Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-07-30)

Prentsaurrekoa. ‘Urlo’ erakusketa aurkeztea

Parte hartzaileak. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto; Erakusketako komisario Cristina Arrazola; eta Irene Carmona, artista

Eguna. Osteguna, uztailak 30

Ordua. 11:00

Tokia. Montehermoso Kulturunea

—————————-

Florida Parkearen bigarren mendeurrena eta Eusko Legebiltzarraren 40. urteurrena dela eta, plaka berriak agertzea eta ‘amodio-zuhaitza’ landatzea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria; Udalbatzako eta Eusko Legebiltzarreko Mahaiko ordezkariak

Eguna. Osteguna, uztailak 30

Ordua. 12:00

Tokia. Eusko Legebiltzarreko sarrerako burdin hesia

Share

(Txostenaz gaurkotua) Pandemiaren eraginez aldatu egin dira gasteiztarren lehentasunak, zein, orain, enplegua eta tokiko ekonomia, osasuna eta ongizatea baitira

Udalak Gasteizko bigarren barometro soziala argitaratu du, zeinak hiriko zerbitzuen, proiektuen eta kudeaketa politikoaren gaineko pertzepzio soziala jasotzen baitu.

 Audioa: Jonatan Moreno

Udalak argitaratu berri du Gasteizko bigarren barometro soziala, ekainean egindako azterketa kuantitatiboa, bereziki xehea. Lagina 1.107 elkarrizketaz osatzen delarik, hiriari buruzko azterlanik sakonena da; horrenbestez, bertako emaitzek pertzepzio sozialaren argazki oso fidagarria eskaintzen dute. Azterlanak zerbitzuei buruzko balorazio xehatua eskaintzen du, herritarrek aztertu dituzten 19 arlotan banatuta.

Alkatetzako koordinatzaile nagusi Jonatan Morenok esan duen bezala, “Helburu nagusienetako bat Gasteizko herritarren iritzia ezagutaraztea da, iritziak modu sistematizatuan fidagarritasun handiko tresna baten bidez biltzeko. Agintaldi osoan egin nahi den soziometro baten bigarren azterlana da. Tresna honek hiriko zerbitzuen, proiektuen eta kudeaketa politikoaren gaineko pertzepzio sozialaren urteko jarraipena egiteko balioko du, eta, ondorioz, baita erabakiak hartzeko ere”.

Pandemiaren eraginez aldatu egin dira gasteiztarren lehentasunak, zein, barometroaren arabera, orain enplegua eta tokiko ekonomia, osasuna eta ongizatea baitira.

Pandemiak bereziki arlo ekonomikoan eta lanekoan kaltetu ditu gasteiztarrak, gehien-gehienak enplegu-espedienteen bidez. Kezkak ere piztu ditu pandemiak: bost pertsonatik lau kezkatuta daude hark eragindako egoeraren aurrean, batez ere arlo ekonomikoan eta osasunarenean.

Pandemia bitartean Udalak hartutako neurrien eta bideratutako kudeaketaren iritzi positiboa nagusitzen da, eta baita, nahiz eta maila pixka bat apalagoan, toki-administrazioak emandako informazioa ere.

Pertsona elkarrizketatuen erdiak uste du egoera pandemiaren aurrekoaren parekoa izango dela. Alabaina, egoera okerragoa izango dela uste dutenen proportzioa nabarmen handiagoa da hobea izango dela uste dutenena baino. Izan ere, elkarrizketatuen % 90ek baino gehiagok Gasteizko bizi-kalitatea ona dela irizten badiote ere, uste dute hiriaren etorkizuna zein berea pertsonala latza izango dela arlo ekonomikoan.

Enplegua eta tokiko ekonomia, osasuna eta ongizatea nagusitzen dira gasteiztar elkarrizketatuen lehentasunen artean, zein, egoera berri baten aurrean daudelarik, ikusten baitute ohiko auziek indarra galdu dutela kezka berrien aurrean.

Horien artean, enplegua eta tokiko ekonomiaren sustapena dira nagusi gasteiztarrentzat, lehen barometroko beste batzuen aurretik, zein lotuago baitzeuden udalen ohiko kudeaketarekin.

