Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-08-03)

Deialdia. ‘Aurten ez’ kontzientziazio kanpaina

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto; Vital Fundazioen presidente Jon Urresti; eta kanpainaren bideoa egiten parte hartu zuten pertsonak

Eguna. Astelehena, abuztuak 3

Ordua. 12:00

Tokia. Landarezko eskultura, Andre Maria Zuriaren plazan

Share

13 kontrol jarriko dituzte Udaltzaingoak eta Ertzaintzak Andre Maria Zuriaren plazan eta inguruetan, abuztuaren 4an

Prebentzio-dispositibo bat ere jarriko dute martxan, mugatutako eremutik kanpo, hirian jende-pilaketarik gerta ez dadin

 

Sarrera kontrolen mapa

13 kontrol jarriko dituzte Udaltzaingoak eta Ertzaintzak Andre Maria Zuriaren plazan eta inguruetan, abuztuaren 4an, arratsaldez, jaiei hasiera eman ohi zaien espazio horietara sarbidea mugatzeko antolatutako dispositibo berezi baten barruan. Izan ere, aurten ez da suziriaren jaurtiketarik izango, pandemia dela eta.

Abuztuaren 4an, 16:30etik 19:00etara, sarbidea mugatuko da Prado kalean, Diputazio kalean, Errementari kalean, Zapatari kalean, Hedegile kalean, Mateo Moraza kalean, Eduardo Dato kalean, Posta kalean, Agirre Lehendakariaren kalean, Loma Jeneralaren kalean eta Aihotz plazan. San Migeleko balkoira ere ezingo da sartu, ezta Arkupeetatik ere. Andre Maria Zuriaren plaza eta Espainia plaza mugatzea lortuko da hartara.

“Pilaketak saihestea da helburu nagusia. Osasun publikoa da kontua. Andre Maria Zuriaren jaiak bertan behera uztera behartu gaitu koronabirusak. Erantzukizunez joka dezatela eskatzen diegu gasteiztar guztiei. Aurten ez”, adierazi du Herritarren Segurtasuneko zinegotzi Marian Gutiérrezek.

Autobusek, taxiek, larrialdietako ibilgailuek eta garajeetan sartzeko edo irteteko baimena duten ibilgailuek bakarrik zirkulatu ahal izango dute mugatutako eremuan barrena, eta bertako bizilagunek sartu eta atera ahal izango dute oinez.

Ostalaritza-establezimenduetan daudenek nahi dutenean atera ahal izango dute bertatik, agenteen jarraibideei kasu eginez. Lokal publiko horiek ezingo dute mahairik jarri bide publikoan 16:30etik 19:00etara bitartean.

Mugatutako zonatik kanpo, prebentzio-dispositibo bat jarriko dute martxan Udaltzaingoak eta Ertzaintzak hilaren 4an Andre Maria Zuriaren plazaren inguruan eta hiriko beste hainbat tokitan, pilaketak eta kale-zurrutak saihesteko. Maskararen erabilera ere kontrolatuko da, koronabirusaren hedapena saihesteko. Hilaren 9ra arte mantenduko dute zaintza, aurten Andre Maria Zuriaren festak ospatuko ez badira ere.

 

Balkoia

Bestalde, abuztuaren 5ean, asteazkenez, San Migeleko balkoirako pasabidea kontrolatuko da 8:00etatik 15:00etara, Andre Maria Zuriaren irudiaren aurrean lore-eskaintza espontaneoa egin nahi duten ekimen partikular edo taldeek jendetzarik sor ez dezaten.

Gehienez 10 laguneko taldeetan egin beharko da bisita, Andre Maria Zuriaren plazatik igota, maskararekin, eta Aihotz plazatik atera beharko da, betiere Udaltzaingoaren jarraibideei kasu eginez. Talde gehiegi biltzen badira, gehienez 7 minutuko egonaldia egin ahal izango da balkoian.

Abuztuaren 9an —Zeledonen igoerarik ere ez da izango aurten—, beste dispositibo bat jarriko dute Udaltzaingoak eta Ertzaintzak, zona mugatzeko, 23:00etatik 01:30era bitartean, eta sarbidea mugatuko dute Andre Maria Zuriaren plazara.

Share

Atxilotua udaltzainei eraso egiteagatik

Udaltzainek atzo arratsaldean 20 urteko gizonezkoa atxilotu zuten agintaritza-agenteen aurkako atentatuaren ustezko delitua egiteagatik.

