskergagatik— eskainiko dien omenaldian. Euskal Herrian izandako azken gertakariek eraman dute Udala erabaki hori hartzera, Covid-19ak berriro ere goraka egitea ekar lezakeen jende-pilaketarik gerta ez dadin.

“Azken egunotan hainbat ospakizun ikusi ditugu han eta hemen, Gasteizen eta Euskadiko beste leku batzuetan, eta nola sortu diren jende-pilaketak, eta ez diren errespetatu gaixotasunaren hedapena galarazteko beharrezko diren neurri sanitarioak. Ekintza horietan parte hartu zuten pertsona askok ez zuten maskararik erabili, eta ez zuten segurtasun-distantzia mantendu. Hirian horrelako egoerarik berriro gerta ez dadin, abuztuaren 4an suziririk ez jaurtitzea erabaki dugu. Gasteiztarren osasuna zaintzeko egokiena hori dela uste izan dugu, eta horrekin arduraturik hartu dugu erabakia”, jakinarazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

 “Hori bai, egin egingo diegu omenaldia osasun-langileei, pandemia honekin gehien sufritzen ari den kolektiboetako bat baita. Gure ustez eskertu beharrekoa da izan duten inplikazioa, herritarrei eskaini dieten laguntza, beren gain hartu duten arriskua”, gaineratu du zinegotziak.

Udala lanean ari da dagoeneko, jendaurreko izango ez den ekitaldi instituzionala antolatzeko. Era berean, abuztuaren 4an, omenaldia egingo zaio Zeledoni, Urrezko Zeledon Saria emateko ekitaldian, Principal antzokian.

Share

Claudia Rebeca Lorenzoren ‘Achanta la mui’ erakusketa aurkeztu dute Montehermoson

 

 

 

 

 

 

Erakusketa abuztuaren 30era arte egongo da ikusgai lehen solairuko aretoan

 

Claudia Rebeca Lorenzoren “Achanta la mui” erakusketa aurkeztu dute Montehermoso kulturunean, eta abuztuaren 30era arte izango da ikusgai lehen solairuko aretoan. Prentsaurrekoan Kultura zuzendari Paco Galvek eta erakusketaren egile Claudia Rebeca Lorenzok hartu dute parte.

 2019ko deialdian aukeratutako lau proiektuetako hirugarrena da ‘Achanta la mui’   Montehermoso kulturuneak urtero egiten du programa hau eta sorkuntza artistikoko 3 proposamen eta ikus-entzunezko proiektu bat aukeratzea du xede, gero kulturunean bertan erakusteko.

“Ekimen honekin banakako lanak nahiz talde-lanak aurkezteko aukera ematen zaie bertako artistei, arte eta kultura garaikidea sustatzen duten eta horiek herritarrengana hurbiltzen dituzten ekintzen bitartez. Eta oraingoan, Claudia Rebeca Lorenzoren lana aurkezten dugu” adierazi du Kulturako zuzendariak.

 

‘Achanta la mui’ lanean, analogiaz lotu ditu haikua eta argota bere lanaren lengoaiarekin, lengoaiarekiko bere lanarekin. Argot edo jargoia interesatzen zaio, erabilitako adierazpenaren arabera paisaia jakin bat edo beste sortzen delako.  Argot edo jerga bat edo bestea entzun, entzulea munduko leku zehatz batera eramango du entzulea.

“Jargoiaren potentzia poetikoarekiko duen interesa honetan datza: zerbait izendatua izan behar izatean, subjektu jakin batek inguratzen duen eta behatzen duen munduarekiko lekua har dezan, gero harekin identifikatu ahal izateko. “Materialak ere protagonista dira bere lanean.  Zeloak, erretxinak… eta abarrek neurri, kolore eta forma desberdinetako piezek osatutako eskultura multzoa egiteko balio dute, eta horiek, marrazki eta pinturekin batera, egilearen sortze-prozesua guztia erakusten digute” gaineratu du.

