Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-07-31)

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, uztailak 31

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Astelehenean zabalduko dira atzera adinekoentzako eguneko arreta-zerbitzuak

Tomas Zumarraga Dohatsua, Blas de Otero eta Olarizuko Santa Maria, % 100eko edukierarekin

 

Adinekoentzako eguneko arreta-zerbitzuak zabalduko ditu Gasteizko Udalak atzera, astelehenean, abuztuak 3, uztailaren 19az geroztik itxita egon ondoren. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren aginduz itxi ziren zentro horiek, Covid-19aren aurrean pertsona ahulenen osasuna eta ongizatea babesteko asmoz, baita horiek zaintzen dituztenena ere.

Beraz, astelehenetik aurrera, % 100eko edukierarekin jarriko ditu berriro abian Udalak adinekoentzako eguneko hiru arreta-zerbitzuak —Tomas Zumarraga Dohatsua, Blas de Otero eta Olarizuko Santa Maria— eta ordutegi osoarekin, hots, 10:30etik 20:00etara bitartean.

“Zerbitzu bakoitzean, bi arreta-eremu bereizitan funtzionatzen jarraituko dugu, bakoitzean adinekoen % 50i arreta emanez. Horrela, talde txikiagoekin lan egingo dugu, eta kontaktu gutxiago izango dira erabiltzaileen artean. Covid-19a kutsatu eta hedatzeko arriskua gutxituko du horrek, positiboren bat izanez gero ere”, azaldu du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak. “Funtzionatzeko modu horri eutsiko diogu hurrengo aste edo hilabeteetan, pandemiaren bilakaerak zentroen ohiko funtzionamenduari berriro ekiteko aukera ematen digun arte”, gaineratu du.

Gaur egun, 77 adineko joan ohi dira eguneko arreta-zerbitzuetara. Zentroak itxita egon diren 15 egunetan, etxez etxeko arreta eskaini zaie.

 

 

 

 

 

 

Share

Quan Zhou Wu ilustratzaileak bat egin du Gasteizko Zurrumurruen kontrako Agenteen Sarearekin

Gasteizko Udalaren Zurrumurruen kontrako estrategiak sentsibilizazio-jarduera bat diseinatu du, Bilbo, Getxo, Basauri eta Leioakoekin batera, ilustratzaile eta arrazakeriaren aurkako aktibista ospetsuaren eskutik.

 

Gasteizko Udalaren Zurrumurruen kontrako estrategiak sentsibilizazio-jarduera bat diseinatu du, Bilbo, Getxo, Basauri eta Leioakoekin batera, Quan Zhou Wu ilustratzaile eta arrazakeriaren aurkako aktibista ospetsuaren eskutik. Haren ibilbide profesionalean kolaborazioak egin ditu El Paísen edizio digitalean eta Radio 3 irrati-etxeko Hoy empieza todo saioarentzat; horrez gain, bi nobela grafiko argitaratu ditu, lehena 2015ean, Gazpacho agridulce, una autobiografía chino-andaluza izenekoa, eta haren jarraipena 2017an, Andaluchinas por el mundo izenpean.

Jardueraren mamia 5 biñeta izango dira, bakoitzak aholku edo gomendio bat duelarik “Zurrumurruen kontrako uda baterako”, eta Udalaren ohiko komunikazio bidez hedatuko dira, Zurrumurruen Kontrako Estrategian Euskadi osoan duten babesarekin.

Bizikidetza eta Aniztasunaren zinegotzi Miren Fernández de Landak azaldu duenez, “Ekimenaren helburua material gertuko baten bidez zurrumurruen kontrako eragileen zeregineko gakoak ezagutaraztea da, eta, batez ere zurrumurruen aurkako estrategien helburua diskriminazioa prebenitzeko eta elkarbizitza sustatzeko jarduera gisa ulertaraztea, betiere kulturartekotasun testuinguru batean. Gainera, ekimen honekin jatorri atzerritarreko pertsonen aurkako zurrumurru faltsu, aurreiritzi eta estereotipo horiek indargabetzeko lehen urratsa gure geure iruditeriak desegiten hastea azpimarratu nahi da, bai eta horien atzean dauden emozioak ere”.

Horrez gain, ekimenak badu beste asmo bat, “isiltasuna haustea eta parte-hartze aktiboa izatea pertsonen alde eta zurrumurruen kontra dagoen prozesu horretan. Zurrumurruen kontrako eragileek zubiak eraikitzen dituzte hitzaren eta entzumenaren bitartez, jarrerak elkarrengana hurbiltzen laguntzen diguten zubiak”.

