Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-07-16)

Pandemiaren biktimei, osasun langileei eta COVID-19ren aurka borrokan dihardutenen omenaldiaren testuinguruan Vitoria-Gasteizko Udalaren ekimena

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Osteguna, uztailak 16

Ordua. 11:30

Tokia. Plaza Berria

——————————-

VI. Nanoipuinen lehiaketako sariak banatzea

Parte hartzaileak. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Canto; babesleak eta sarituak

Eguna. Osteguna, uztailak 16

Ordua. 12:00

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

 

Share

Udalak 70.000 euro jarriko ditu merkataritza bidezko eta arduratsua sustatzeko

  • Udaleko Lankidetza Zerbitzuak hitzarmen bat sinatu du Setem-Hego Haizea, Medicus Mundi Araba eta Euskal Elizbarrutietako Misioak (Bide Bidean) GGKEekin.

Gasteizko Udalak hirian merkataritza bidezko eta arduratsua sustatzeko programa bat jarri du abian Garapenean Laguntzeko Zerbitzuaren bitartez. Setem-Hego Haizea, Medicus Mundi Araba eta Euskal Elizbarrutietako Misioak (Bide Bidean) GGKEekin sinatutako hitzarmenaren barruan, Udalak 70.000 euro jarriko ditu zenbait ekintza bultzatzeko: tokiko kontsumoko aukerak ezagutarazteko ibilbideak auzoetan, eta informazio jarduera ugari gizarte etxeetan eta adinekoentzako zentro soziokulturaletan, hemengo kontsumo-ohiturek herrialde pobretuenetan duten eraginaren berri emateko.

Orobat, EHUko Azoka Agroekologikoan parte hartzea jasotzen du programak, bidezko merkataritza ikusarazteko, baita Ekonomia Eraldatzaileen Munduko Foro Sozialean (Bartzelona) parte hartzea ere, Gasteizen kontsumo arduratsuarekin garatutako esperientzia arrakastatsuak ezagutarazteko.

Merkataritza bidezko eta arduratsuaren aldeko apustu publikoa ezinbestekoa da erakunde gisa geure egin ditugun Garapen Iraunkorreko Helburuak lortzeko. Horregatik, Garapenean Laguntzeko Zerbitzutik ahaleginak egin ditugu proiektuak integratzeko eta lan-ildo hori indartzeko, alorrean eskarmentu handiena duten tokiko antolakundeekin batera. Gainera, krisi eta eraldaketa garaian gaudelarik, inoiz baino beharrezkoagoa da giza eskubideak aldeztea“, argudiatu du Gizarte Politiken eta Garapenerako Lankidetzaren zinegotzi Jon Armentiak. Hitzarmenaren aurkezpenean Medicus Mundiko Gizartea Eraldatzeko Hezkuntzako eta Komunikazioko teknikari Itsaso Sánchezek lagundu dio, GGKEen sarea ordezkatuz.

Sinatzen denetik 2021eko martxoaren 31ra arte iraungo du plan operatiboak. Programa indartu horren bidez, hiriak berretsi egiten du beste urte batez pobrezia eta desparekotasunen aurka borrokan diharduen nazioarteko mugimenduarekin duen konpromisoa; mugimenduak merkataritza eredu alternatibo baten alde egiten du, printzipio hauetan oinarrituta: lan-baldintza duinak eta emakumeen eta gizonen arteko soldata-berdintasuna bermatzea, haurren esplotazioa baztertzea eta ingurumena babestea natur ingurunea babesten duten teknika eta prozeduraren bidezko ekoizpena tarteko. Mugimendu horrek, azken batean, Nazio Batuen Erakundeak onartu zituen eta 2030erako bete beharko liratekeen Mundu Helburuak (Garapen Iraunkorreko Helburuak) lortzeko bidean lagundu nahi du.

Share