Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-07-10)

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, uztailak 10

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

———————————————————————————-

Prentsaurrekoa. Jazz VG Club aurkeztea.

Parte-hartzaileak: Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto, Kultura diputatu Ana del Val, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiria, Vital Fundazioen zuzendari exekutibo Axier Urresti eta Jazzaldiaren presidente Iñigo Zarate.

Eguna: ostirala, uztailak 10.

Ordua: 12:00.

Lekua: Montehermoso kulturunea.

 

 

 

Share

Udaltzainen eta suhiltzaileen esku-hartzeak

Azken hogeita lau orduotan, Udaltzaingoak zirkulazioko hamaika istripu erregistratu ditu eta hiru zauritu izan dira horietan.

Obrako edukiontzi bat sutan

Suhiltzaileek Batzar Nagusien kalean instalatutako obrako edukiontzi bateko sua itzali behar izan zuten atzo. Urarekin itzali zuten, kalte handirik eragin gabe. Gainera, suhiltzaileen laguntza eskatu zuten Jungitu herrian obrako material baten hondarretan piztu zen su txikia itzaltzeko.

 

Share

Datorren astelehenetik aurrera erreserbatu ahalko dira sarrerak Gasteizko aire zabaleko kultur programaziorako

  • Bertako 34 talde eta konpainiak doako 54 ikuskizun eskainiko dituzte orotara

 Uztailaren 13tik (astelehena) aurrera erreserbatu ahalko dira sarrerak Gasteizko udako aire zabaleko kultur programaziorako. Ikuskizuna egitekoa den astean eskatu ahalko dira gonbit-txartelak, lekuak bete arte.

Doako 54 ikuskizun antolatu ditugu uztailetik irailera bitartean, tokiko 34 talde eta konpainiaren eskutik: arte eszenikoen 18 konpainia (antzerkia, dantza eta magia), 13 musika-talde eta hiru bakarlari. 18 saio euskaraz izango dira“, azaldu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Ikuskizunetara joan nahi dutenek online erreserbatu ahalko dituzte sarrerak, http://www.vitoria-gasteiz.org/kultura web-orrian (eta Entradium plataforman), edo telefonoz (945 16 16 18), 09:00etatik 15:00etara. Gehienez bi leku erreserbatu ahalko dira.

Lehen astean, talde hauek arituko dira:

Uztailak 14, asteartea

  • 19:30. ASIER KIDAM ‘Aroak eta mirariak’. Hegoalde gizarte etxearen kanpoaldea. Euskaraz.
  • 20:00. HUTSUN + ORTZI ‘Urbasa’. Arriagako parkea.

Uztailak 15, asteazkena

  • EL MONO HABITADO. ‘Gizaunka/Señor Canino’. Elurtegia-Frai Zacarias. Hiru emanaldi: 19:00 (euskaraz), 20:00 (gaztelaniaz), 21:00 (euskaraz).
  • 20:00. MICEren kontzertua. Salburuko Gabriela Mistral kirol-gunea. Euskaraz.

Uztailak 16, osteguna

  • 20:00. ZANGUANGO ‘Al otro lado’. Apaizgaitegia.
  • 20:30. KIKE LOIOLA ‘Humor en serio’. Aranbizkarreko parkea.

Uztailak 17, ostirala

  • 19:30. D’ALBENIZ MAGOA “Boom clap, magia gara!” Zulueta jauregiko lorategiak. Euskaraz.
  • 20:00. OUTGRAVITYren kontzertua. Zabalganeko gizarte etxearen kanpoaldea.

 

Jarduera seguruak

Kultura Zerbitzuak ahalegin berezia egin du ekitaldietan parte hartzen dutenen segurtasuna bermatzeko.

Ikuskizuna hasi baino ordu erdi lehenago irekiko dira sarbideak. Sartzeko eta irteteko ibilbideak adieraziko dira, pertsonen arteko gurutzaketak saihesteko. Antolatzaileek pertsona bakoitzari zein eserleku dagokion adieraziko diote, iritsiera-ordenaren arabera.

6 urtetik aurrera, maskara erabili behar da esparrura sartzeko eta bertatik irteteko. Eseri ondoren bakarrik egon ahalko da maskararik gabe. Ikusle bakoitzak bere maskara eraman beharko du.

Ikuskizun osoan eserlekuetan egon beharko da. Antzezpena egiten den bitartean esparrutik irten behar izanez gero, ezin izango da berriro bertara sartu. Haurrak ezingo dira zutik egon, ezta esparruan mugitu ere.

Familia edo tutoreak arduratuko dira adingabeek segurtasun-arau guztiak betetzeaz. Bete ezean, esparrutik alde egin beharko dute. Hustea mailaka egingo da, antolakuntzaren argibideei jarraituz.