Arratsaldeko 18:00ak aldera, Honduras kalean ibilgailu batek egindako zirkulazioko arau-hauste baten lekuko izan zen patruila bat. Gelditzeko agindu ostean, udaltzainek egiaztatu zuten auto barruko batzuen gainean esku hartzeko fitxa ugari zeudela, eta haietako baten kasuan, gainera, bizilekuaren inguruko ikerketa bat ere bai.

Jarraian, azaleko miaketa egitean, bidarietako batek uko egin zion eta udaltzainen aurka jo zuen. Horrenbestez, menderatu eta atxilotu egin behar izan zuten.

Guardiako Epategian dagozkion eginbideak osatu ondoren, aske utzi zuten.

Azken 24 orduotan, hamabi zirkulazio-istripu erregistratu dira, baina ez da zauriturik egon.

 

Share

BEAren proiektua aldatu egin da, hobekuntzak sartzeko

BEAren proiektua hobetu egin da. Gasteizko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak proiektuaren aldaketa bat onetsi du gaur goizean, eta horrek 2 milioi euroko inbertsioa izango du, Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren arteko lankidetza-esparruaren barruan. Besteak beste, lanak burutzeko epea 2021eko udara arte luzatuko da, duela hilabete batzuk iragarri zenaren arabera.

Zenbait premiari erantzungo die kontratuaren aldaketak. Batetik, hilabete hauetan sortu diren egoerak zuzendu behar dira, esaterako, proiektuan aurreikusi ez ziren eragindako zerbitzuak; bestetik, proiektua Gasteizko Mugikortasun Planaren balioespen berri bati egokitu behar zaio, baita udal araudiei ere, eta gauzatzen ari diren beste azpiegitura batzuei, hala nola tranbia eta eragindako zerbitzuen lanak.

Hona hemen kontratua aldarazi duten arrazoi nagusiak:

– Esmaltazioen biribilgunean hirugarren erreia gehitzea ingurunean trafikoa arintzeko; Gasteizko Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Planaren berrikuspenaren barruan mugikortasun azterketa egin ondoren beharrezkotzat jo zen hori.

– Proiektua aldatzea Pablo Neruda eta Leandro Viana kaleen inguruan ospitalerako sarbide berriak egokitzeko.

– Euskal Herria bulebarrean trazatua aldatzea.

– Trazatuaren zenbait gunetan norabideak aldatzea.

– Esmaltazioen biribilgunearen inguruan Iberdrolaren sarea aldatzea.

– Mendizorrotzeko zuntz optikoko sarea aldatzea.

– Hobekuntzak eragindako zerbitzuetan: kutxatilak, telekomunikazio-sareak…

– Diseinu irizpideak aldatzea eta araudietara egokitzea argiteria sareari eta argiztatu beharreko lekuei dagokienez.

– AMVISAren hornikuntza-sareak aldatzea BEAren trazatuko geltokiekiko interferentzietan.

– Eraginak ureztatze-sarean.

– AMVISAren obrekiko interferentziak Zumakadi ibilbidearen eta Florida kalearen inguruan.

– Interferentziak Salbururako tranbiaren obrekin.

– Karga eta egokitze sistemak eta autobusak moldatu eta hobetzea, TUVISAk emandako irizpideen arabera.

– Zoladura hobetzea trazatuan.

 

Horretaz gain, COVID-19ak sortutako egoera hartu da aintzat. Izan ere, lanak aldi batez gelditu behar izan ziren, eta ohiz kanpoko lan-ordutegiak eta babes-sistemak ezarri behar izan dira. Materialen hornikuntzan ere atzerapenak izan dira.

 

 

 

 

 

Share

San Antonio kalea oinezkoentzako lehentasunezko gune bihurtuko da, herritar guztiak elkartzeko

Esku-hartzeak Gasteizko superetxadien plana garatzen jarraitzeko balioko du

San Antonioko diseinuak ‘eguzkiloreen’ marrazkiak ditu, herritarrak ibiltzeko eremu babestua dela sinbolizatzeko

 

 

Gasteizko Udalak San Antonio kaleko zati batean oinezkoentzako iraultza bat egiteko lanak egiten hasi da aste honetan, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Plana eta Orain Gasteiz Plana betez. Izan ere, diseinu berritzailea eta apurtzailea izango du horrek, hiriaren bihotzean. “Eguzkilorea gure etxeak babesteko sinboloa da. Hartara, segurua izateaz gain, gure etxea ere baden espazio publiko bat sustatzen dugu, bertatik ibili ez ezik, horretaz gozatu ere egingo baitugu “, azaldu du Gorka Urtaran alkateak. “Esku-hartze hau sinbolismoz beteta dago. Honekin jauzi kualitatibo bat egiten dugu. Seguru mugitzeko eskubidetik gozamenerako eskubidera igarotzen gara, guztion espazio komun hori bizitzeko eskubidera“.