Egilea

Claudia Rebeca Lorenzo Arte Ederretan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta bertan egin zuen Ikerkuntza eta Sorkuntza Masterra. Donostiako Arte esperimentaleko Kalostra Eskolan eta Bartzelonako MACBAko Estudios Independientes programan parte hartu du. 2019an, Donostiako Tabakalerako artista egoiliarra izan da.

Banakako zein taldeko erakusketa berrienen artean honakoak aipa daitezke: ‘Generaciones 2020’ (Madril), “BI, DOS, TWO’, Azkuna Zentroan ((Bilbo), ‘Perro dormido’ IRJ-n (Logroño), ‘Cabeza frente Cabeza’ Salón-en  (Madril), ‘Pliegue’, Okela (Bilbo), ‘All 2017’, Luis Adelantado -n (Valentzia) eta ‘Herlieve’,  Ziudadela (Iruña).

Share

Kulturak 169.000 euroko diru-laguntza emango die hiriko 29 proiekturi

 

 

Estibaliz Canto zinegotziak gidatzen duen Hezkuntza eta Kultura Sailak proposaturik, sendotutako ekitaldi eta jaialdietarako 169.628,16 euroko dirulaguntzak ematea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak; orotara 29 proiektuk jasoko dute laguntza.

“Tokiko eragileentzako dirulaguntzak osorik mantendu ditugu, une gogor hauetan sostengu emateko. Pandemia Gasteizera iritsi zenetik eskuz esku egin dugu lan haiekin, proposamenak oraingo egoerara egokitzearren. Gure lehentasuna dira“, adierazi du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

29 proiektuetako 24 laguntzen lehen kontzeptuari dagozkio: “Kulturaren edozein esparru —arte eszenikoak, musika, ikus-entzunezkoak, letrak, folklorea, arte plastikoak edo beste— sustatzera zuzendutako programak. 156.445,16 euro”. Laguntza hauek eman dira ildo horren barruan:

  • Korterraza (14.300 euro)
  • Aitzina Folk (12.667 euro)
  • Gasteiz, zinema hiria (10.000 euro)
  • Festival 150 gramos (10.000 euro)
  • Danzálava (9.450,22 euro)
  • Inmersiones (9.200 euro)
  • XVII Bernaola Festival (8.400 euro)
  • Gazte Film festival (8.400 euro)
  • Al Margen del deterioro (7.600 euro)
  • Emart 2.0 (7.540 euro)
  • Gazte Talent (4.000 euro)
  • Pixkat, una pizca de teatro (7.200 euro)
  • Zurrumbilo (6.000 euro)
  • Poetak Maiatzean (6.400 euro)
  • Zas Kultur Espazioa (6.400 euro)
  • Zakatumba (6.400 euro)
  • Kalean Hartu! (4.800 euro).
  • Arabako Jaiotzazaleen Elkartearen programazioa (4.400 euro)
  • Noche Skratxe Gaua#14 (3.300 euro)
  • Gasteizko I. ipuin lehiaketa (2.737,94 euro)
  • Entre pianos (2.950 euro)
  • Aztarna Beltza Fest (2.600 euro)
  • Edición CD Sinkro Records (1.200 euro)
  • Arabaclick (500 euro)

Gainera, Udalak bost proiekturi emango die laguntza bigarren kontzeptuaren barruan: “Dinamizazio soziokulturalera, kulturartekotasuna sustatzera, bizitza kulturala bultzatzera, kultura integrazio eta gizarte-kohesiorako balio gisa garatzera, kulturaren alorrean garapen pertsonala garatzera (jakituria eta sormena sustatuz) eta abarretara zuzenduriko jarduera eta programak”. Ildo horretan 13.183 euroko ekarpena egingo da, honela banatuta: XVI. Europar Jardunaldiak (4.000 euro), “Begiradak” kultur arteko XXXV. astea (3.500 euro),  Adurtza Batuz IV (2.799 euro),  Arabako Erromanikoaren Interpretazio Zentroa (1.694 euro) eta Jare Dantza Taldearen 2020ko programa (1.190 euro).

