Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-07-14)

Vitoria-Gasteizen BEA zerbitzua eskainiko duen 12 metroko ibilgailua eta garraio modu honi lotutako irudi korporatiboa aurkeztea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia; Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalez; eta Irizar e-mobility enpresako zuzendari nagusi Hector Olabegogeaskoetxea

Eguna. Asteartea, uztailak 14

Ordua. 15:30

Tokia. Europa jauregia, Mirador aretoa

 

* Sarrera Europa jauregiko ate nagusitik egingo eta maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da. Aretoan eta ibilgailuan sartzeko antolatzaileen esanetara egon beharko da.

Share

Gernikako Estatutuaren kalea trafikorako ixtea

Aurrera doa Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren eta Arkupeen birgaitzea. Obra hauek direla eta bihar, Uztailaren 14an, 08:00etatik 20:00ra arte, Gernikako Estatutuaren kalea trafikorako itxiko da San Frantzisko kalearekiko loturan.

Tarte horretan, Aiztogile kalea, Barnekale Berria eta Kanpokale Berria ohi bezala erabili ahalko dira; San Frantzisko aldapan eta Pintore kalean, berriz, zamalanak baino ezingo dira egin, eta irteteko Aiztogile kaletik desbideratu beharko da.

Udalak bertan ere informatuko du, ohi den bezala.

 

Share

Hasi dira Senda ibilbideko zuhaitzak onik zaintzeko lanak

Udaleko Hiri Paisaiaren Zerbitzuak Senda pasealekuko zuhaitzak onik zaintzeko lanak hasi ditu gaur. 140 urte inguruko 62 platanoz osatutako zuhaitz-multzoa da, zeinek 250 zentimetroko perimetroa baitute batez beste, eta 30 metrotik gorako altuera. Senda ibilbideko zuhaitzek balio historiko, kultural eta paisajistiko handiko multzoa osatzen dute, eta Udalak mantendu egin nahi du, beti ere herritarrentzako segurtasun baldintzak bermatuta.

 

Batetik onddoak eta zuloak agertu dira; bestetik, haize-ufada bortitzek botatako adarren erorketak zenbait azterketa egitera bultzatu zuen Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Saila, adituen bitartez. Zenbait lan egin ziren (ikuskapen bisualak, erresistografiak, usteldurak antzemateko tomografiak…), eta, azkenik, diagnostiko oso bat, ale bakoitzerako proposamen jakin batekin batera.

 

 

Diagnostikoak ondorioztatu zuen multzoko zuhaitzak egoera fisiologiko eta sanitario onargarrian daudela, nahiz eta usteldurak eragin dituen onddo batek (inonotus hispidus) adaburu eta enborretan. Ikerketaren arabera, 39 zuhaitz daude ‘gaitz’ horien eraginpean. Neurketen arabera, egiturak egonkortasunari eusteko beharrezko erresistentzia emateko adina egur dauka. Beraz, ez da ale bakar bat ere kendu beharrik.

 

Txostenak hiru jarduketa mota proposatzen zituen: urteko kontrola eta mantentze-lanak (39 aletan), adaburua murriztea (10etan) eta adarrak laburtzea/kentzea (13tan). Gaur goizean bertan hasi dira inausketa-lan horiek. Lanen helburua, adar lehorrak kentzearekin batera, segurtasuna bermatzea eta haize bortitzeko aldietan adar-erorketak ekiditea da. Inausketa-lana ez da hasieran pentsatu bezain drastikoa izango, zuhaitzei ahalik eta kalte gutxien eragiteko.

 

 

“Senda ibilbideko zuhaiztiak, zeinak 140 urte inguru baititu (1880an egin zen), Versaillesko zuhaitzen hornituriko ibilbide handien pareko benetako monumentu naturala da. Ibilbide ikusgarriko zuhaitzak oso ondo zaintzen dira,lan guzti-guztiak benetako kontuz egiten baitira. Lerrokaduraren egoera ebaluatzeko azterketa zehatza egin ondoren, orain hura behar bezala mantentzeko proposatutako lanei ekin behar zaie“, azaldu dute Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Saileko Hiri Paisaiaren Zerbitzutik. “Inoiz ez da adaburuen goi aldean aritu“, gaineratu dute.

 

“Zuhaitz horiek balio handia daukate, modu naturalean garatu direlako, aurretik esku-hartzerik gabe, Hiri Paisaiaren Zerbitzuko langileek urtero adar hilak kentzea izan ezik, arriskua murrizteko; hartara berezko arkitektura naturala garatu dute. Izan ere, zuhaitzen forma tridimentsionala konplexua izan daiteke, baina inoiz ez ausazkoa. Zuhaitz bakoitzak bere hazkuntza programa espezifikoa du, geneen arabera. Arkitektura eredu deitzen zaie horiei. Gainera, zuhaitzen azken formak aldaketak izan ditzake kanpo-baldintzen menpe; gure kasuan, esaterako, landaketa-marko oso estuko lerrokadurak neurri handi batean baldintzatu dute hura“.

