Prentsa Oharren banner

Prentsa deialdiak (2020-7-8)

Prentsaurrekoa. “Auzoarentzat zabalik” programaren aurkezpena.

Parte-hartzaileak: Estíbaliz Canto, Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kultura zinegotzia.

Eguna: uztailak 8, asteazkena.

Ordua: 10.00.

Lekua: udaletxeko prentsa-aretoa.

—————————————————————————–

– Prentsaurrekoa. Dazz Jazz jaialdia aurkezpena.

Parte-hartzaileak: Estíbaliz Canto, Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kultura zinegotzia; Arantxa Ibáñez de Opacua, Vital Fundazioaren zuzendaria, eta Beñat Lasagabaster, jaialdiaren antolatzailea.

Eguna: uztailak 8, asteazkena.

Ordua: 11:00.

Lekua: Vital Fundazioaren kulturunea.

 

Share

Kirol-instalazioetako urteko abonamenduaren % 25eko itzulketa aurten jaso ahalko da, edo 2021eko kuotan deskontatu

Iñaki Gurtubai alkateordeak aurreratu du zeintzuk izango diren udal kirol instalazioetako abonamenduaren laurdena itzultzeko bi moduak, osasun krisiak instalazioak ixtera behartu baitzuen.  Alde batetik, kudeaketa errazteko, itzulketa hori ofizioz egingo da, datorren urteko kuotan % 25eko deskontua eginez.

 

Itxieragatiko konpentsazioa aurten bertan lortu nahi duten pertsonek, berriz, kuotaren % 25 hori zuzenean itzultzeko eskatu ahalko dute, eta horretarako prozedura prestatzen ari dira.

 

Udalak hainbat faktore hartu ditu kontuan udal kirol instalazioetara abonatutako pertsonei itzuli beharreko prezio publikoaren zatia % 25ekoa dela kalkulatzeko. Instalazioak itxita egon ziren denboraz gain (hiru hilabete pasatxo), beste alderdi batzuek eragiten dute, esaterako, itxieran instalazioen mantentze-lanak eta programak ordaindu behar izateak pandemiaren ondoren instalazioak erabili ahal izateko. Aipatzekoa da, halaber, instalazioen egungo irekiera % 100ekoa ez bada ere, segurtasun-neurri gehigarriak hartzeko beharrak gastu arrunta baino handiagoa dakarrela.

 

Iñaki Gurtubaik gogorarazi duenez, udalaren kirol instalazioetako abonamenduengatik biltzen denak ekipamendu sare horren urteko kostuaren herena estaltzen du gutxi gorabehera.

 

 

Udako kanpainaren bilakaera positiboa

 

Bestalde, alkateordeak udako kanpainaren eboluzioaren balantzea egin du. Mendizorrotza eta Gamarrako esparruak duela astebete ireki ziren jendearentzat, edukiera kontrolatzeko eta aurretiko hitzordua eskatzeko sistema ezarrita.

 

Orotara 20.642 izen-emate erregistratu dira uztailaren 1etik 5era bitartean, eta, batez beste, izena ematen duten pertsonen % 80-85 sartu dira. Erreserba egiteko bi kanaletatik, erreserben % 15-20 telefonoz egin dira, eta % 80-85 udalaren webgunearen bidez.

 

Igandea, hilak 5, izan zen igerilekuetan jende gehien bildu zen eguna, eta egun horretarako datuak erreferentziatzat hartuta, presentzia handieneko adin-taldea 41 eta 50 urte artekoa da ( % 30), eta, ondoren, 0-10 urtekoa (% 20). Horrek esan nahi du erabiltzaileen profila batez ere familiartekoa dela.

 

Kirol-guneetako berdeguneetan distantzia fisikoa bermatzeko zirkunferentzia-sistemari dagokionez, erabiltzaileek zuzen erabiltzen dute, eta egiaztatu da formula horrek distantziak mantentzea bermatzen duela. Bestalde, instalazioetako sarbideetan normaltasunez ari dira, tornuetan ez baita pilaketarik izan. Sarrera bolumen handiena bi tartetan izaten da: goizeko 11:00etatik 12:00etara (sarreren % 25) eta arratsaldeko 16:00etatik 17:00etara ( % 30). Irteeretan ere ez da pilaketarik gertatzen, mailakatua izaten baita.

 

 

Share

Droga-trafikoagatik atxilotua

Udaltzainek 21 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo droga-trafikoko delituaren ustezko egilea izateagatik.