“Osasun-alertaren ondoren Gasteizko kultura biziberritzea ezinezkoa litzateke bertako talde eta konpainien laguntzarik gabe. Urtero antolatzen dituzten jarduerei beste 48 hitzordu gehitu dizkiegu 2020ko udako kultur programazioaren barruan. Eskerrak eman nahi dizkiegu, azken asteetan ahalegin handia egin baitute herritarrei kalitateko proposamenak aire zabalean eskaini ahal izateko”, amaitu du Cantok.

Share

Astelehenean hasiko dira SmartEncity proiektuaren barruan Koroatzearen auzoan bero-sarea ezartzeko lanak

 

 

Giroa enpresa arduratuko da instalazioa eraikitzeaz; horren bidez, atxikitako etxebizitzak ur bero sanitarioz eta berokuntzaz hornitzeko energia termiko berriztagarria banatuko da

Astelehenean hasiko dira Koroatzearen auzoan energia berriztagarria darabilen bero-sarea ezartzeko lanak, SmartEncity proiektuari atxikitako auzokoak ur beroz eta berokuntzaz hornitzeko. Giroa Veolia enpresa arduratuko da instalazioa eraikitzeaz. Aste honetan hasiko da Aldabeko gizarte etxeko aparkalekua okupatzen, bertan jartzekoa baita galdara-gela.

Lanek 12-14 hilabete irautea aurreikusi da. Une horretatik aurrera hasiko dira auzokoei zerbitzu ematen. Oraingoz, 28 bizilagun-komunitatek egin dute bat bero-sarearen proiektuarekin, Domingo Beltran de Otazu kaleko gimnasio batek, Aldade gizarte etxeak eta Koroatzearen parrokiak (Eulogio Serdan kalea).

Laster informazio bilera bat egingo da atxikitako zein interesatutako auzokoei proiektuari buruzko xehetasun gehiago emateko.

Koroatzearen auzoko bero-sareak energia termikoa (ur beroa) banatuko du bide publikoan barrena, sarera konektatzen diren etxebizitza eta eraikin pribatu guztiak ur bero sanitarioz eta berokuntzaz hornitzeko. Zehazki, ur beroa auzoko espaloietatik banatuko da, lurpetik doazen hodi aurreisolatuen bitartez, eraikin bakoitzaren hartuneraino.

Gasarekin bezala, hodi batek ur beroa igoko du eraikinean gora, etxebizitza bakoitzaren trukagailuetaraino, zeinek oraingo galdarak ordeztuko baitituzte. Energia termikoa (ur beroa) Aldabeko gizarte etxearen atzealdean jarritako galdara-gelan sortuko da. Auzoko galdara horrek biomasa erabiliko du erregai nagusitzat.

Udalak Europako sei herrialdetako beste 34 bazkiderekin batera hartzen du parte H2020 I+G+B europar programaren barruko “Hiri eta komunitate adimentsuak” proiektuan; Gasteiz ereduzko hiria da horretan, eta energia-eraginkortasunaren, garraioaren eta IKTen inguruko irtenbideak modu integratuan aplikatuko dira bertan. Proiektua 2016ko otsailaren 1ean abiarazi zen, eta bost urte eta erdi iraungo du.

Energia-eraginkortasunaren arloan, Gasteizko Udalak orain hasitako bero-sareak Visesa sozietate publikoa (Etxebizitza Sailburuordetza) eraikinetan egiten ari den birgaikuntza-lanen osagarri da.

Koroatze auzoaren birgaikuntza energetikorako proiektu hori izan zen Europar Batasunak aukeratutako lau proiektuetako bat —guztira 42 proiektu aurkeztu zituzten 100 hirik baino gehiagok—, eta biomasa baliatuko duen hiri-berokuntzako sistema bat (District Heating) instalatzea aurreikusten du.