Enpleguaren eta tokiko ekonomiaren sustapenaren ondotik, politika sozialekiko eta osasunarekiko kezka agertzen dira gasteiztarrek adierazitako kezken artean. Ekintza soziala eta bizi-kalitatea Gasteizko etorkizunaren faktore estrategiko gisa agertzen dira.

“COVID-19k eragindako egoera berriaren ondorioz, herritarren ohiko kezkak (esaterako hiri-birgaitzea, kaleen garbiketa eta apaindura, edo hiriaren proiektu handietako batzuen sustapena) bigarren leku batera pasa dira”, azaldu du Jonatan Morenok. Ildo horri jarraiki, Gasteizko barometro sozialak aldaketak jasotzen ditu lehentasunen hurrenkeran, eta hiriaren proiektu handiak beste une baterako uztearen alde agertzen da.

Tranbia Salburura luzatzeko proiektua ezagunenen artean dago (ia unibertsala baita) eta balorazio handienetakoa: elkarrizketatuen hiru laurdenek begi onez ikusten dute.  Aldaialde ikastetxea eta Salburuko BHI ezagutza-maila baxuko proiektuak dira, % 40 ingurukoa, baina balorazio altua dute.

Latinoamerika plazako biribilgunea lurperatzeko proiektua da aipagarrienetakoa: ezagutza-maila handikoa da (% 70etik gorakoa) eta balorazio handia.  Auzoak zaharberritzeko proiektuaren ezagutza-maila % 50 ingurukoa da, eta batez besteko balorazioa ere altua da.  Balorazio urrieneko proiektuen artean auditorio berria, eta Iradier Arena eta Mendizorretzeko zaharberritze-lanak daude.

 

Udal-kudeaketaren batez besteko balorazioa: 10etik 5,66.

Barometro sozialak udal-kudeaketari buruzko balorazioa jasotzen du 19 jarduera-eremutan. Aztertutako zerbitzuen batez besteko balorazio 5,66 puntukoa, 10 punturen gainean. Zerbitzu baloratuenen artean (batez besteko notak 6,3 eta 6,9 artan) nabarmentzen dira Eraztun Berdearen kontserbazioa eta mantenimendua, ingurumen kalitatea zein airearena, kirolari eta bizi osasungarriari loturiko jardueren promozioa, eta garraio publikoaren sustapena.

Aurten Gasteizko Udaltzaingoari buruzko bloke bat diseinatu da berariaz. Bloke horri dagokionez, elkarrizketatuen % 83k dio izan duela nolabaiteko harremanik Udaltzaingoarekin, nagusitzen direlarik lapurretagatiko salaketak, zirkulazioaren inguruko zigorrak eta trafiko-gorabeherak.  Jasotako artaren balorazioari dagokionez, 6,4 nota eman diote herritarrek: bi herenek ontzat jotzen dute egin zaien arreta (‘nahiko ondo’ eta ‘oso ondo’ balorazioen batura).

Bestalde, lau pertsonatik batek interesa agertzen du udal-kontuekiko, eta bostetik bik aitortzen dute jasotzen dutela behar beste informazio Udaletik.

Informazio-iturri anitzen artean honako hauek nabarmentzen dira: prentsa idatzia, Internet, irratia eta Udalaren webgunea.

 

Egoera politikoaren balorazioa

Lagineko ia denek dakite nor den Gorka Urtaran alkatea (% 98k); bigarren maila batean agertzen dira Maider Etxeberria alkateordea, eta Bildu eta PPko eledunak, Miren Larrion eta Leticia Comerón. Ezagutza maila hori iazkoaren antzekoa da.

Gorka Urtaran alkatea da kontsistentzia-indize handieneko lider politikoa; adierazle horrek harremanetan jartzen ditu ezagutza-maila eta balorazioa.

Gobernuko alderdi politikoen kudeaketaren balorazioa oposizioko alderdiena baino handiagoa da.

 

Boto-asmoari buruzko zundaketa

Azken udal-hauteskundeekin konparatuta, barometroak aldaketa txiki bat erakusten du: zinegotzi bat gehiago izango luke EAJk, eta bat gutxiago PPk. Gainerako alderdien emaitzak 2019koaren antzekoak dira.