21:15 inguruan, zerbitzuz kanpo zegoen udaltzain batek Jacinto Benavente kalean gizonezko eta emakumezko banaren artean ustezko droga-salerosketa gertatu zela jakinarazi zuen. Emandako deskribapenaren arabera, udaltzainaren lankideek emakumezko bat aurkitu zuten eta marihuanaz betetako poltsatxo bat erosi zuela onartu zuen. Saltzailea nor zen adierazi zien udaltzainei. Identifikatu ostean, udaltzainek miaketa egin zioten eta landare-substantzia bat zuen plastikozko poto bat (ustez marihuana), doitasuneko baskula bat eta eskudirutan 200 € inguru aurkitu zizkioten. Horren ondorioz, atxilotu eta polizia-etxera eraman zuten. Beharrezko izapidetzeak egin ostean, aske utzi zuten errekerimendua jasotzen duenean epaitegira joateko betebeharrarekin.

Erasoa udaltzainei

Udaltzainek atzo goizean 29 eta 33 urteko bi gizonezko atxilotu zituzten, autoritate-agenteei eraso egiteagatik.

Goizeko 07:00ak inguruan jazo zen guztia, Molinuevo parkean borroka bat zegoelako patruila bat bertaratu zenean. Bertan, hainbat lagunen aurrean, bi gizonezko elkarri joka ari ziren. Udaltzainak esku hartzen saiatu zirenean, bi gizonezko haiek, oso jokabide oldarkorra zutenek, eraso egin zieten. Atxilotu ostean, polizia-etxera eraman zituzten eta atzo goizean aske gertu ziren epaitegira joateko betebeharrarekin.

Sutea pabilioi industrial batean

Suhiltzaileek Gamarrako ateko pabilioi industrial bateko bulego batean piztu zen sutea itzali zuten atzo. Suak han gordetako dokumentazioan bakarrik izan zuen eragina. PSISZseko langileek garrak urarekin itzali zituzten, eta pabilioia aireztatu.

Share

Gasteizek bisita gidatu berriak izango ditu uda honetan, Florida parkearen bigarren mendeurrena dela eta

  • Normaltasun berrira egokitutako programazioak bisita historiko-artistiko gehiago eskaintzen ditu elizetara, baita eta Europa jauregiko terrazara ere, eta askotariko bisita tematikoak
  • Udalak bisita gidatuen arloan diharduten hiriko enpresa guztiak gonbidatu ditu proposamenak aurkeztera, sektore turistikoa suspertzen laguntzeko

Uda honetan, Gasteizek bisita gidatu ugari izango ditu hiriko txokoetara, bisitariei zein bertakoei zuzenduta. Berrikuntzen artean, Florida parkeko bisita gidatuak daude, parkearen bigarren mendeurrena dela eta antolatuak, eta Arabako hiriburuko eliza monumentalenetara bisita historiko-kulturalak egiteko ordutegi zabalagoa ere. Era berean, Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak, Maider Etxebarria zinegotziaren gidaritzapean, bisita gidatuen arloan diharduten hiriko enpresa guztiak gonbidatu ditu beren proposamenak eskaintzera, tokiko turismoaren sektorea suspertzen laguntzeko.

“Bisita gidatuak funtsezko zutabea dira Gasteizko turismo-eskaintzan, eta aurten bereziki indartu ditugu. Helburua da ondare historiko-kultural guztia, ingurune natural paregabea eta bertakoentzako eta bisitarientzako familia-turismoaren eskaintza agerraraztea sektoreko tokiko enpresen eskutik, horiek suspertzeko beharra baitute “, adierazi du Turismo zinegotzi Maider Etxebarriak.

Floridako parkearen 200. urteurrena ospatzeko bisitak Ingurugiro Gaietarako Ikastegiarekin batera diseinatu dira. Gasteizko parkerik esanguratsuena ezagutzeko balioko dute; 1820an diseinatu zen, lorategi botaniko gisa, eta zuhaitz exotiko ugari ditu. Ibilbide gidatu berriek musika kioskoa, errege godoen estatuak eta Uraren Ezkutuko Lorategia ere nabarmenduko dituzte. Pertsonako prezioa 6 euro izango da eta elkargunea, Turismo Bulegoa; bertan egin daitezke erreserbak. Uztailaren 18tik irailaren amaierara arte egingo dira bisitak, larunbatetan, 10: 30ean (gaztelaniaz) eta 11: 45ean (euskaraz).

