Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-07-28)

Prentsaurrekoa. ‘Benditas, todo viene del cielo’ antzezlana aurkeztea

Parte hartzaileak. Raúl Camino, Begoña Martín Treviño eta Carmen San Esteban

Eguna. Asteartea, uztailak 28

Ordua. 10:30

Tokia. Teatro Principal Antzokia

—————————–

Prentsaurrekoa. ‘#PHEdesdemibalcón’ erakusketa aurkeztea

Parte hartzaileak. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto

Eguna. Asteartea, uztailak 28

Ordua. 11:30

Tokia. Los Herran kaleko kirol pistak

Share

Abuztuaren 4an ez da Andre Maria Zuriaren plazan eta inguruetara sartzerik izango, jende-pilaketak ekiditeko asmoz

  • Udaltzaingoak eta Ertzaintzak txupinazoa jaurtitzen den lekuaren sarrerak kontrolatuko ditu, eta Gasteizko Udalak gogorarazten du “Aurten ez” dela Andre mariaren ohorezko jaiez gozatzeko unea.

 

Udaltzaingoak eta Ertzaintzak zaintza-zerbitzu berezi bat egingo dute abuztuaren 4ko arratsaldean, Andre Maria Zuriaren eta Espainia plazetara sartzea ekiditeko, horietan biltzen baita jende gehien txupinazoaren inguruan; izan ere, aurten ez da jairik izango, osasun-larrialdiaren ondorioz.

 

Bertara ez joateko herritarrei helarazitako mezu andana gorabehera, Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak sarbideak kontrolatuko dituzte 16:30ean hasi, eta 19:00ak arte, koronabirusaren hedapena errazten duten jende-pilaketak ekiditeko asmoz.

Andre Maria Zuriaren plaza eta haren inguruak kontrolatzeko erabakia gaur goizean hartu da, Gasteizko Udalean bildu den Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko koordinazio-batzordean. Bertan parte hartu dute Gasteizko alkate Gorka Urtaran, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuorde Josu Zubiaga, eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi Marian Gutiérrez.

 

Bi polizia kidegoen koordinazio-bileraren amaieran, Gasteizko alkate Gorka Urtaranek erabakiaren arrazoiak azaldu ditu: “Helburua da ekiditea 16:30etik 19:00etara bitartean jendea leku horietara joatea, hartara jende-pilaketak saihesteko”. Horrez gain, esan du bertan behera geratuko direla inguru horretako terraza eta mahaiak, ordutegi horretan ohi den bezala. Eta gaineratu du polizia gehiago egongo dela Gasteizko kaleetan abuztuaren 4tik 9ra bitartean. Urtaranek dei egin dio berriro ere herritarren kontzientziari, egun horiek jende-pilaketarik gabe igaro daitezen.

Bere aldetik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuorde Josu Zubiagak esan du, ezen “Ertzaintzak eta Udaltzaingoak areagotu egingo dituzte patruila-lanak, egunaren eta orduaren arabera, bai eta planteatzen diren beharren arabera ere.  Orobat, osasun-arazo baten aurrean gaude, eta kontzientziari dei egin nahi diogu, dela norbanakoena, familiena eta kolektiboa.

 

Herritarren Segurtasuneko zinegotzi Marian Gutiérrezek ostalaritza-sektorearekin batera hartzen ari diren neurriak azpimarratu ditu. “Lankidetza hau –kasu honetan ostalaritza-sektorearekin– ez da inor izorratzeko asmoz, osasun publikoko arazo oso larri baten aurrean gaudelako baizik; horrenbestez, gure erantziikuzina eta eginbeharra da arrisku-egoerak oro saihestera bideratutako neurriak hartzea”.