Esku-hartzeak hasiera ematen die Mugikortasunaren eta Espazio Publiaren Sailak Mugikortasun Planean identifikatu dituen superetxadietan garatu nahi dituen lanei; San Antonioren ondoren, Judimendi auzoan jarraituko dute lanek. “Hiri berde eta jasangarritik hiri osasungarrirantz goaz. Osasuna babestu, gizarte-ongizatea bermatu eta tokiko ekonomia lagundu nahi dugu. Eta helburu horiek lortzeko, lehentasunezkoa da gure kale eta plazetan jardutea. Filosofia argia da: herritarrentzako espazioak zabalduko ditugu, distantzia soziala bermatuz, gure merkataritzari eta ostalaritzari lagunduz eta desplazamendu aktiboak lehenetsiz: oinez eta bizikletaz“, azpimarratu du Gorka Urtaran alkateak. “Mugikortasunaren alorrean nazioarteko erreferentea gara, eta izaten jarraituko dugu. Pandemiaren osteko agertokian, espazio publikorako neurri eta konfigurazio berriak aplikatzeko garaia da “.

Joan den maiatzean, udal gobernuak zenbait jarduera aurkeztu zituen espazio publikoarekin lotuta, Orain Gasteiz planaren barruan. Proposamenak hainbat esku-hartze jasotzen zituen: espaloiak handitzea, bizikleta-konexio berriak eta Mugikortasun Planean identifikatutako superetxadien % 30ean jardutea. Hirugarren  alorrari dagokio San Antonioko esku-hartzea.

San Antonio kaleko diseinu berria —dagoeneko martxan dago— deigarria izango da, Veronica Werckmeister artistak diseinatutako eguzkilore batzuk marraztuko baitira Florida kalearekin eta Araba Jeneralarekin dituen bidegurutzeetan. Elementu horiek gune babestu batera sartzen dela sinbolizatuko dute, oinez ibiltzeko, jolasteko eta gozatzeko gune batera. Orobat, 90 zentimetroko altuerako seinaleak jarriko dira, landarearen marrazkiez, baita S28 seinalea ere, oinezkoentzako lehentasun-eremu bat dela adierazten duen testuarekin batera.

Diseinu berriaren ezaugarririk deigarrienetako bat da zebrabide ‘asimetriko’ moduko batek kale osoa zeharkatuko duela, hegoaldetik iparraldera, oinezkoentzako lehentasunezko espazioa dela gogorarazteko. Bide-marra horiek hainbat neurri izango dituzte, eta piktograma berriek indartuko dituzte, beste erabilera batzuk sustatzeko: haurrak jolasean, bizikletak…

Kalean barrena zeuden bizikleta-aparkalekuak utzi dira, zamalanetarako lekuak (8.00etatik 13.00etara eta 16.00etatik 18.00etara, gehienez 15 minutukoa hotelerako, eta 8.00etatik 11.00etara), eta oro hara erabiltzeko 15 minutuko aparkaleku azkarrak. San Antoniotik, beraz, zamalanetarako eta garajeetara joateko baino ez dira ibilgailuak sartuko. Eta abiadura txikian, inguruko gainerako erabiltzaileak errespetatuz. Zehazki, 10 kilometro orduko abiaduran.

Gainera, ostalaritza-establezimenduek mahaiak galtzadara ateratzeko aukera aurreikusi da. Aukera hori adierazteko, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak espazio espezifikoak marraztuko ditu (hostotzaren irudiarekin).

Bizikletak galtzadatik zirkulatu ahalko dira, baimendutako erabileretako bat izango baita. Hori bai, bidegorririk gabe, bide horren erabilera partekatua izango baita eta oinezkoen lehentasuna errespetatu beharko baitute.

Osasunari lotutako jarduerak

Gasteizko kaleetan autoen erabilera murrizteak (eta horien berotegi-efektuko gasen emisioak) zuzenean dakar osasun publiko hobea. Izan ere, korrelazio handia dago hiriko kutsadura atmosferikoaren eta COVID-19aren ondoriozko heriotzen ehunekoaren artean.