 

Kualifikazio handiko profesionalek aztertu eta egiaztatu dituzte proposatutako lan horiek. Profesionaltasuna eta ale horiek zaintzeko beharrezko ezagutza bermatzen duten ziurtagiri europarrak dituzte, hala nola ETT (European Tree Technician) eta ETW (European Tree Worker) direlakoak. “Oro har lan arinez ari gara, eta Inonotus hispidus izeneko onddo batek eragindako gaixotasun baten eragina izaten dute neurri handi batean; onddo hori arriskutsuegia ez bada ere, haren garapen-ezaugarrietara egokitu behar dugu, zabaltzeko arriskurik txikieneko uneetan zuhaitzetan esku hartuz. Nabarmentzekoa da, halaber, baldintza-agirian segurtasun-baldintza tekniko oso zehatzak behar dituztela, besteak beste esku-hartze bakoitzaren ostean tresnak desinfektatzea, hartara platanoaren minbizi deituriko (Ceratocystis platani) gaitz beldurgarria saihesteko, horrek zuhaiztia arriskuan jar bailezake eta lan-tresnen bidez transmititzen baita“, laburtu dute Zerbitzutik.

Share

Atxilotua hiru lagun zauritu ziren istripu bat jasan ostean alkoholean eta drogetan positibo eman zuen gidaria

26 urteko gidari bat atxilotu zuten atzo Oto hiribidean zirkulazio-istripu bat jasan ostean. Istripuan berarekin batera zihoana, 25 urtekoa, eta zebra-bidea gurutzatzen ari ziren 57 urteko bi pertsona zauritu ziren. Istripua jasan zuen autoak semaforo baten kontra egin zuen talka eta semaforo haren inpaktua jaso zuten bi oinezkoek. Gainera, aparkatuta zegoen ibilgailu batean ere kalteak eragin zituen kolpeak.

17:20 inguruan gertatu zen ezbeharra eta, Udaltzaingoaren atestatuaren arabera, ausarkeriaz gidatzen ari zen gidariak positibo eman zuen kalamu eta kokainan, eta baimendutako alkohol-tasa bikoiztu.

Ertzaintzaren patruila batek gidaria atxilotu eta Agirrelandako polizia-etxera eraman zuen. Han, Udaltzaingoa arduratu zen izapidetzeez. Zaurituak Santiago ospitalera eraman zituzten.

Beste jarduera batzuk

Udaltzainek atzo 21 urteko gazte bat atxilotu zuten ustez etxean indarrez sartzearen eta desobedientzia larriaren delitu banaren ustezko egilea izateagatik. Margarita herrian gertatu zen guztia, gaztea hainbat urtez abegi eginda izan zuen familiaren etxebizitzan sartu zenean. Jabeak logela batean topatu zuen, hozkailutik janaria eta dirua lapurtu ostean. Ondorioz, atxilotu eta epailearen esku geratu zen.

Bestalde, udaltzainek 30 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo legez kontrako atxiloketa-delituaren ustezko egilea izateagatik. 09:15 inguruan, 092ra egindako dei batek Zamakera pasealekuko etxebizitza batean emakume bat laguntza eskatzen ari zela ohartarazi zuen. Bertaratu zen patruila bi emakumerekin elkarrizketatu zen eta, itxuraz, alokairu bat zela eta eztabaida izan zutela ondorioztatu zuten. Haietako baten bikotekideak bi emakumeak banandu eta biktimari logela barrura bultza egin zion. Han, giltzarrapo batekin itxi eta atea haustea lortu zuen arte bertatik ateratzea eragotzi zion.

Emandako deskribapenari esker, beste patruila batek gizonezkoa etxebizitza inguruan topatu eta atxilotu egin zuen. Handik ordu batzuetara utzi zuten aske. Bikotekidea, biktimarekin izandako eztabaidan parte hartu zuena, gertakari horiek berak direla eta ikertzen ari dira.

Errekisitoria judiziala zuen 19 urteko gazte bat atxilotu zuten udaltzainek ostiralean bizikleta eta patinete elektriko bana lapurtu izanagatik.

Ibilgailua sutan

Suhiltzaileak Aramaiora joan ziren atzo, A-2620an erabat kiskalita geratu zen ibilgailu bateko sua itzaltzen saiatzera.

Larunbatean, goizeko lehen orduan garbiketa-zerbitzuko ibilgailu bateko karga itzali behar izan zuten Lakua-Arriagan.

 

Share

Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak Bilboko erdialdera eramango dute beren turismo eskaintza


Aste honetan, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak turismoa sustatzeko kanpaina egingo dute Bilbon, Bizkaiko hiriburuaren erdialdean informazio gune bat jarrita. Kanpaina horren helburua da gertuko turistak erakartzea eta lurraldearen erakargarriak ezagutzera ematea, Euskadira turistak sartzeko ate nagusietako bat Bilbo dela aprobetxatuz.