 

Azkenik, biñeten bitartez, eta entzumena eta irakurmena tresna, arrazakeriaren aurkako borrokako erreferenteengandik ikasten laguntzea da, horietako batzuk dira Angela Davis, Lucía Asué Mbomío, Moha Gerehou, Paula Guerra, Míriam Hatibi, Chenta Tsai, Desirée Bela-Lobedde, Sani Ladan, Mamadou Dia, Mamadoy Ngom (Marra Junior), Afroféminas kolektiboa, Ex Menas Madrid, kolektiboa, Catarsia, Top Manta Barcelona, Mbolo Moye Doole, Emakume musulmanen Bidaya elkartea, eta beste asko.

Info +

Share

Plakak estreinatu ditu Florida parkeak, eta ‘maitasunaren zuhaitza’ berreskuratu, bigarren mendeurrena dela eta

 

Alkateak jakinarazi duenez, bihar onetsiko du Gobernu Batzarrak haitzuloaren egitura konpontzeko lanen kontratazio-dosierra 

Omenaldia egin zaie, ekitaldi batean, 200 urte bete dituen Gasteizko birika berde horri eta 40 urte bete dituen Eusko Legebiltzarrari

 

Plakak estreinatu ditu gaur Florida parkeak, eta ‘maitasunaren zuhaitza’ berreskuratu. Udalak eta Eusko Legebiltzarrak batera antolatutako ekitaldi xume eta hunkigarrian, omenaldia egin zaie 200 urte bete dituen Gasteizko birika berde horri eta 40 urte bete dituen legebiltzarrari.

Gorka Urtaran alkateak eta Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriak kendu dizkiete estalkiak Florida parkeko eta Eusko Legebiltzarreko plaka berriei, eta ‘maitasunaren zuhaitz’ berria landatu. Gainera, alkateak jakinarazi duenez, bihar onetsiko du Tokiko Gobernu Batzarrak haitzuloaren egitura konpontzeko lanen kontratazio-dosierra.

Udalbatzako eta Legebiltzarreko Mahaiko hainbat kide ere izan dira ekitaldian. Lehenik eta behin, plaka bana desestali da, bata ‘Florida pasealekua, 1820’ idazkunarekin eta bestea, berriz, ‘Eusko Legebiltzarra, 1980’ idazkunarekin. Florida pasealekuko plakaren kasuan, duela bi mende jarritako jatorrizkoen kopiak egin dira. Aparteko bi lekuko izan ditu plakak desestaltzeko ekitaldiak: garai bateko Ramiro de Maeztu institutuko irakasle eta Hiriko Seme kutun Eduardo Madinabeitia, batetik, eta Ensanche XIX elkartearen ordezkari bat, Andrés Iturralde, bestetik.

Aurreskuaren ondoren, Legebiltzarraren 40 urteen errepasoa egiten duen argazki-erakusketa bisitatu du segizioak, eta ‘maitasunaren zuhaitza’ —Cercys siliquastrum bat— landatzera jo du gero. Alkateak eta legebiltzarreko presidenteak landatu dute zuhaitz berria, zeinek 1930ean desagertu zen jatorrizko ‘maitasunaren zuhaitzaren’ lekua hartu baitu. “Amodioaren zuhaitz berri honek adierazi behar du hemen bizi garen pertsonen arteko harremanak errespetuan, elkartasunean eta maitasunean oinarritu behar direla”, esan du Gorka Urtaran alkateak

Zuhaitz horrek ospea lortu zuen, usadioak zioenez bikotekidea lortzen laguntzen baitzuen. Horretarako, nahikoa omen zen enborrari zazpi bira ematea. Tamaina handiko zuhaitza da, eta lore arrosa ikusgarriak ematen ditu. Orain, gainera, interesa duen edonork QR kode bat aurkituko du plaka txiki batean, eta aukera emango dion horrek gailu mugikorrean zuhaitzaren historiari buruzko informazioa jasotzeko, baita zuhaitz-espezie horri buruzko ere.

Egitaraua

Florida parkeak —Gasteizko birika berde nagusietako bat— 200 urte beteko ditu. Eta Udalak askotariko egitaraua prestatu du espazio horren bi mendeak ospatzeko, balio historiko, ondare-balio eta balio sozial handia baitu hiriarentzat. Gainera, inguru guztia apainduko du. Izan ere, Arabako hiriburuko harribitxietako bat da Florida parkea. Bi mendetan, era guztietako bilera eta ospakizunen leku izan da: jaialdiak, dantzaldiak, musika-ikuskizunak, belopizedo-lasterketak, tonbolak, udaberri hasierako zuhaitz-festa, eta erritu eta ohiturak, ‘maitasunaren zuhaitzarena’, kasu

 

#LaFlorida200 egitarauko egitarauko proposamen nagusiak berariazko URL honetan aurki daitezke: www.vitoria-gasteiz.org/laflorida200

Share

Atxilotua erresistentziagatik, desobedientziagatik eta autoritate-agenteen aurkako atentatuagatik

Udaltzainek 44 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo gauean autoritate-agenteen aurkako atentatua, erresistentzia eta desobedientzia delituen ustezko egilea izateagatik.