Era horretako jarduketen bidez, pertsonentzako espazio publikoa handitzen da; hiri-kutsadura murrizten da (atmosferikoa eta akustikoa); bizi-kalitatea eta bide-segurtasuna hobetzen dira; pertsona guztiek beren ongizatea asetzeko behar dituzten leku, ondasun eta zerbitzuetarako sarbidea bermatzen da; gizarte-kohesio handiagoa bultzatzen da, eta ekonomia jasangarriagoa sustatzen.

SAN ANTONIO KALEKO DOSIERRA

 

Share

Jarduera-plan bat jarri du abian Udalak, modu arin, koherente eta koordinatuan erantzuteko, pandemiaren agerraldi berririk balego ere

Udal zerbitzuek fase bakoitzean nola jokatu beharko duten zehazten duten protokolo espezifikoak biltzen dituen kontingentzia-plana aurkeztu du Gorka Urtaran alkateak  

Erantzuteko barne-egitura hobetzen du, alkateak zuzenduko duen koordinazio-mahai batek gidatutako bost komiterekin

 

Covid-19aren pandemiaren aurrean jarduteko plana aurkeztu du gaur goizean Gorka Urtaran alkateak. Horren bitartez, Udalaren barne-antolakuntzarako sistema berri bat egituratzen da, “pandemiaren agerraldi berririk balego ere modu arin, koherente eta koordinatuan erantzuteko. Aparteko egoera bizi izan dugu azken hilabeteotan. Egoera berri honetara egokitu eta bizi izan dugun krisi sanitarioari erantzutea izan da gure lehentasuna, aste horietan. Unerik zailenetan ere, dozenaka lagunek lanean jarraitu dute Udalean, behar izan dutenei gizarte-arreta emateko, kaleak zaindu eta garbi mantentzeko, garraio publikoak zerbitzua ematen jarrai zezan, egoera hori koordinatzeko eta erabakiak ahalik eta modurik eraginkorrenean hartzeko, eta ikusten ez diren baina beharrezko ziren gauza guztiek funtziona zezaten funtsezkoak izan diren beste hainbat lan egiten”, azaldu du alkateak. Eta gehitu du: “Lan handiko asteak izan dira, une bakoitzean egoera aldakor eta berri batera egokitu behar izan dugu. Horrelako egoerei —berriro gertatuz gero— hobeto aurre egiteko aukera emango diguten gauza asko ikasi ditugu”.

Jarduera-plan berriak dakartzan neurriak eta gidalerroak beti egongo dira osasun-agintariek ezarritako jarraibideen mende. Gainera, Udalak jarraipen-adierazleen sistema bat garatu du, zein etengabe eguneratzen baita, eta hirian dauden datu epidemiologiko eta sanitarioen jarraipena egiteko aukera ematen baitu.

Lan-egitura berri bat aurreikusten du agerraldi berrien aurrean jarduteko planak, deszentralizatuagoa, arintasun handiagoa eta barne-koordinazioa xede.

Lantalde espezifikoak ezarri dira, sail bakoitzaren jarduera- eta ezagutza-eremuetan oinarrituta eta antolakuntzaren ikuspegi integralarekin. Hartara, orain arte neurri guztiak lan-mahai bakar batek koordinatzen bazituen ere, aurrerantzean alkateak gidatutako mahai batek koordinatuko ditu gaikako 5 komite espezifikoak: gizarte-zerbitzuak, herritarrentzako instalazio eta zerbitzuak, espazio publikoa, garraioa eta herritarren segurtasuna, baliabideak eta komunikazioa.

Zerbitzuen antolakuntzaren aurreikuspena egiten du plan berriak —barrura nahiz kanpora begira—, alarma-egoeren faseen arabera zehaztu eta egituratuta.

Udalari egitura operatibo arin eta malgu bat eskaintzea da pandemiaren agerraldi berriei erantzuteko estrategia, krisi sanitarioak eragindako egoerei azkar eta eraginkortasunez erantzuteko modua izan dezan. Gainera, barneko eta kanpoko komunikazio- eta koordinazio-bideak ezartzen ditu antolakuntzaren maila guztietan, beste erakunde batzuk nahiz herritarrak aintzat hartuta. Erabakiak hartzea errazten du, ekintzen eta emaitzen gordailu batean oinarrituta, eta erakundearen esku jartzen du krisiaren maila bakoitzean indarrean dagoen araudi orokor eta sektorial guztia.