Informazio gunea gaur ireki da jendearentzat Bilboko Areatzako pasealekuan, Arriaga antzokiaren alboan, non bi gidak informazio praktikoa ematen baitute Arabako eta Gasteizko natura, ondare eta enogastronomia baliabideei buruz, bai eta kulturako eta turismo aktiboko eskaintzari buruz ere. Bulegoa irekia egongo da uztailaren 19ra arte, igandea, goizez 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldez 17:00etatik 20:00etara.

Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatua eta Maider Etxebarria lehen alkateorde eta Ekonomia, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren zinegotzia izan dira gaur goizean bulegoaren irekiera ekitaldian, eta udan bi erakundeek gertuko turismoa sustatu eta erakartzeko abian jarri duten estrategia bateratuaren barruan sartu dute ekimen hori. “Uda honetan turismoa egingo dugu, batez ere kalitatezko eskaintza eskainiko eta segurtasun eta lasaitasun giroa bermatuko duten gertuko helmugetan. Arabak ezaugarri horiek betetzen ditu, eta probintzia mugakideetan kanpainak.

“Uda honetan turismoa egingo dugu, batez ere kalitatezko eskaintza eskainiko eta segurtasun eta lasaitasun giroa bermatuko duten gertuko helmugetan. Arabak ezaugarri horiek betetzen ditu, eta probintzia mugakideetan kanpainak egingo ditugu, dauzkagun erakargarri ugarien berri zabaltzeko eta oporrak eta bidaia laburrak programatzeko orduan kontuan izan gaitzaten lortzeko”, azaldu du Cristina Gonzálezek.

Bederatzi metroko edukiontzia Maider Etxebarriak azaldu du kanpaina horietako lehena Bilbon egin dela, Bizkaia eta hango hiriburua baitira. “Gasteizko eta Arabako turismorako gertuko merkatu nagusia. Gainera —erantsi du—, Euskadira turistak sartzeko ate nagusietako bat Bilbo dela aprobetxatu nahi dugu, horrela urrunagotik Bizkaiko hiriburura datozen milaka pertsonengana iristeko.”

Informazio gune hori edukiontzi serigrafiatu bat da. Arabako eta Gasteizko turismoari loturiko irudiak ditu, eta bederatzi metro luze eta zortzi metro zabal den eremua hartzen du. Eguzki oihalak ere baditu, jendea eguzkitik eta, eguraldi txarra izanez gero, euritik babesteko. Helmugaren zenbait sustapen bideo proiektatuko dira pantaila handi batean, eta toki berezia izango du Antonio Resines aktorea protagonista duen berriki egindako ikus-entzunezkoak.

Bulegora gerturatuko diren bizkaitarrek eta bisitariek Arabako eta Gasteizko turismo eskaintzari buruzko informazio praktikoa jasoko dute, eta sustapen materiala ere hartu ahal izango dute paperean, hain zuzen Arabako eskualdeetan eta hiriburuan ikus eta egin daitezkeen gauzei buruzko proposamenak, hala nola ‘Araban galtzeko ibilbideak’, ‘Blaitu Arabaz’, ‘Turismo irisgarria’, ‘Familia turismoa’, ‘Kirol turismoa’, museoak eta abar. Halaber, kuadrillei eta berariazko baliabideei buruzko sustapen materiala egongo da, bai eta merchandising produktuak ere.

Share

Bihar inauguratuko da Atarian EAEeta Nafarroako ondare naturala argazkitan jasotzen duen Euskal Herria Nature erakusketa

 

  • Click Taldeak egin du erakusketa, inguru naturalak sustatzen dituen sentsazioak dibulgatu eta ezagutarazteko asmoz

 

Bihar hasita, eta irailaren 6ra arte, ikusgai izango da Atarian Euskal Herria Nature erakusketa, Click Taldeak osatua. Egileek beraiek diotenaren haritik, erakusketaren jatorrian izadia eta argazkigintzarekiko maitasuna daude, eta EAE eta Nafarroako lekurik berezienetako batzuk ezagutzeko aukera eskainiko du.

Naturako argazkilaritzaren zaleen kolektibo horretako hamabi argazkilarik hartu dituzte astearte honetatik aurrera Atariako areto ibiltarian ikusgai izango diren berrogeita hamar irudiak. Click kolektiboaren asmoa Euskadiko txoko askotan aurki daitezkeen ingurune naturalak, paisaiak, faunak eta florak eragiten dituzten sentsazio eta sentimenduak ezagutaraztea da.

Atariatik diotenez, “erakusketako argazkiek ingurune naturalean argia harrapatzeko artea deskubritzen dute; ikuslea liluratzeko gai dira, inguratzen gaituen paisaian, faunan edo floran harrapatutako une paregabeak transmititzen baititu. Gure izadian bizitako uneak direnez gero, gure ondare naturalaren ikuspegi hurbil eta eguneroko hori transmititzen dute“.

Click Taldeko kideen ezaugarri konpartitua da argazkilaritzarekiko grina eta naturarekiko errespetua, erakusketa zaindu eta eder honetan islatuko den bezala.

Share