Prentsa Oharren banner

Atxilotua indarkeriarekin lapurreta-saiakera egiteagatik eta udaltzainen kontra egiteagatik

Udaltzainek atzo 19 urteko gaztea atxilotu zuten indarkeria erabilita lapurreta egiten saiatzeagatik eta agintaritza-agenteen aurkako atentatua delituen ustezko egilea izateagatik.

Gaztea, lehenik, Oto etorbideko saltoki komertzial baten barrutik produktuak lapurtzen saiatu, eta ondoren, ostalaritzako lokal bateko biltegian sartu zen. Zerbitzarietako baten patinete elektrikoa eraman nahi izan zuen. Ihesean atera baino lehen, zerbitzari horri eraso egin zion.

Lehen lapurreta-saiakeran esku hartu zuen eta oraindik eremuan jarraitzen zuen udaltzaingoko patruilak gaztea atzematea lortu zuen. Une horretan, gazteak udaltzainen aurka egin zuen, eta beraz, atxilotu egin zuten. Gaur goizean epailearen esku geratu da.

Errekisitoria judiziala

Udaltzainek atzo aurkako errekisitoria judiziala zuen 40 urteko gizonezko bat ere atxilotu zuten. Las Neveras kalean hainbat pertsonarekin eztabaida batean parte hartu ostean identifikatu zuten. Gaur goizean epailearen esku geratu da.

Share

Udalak eta Vital Fundazioak indarrak batu dituzte herritarrak 2020ko Andre Maria Zuriaren jaiak ez ospatzeaz kontzientziatzeko

 

  • “Aurten ez” lelopean, bi erakundeek ardura kolektiboa eskatu dute datozen egunetan osasun-gomendioak betetzeko

 

Gorka Urtaran audioa

Gasteizko Udalak eta Vital Fundazioak gaur, uztailak 23, abiaraziko den kontzientziazio kanpaina bat aurkeztu dute, zeinaren bitartez 2020ko Andre Maria Zuriaren jaiak egingo ez direla eta erantzukizunez jokatzeko eskatuko baitiete herritarrei. “Aurten ez” lelopean, ekimenak jaiaren elementu sinbolikoenetako bat baliatzen du, datozen egunetan osasun gomendioak errespetatzen jarraitzeko beharraz sentsibilizatzeko, bizitzak salbatzeko xedez.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek, Vital Fundazioaren lehendakari Jon Urrestik, Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok eta Vital Fundazioaren zuzendari Arantxa Ibañez de Opacuak kanpainaren irudia aurkeztu dute, zeinak herritar guztiek bere egiten dituzten elementuak baliatzen baititu, estilo soilean, eta mezu zuzena eta argia transmititzeko beharra kontuan hartuta. Horretarako, motibo nagusi gisa, Zeledonen betiko euritakoa erabili da, tolestuta eta gordeta, ospatu ezin diren jaien irudirik adierazgarriena delakoan.

Zeledonek berak parte hartzen du kanpainaren bideoan, Neska Txikirekin, Andre Maria Zuriaren Kofradia ordezkatzen duen bikote batekin eta Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa ordezkatzen duen beste bikote batekin batera. Osasun-sistemako profesional-bikote batek ere hartu du parte, Osakidetzaren laguntzarekin. Guztiek Zeledonen aterkia itxi eta gorde egiten dute, jaiak bertan behera utzi izanaren aurrean erantzukizunezko jarrera sinbolizatzen duen keinua.

Gorka Urtaranek gogora ekarri du zein zirkunstantziatan iragarri zuten EAEko hiru hiriburuetako alkateek jaiak ez ospatzeko erabakia. “Ordutik hilabete eta erdi igaro da, eta errealitateak erakutsi digu erabaki zaila zela, baina beharrezkoa“, adierazi du alkateak, azkenaldian COVID-19agatiko kutsatzeen kopurua hazi delarik hartu behan izan diren neurrien harira.

Alkatearen hitzetan, guztion lana da osasun egoerak kontrolpean jarrai dezan lortzea. Ardura kolektiboa eskatu du, kanpainaren mezu nagusia indartuz: “Aurten ez da egoki Andre Maria Zuriaren plazan elkartzea Zeledoni harrera egiteko. Txupinazoaren ondoren, ez da egoki kaleak jendez betetzea, egun horretan izan ohi duten giro bikaina emanez. Ez da egoki farolen prozesioa bezalako tradizio sakonak betetzea, 125. urteurrenean egiterik ez izatea oso mingarria bada ere. Ez da egoki berbenetan elkartzea, edo su artifizialak ikusteko, edo inguruko hirien artean zabalenetakoa izan ohi den jai-egitarauko ekitaldi bakoitza jarraitzeko. Beste modu batean gozatzeko unea da, 2021ean Zeledon berriro zerutik jaitsi eta Andre Maria Zuriaren festarik onenak ospa ditzagun“, azpimarratu du Gorka Urtaranek.