Hilabete honetatik aurrera, orobat, bisita gidatuak ugarituko dira interes handieneko ondarea duten tenpluetara. Gasteizko Gotzaindegia (Ondare Historiko-Artistikoaren Ordezkaritza) duela lau urte hasi zen Katedral Berrirako lehen bisitak antolatzen, eta urte berezi honetan, zabalkundea sustatu nahi izan da, San Pedro, San Migel eta zaharberritu berri den San Bizenteko dorrea gehituz, turismo-enpresen lana suspertzearren. San Bizente elizako dorre neobizantziarra XIX. mendearen amaieran eraiki zen. Bisita honek eskaileretara sartzea ahalbidetzen du, ondoren nabeen gainean dagoen zurezko armazoiaren zati bat zeharkatzeko. Gaztelaniaz eta euskaraz eskainiko dira bisitak, uztailaren 18tik irailaren 13ra. San Migel Arkanjeluaren eliza hiriko zaindaria den Andre Maria Zuriaren gurtzaren egoitza dugu; uztailaren 20tik 24ra eta abuztuaren 10etik irailaren 12ra irekiko da bisita gidatuak egiteko. Andre Maria Sortzez Garbiaren katedralak (Katedral Berria) bi motatako bisita gidatuak eskainiko ditu uda honetan: goizetan, bisita orokorrak, kriptara bisita egiteko eta ikuspegi ikusgarriak dituen terrazara igotzeko, eta, arratsaldeetan, bisita tematikoak beirate guztietara. Azkenik, San Pedro Apostoluaren parrokia ere bisitatu ahalko da hilabete hauetan zehar.

Gasteizko skylinearen ikuspegiaz gozatu nahi dutenei eskainitako beste bisita Europa biltzar jauregiko lorategi bertikalak eta terraza ikusteko ibilbidea da. Ibilbide hori 2019ko irailean inauguratu zen, eraikinaren 30. urteurrenean, eta berriro eskainiko da, erreserba egin beharrik gabe, uztailaren 23, 24, 30 eta 31n, eta irailaren 3, 4, 10 eta 11n, 11:30etik 13:30era, 20 minutuko tarteetan.

Historia- eta kultura-ondarearen bisitak

Udaleko Turismo Bulegoak ohiko bisitak eskainiko ditu — alarma-egoeran etenda egon ziren—, prebentzio-neurri berriak hartuta. Adibidez, Goiuri jauregira bisita, errenazimenduko arkitekturaren adibide onenetako bat baita Gasteizen. Edo haurrentzako bisita Erdi Aroko hirigunera, “Txikientzako Gasteiz” izena duena: umeentzat bereziki diseinatutako familia-ibilaldi entretenigarri eta didaktikoa da, almendrako txokorik ederrenetako batzuk deskubritzeko. Proposamenen artean, besteak beste, Erdi Aroko etxarteetako ibilbideak, muralen ibilbidea edo Eva García Saénz de Urturi idazle gasteiztarraren ‘El silencio de la ciudad blanca’ eleberri arrakastatsua gertatzen den agertokietan oinarritutako bisita literarioak daude. Edo Santa Maria Katedrala eta harresia ezagutzeko bisitak, ‘Obretan eta irekita’ programaren bitartez bisitariei denboran zeharreko bidaia egiteko aukera ematen dietenak.

Bisita tematikoen artean dago, halaber, Marta Extramianaren “El caso de los amores proscritos” suspense eleberrian oinarritutako ibilbide turistiko literarioa. Era berean, historiak eta ezagutzak liluratzen dituen pertsona guztientzat, Donejakue Bidean girotutako ibilbidea dugu, hiria ezagutzeko beste bide bat, Erdi Aroko hirigunea, Zabalgune neoklasikoa eta Senda ingurua zeharkatzen dituena.

Gaikako eta naturako bisitak

Uda honetan berriz hasten diren bisitetako asko naturarekin lotuta daude, edo naturan egiten dira. Adibidez, haurrentzako bisita Estibalizera: “Harburuen misterioa” izenpean, santutegiaren eta inguruaren sekretuak erakusten dizkie familiei. Era berean, eta Gasteiz bizikletaz ibiltzeko Espainiako bigarren hiririk onentzat jotzen denez, pedalez egiteko ibilbide bat proposatzen da. Ildo beretik, Gasteiz eta kirola bereizezinak direnez eta lasterka egitea ohikoenetako bat denez, zapatilei buruzko beste ibilbide bat proposatzen da. Azkenik, eta zentzumen guztiak pizteko, bada “bisita biomimetikoa” izenekoa, hiriaren erdi-erdian hasten dena, natura behatu eta hiri-berrikuntzarako inspirazio-iturria dela egiaztatzeko bide ematen duena.