 

Murrizketak inguruko ostalaritza-lokalei ahalik eta gutxien eragiten saiatuko dira. Horrenbestez, inguru horretako taberna eta jatetxeetan erreserbak dituztenek lasaitasun osoz egin ahalko dute jatordua. Lokaletik irtetean, poliziaren agenteek kontrolatutako ingurutik ere joan beharko dira.  Horrenbestez, agintariek indargabetu egin nahi dute polizia-lerroaren beri izatean erreserba-ezerezte andana bat gertatzea, ostalaritzari kalte egingo liokeen.

Share

Arabak eta Gasteizek bat egingo dute Euskaraldiaren bigarren edizioarekin

 

Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak, Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta Eudeleko presidenteak eta Encina Castresana Aiarako Kuadrillako presidenteak –Arabako espektro instituzional osoaren ordezkari gisa– Euskaraldira atxikitzeko agiri bat irakurri dute, eta bertan euskararen aldeko ekimen sozial honetan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak

 

Udal eta Kuadrilletako ordezkari politikoek, Arabako Foru Aldundiko kideekin batera, Euskaraldia euskararen aldeko ekimenari atxikitzeko ekitaldian parte hartu dute gaur, euskarazko hizkuntza-ohituren erabilera eta eraldaketa bultzatzeko. Bertan, Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta Eudeleko presidenteak, Encina Castresana Aiarako Kuadrillako presidenteak eta Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak atxikimendu agiri bat irakurri dute Arabako erakunde guztien ordezkari gisa.

Bertan, Gasteizko alkateak, Arabako udalerri guztien ordezkari gisa, gogorarazi du Arabako gizartean “euskara eta gaztelania elkarrekin bizi direla, eta badakigu euskaraz egitea ariketa bereziki soziala dela, ez da norbanakoak bere kabuz hartzen duen erabakia soilik”, Euskaraldiaren bigarren edizio honetan arabarrek prest dauden “ahobizi” rolak beren borondatez berriro eskuratzeko deia eginez. Beti euskaraz hitz egiteko lehen hitza, edo “belarriprest”, euskaraz entzuteko prest daudenak, jakin ala ez.

Herritarren hizkuntza ohituren erabilera eta eraldaketa bultzatu nahi duen ekimenaren bigarren edizioa azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da aurten, eta “ariguneak” jarriko dira abian – Talde horietako kideek ahobizi eta belarriprest gisa jardungo dute Euskaraldiak iraungo duen 15 egunetan – aurtengo nobedaderik azpimarragarriena.

Edizio honetan arabarrek aukera berri bat izango dute Lurralde Historikoan ere euskarazko komunikazioa posible dela frogatzeko. Arabako ulermenaren mapak emandako datuen arabera, biztanleriaren % 48,2 gai da euskara ulertzeko, eta 0-14 urte bitartekoen artean, berriz, gazte gehienak elebidunak dira ( % 86).

Ildo horretan, Aiarako Kuadrillako presidente Encina Castresanak, gainerako kuadrillen ordezkari gisa, gogorarazi du Arabako gizarteak euskararen normalizazioaren bidean aurrera egiten jarraitzen duela, “Euskararen erabileran aurrera egiteko oinarri sendoak” ezarriz: “Norbanakoak irabazten du, taldeak irabazten du, azkenean gizarteak irabazten du”.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak itxi du ekitaldia, eta gogorarazi du Euskaraldiak bat egiten duela Araban Euskara Sustatzeko Plan Estrategikoarekin (2019-2022): “Hiztunak eta hiztun-sareak aktibatzea, edo lurraldean euskaraz bizitzeko aukerak bermatzeko baldintzak sortzen jarraitzea”. Helburu horretarako, funtsezkoa da lankidetza, eta diputazioa prest dago urrats sendoak ematen jarraitzeko, “Arabako Foru Aldundiaren lidergoaren babesean, euskara zerbitzuekin, euskalgintzarekin eta gainerako gizarte-eragileekin lankidetzan”.

Share

Gaurtik aurrera eskatu ahal izango da udal-rokodromoetara sartzeko abonuen kuoten ordaina itzultzea

  • Izapide hau nahitaezkoa izango abonatu ez direnentzat. Abonatuek beren kontu korrontean jasoko dute itzulketa automatikoki.