Vital fundazioen lehendakari Jon Urrestik, berriz, hau adierazi du: “nahiago genukeen kanpaina hau aurkeztu behar ez izan, baina erantzukizunagatik, segurtasunagatik eta guztiekiko elkartasunagatik, egin beharra dugu. Vital Fundaziotik ziur gaude gure egitekoa gizarteari zerbitzatzea dela, baliagarriak izatea. Horregatik, hasiera-hasieratik neurri multzo bat ezarri genuen sektore guztietan, pandemiak gure lurraldean ekarritako ondorioak arintzeko. Eta orain, nola ez, gure hiriko udalarekin indarrak batu ditugu osasun agintariek adierazitako gomendio guztiak jarraitzearen garrantziaz sentsibilizatzeko”.

Estíbaliz Cantok zehaztu duen moduan, kontzientziazio-kanpaina komunikabideetan islatuko da, prentsa idatzian eta irratian iragarkiak jarriz eta hedabide digitaletan publizitatea txertatuz. Ekimena sare sozialen bidez ere zabalduko da. Orobat, www.esteañonotoca.eus webgunea sortu da, kanpainarako sortu diren edukiak barne hartzen dituena, baita egoerari dagozkion osasun-gomendio nagusiak ere.

Hiri-altzariek —berrogeita hamar euskarri baino gehiago hirian barrena— Tuvisako autobusek —lau ibilgailu errotulatu dira— eta Andre Maria Zuriaren eta Urrezko Zeledonen plazetan jarritako bi informazio-panelek kanpaina kalean erakutsiko dute.

“Datorren urtean, 2021ean, Andre Maria Zuriaren jaiak handiki ospatuko ditugu. Baina aurten ez da egoki. Horregatik, herritarrei eskatzen diegu bete ditzatela kanpainan emandako jarraibideak eta osasun-agintariek helarazten dizkigutenak. Saihestu ditzagun jende-pilaketak. Pandemiaren erasoa jasan dutenengatik, pandemiari aurre egin diotenengatik, pandemiaren ondorio ekonomikoak pairatzen ari direnengatik, maite ditugunengatik, gugatik.  Aurten ez“, amaitu du Hezkuntza eta Kultura zinegotziak.

 

SPOT: https://youtu.be/v8MuOSq_ZBI

WEB

+INFO: vitoria-gasteiz.org

 

Share

Udalak eta Aldundiak kanpaina bat abiarazi dute Araba eta Gasteiz destino seguru eta berde gisa kokatzeko

Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak turismoa sustatzeko kanpaina berri bat egingo dute datozen asteetan, Araba eta Gasteiz destino seguru gisa kokatzeko eta probintzia mugakideetako bisitariak erakartzeko helburuarekin. ‘Hartu arnas Araban’ leloa du kanpainak, eta hiriko euskarrietan, komunikabideetan eta sare sozialetan izango du presentzia.

Maider Etxebarria lehen alkateorde eta Ekonomia, Merkataritza eta Turismoa Sustatzeko zinegotziak eta Cristina González Enplegua, Merkataritza eta Turismoa Sustatzeko Saileko foru diputatuak kanpaina baten mezuak, sormenak eta bideoak aurkeztu dituzte gaur. Kanpaina horren helburua da barneko turismoa sustatzea eta, batez ere, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Errioxa, Burgos eta Kantabriatik datorren hurbileko turismoa erakartzea.

Kanpaina honen abiapuntua da testuinguru berezi bat: covid-19aren osasun krisia eta destinoa aukeratzeko orduan bidaiariek dituzten motibazioetan duen eragina. “Bidaiariek -azaldu du Cristina Gonzálezek- gaur egun destino lasaiak eta jendetzarik gabeak eskatzen dituzte, ingurune seguruak, aire zabaleko jarduerak, natura eta espazio irekiak… Beste destino batzuek berrasmatu egin behar dute balio aldaketa horiei erantzuteko, baina guk ez”.