“Beste alderdi garrantzitsu bat da neurrien koherentzia maila guztietan sustatzea eta udal-ekintzaren ikuspegi integratzailea eta multisektoriala erraztea”, nabarmendu du alkateak, eta azpimarratu du udal-zerbitzu bakoitzaren plangintza zehatza dagoela, fasez fase egituratuta, eta zerbitzu eta sailen protokoloak garatu direla, fase eta zerbitzu bakoitzerako beharrezkoak diren xehetasun operatibo guztiak bilduz.

Komite tekniko bakoitzeko intranetean lan-eremu bana sortzea ere aurreikusi da planean, dokumentazio, jarduera-protokolo, plan eta posta-kontu espezifikoekin, eta udal-langileei horien berri ematea.

Talde horietako bakoitzeko egutegi bat egin da, eta kontaktu-zerrenda bat, oporraldietan eta ordezkapen-aldietan erreferentzia-pertsonak zein izango diren jasota uzteko.

Aldian-aldian egiten dituzte bilerak bost komiteek, eta horrela jarraituko da osasun-agintariek arrisku sanitariorik ez dagoela esan arte. Pandemiaren agerraldi berririk izanez gero, egoera horretara egokituko da komiteen bileren maiztasuna, komite bakoitzaren antolakuntza-autonomiaren irizpideak eta Koordinazio Mahaiaren ikuskaritza eta irizpideak kontuan izanik.

Jarduera-plana (pdf)

Share

Zoladura sendotu eta zuloak betetzeko udako kanpainan 180.000 eurotik gorako inbertsioa egingo da, eta Gasteizko kale erabilienetako batzuk hobetuko dira horri esker

Gasteizko Udalak 182.274,12 euro inbertituko ditu hiriko kaleetako zoladura sendotu eta zuloak betetzeko ohiko kanpainan. Gaur goizeko bileran onetsi du Gobernu Batzarrak lan horietarako kontratazio-dosierra esleitzea Firmes Alaveses eta Sisca Señalizaciones enpresei. Lanak abuztuaren bigarren astean hasiko dira. Oraingo honetan, hiriko kale nagusietako batzuk konponduko dira, Forondako atea, Arriagako atea, Olagibel kalea, Done Jakue hiribidea, Frantzia kalea eta Bake kalea, batzuk aipatzearren. Kale horiek nahiko hondatuta daude, urteen eta erabilera handiaren poderioz.

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailaren proiektuak orotara 5.800 metro koadroko azaleran esku hartzea aurreikusten du, eta lanek hiru aste irautea. Zoladurak fresatuko dira, bigunguneak eta beste akats batzuk konponduko eta, azkenik, asfaltozko aglomeratu beroa botako.

Enpresa kontratistak kale hauetan lan egingo du:

-Forondako atea

-Honduras

-Gorbeia

-Arriagako atea

-Frantzia kalea

-Bake kalea

-Becerro de Bengoa kalea

-Olagibel kalea

-Done Jakue hiribidea

-Astronomo kalea

“Gure galtzadak hobetu nahi ditugu, erosoagoak izan daitezen bertatik zirkulatzen dutenentzat, bai ibilgailu motordunez bai bestelako garraiobidez“, azaldu du Gorka Urtaran alkateak. “Aurten ahalegin berezia egingo dugu hirira sartzeko kale nagusietan, hala nola Forondako atean eta Arriagako atean, baita gehien erabiltzen diren kaleetako batzuetan ere, Frantzia eta Bake kaleetan, Olagibel kalean eta Done Jakue hiribidea, esate baterako“.

 

Share

50.000 euro emango dizkio Udalak UNEDi

UNEDen Gasteizko zentro elkartuari 50.000 euro ordaintzea onetsi du Gasteizko Udalak, hots, 2020ko udal dirulaguntzaren bigarren zatia. Berariazko partida bat du Hezkuntza eta Kultura Saileko Hezkuntza Zerbitzuak espazio hori finantzatzen laguntzeko.

Aurretik, UNEDen Gasteizko zentro elkartuak 2019ko ekitaldi ekonomikoko aurrekontuaren urteko kontuak eta likidazio-egoera aurkeztu zituen, eta Patronatuaren Batzarrak onartu egin du 2020ko uztailaren 3an egindako bileran. Horren aurrean, Udalaren ekarpenaren bigarren zatia (2020ko aurrekontuaren likidazioa) ordainduko zaio UNEDen Gasteizko zentro elkartuari, 50.000 eurokoa.