 

Gaur hasita (uztailak 27) eta irailaren 30era arte eskatu ahal izango da udal-rokodromoetara sartzeko abonuen kuoten ordaina itzultzea. Eskaera nahitaezkoa izango da udalaren kirol instalazioetako abonatu ez diren pertsonen kasuan, eta formulario hau beteta egin ahalko da. Udal instalazioetako abonatuek beren kontu korrontean jasoko dute itzulketa, eskatu beharrik gabe.

Diru-itzulketa hau COVID-19ak sortutako osasun-krisiaren ondorioz zenbait jarduera eten beharraren ondoriozkoa da. Gasteizko Udalak erositako bonuaren prezio publikoaren zati proportzionala itzuliko du, baldin eta bonuak baimentzen zuen erabilera aldiaren % 75 baino gehiagoz baliatu ahal izan ez bada. Zehazki, honela egingo dira itzulketak:

  • 2020ko urteko bonoa: prezio publikoaren % 37,2 itzuliko da.
  • Hileko bonoa (martxoa): prezio publikoaren % 37,2 itzuliko da.
  • Urtarriletik martxora bitarteko hiruhileko bonua: ez du itzultzeko eskubiderik sortzen, eskubidea ematen zuen aldiaren % 75 baino gehiago baliatu delako.

 

Rokodromoen kudeaketarako kontratu berria

Joan den ostiralean, Tokiko Gobernu Batzarrak oniritzia eman zion 2021eko urtarriletik irailera bitarte udal-rokodromoen zerbitzua kontratatzeko dosierrari. Adjudikatu den proiektuak 207.734 euroko (BEZa barne) aurrekontua du.

Gaur egungo kudeaketarekin konparatuta, azpimarratu behar da kontratazioa multzo bakarrean sustatzen dela, ez bitan, eta enpresa bakar bat arduratuko da jarduerak bideratzeaz eta instalazioak ireki eta ixteaz. Halaber, kontratu berri honek udal-programazioan jasotako jardueretatik aparteko batzuk ere egiteko aukera emango du.

Share

409 ikastaro egokitu eskainiko dituzte gizarte-etxeek urrian, eta hilekoa izango da programazioa

  • 18.110 leku eskainiko dira, eta ez da zozketarik egingo izena emateko —irailaren 1ean hasiko da izen-ematea—

  • Murrizketak izango dira, eta edukiera-kontrolak, eta desinfektatu eta aireztatu egin beharko da ikastaroen artean

Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen Saileko zinegotzi Borja Rodríguezek aurkeztu du, Iñaki Gurtubai alkateordearekin batera, Gasteizko gizarte-etxeen sarearen 2020-2021 kanpainako jarduera eta ikastaroen programa, gaur goizean. Martxoan erabat itxi ziren instalazio horietako zerbitzuak pixkanaka berriro irekitzeari ekin ondoren, krisialdi sanitariora egokitu dute udal sailek programazioa —kultura-, hezkuntza-, kirol-, osasun- eta gizarte-jarduerak—.

“Gizarte-etxeen sarea funtsezkoa da gasteiztar askorenentzat, berebiziko garrantzia dute beren bizitzan hurbileko ekipamendu eta zerbitzu horiek. Erronka handia izan da programazioa egokitzea, segurua izan dadin, eta zuhurtzia handiz jokatu da. Udal teknikarien ahaleginari esker lortu da. Kultura-, hezkuntza-, kirol- eta gizarte-eskaintza zabala izango da. Nolanahi ere, erabiltzaileei eskatu beharra daukagu arauak zorrotz bete ditzatela”, nabarmendu du Borja Rodriguezek.