9460 – Txostena Sozimetro Vitoria-Gasteiz_D

 

Share

Prest dago Lakua auzoko belaunaldien arteko aire zabaleko parkea, hutsik zeuden lursailetan jolasteko eremuak dituena

Gasteizko Udalak bukatu ditu ‘Connect Ibailakua’ proiektua gauzatzeko lanak. Belaunaldien arteko aire zabaleko parkea egin da Lakua auzoan, hutsik zeuden lursailetan  jolasteko eremuak jarrita. ‘Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz’  partaidetza-programan proposatutako ekimena da, eta 375.702 euro inbertitu dira horretan. Balgorza enpresa arduratu da lanez.

‘Connect Ibailakua’ proposamenak azpiegitura berdearen filosofia du oinarri, eta Urtaranen gobernuaren Auzoen Planaren barruan sartuta dago.

Udal gobernuak sustatutako Gasteizko Agendako proposamen eta lan-ildo nagusietako bat da Auzoen Plana. Hiriko eremu guztiak hobetu nahi ditugu, obra garrantzitsuak tarteko. Kasu honetan, erabiltzen ez diren espazioak berreskuratu egin ditugu herritarrek erabiltzeko, eta estrategia honek inguruko merkataritza dinamizatzen lagunduko du. Gainera, COVIDaren ondorengo garaian horrelako espazioak oso ondo datoz, distantzia mantentzen laguntzen dutelako eta aire libreko aisialdia sustatzen dutelako” adierazi du Gorka Urtaran alkateak.

“‘Connect Ibailakua proiektua Gasteiz hobetuz prozesuan hautatutako proposamenetako bat da. Arabako hiriburuko bizilagunek hiriaren aurrera egitean nola laguntzen duten erakusten duen beste adibide bat. Oraingoan balio erantsi batekin: gure gazteen eta adinekoen aisialdia aire zabaleko belaunaldien arteko parke batean integratzea “, adierazi du Borja Rodriguez Herritarren Partaidetzarako zinegotziak.

Auzoko 11 lekutan egin dira lanak, espazio hauek sortzeko:

1- Aisialdirako eta kirol askotarako gunea. Baia Ibaiaren kalearen eta Santa Engrazia Ibaiaren kalearen arteko bidegurutzean eta Inglares Ibaiaren kaleko familia bakarreko etxeen atzealdean dagoen lursail bat egokitu da, 9.000 metro koadrokoa. Beisbola, softbeisbola, criqueta edo lacrossea praktikatu ahalko dira, orain arte zaila baitzen horietan jarduteko lekuak aurkitzea hirian.

2- Kometentzako lekua. Iruñea kaleko bidegorriaren eta Landaberde eta Xabier kaleen ondoan dagoen lursail trapezoidal batean —4.500 metro koadro ditu— haize-mahuka duen masta bat jarri da, haizeak nondik jotzen duen jakiteko.

3- Agertokia. Ibaiondoko gizarte etxetik gertu dagoen berdegune biribilean —980 metro koadro ditu—, Wellingtongo Dukearen kalearen eta Landaberde kalearen artean, agertoki bat jarri da, 12 metroko hiru eserleku jarraitu, eta eskailerak. Korten altzairuz egin da egitura, eta gizarte etxeko jardueren osagarri izango da.

4- Aisialdi eta kirol espazioa. Bi lekutan (Belate kalearen eta Iruñea kalearen artean). Horietako batean, egoteko zona bat proposatzen da, muinoz osatua; bertan askaltzeko sei eserleku irisgarri jarri dira, eta futbol-ateak, belar artifizialaren gainean. Bestean saskibaloiko saskiak instalatzea aurreikusten zuen proiektuak, hormigoizko zolata baitzuen.

5-Zirkuitu bio-osasungarria. Orio kalean dagoen espazio batean, Landaberde eta Bartzelona kaleen artean, zirkuitu bio-osasungarria jartzea proposatzen zen (orain haur-jolas batzuk daude han). Pedalak, arrauna, eskia, bielak, eskailerak, masajea eta paralelak jarri dira, baita informazio kartelak ere. Lau jolasez osatzen da eremua: mahai-teniseko 2 mahai, xakeko mahai bat, eta partxiseko beste bat.