“Energia berriztagarria baliatzen duen bero-sareak etxebizitzak energetikoki birgaitzeko proiektua osatzen du. Proiektua oro har aukera paregabea da Koroatzeko auzokoen bizi-kalitatea hobetzeko, eta etxebizitzen energia-eskaria % 50 inguru murriztea lortzeko, dagoeneko eraberritu diren etxeetako emaitzek erakusten dutenez; horri esker, gainera, CO2 emisioak nabarmen gutxitzen dira. Gaur egun, eraikin gehienek ez dute isolamendurik ez fatxadetan ez estalietan, beraz, elementu horiek energetikoki birgaitzeak nabarmen hobetuko ditu etxebizitzen baldintza termikoak eta barruko erosotasuna“, azaldu du Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi Ana Oregik.

Aldi berean, Gasteizko Udalak espazio publikoan esku hartuko du, beste 2 milioi jarrita. Auzokoek egindako partaidetza-prozesuan erabakitakoari jarraituz, obra hauek egingo dira: Aldabe kalea oinezkoentzat izango da zati batean, eta modernoagoa; Aldabe plaza egoteko eta elkartzeko lekua bihurtuko da, eta Ziudadela plaza, parterreak kenduta, oinezkoak igarotzeko errazagoa izango da. Inguruko argiztapena ere hobetuko da.

Hiriko bero-sarearen ezaugarriak

Koroatzeko Plan Berezian zedarritutako esparruan ezarriko da sarea. iparraldetik, Andre Maria Zuriaren Koroatzearen kaleraino eta Ziudadela plazaraino iritsiko da; ekialdetik, Arriagako ateraino eta Jesusen Zerbitzarien Fundatzailearen kaleraino; hegoaldetik, Badaia kaleraino eta Aldabe plazatxoraino; mendebaldetik, azkenik, Domingo Beltran de Otazu kaleraino. Gainera, ondoan dauden beste kaleetako auzokidei aukera emango diete.

Giroa enpresako ordezkari Juanma Taracena -k nabarmendu duenez, “azpiegitura honen onura nagusiak dira energia-kontsumoa gutxitzea, auzoko galdara eraginkorragoa erabiliz; atmosferara isuritako CO2 emisioak murriztea; energia berriztagarriak erabiltzea, eta erregai fosilak erabiltzeak dakarren kanpoko energiarekiko mendekotasuna ere apaltzea. Gainera, baliabide propioen balioa nabarmentzen da, Gasteiztik gertuko basoetako ustiapen jasangarrietatik datorren biomasa erabiliko baita”.

Galdara-gela Aldabeko gizarte etxean jarriko da. Biomasa eta gas naturaleko galdarek osatuko dute, eta biomasa gordetzeko silo bat ere izango da, gero beroa sortzeko.

Antzeko instalazioetan esperientzia duten teknikari kualifikatuak arduratuko dira galdara-gelaz, eta azken belaunaldiko kontrol-sistema bat baliatuko da zerbitzua bermatzeko.

Bestalde, birgaitutako eta sarera konektatutako etxebizitzen kalifikazio energetikoa hobetuko da. OHZren murrizketa eskatu ahalko dute horri esker. Etxebizitzen segurtasuna ere handituko da, kendu egingo baitira horietan lehendik dauden tximiniak.

Auzoko berokuntza-sistema zentralera konektatuta dagoen etxebizitza bakoitzari dagokion faktura egingo zaio, eta gutxienez kontzeptu finkoa edo eskuragarritasuna ordaindu beharko ditu, gehi erregistratutako kontsumoari dagokion kontzeptu aldakorra. Etxebizitza hutsik badago, kontzeptu finkoa edo eskuragarritasuna ordaindu beharko ditu, ez zati aldakorra, ur, argi edo gas gastuekin gertatu ohi den bezala.