Share

Antonio Resines aktorea, Gasteiz eta Arabako turismoa sustatzeko bideo baten protagonista

Bideoa kanpaina indartsu baten bidez zabalduko dute sare sozialetan

Maider Etxebarria: “Gasteizen eta Araban ondarea, natura eta gastronomia ez ezik, lasaitasuna eta segurtasuna ere baditugu”

Cristina González: “Ekintza honen bitartez, estatuko merkatuko bisitarien arreta eta bisitariak beraiek erakarri nahi ditugu”

Antonio Resines aktorea da Gasteiz eta Araba turismo-helmuga gisa sustatzeko bideo baten protagonista; ibilbide ikusgarri baten bitartez bertako erakargarri nagusiak erakusten ditu bideoak. Ikus-entzunezkoa gaurtik aurrera zabalduko dute sare sozialetan, kanpaina indartsu baten bitartez. Hainbat artisten eta komunikabideetako profesionalen babesa du hanpaina horrek eta, haiek, guztira, milioi bat jarraitzaile baino gehiago dituzte.

Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak bultzatu dute kanpaina, estatuko merkatuko bisitarien arreta piztu eta bertara erakartzeko.”Antonio Resines oso aktore ezaguna da eta publikoak oso maite du, eta ziur gaude uda berezi honetan gure turismo baliabideak ezagutarazten lagunduko digula”, azaldu du Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko diputatu Cristina Gonzálezek.

Lehenengo alkateorde eta Ekonomia, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren zinegotzi Maider Etxebarriak ziurtatu du Gasteiz eta Arabak oso eskaintza erakargarria dutela, natura, ondarea, gastronomia eta turismo aktiboa baitituzte, eta honako hau nabarmendu du: “Eskaintza hori are erakargarriagoa da orain, une honetan jende askok nahi dituen beste gauza batzuk ere baditugulako: ingurune zabalak, lasaitasuna eta segurtasuna. Eta horren berri eman nahi dugu”.

Turismoa sustatzeko proiektu horrek hainbat tresna ditu ikus-entzunezko ekoizpena ‘biralizatzeko’ eta, era horretan, ahalik eta pertsona kopuru handienarengana iristeko. Besteak beste, kanpaina indartsu bat jarriko dute abian sare sozialetan. Hainbat artistek eta komunikabideetako profesionalek hartuko dute parte kanpaina horretan eta, haiek, guztien artean, milioi bat jarraitzaile baino gehiago dituzte.

Ibilbide osoa

Ikus-entzunezkoa Gasteizko Andra Maria Zuria plazan hasten da eta Erdi Aroko Almendrako txokorik ospetsuenetako batzuk erakusten ditu ondoren, esaterako, Otxanda Andrearen dorrea edo Montehermoso jauregia; horren ostean, Gasteizko pintxo famatuak dastatzen ditu eta, gero, Santa Maria katedralaren sekreturik ezkutuenak erakusten. Ikusleek tenpluaren zorupea ikusi ahal izango dute, nabe nagusia, triforioa eta dorrea.

Arabako Errioxa da Araban zeharreko bidaiaren bigarren etapa. Bertan, upategi ezagunenetako batzuk ikusten dira, eta ondoren, mahastien artean afari erromantiko batez gozatu, eta Guardiako kaleetan barna ibiliko da ikuslea. Handik, Gesaltza Añanara egiten du salto bideoak, Gatz Harana erakusteko: Michelin izarrak dituzten sukaldari entzutetsu askok erosten duten gatza egiteko erabiltzen diren larrainak, ur gazia garraiatzen duten kanalak eta gatz spa.

Ikus-entzunezkoa irudi karrusel batekin amaitzen da, eta Arabako eskualdeetako baliabide nagusietako batzuk erakusten ditu, bata bestearen atzetik azkar-azkar: Nerbioi ibaiaren jauzia, Kexaako monumentu multzoa, Landako eta Garaioko barrualdeko hondartzak, Zabalateko gaztelua, Santa Katalina lorategi botanikoa, Varonatarren dorrea, Vasco-Navarro bide berdea, Izkiko golf zelaia, Alaitzako eta Gazeoko eliza margotuak, parke naturalak etab.

Gasteizko Udala eta Arabako Foru Aldundia sustapen estrategia integral eta koordinatua garatzen ari dira aurten, hiru ardatzen inguruan: barne turismoa sustatzeko “Geldi zaitez” kanpaina, oraindik garatzen ari dena; Antonio Resines protagonista duen sare sozialetako kanpaina, batez ere merkatu nazionalari zuzendua, eta hirugarren kanpaina bat, datozen egunetan argitaratuko dena, eta hurbileko turismoa erakartzea helburu duena.

Share