6- Jolas inprimatuak. Girona kalean, Landaberde eta Bartzelona kaleen artean, jolasteko eta apaintzeko marrazkiak inprimatu dira zoladuraren gainean. Kolore askotako suge bat eta taula zenbakidun bat, eskailera eta sugea dituena.

7-Badmingtona. Galeoia dagoen inguruan, erabiltzen ez zen espazio batean, badmingtonean aritzeko pista bat egokitu da.

8, 9 eta 10- Ori kaleko parke linealean, zolatuta dauden eta erabiltzen ez diren hiru espaziotan, hiru jarduera diseinatu dira: diana forma duen marrazki bat inprimatzea zoladuraren gainean (Irati kalearekiko bidegurutzean), kalistenia zirkuitu bat (Getaria kalearekiko bidegurutzean), eta altzairu galvanizatuzko saskibaloiko saski bat, bandaloen kontrakoa (Girona kalearekiko bidegurutzean).

11- BMX zirkuitoa. Zarautz, Getaria eta Baiona kaleen arteko lursailean. Zirkuiturako pistak, muinotxoak eta donut bat sortu dira, eta aisialdirako gune bat. Eserlekuak, argiak, landareak eta abar jarriko dira. Bi zirkuitu egin dira: laburra, 65 metro luze eta 3 metro zabal izango dena, eta luzea, 190 luze dena.

 

 

Share

Andre Mari Zuriaren XXV. Txapelketaren eta Emakumeen Paleta IX. Green Capital txapelketaren aurkezpena

Gaur goizean bi txapelketa aurkeztu dira: Andre Maria Zuriaren XXV. Txapelketa afizionatuentzat eta emakumeen IX. Green Capital Txapelketa.

Axier Urresti, Vital Fundazioen zuzendariak; Iñaki Gurtubai, Gasteizko Udaleko alkateordeak; Raúl Angulo , Arabako Euskal Pilota Federazioko presidente ordeak eta  Mikel Rafael, zuzendari teknikoak eman dituzte xehetasunak.

Txapelketan parte hartuko duten pilotarietako batzuk izan dira ekitaldian.

Share

Musika Bandak girotuko du Urrezko Zeledonen gala, abuztuaren 4an

 

Luis Orduña zuzendari berriaren estreinaldia izango da, Principal antzokian

Urrezko Zeledonen kartela  (40×68)

Gasteizko Udal Musika Bandak kontzertua eskainiko du Principal antzokian, abuztuaren 4an, ‘Urrezko Zeledon’ saria emateko egingo den galan. Arratsaldeko zortzi eta erdietan hasiko da ekitaldia.

Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Canto, Udal Musika Bandaren zuzendari Luis Orduña eta Urrezko Zeledonen lehendakari Josemari Velez de Mendizabal izan dira aurkezpen-prentsaurrekoan.

Cantok nabarmendu duenez, “irailean egin ohi da ekitaldi hori, baina abuztuaren 4ra aurreratu da oraingoan, Zeledonen irudiari omenaldia egiteko, aurten ez denez San Migeleko dorretik jaitsiko, krisi sanitarioaren ondorioz.”

Principal antzokian izango da 2019ko Urrezko Zeledon saria emateko ekitaldia. Oraingo honetan, antzerkiaren arloko bi pertsonari emango zaie saria: Teatro Paraisoko Pilar Lopezi eta Txema Blasco aktore gasteiztarrari. “Gure pertsonaiarik maiteenetako bi dira, eta, beraz, ez dago Principal antzokia baino agertoki hoberik beren ibilbide profesionalari gorazarre egiteko”, azpimarratu du zinegotziak. “Eskerrak eman nahi dizkiot Jose Mari Mendizabali, antzerkigileen lana goraipatzeagatik, gogor jo baititu koronabirusaren krisiak”, gaineratu du.