Ildo beretik, Maider Etxebarriak azpimarratu du Gasteizek eta ingurumena errespetatzeko eta zaintzeko dituen estrategiak “aukera ematen dutela gure hiria eta, hedaduraz, Araba osoa sustatzeko, arnas eta atseden hartzeko eta natura, ondarea eta lehen mailako gastronomia gozatzeko destino gisa, jendetzarik gabe. Kanpaina honekin gonbidatzen dugu kultura, plazak eta parkeak, Erdi Aroko Almendrako txokoak eta biztanle eta bisitarientzat bizi kalitate handia duen hiri batek eskaintzen duen guztia ezagutzera etor daitezen”.

Atseden hartu eta gozatu

Kanpainaren helburua da Araba eta Gasteiz oporretarako alternatiba gisa kokatzea hurbileko turismorako. Gune seguruak, jendetzarik gabeko inguruneak, natura eta esperientzia kultural eta gastronomikoak eskaintzen ditu, kalitatekoak eta jasangarriak. Eta ‘arnasa hartu’ terminoarekin jokatzen du, atseden hartu, lasaitasuna berreskuratu eta bakarrik, familian edo lagunekin gozatzeko destino osasuntsu eta segurua deneko ideia helarazteko.

Filosofia hori hurrengo asteetan Gasteizko hiri euskarrietan, probintzia mugakideetako komunikabideetan eta sare sozialetan zabalduko diren sormen, irrati iragarki eta ikus-entzunezko guztietan agertzen da. Araban eta Gasteizen aire garbia eta natura ‘arnasten’ dela, kirola eta abentura ‘arnasten’ dela, kultura ‘arnasten’ dela eta gastronomia ‘arnasten’ dela transmititzen duten sormenak, bideoak eta iragarkiak dira.

Kanpaina hau, era berean, zehazten da argitaratzean natura, historia eta kultura, abentura, familia turismoa eta enogastronomia maite dutenek Araban eta Gasteizen ‘arnasa har dezaten’ ideia eta plan iradokitzaileak dituen diseinu zainduko liburuxka bat. Argitalpenak 32 orrialde ditu eta datozen egunetan egongo da eskuragarri, paperean Arabako turismo bulegoetan, eta formatu digitalean www.alavaturismo.eus web orrian.

Azkenik, ikus-entzunezko bat du, azoketan eta turismoa sustatzeko beste ekitaldi batzuetan bultzatzeko tresna gisa erabiltzeko. Gainera, formatu txikiagoko bost bideo tematiko ditu, sare sozialetan hedatuko direnak. Bideo tematiko horien bidez, naturako turismoa, turismo aktiboa, familia turismoa, turismo gastronomikoa eta turismo kulturala bilatzen dutenen arreta erakarri nahi da.

Estrategia integrala

‘Hartu arnas Araban’ kanpaina Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udala uda honetan elkarrekin garatzen ari diren turismoa sustatzeko estrategia integralaren barruan dago. Estrategia hori oraindik garatzen ari den ‘Gera zaitez’ kanpainarekin hasi zen, barne turismoa sustatzeko; eta jarraitu zuen merkatu nazionalari zuzendutako Antonio Resinesen bideo bat sare sozialetan zabaltzearekin.

Orain, eta hirugarren lan ildo gisa, hurbileko turismoari bideratutako kanpaina berri hori abiatu dute. ‘Hartu arnas Araban’ kanpainak lehen ekintza izan zuen, duela bi aste Bilboko erdigunean turismo informazio gune bat irekita, bizkaitar eta bisitariei Gasteizko eta Arabako natura, kultura, ondare eta enogastronomia eskaintza osoa ezagutarazteko.

 

Share

Udalaren osoko bilkura Goiuri jauregian bertan jarraitzeko asmoa baieztatzea 2020-07-24

Bihar, uztailak 24, Goiuri jauregian egingo da osoko bilkura, Martin de Salinas aretoan, zinegotzien artean gomendatutako distantzia gordetze aldera.

Hedabideei gogorarazten diegu Goiuri jauregian bertan jarraitu ahalko dutela bilkura, kazetarientzat egokitutako espazioan, edo streaming bidez, esteka honetan. Udaletxeko prentsa-aretotik ere jarraitu ahalko dute.

Goiuri jauregian kazetarientzat egokitutako espazioa mugatua da (5 pertsona gehienez). Horrenbestez, bilkura zuzenean jarraitzeko interesa duten hedabideei joatekoak diren baieztatzeko eskatzen diegu arren; horretarako, 945-161336 telefonora deitu beharko dute gaur goizean (uztailak 23).

 

 

Share