Udalak 100.000 euroko ekarpena ezarri zuen Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak (UNED) Arabako hiriburuan 2020. urtean garatu beharreko jarduerarako. Lehenengo ordainketa apirilean egin zen, eta orain bigarren ordainketa egingo da, 50.000 eurokoa, bigarren seihilekoari dagokiona.

 

Share

FesTVal jaialdiaren XII. edizioa babestuko du Gasteizko Udalak, 133.000 eurorekin

Irailaren 1etik 5era bitartean izango da jaialdia, Europa jauregian, eta bereziki zainduko dira segurtasun neurriak.

FesTVal jaialdiaren XII. edizioa (2020) babesteko prozesuari ekin dio Gasteizko Udalak. Irailaren 1etik 5era bitartean izango da aurten, Europa jauregian. Telebista Jaialdia babesteko tramitea onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak, 133.000 euro emango baitzaizkio udal kutxetatik.

Estatuko telebistaren sektorearentzat erreferentzia bihurtua da FesTVal, kate eta kazetari espezializatu nagusiak Gasteizera ekarri ohi dituen hitzordua. Profestval atala ere barne hartzen du, jaialdiak: jardunaldiak, mahai-inguruak eta lantegiak, ikus-entzunezkoen sektoreko profesional eta ikasleei zuzenduta.

Aurtengo edizioan, krisi sanitarioa dela eta, kontu berezia edukiko da jaialdian ezarri beharreko segurtasun-neurriekin. Hain zuzen ere, antolatzaileek dagoeneko aztertu dute jardueren edukierak nola mugatu. Alternatiba gisa, online partaidetza eta streaming bidezko zabalkundea sustatuko dira.

2020ko FesTVal jaialdiak dagoeneko baieztatu du hauek presentzia: TVE, Antena 3, La Sexta, EiTB eta Movistar+, baita ikus-entzunezkoen arloko beste entitate batzuena ere, hala nola Music Library & SFX, Alma Sindicato de Guionistas de España, Egovidi, Dirige Asociación de Directores de Ficción de Televisión edo Prointel, zeinek egitarau ofizialean parte hartuko baitute.

Europa Jauregia izango da jaialdiaren egoitza nagusia, parte hartzen duten kateen aurkezpen eta estreinaldiak hartzeko, baita itxiera gala ere, zein, berriro ere, Ion Aramendik aurkeztuko baitu. Lekuz aldatuko da bukaerako festa hori aurten, biltzar ekipamendu horretako Maria de Maeztu auditorioan egingo baita.

 

Share

Kulturak 40.000 euro emango dizkio Magialdiari

Gasteizko Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu du Arabako Ilusionisten Elkartearekin eta, horren bitartez, Hezkuntza eta Kultura Sailak 40.000 euro jarriko ditu 2020ko Magialdiko programaziorako.

Gasteizko Magialdiaren 32. edizioa irailaren 14tik 20ra bitartean egingo da. “Etsipen garaietan magia inoiz baino beharrezkoagoa da. Horregatik da hain berezia jaialdiaren edizio hau. Eta horregatik jarraitzen dugu laguntzen Gasteizko Udaletik“, azpimarratu du Estíbaliz Canto zinegotzi sozialistak.

 

Beste ekarpen batzuk

Bestetik, Gasteizko Udalak 8.000 euro emango dizkio Arabako Argazkilarien Elkarteari 2020an jarduerak garatu ditzan. Irabazi-asmorik gabeko entitate horren xedea argazkigintza dibulgatu eta irakastea da, horretarako urte osoan lantegiak, ikastaroak, erakusketak, dokumentalen proiekzioak eta abar antolatzen dituztelarik.

Halaber, Hezkuntza eta Kultura Sailak beste lankidetza-hitzarmen bat sinatu du Urrezko Zeledonak kultur elkartearekin, zeinaren bidez elkarteak 5.600 euroko dirulaguntza jasoko duen, 2020an zehar zenbait jarduera egiteko.

Azkenik, Udalak 5.200 euroko dirulaguntza emango dio Atiza komiki marrazkilarien elkarteari, ‘Crash cómic 2020’ proiekturako, zeinaren xedea Arabako egileen komikien sektoreko produkzioa eta hedapena sustatzea baita.

 

 

 

 

 

Share