Udal bandak girotuko du ekitaldia, 2011az geroztik egin ohi duen bezala. Gainera, Luis Orduñak Udal Musika Bandaren zuzendari gisa Principal antzokian eskainiko duen lehen emanaldia izango da.

Udalaren Folklore Akademiarekin batera, errepertorio bizi eta dinamikoa interpretatuko du bandak. “Euskal geografiako hainbat lekutan barrena eramango gaituzte aukeratutako obrek, eta jaietako doinuak gogora ekarriko. Izan ere, aurten, bizi dugun egoera sanitario eta soziala dela eta, ez baita festarik izango”, adierazi du Luis Orduñak.

Pieza hauek entzun ahal izango dira: ‘Alkate Soñua’, Felix Sistiaga eta Jose Maria Altunarena; ‘Celedón’, Mariano San Miguelena; ‘Gaztelugatxeko Martxa’, Kepa Junkera eta Rafael Sanz Espertena; ‘Una tarde en Laguardia’, Eduardo Morenorena; ‘Poema Sanférmico’, Vicente Egearena, eta ‘Galtzaundi’, herrikoia. Azken hirurak estrainekoz joko ditu bandak.

Estibaliz Canok hitz batzuk eskaini dizkio bandaren zuzendari berriari. “Eskerrak eman nahi dizkiot Luis Orduñari, Udal Bandaren ardurapean daramatzan hilabeteetan erakutsitako proaktibitasunagatik. Luis, zure etorrerak haize freskoa ekarri dio gasteiztar guztiek hain maite duten musika bandari.”

Bukatzeko, Gasteizko Udal Bandaren hurrengo denboraldiko abonamenduen salmenta irailaren 8an hasiko dela jakinarazi du zinegotziak. “Azken urteetan uztailean hasten zen, baina irailerako uztea erabaki dugu, pandemia dela eta edukieren inguruan ematen diren arauen benetako egoerara albait gehien hurbiltzeko”, gaineratu du.

Informazio gehiago

 

 

 

 

Share

Gizarte-ehuna sendotuko du Gasteizek 38 proiekturekin

Covid-19k sortutako egoeraren ondoren, 90.000 euroko poltsa sortu du Alkatetza Sailak, kolektiboen eta gizarte eragileen proposamenak bultzatzeko.

 

Bere komunitate-sareak sendotuko ditu Gasteizek 38 proiekturekin. Alkatetza Sailak, Covid-19k sortutako egoeraren ondoren, hainbat ekimen komunitario bultzatuko ditu urte bukaera bitartean, komunitatearen gizarte-ehuna sendotzeko lan egingo duten proiektuen berariazko poltsa baten bitartez.

Udalak 90.000 euro erreserbatu ditu proiektu-poltsa horretarako, berdintasunarekin, gazteriarekin eta aniztasunezko bizikidetzarekin lotutako ekimenak indartzearren. Poltsa horren barruan, Alkatetzaren eta Erakunde Harremanen Sailaren programazio beharrei erantzuten dieten proiektuak hautatu dira urte bukaera arte. Aurten gauzatzeko hautatzen ez diren proiektuek poltsan jarraituko dute sail horrek aurrerago egin litzakeen esku-hartzeetarako, programazio-beharren, interesen eta erabilgarri dagoen aurrekontuaren arabera.

Joan den ekainean onartutako deialdira 46 proiektu aurkeztu dira, eta baldintzak betetzen zituzten 38 aukeratu dira horien artetik.

