Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-07-21)

– Prentsaurrekoa. Ospitale plaza berritura bisita.

Parte-hartzaileak: Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Mugikortasun eta Espazio Publikoko zinegotzi Amaia Barredo eta Partaidetza zinegotzi Borja Rodríguez.

Eguna: Asteartea, uztailak 21.

Ordua: 12:30.

Tokia: Ospitale plaza.

 

Share

Abetxukuko bizilagunek 21 Zabalguneko laguntzak jaso ahal izango dituzte etxebizitzak birgaitzeko

Udalak Abetxukoko bizilagunei beren etxebizitzak birgaitzeko laguntzak iraila baino lehen eskuratzeko aukera emango die. Ana Oregi Lurralde eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi eta 21 Zabalgunea elkarteko presidenteak gaur goizean baieztatu duenez, iraila baino lehen diru-laguntza hauek ematea ahalbidetuko duen tresna bat antolatuko du, Eusko Jaurlaritzaren Renove laguntzekin bateratu ahal izateko. “Gure hirian errehabilitazioa beharrezkoa da. Bereziki Abetxuko bezalako auzoetan”, azpimarratu du Ana Oregik.  Udalak azken hamarkadan birgaitzeari laguntzeko 10 milioi euro baino gehiago inbertitu dituela gogorarazi du.

Iraila baino lehen – Eta 21 Zabalgunearen arau berria onartu aurretik –, Udalak 21 zabalguneari kudeaketa-gomendioa egitea proposatuko du. Tresna horri esker, Abetxukuko auzotarren premia konpondu ahal izango da, eta udal-aurrekontuaren kontura ordainduko dira laguntzak. 21 zabalguneak mandatu hau ezohiko kontseilu batean onartu beharko du.

Aldi berean, Ana Oregik Laguntzen Arau berri bat adostearen garrantzia azpimarratu du. Tresna hori martxan jartzeko otsailetik ari da lanean, eta herritarrek etxebizitzak birgaitzeko laguntzak jaso ahal izatea ahalbidetuko du, modu orokorrean eta baldintza malguagoekin.

Horrez gain, Ana Oregik iragarri du 21 Zabalguneak 1,3 milioi euro ordainduko dituela urria baino lehen ziurtatu gabe dauden birgaitze-laguntzengatik.

 

Share

Udalak aldi baterako itxi ditu eguneko arretako zerbitzuak

Lakuako pilotalekua ere itxi du, non esklusio-egoeran dauden pertsonei eman baitzaie ostatu

Eusko Jaurlaritzak ezarri dituen osasun alorreko segurtasun-neurriak betez, Udalak Tomas Zumarraga Dohatsua, Blas de Otero eta Olarizuko Santa Maria eguneko arretako zerbitzuak itxi zituen atzo. EAEko Osasun Sailaren aginduz itxi dira zentro horiek aldi baterako, covid-19arekin lotutako datuen eboluzioa kontuan hartuta.

Egoera berri horren aurrean, Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak zentro horien erabiltzaileei etxean laguntzeko bitartekoa antolatu du; une zehatzetan lagunduko zaie, norberaren garbitasunerako, ariketa fisikoak edo estimulazio kognitiboko ariketak egiteko, bazkaltzeko eta paseatzeko. Bazkaria etxera eramateko zerbitzua ere egokitu da, ahultasun-egoera handieneko kasuetarako; San Prudentzioko sukalde nagusian prestatutako hogei menu zerbitzatuko dira.

Lakuako pilotalekua

Bestetik, joan den astean itxi zen Lakuan jarritako behin-behineko aterpea, non Udalak eta Gurutze Gorriak arreta eman baitiete esklusio-egoeran dauden pertsonei.

Aparteko baliabide hori itxi aurretik, balioespena egin zaie han hartutako 51 pertsonei, eta baliabide alternatiboak eskaini.

Gurutze Gorriak 31 pertsonari eskaini die ostatu, Lehen Urratsak programaren bidez. Gainerako 20ak honela banatu dira: 11 udal baliabideetan daude; 6k uko egin zioten udalaren laguntzari; 2k jatorrizko hirietara itzultzea erabaki zuten, han baitzeuden erroldatuta, eta beste batek ostatu pribatu batean bizitzea erabaki zuen, bazituelako horretarako baliabide ekonomikoak.

Share

Atxilotua bikote ohiari sexualki eraso egiteagatik

Udaltzaingoak 61 urteko gizonezko bat atxilotu du bart bere bikote ohiari sexualki eraso egiteagatik. Gainera, bikote ohiarekiko urruntze-agindua zuen gizonak.

17:00etan gertatu zen, Zuia udalerriko jolaseko eremu batean. Handik ordu batzuetara, emakumeak Agirrelandako polizia-etxean salaketa jarri zuen. Gertakariak ikusita, Udaltzaingoak atxilotze-agindua eman zuen. Udaltzainek Gasteizko bere etxean topatu zuten gizonezkoa eta, hurrengo orduotan, epailearen esku jarriko dute.

Gainera, pertsona hori udal-txakurtegiko hainbat boluntariori sexu-jazarpena egiteagatik ikertzen ari dira.

Bestalde, udaltzainek ostiralean 24 urteko gazte bat atxilotu zuten Herrandarren kaleko establezimendu komertzial batean ebasketa-delituaren ustezko egilea zelakoan. Identifikatzeko garaian, udaltzainek egiaztatu zuten ez zuela hirian helbide ezagunik eta, ondorioz, atxilotu egin zuten epailearen aurrera joango zela bermatzeko.

Kontrol-kanpaina kamioi eta autobusetan

Gaurtik uztailaren 26ra bitartean, Udaltzaingoak pertsonak eta merkantziak garraiatzeaz arduratzen diren ibilgailuak kontrolatzeko zirkulazioko kanpaina berezia egingo du. Ezarritako baldintza teknikoak betetzen dituztela eta gidariak horiek gidatu ahal izateko gaituta eta habilitatuta daudela egiaztatuko dute udaltzainek.

Kanpaina Bide Segurtasuneko Udal Plan Estrategikoaren baita kokatuta dago.

Suhiltzaileak

Suhiltzaileek bi zirkulazio-istriputan lagundu behar izan zuten atzo. Lehenengoa A-2124 errepidean gertatu zen. Han, orkatz bat saihesten saiatu zenean, ibilgailu batek istripua jasan zuen. Bigarrena, aldiz, N-104 errepidean gertatu zen PSISZeko langileek pertsona bat erreskatatu behar izan zutenean.

 

Share