Sistema berria auzoko etxebizitzetan orain dauden gainerako guztiak —gas naturaleko galdara zentrala, gas naturaleko banakako galdara, butanoko galdara, berogailu elektrikoak— baino merkeagoa izango da. Kontuan izan behar da, gainera, etxebizitzen jabeek ez dutela oraingo instalazioaren mantentze-gasturik ordaindu beharko, ezta etorkizunean berritzeko gasturik ere.

Share

Bide onean dira Olarizuko antzoki begetalarehn eta bisitariei harrera egiteko zentroaren lanak

 

Aurrera doa Urtaranen gobernuak sustatzen duen Olarizuko parke berriaren proiektua, Gasteizko birika berde izango denaren lehen lanetako batzuen bidez. Izan ere, azken egunotan hasi bisitariei harrera egiteko zentroaren lanak eta harmaila begetalaren lanak; azken horretan, aire zabaleko kultur ekitaldiak gozatu ahalko dira.

Bisitariei harrera egiteko zentroari dagokionez, hesiz itxi da hura egingo den lekua; aurreikuspenen arabera, datorren astean hasiko dira hondeaketa-lanak. Jose Mardones kalean erabilerarik gabe dagoen, eta lehenago EEEren mugikortasun elektrikoko zentroa hartu zuen informazio-bulegoa desmuntatu, lekuz aldatu eta berreraikitako da, horretarako 373.084,27 euroko inbertsioa eginez. “Sarrerako atea izango da harrera-bulegoa, lorategi botanikora doazen bisitariei ongietorria eta informazioa emateko lekua. Era berean, etorkizuneko parkeko jarduera ludikoak kudeatzeko gunea izango da, baita bizikletak alokatzeko ere, erakustareto txiki bat izateaz gain”, azaldu du Mugikortasuna eta Espazio Publikoko zinegotzi Amaia Barredok.

Olarizuko parkera sartzeko zentroaren instalazioak hirigintza-aldaketak eskatuko ditu inguru hartan. Zabaldu egingo da Olarizu hiribidearen amaieran kale-muturra inguratzen duen espaloia, halako moduan non plaza txiki bat sortuko den, eraikinari zerbitzu emateko eta etorkizunean bestelako erabilera batzuk ere emateko. Bateratu egingo dira espazioak, sarrera eroso egin ahal izan dadin, hiribidetik zein espaloitik. Aldatu egingo da baita inguru argiztapena: kendu egingo dira gaur dauden farolak, eta horien truke zutoin eta proiektoreak ipiniko.

Espazioaren hegoaldeko muturrean instalatuko da harrera-zentroa, eta bertan horma bat paratuko da, aldi berean esertzeko banku bat eta Olarizuko lorategi botanikoko sarrera iragartzeko letra eskultorikoen oinarria izango dena. Horma zein letrak modu kontrolatuan erdoilduko den altzairuaz egingo dira, harik eta nahitako kolorea lortu arte; gero bernizez babestuko dira.

Harrera-zentroak Olarizuko lorategi botanikoko informazio- eta laguntza-zerbitzua hartuko du, eta baita olgeta-jarduera osagarriak egiteko lekua ere. Halaber, bizikletak alokatzeko lekua ere izango da. 200 metro koadro inguru izango ditu, eta oinezkoentzako bi sarbide.

Parkearen erakargarri handienetako bat harmaila begetala izango da, IGI-k bultsatutako proiektua. Hasiak dira baita azpiegitura natural hori egiteko lanak, zeinek 70.000 euroko inbertsioa izango baitute. Une honetan lur-mugimenduak egiten ari dira Olarizuko etxaldearen mendebaldean dagoen lursailean. Geroago bankuak eta eskailerak paratuko dira, eta landareak ereingo dira, lekuari harmaila-itxura emateko. Leku horretan herritarrek aire zabaleko ekitaldiez gozatu ahalko dituzte, inguru benetan pribilegiatu batean. Olarizu Eraztun Berdearen barruko harribitxietako bat da, eta Euskadiko lorategi botanikoa handia bihurtuko dugu“, esan du IGI-ko presidentea Ana Oregik.

 

 

 

 

 

 

Share