 

Programazioa kontsultatu

 

 

Share

Adinekoentzako zentro soziokulturalen sareak jantoki-plazen kopurua handituko du, lantegien eskaintza handituko eta bakardadearen aurka egiteko “Piztu zure auzoa” programa hiri osora zabalduko

Kudeaketa-kontratu berriak hobekuntza garrantzitsuak aurreikusten ditu hurrengo bi urteetarako

Jantokiko 68 plaza berri egokituko dira, eta beste 400 lantegi eta ikastaroetan

Udalak laster esleituko du adinekoentzako zentro soziokulturalak kudeatzeko kontratu berria, oraindik lizitazio-fasean baitago. Kontratu berriari esker, Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak hobekuntza garrantzitsuak egingo ditu baliabide horien 35.000 erabiltzaileri baino gehiagori eskaintzen dizkien zerbitzu eta programetan.

Berrikuntzak urritik aurrera iritsiko dira, kudeaketa bi urterako esleitu ondoren eta 3,3 milioi euroko urteko aurrekontuarekin —egungo kontratuak baino ia milioi erdi euro gehiago—. Berrikuntza nagusietako bat zentro bat gehiago kudeatu beharra izango da, San Martinekoa, datozen hilabeteetan irekiko baita; beraz, dagoeneko 16 izango dira udal sarea osatzen duten adinekoentzako zentro soziokulturalak.

Zentro soziokultural berria sareko handiena izango da eta zerbitzu guztiak izango ditu: informazioa, kafetegia, ile-apaindegia, podologia, hemeroteka, infoteka, osasun-parkea, erorketen prebentziorako programa eta animazio soziokulturalerako programa, baita 48 plazako jantokia ere. Plaza horiei Aranako zentroan sortu berri diren beste 20 plaza gehituko zaizkie; bertan egokitzapen-lanak egingo dira datozen hilabeteetan, jankideen kopurua 70era arte handitu ahal izateko.

Jantoki-zerbitzuak bazkari osoa eta egokia eskaintzen du, eta erabiltzaileen gizarte-integrazioa sustatzen; urte osoan erabili ahalko da, zerbitzu hori duten 10 zentroetan. Adinekoentzako jantoki-sareaz gain, beste hiru jantoki daude udalaren zainpeko apartamentuetan; horrenbestez, guztizko eskaintza egunean 700 menutara iritsiko da.

Bakardadeari aurre egitea

Kontratu berriarekin, adinekoentzako zentro soziokultural guztiek animazio soziokulturaleko teknikari bat izango dute; beraz, orotara 16 egongo dira —gaur egun 10 ari dira sare osoari arreta emateko lanetan—. Horri esker, zentro guztietara zabaldu ahalko da “Piztu zure auzoa” programa. Programa hori bakardade-egoeran dauden adinekoei zuzenduta dago, eta gaur egun Koroatzean, Landazurin eta Pilarren garatzen da.

Langile gehiago izateak auzoetako erakunde eta elkarteekin lan komunitarioa sustatzea ere erraztuko du; hain zuzen ere, horixe proposatu zioten sailari adinekoek berek iaz zentro soziokulturalen parte-hartze eredua ebaluatu zutenean. “Auzo bakoitzeko sare komunitarioetako lana sustatuko dugu eta belaunaldien arteko jarduera gehiago antolatuko ditugu. Ikastetxeen, goi-mailako eskolen eta unibertsitatearen lankidetza bilatuko dugu, beste adin-talde batzuekin topaketak eta ezagutza-trukeak sustatzearren. Horrek gure hiriko gazteek adineko pertsonei eta zahartzeari buruz duten irudia hobetzen lagunduko digu”.

Zurrumurruen aurkako estrategia bat ere garatuko da, eta esperientzia berri bat abiaraziko da, zeinaren bitartez adinekoek eskainiko baitizkiete ikastaroak, lantegiak eta jarduerak beste adin batzuetako taldeei. Belaunaldien arteko programa horrek hiru lantegi eskainiko ditu zentro bakoitzeko, eta adinekoek beren ezagutzak eta trebetasunak transmitituko dituzte horietan.

Lantegi eta leku gehiago

Urritik aurrera, adinekoentzako zentroek aldatu egingo dute ixteko ordutegia, eta ordu erdi aurreratuko da, hau da, 20:30ean amaituko da jarduera. Izan ere, ordu horretatik aurrera jende gutxi ibili ohi zen zentroetan; horrek baliabideak birbanatzea ahalbidetuko du, beste zerbitzu eta programa batzuk bultzatzeko.

Horrekin lotuta, ikastaro eta lantegien eskaintza 12.812 ordukoa izatetik 14.218 ordukoa izatera igaroko da. Hau da, 30 lantegi gehiago eskainiko dira —319ra iritsi arte—–, eta 450 leku gehiago; beraz, 4.000 adinekok gozatu ahalko dute askotariko jarduerez.

Era berean, osasun-parkeen erabiltzaileentzako arreta 713 ordutan handituko da, eta osasun-parke gehiagotan izango da dinamizazioa, gaur egungo 8etatik 12ra igarota.

Azkenik, Abetxuku, Judimendi eta Sansomendiko zentroek ordubetez luzatuko dute informazio-zerbitzuen ordutegia: egunean 4 ordutik 5 ordura igaroko dira, astelehenetik ostiralera.

Share