Pandemiaren beste agerraldirik egokituz gero bizkor erreakzionatu ahal izateko, ikastaro gehienek hilabeteko iraupena izango dute. Izena emateko iraileko lehenengo txandan, guztira 18.110 leku eskainiko dira, 409 jardueratarako. Aurten ez da argitaratuko informazio-liburuxka, aurreko urteetan bezala. Zerrenda, ordea, eskuragarri dago dagoeneko Udalaren webgunean, eta gizarte-etxeetan bertan ere ikusgai jarrita egongo da.

Era berean, ez da zozketarik egingo lekuak banatzeko. Irailean hasiko da izen-ematea, eta lehenengo bi egunetan online eta 010 telefonoaren bidez bakarrik egin ahal izango da. Horretarako, indartuko egingo da telefono bidezko arreta. Izena eman ondoren, gizarte-etxeetara joan ahal izango da ordainketa egitera, webgunean bertan egin ez bada; baita libre geratu diren jardueretan izena ematera ere.

Prebentzioari dagokionez, neurri espezifiko ugari hartu dira eta hartuko dira, hala nola, edukiera edo zirkulazioa kontrolatzea eta desinfektatzea. Gizarte-etxeetara sartzeko, indarrean dauden arau sanitarioak bete beharko dira, orain bezala: maskara nahitaez erabili, distantziak mantendu eta eskuak maiz garbitu. Gainera, ikasleek edo begiraleek, saioa bukatzean, hamar minutuz lan-eremua desinfektatzen jardun dezatela erabaki ahal izango da. Halaber, jarduera batetik bestera gutxienez 15 minutuko tartea utziko da, sarrera eta irteeretan gurutzea ekiditeko eta lekuak aireztatzeko. Horrez gain, kirol jardueretan nahitaezkoa izango da banakako toalla eta ur botilatxoa erabiltzea, eta kaleko oinetakoak kendu eta kirol oinetakoak janztea.

Murrizketa guztiak gorabehera, eskaintzak eutsi egiten dio herritarren bizi-kalitatea hobetuko duten aisialdi-ohitura osasungarriak sustatzeko helburuari.

Prezioei dagokienez, % 40ko murrizketa izango dute abonatuek, euskara-ikastaroetan izan ezik, horiek beste murrizketa-irizpide batzuk baitituzte. Era berean, langabezian daudenek % 15eko murrizketa gehigarria izango dute.

Izen-ematea

Gaurtik bertatik kontsulta daiteke jardueren eskaintza Udalaren webgunean, eta hauek izango dira izena emateko epeak:

  • Irailaren 1etik 6ra bitartean, aurreko urteko ikasleek eman ahal izango dute berriro izena euskara-ikastaro berean.

  • Irailaren 1etik 9ra bitartean, aurreko urteko ikasleek eman ahal izango dute berriro izena igeriketa-ikastaro berean.

  • Gainera, irailerako bakarrik izango den kirol-eskaintza egiten da —izena emateko epea irailaren 1ean hasiko da—.

  • Irailaren 7an, gainerako ikastaro guztietarako izen-ematea irekiko da.

  • Irailaren 14an Xtrakluberako izen-ematea hasiko da.

77 kirol-jarduera

Datorren ikasturteko kirol-programazioari dagokionez, eskaintzaren baliorik handietako bat aniztasuna dela nabarmendu du Iñaki Gurtubai alkateordeak: 77 jarduera desberdin eta 9.560 leku izango dira guztira, urrian, azaroan eta abenduan. Aniztasuna, modalitateak kontuan hartzen badira, baina baita nori zuzenduta dauden kontuan hartzen bada ere:

• 1.377 leku haurrentzat.

• 205 leku gazteentzat.

• 6.069 leku helduentzat.

• 230 leku edozein adinetakoentzat (jarduera irekiak).

• 1.639 leku adinekoentzat.

• 40 leku familientzat.