Hauek dira poltsa osatzen duten proiektuak: Espazio publikoa biziberritzea, lurrean joko inklusiboak eginez; Ongi etorri Alde Zaharrera; Gasteiz, auzotar errukiorra eta zaintzailea; Etxeko jantzigintza juniorra; Inicia; Gelako bizikidetza-programa; Gazte boluntarioak errealitate berriaren aurrean; PEC Hegoalde-Ariznabarra auzoa sortzea; Jardunbide egokien proiektua, entzuteko dibertsitate funtzionala duten pertsonekin komunikatzeko, covid 19aren ondorengo egoeran; Gizarte- eta hezkuntza-arloko esku-hartze kokurrikularreko programak komunitatearekin lotzea; Elkarri laguntzeko txokoa; Aspaplus Xperience; Diskoteka horizontala; Sortu harreman berri bat ariketarekin, zugatik eta zuretzat ; Gasteiz – klik; Awake-Gasteiz; Nork bere burua ezagutzea; Coronavirusaren ondoren, kultura-aniztasuna aitortzeko eta askotariko pertsonen arteko elkarrekintza positiboa sustatzeko ekintzak; Aztarna Vitoria-Gasteiz 2030 konpromisoa; Boluntariotza hedatuz!; Berdintasuna desberdintasunetik; Kirolaren bidez gizarteratzea eta berdintasuna lantzeko jardunaldiak; Adineko gorren alfabetizazioa; Berdintasuna islatzen dugu; Tratu onak; KreAktion; Gaurko aldaketak; Biharko onurak; Dantzaren prestakuntza osagarria; Konexioak ehuntzen; Aisia eta ludoteka komunitarioko espazioa, mesede-katearen bidez; WISE; Jakintsuak; + Hazten; Ta y Tantxs; Feminismo intersekzionala 30 minutuan; Familia zaintzaileentzako osasun-prestakuntza Covid19aren ostean; Hanka bat botako didazu?; Ez nauzu ordezkatzen; Emakumearenganako lan-jazarpena prebenitzeko, detektatzeko eta esku hartzeko tresna; Indarkeria matxistaren aurrean informatzea, sentsibilizatzea eta prebenitzea, eta Bihurtu zure beldurra botere.

“Alarma-egoerak agerian utzi du zerbitzu asko feminizatu eta prekarizatuta daudela, hain zuzen ere ezinbesteko gertatu diren zerbitzuak: osasun alorrekoak, gizarte-zerbitzuak, supermekatuetako kobratzaile eta apal-hornitzaileak, garbitzaileak, zaintzaileak, etxez etxeko banatzaileak eta beste. Oso aintzat hartu behar genituzke lehenik ere hor zeuden eta alarma-egoerak okerragotu dituen egoerak, eta sistema osagarriak asmatu ahulezia-egoera eta indarkeria atzemateko, kasu horiek bideratu eta arreta eskaintzeko. “Orain Gasteiz” planaren ildotik, ez dugu nahi inor atzean gera dadin, eta publikoaren eta komunitarioaren arteko ekimen multzo bat proposatzen dugu”, nabarmendu du Berdintasunaren, Gazteriaren eta Bizikidetza eta Aniztasunaren zinegotzi Miren Fernández de Landak.

2020ko ekitaldia bukatu artekoa izango da proiektuen poltsaren iraunaldia.

Metodologia aktibo, inklusibo eta parte-hartzaile baten arabera garatu beharko dira proiektu guztiak, hartzaileen erritmo, lan-prozesu eta ezaugarriak aintzat hartuta. Nolanahi ere, indarreko araudiak edukiera mugatzeari, espazioak konpartitzeari, segurtasun-tarteei eta abarrei buruz ezartzen duena errespetatu behar da beti. Proposamenek kontuan hartu beharko dituzte beste metodologia aukera batzuk, baldin eta  proiektua garatu bitartean covid-19ak berriro ere goraka egiten badu.

“Pandemiari eusteko neurriek eta krisialdiak oso ondorio desberdinak izan dituzte, baina ondorio gogorragoak jasan dituzte lehenik ere behin-behinekotasun egoeran zeuden kolektiboek, jarduera-tasa txikiagoak eta aldibatekotasun-tasa, azpienplegu eta soldata-arrakala handiagoak dituztenek. Gazteen kolektiboa da kaltetuenetako bat, ez hainbeste osasun-egoeraren ondorioz, baizik eta horrek eragin duen krisi ekonomikoagatik; aldi berean, proposamen solidarioak egiterakoan kolektibo aktiboenetako bat da, edonolako plataforma, mugimendu, sare eta lankidetzak sortzen baitituzte”, azaldu du Miren Fernández de Landak.

Alkatetza eta Erakunde Harremanen Sailak garatzeko proiektu komunitarioen poltsan hautatutako proiektuak

Share