21:00ak inguruan, Miguel de Cervantes ikastetxe barruan alkohola edaten eta musukoa jantzita izan gabe gazte-talde bat zegoela zioen abisua jaso zuten. Hainbat udaltzain bertaratu zen eta haietako bik musukorik ez zeramatela egiaztatu ondoren, salaketa jarri zieten.

Udaltzainak lanean ari zirela, adingabe bat asaldatzen eta oihu egiten hasi zen. Horren ondorioz, hainbat hiritar ikastetxe inguruan pilatu zen eta ordena publikoko nahastea eragin zuen.

Bertaratutakoei handik alde egiteko eskatu zietenan, gizonezko batek ez zuen kasurik egin, udaltzainen errekerimenduak ez zituen bete eta haietako baten aurka eraso egin zuen. Ondorioz, atxilotu egin zuten.

Gainera, administrazioko bi espediente jarri zizkieten bi gazteri bide publikoan estupefazienteak kontsumitzeagatik. Guardiako Epaitegian zegozkien eginbideak egin ondoren, atxilotua aske utzi zuten ordu batzuk geroago.

Azken 24 orduotan, zirkulazioko zazpi istripu gertatu dira eta pertsona bat zauritu da.

 

 

 

 

Share

Irene Carmonaren ‘Urlo’ erakusketa aurkeztu du Montehermosok

Uztailaren 31tik irailaren 13ra bitartean egongo da ikusgai, Jovellanos aretoan

 

Katalogo_urlo

Irene Carmonaren ‘Urlo’ erakusketa hartuko du Gasteizko Montehermoso kulturuneko Jovellanos aretoak, uztailaren 31tik irailaren 13ra bitartean. Gasteizko Udalaren Kultura zuzendari Paco Galve, Cristina Arrazarola —erakusketako komisarioa— eta Irene Carmona egilea bera izan dira prentsaurrekoan.

2019ko deialdian hautatutako lau proiektu artistikoetatik azkena da ‘Urlo’.  Montehermoso kulturuneak urtero bideratzen du programa hori, lau proposamen hautatu —sorkuntza artistikoko hiru proiektu eta ikus-entzunezko bat— eta erakusketa bana egiteko.

‘Urlo’ erakusketan, inguru hurbilenean aurkitzen dituen motibo plastikoetan oinarritu du bere lana artistak. Pinturaren bidez gauzatzen da lan hori, argazkia bitarteko, erreferentziazko bitarteko gisa ez ezik, baita berez zentzua duen elementu gisa ere.

 

Argazkigintzak mugimenduan eskaintzen dizkion aukerak ikertzen ditu egileak, askoz ere modu iradokitzaileagoan —ez hain mugatuan— lan egiteko aukera ematen baitio horrek, bere funtsezko ezagutza piktorikoaren iturritik, hots, naturatik hurbilago.

“Material piktorikoa nahiz grafikoa sortzea da bere asmoa, hartara bi adierazpide horien arteko elkarrizketa ezartzeko, bi lanak batera aurkeztu ahal izateko, gaur aurkezten ari garen ‘Urlo’ erakusketan jasotzen den diskurtsoa osatuz”, adierazi du Paco Galvek.

Irene Carmona bezalako artistek ‘Montehermoso+UPV/EHU’ espazio horretan proiektu artistikoei zabalkundea ematerik izan zezaten 2012an abiarazitako deialdiaren balioa nabarmendu du zinegotziak. “Pandemiak eragindako krisi sanitarioaren ondorioz atzeratu egin da aurtengo deialdia. Beren proiektuak aurkeztu nahi dituztenek irailaren 25era arte izango dute aukera”, gogoratu du Canok, eta kulturuneko langileak ere izan ditu hizpide: “Eskerrak eman nahi dizkiet Montehermoso kulturuneko zuzendari Luis Maria Pascuali eta lantalde osoari, pandemia gorabehera azken hilabeteetan egin duten kudeaketa bikainagatik. Eskerrik asko zuen erantzukizunagatik eta konpromisoagatik”.

Egilea

Arte Ederretan graduatua da Irene Carmona, Granadako Unibertsitatean, eta Pintura Masterra egin zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, 2018-2019 ikasturtean. Horri esker, 2019an hainbat egoitza artistiko baliatu ahal izan zituen, hala nola Arte- eta Kultura-trukerako Beka, Txinan, edo Segoviako Quintanar jauregiko egonaldia.

Bakarkako eta taldeko hainbat erakusketatan ere parte hartu du (Gasteizko Araba aretoa, Bilboko Carlton hotela edo Basauriko Ariz dorrea). Hori baino lehenago, Granadako Unibertsitateko Marrazketa Departamenduaren lankidetza-beka lortu zuen (2017-2018) eta Granadako Rey Chico aretoan erakusketa egin, besteak beste.

 

 

Share