Aurreko urteetakoen aldean, hainbat diziplina berri izango dira, hala nola ibilaldi aktiboa eta teknologia (jarduera fisikoa eta aplikazio mugikorren erabilera konbinatuko dituzte adinekoek), jarduera fisikoa eta zentzumenen memoria (60 urtetik gorakoak estimulazio kognitiboko lantegira joango dira, bost zentzumenak berreskuratzeko eta garuna aktibatzeko), jarduera fisikoa eta mindfulnessa (hori ere adinekoei zuzendua) eta cross training modalitateak, hainbat adinetakoentzat.

“Programazio hau testuinguru erabat berrian antolatu behar izanak ekarri digun zailtasuna gorabehera, orain arte ez bezalako segurtasun-jarraibideak bete beharra baitago, eta ikastaroak eta lantegiak egoera aldakor honetan diseinatzeak ekarri duen ziurgabetasuna gorabehera, teknikariek egin duten ahalegina eta eskaini dioten denbora eskertu nahi ditut. Beste urte batez, kalitateko eskaintza dugu, kirola eta osasuna batzen jarraitzeko aukera emango baitigu, hain zuzen ere, osasunak inoiz baino garrantzi handiagoa duen honetan”, adierazi du Iñaki Gurtubaik.

49 kultur ikastaro

Udalaren urrirako kultur eskaintzaren barruan, jarduera artistikorako hastapen-ikastaroak daude. Guztira, 149 ikastaro eskaintzen dira, 87 espezialitatetan, haur, gazte eta helduei zuzenduta. Guztira, 1.838 leku. Ikastaroen iraupena murriztearen ondorioz, moldatu egin da edukia, proiektu artistiko jakinetara edo trebetasun artistiko zehatzetara egokituz, eta hilean 4 edo 5 saiotan landuko dira horiek.

Bestalde, Udalaren Liburutegi Sareak irakurketa sustatzeko jarduera ugari eskainiko ditu, hala nola haur eta helduentzako ipuin-kontaketak, solasaldiak, liburu-aurkezpenak… Irakurketa erraza lantzeko irakurketa-klub bat ere jarriko da martxan, irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonei zuzenduta. Gainera, liburutegi-sareak berak eskainiko ditu behar diren liburuak.

Ludoteken eskaintza; familiak eta adinekoak

Urrian, halaber, gizarte-sustapeneko 156 jarduera eskainiko dira; gutxi gorabehera, 1.879 leku. Herritar orori zuzendutako jarduerarik ere izango da. Guztira, 22 jarduera izango dira, eta 346 leku: biodantza, ongizaterako topaketak, bindfulness eta abar.

Era berean, eutsi egingo zaio haurrei eta familiei zuzendutako jardueren eskaintzari. Guztira, 67 jarduera eskainiko dira, eta 789 leku. Arlo horretan, motibazioa eta ikasteko ohiturak lantzen dituzten jarduerak mantentzen dira, baita sozializazio-prozesua, emozioen adierazpena eta haurren ongizatea bultzatu nahi dituzten beste jarduera batzuk ere. Ludoteka eta ludoklubetan ere irekiko da izena emateko epea. 143 txanda eskainiko dira, 1.951 leku, 11 urte arteko haurrentzat.

Familiei eta gurasoei seme-alaben hezkuntza-prozesuan laguntzeko jarduerak ere sartzen dira eskaintzan. Halaber, Senidegune programa, zeinen bitartez 3 urte arteko eta 4 eta 6 urte bitarteko haurren gurasoen hezkuntza-lanean laguntza ematen baita. Bilobak zaintzen dituzten aitona-amonei eta haurdun dauden emakumeei eta horien bikotekideei ere zuzentzen zaie.

Eta, azkenik, adinekoen sektoreari zuzendutako jarduerak mantentzen dira, guztira 32 jarduera eskaintzen baitira, 418 leku. Bereziki, gaitasun kognitiboak hobetzen laguntzen duten jarduerak dira, zahartze-prozesu positiboa bultzatzen dutenak. Eskaintza horri guztiari, gainera, adinekoen zentro soziokulturalen jarduera-eskaintza zabala gehitu behar zaio: 234 talde, guztira 2.692 leku.

Share