Prentsa Oharren banner

Alkateak eta Garapenerako Lankidetzako zinegotziak harrera egin diote Euskadiko Frente Polisarioaren ordezkari berriari

  • Duela gutxi izendatu dute M. Limam Mohamed Ali ordezkari; harekin batera, ordezkari ondokoa eta SEADen Lagunen Elkartearen lehendakaria izan dira ekitaldian.

Alkate Gorka Urtaranek eta Garapenerako Lankidetzako zinegotzi Jon Armentiak harrera egin diote Euskadiko Frente Polisarioaren ordezkari berriari, M. Limam Mohamed Aliri, Gasteizko udaletxean. Duela gutxi izendatu dute M. Limam Mohamed Ali ordezkari; harekin batera, Frentearen ordezkari ondoko Brahim Abdelfatah eta SEADen Lagunen Elkartearen lehendakari Lourdes Ruiz de Galarreta izan dira ekitaldian. Ordezkari berriari ongietorria emateaz gain, Tindufeko errefuxiatu-kanpamenduetako oraingo egoera eta saharar biztanleen egoera oro har izan dituzte hizpide.

Share

Harrera Andre Maria Zuriaren Kofradiari

 

Alkate Gorka Urtaranek eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok Andre Maria Zuriaren Kofradiaren ordezkari batzuk hartu dituzte gaur goizean udaletxean, Ricardo Sáez de Heredia abadea buru zutela.

Alkateak eta entitate horrek Andre Maria Zuriaren jaien aurretik egin ohi duten bilera da. Aurten, ordea, jaiak bertan behera gelditu dira, koronabirusaren pandemia dela eta.

Kofradiak urtero argitaratzen duen “La hornacina” aldizkariaren ale bat eman dio abadeak alkateari, jai-ekitaldirik ez izan arren argitaratu egin baita aldizkaria. Hain zuzen ere, 2020koa argitalpen berezia da, Kofradiak “galako” edizioa eskaini baitio Farolen Arrosarioko prozesioaren 125. urteurrenari. Astelehenean aurkeztuko du Kofradiak ale berezi hori, Farolen Museoan antolatutako ekitaldi batean.

 

Share

Udalak plan estrategiko bat landu du udal plantillaren kudeaketa modernizatzeko

 

  • Helburuetako bat da langileen mugikortasuna erraztea, behar duten zerbitzuen lana puntualki indartzeko

2019-2023 aldirako Gasteizko Udalaren giza baliabideak arrazionalizatzeko programa onartu du Tokiko Gobernu Batzarrak. Plan estrategiko horrek datozen urteetarako udal plantillaren kudeaketaren arloan abian jarri beharreko jarduerak zehazten ditu, oinarrizko hiru helburu abiapuntu hartuta: giza baliabideen antolaketa modernizatzea, herritarren beharrei erantzuteko orduan malgutasun handiagoa izatea eta zerbitzua eraginkorragoa izatea.

Giza baliabideak arrazionalizatzeko plan estrategikoa lantzeko langileen eskuragarritasuna eta beharra aztertu da aldez aurretik, maila kuantitatiboan zein kualitatiboan. Azterketa hori lana antolatzeko sistemetarako ezartzen den aurreikuspenean islatuko da (adibidez, lanpostuen zerrenda).

Arrazionalizazio-planaren beste helburu bat da langileak mugitzeko neurriak bilatzea, sortzen diren beharrak azkarrago kudeatzeko. Administrazio orokorreko lanpostuak dira mugikortasunerako aukeren adibide argia, horietan udal zerbitzu bateko langileek beste bat indartu bailezakete puntualki zereginak metatzen diren garaietan,  kontratazioetan, esate baterako. Helburu horri lotuta, telelan-sistemak udal errealitatera egokitzen jarraitzeko beharra planteatu da.

Orobat, langileak hobekuntza- eta partaidetza-politiketan inplikatzea lortu nahi da planaren bidez; horretarako zenbait tresna proposatzen dira, hala nola jokabide-kode profesional bat lantzea. Ildo estrategiko horren barruan beste bi neurri abian jartzea aurreikusi da: barne-sustapena eta prestakuntza sustatzeko neurriak.

Giza Baliabideen Sailak agintaldirako planaren barruan ezarri zuenez, hemendik 2023ra bitartean udal plantillaren bitartekotasun-tasa murrizten jarraitzea da helburua, % 10etik beherakoa izan arte. Horretarako, C, D eta E taldeetarako aurreikusi eta deitutako LEPak garatzen jarraitzearen alde egiten du plan estrategikoak.

Beste ekintza batzuk ere jasotzen ditu giza baliabideak arrazionalizatzeko plan estrategikoak: enplegu publikorako bigarren berdintasun-plana onartzea, buruzagitzak eta tarteko karguak langileen kudeaketan gehiago inplikatzea, eta osasun prebentiboaren arloko neurriak hartzea, absentismoa murriztearren.

Share

Udalak eta Gurutze Gorriak oinarrizko bizi euskarriari eta bihotz-birikak suspertzeari buruzko prestakuntza emango dute elkarrekin

  • Berrikuntza gisa, COVID-19ari buruzko prestakuntza-jarduerak ere barne hartuko ditu programak

Gasteizko Udalaren eta Arabako Gurutze Gorriaren arteko lankidetza-hitzarmen bat onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, ikastetxeetan oinarrizko bizi euskarriari eta bihotz-birikak suspertzeari buruzko prestakuntza-lantegiak antolatzeko. Horren bidez, bizi-larrialdiko egoeretan esku hartu ahal izateko ezagutza eta trebetasun zehatzak eskaintzen zaizkie DBHko 4. mailako ikasleei.

Prestakuntza-lantegiek larrialdi bat identifikatzeko behar den informazioa ematen diete ikasleei. Orobat, egin beharrekoen sekuentzia garatzen eta bizkortzea zuzen egiten ikas daiteke, eta biziraupen-kateari buruzko oinarrizko ezagutzak ematen dira. Horretaz gain, aire-bideak irekitzeko maniobrak ezagutuko ahalko dira.

Udalak 9.945 euro jarriko ditu horretarako. Berritasun gisa, prestakuntza-lantegien programak COVID-19ari aurre egiteko informazioa eta tresnak barne hartuko ditu.

Share

Esleitu dute hondakin organikoak etxeetan eta auzoetan konpostatzeko sistema ezartzeko kontratua

Hiriko auzoetara eta etxeetara eramango du Udalak konpostatze-sistema, nekazaritza-eremuan arrakasta izan duena. Hala jakinarazi du Gorka Urtaran alkateak, zeinek orobat azaldu baitu Vermican Soluciones de Compostaje SL enpresaren eskaintza aukeratu duela Gobernu Batzarrak Gasteizen hondakin organikoak etxeetan eta auzoetan konpostatzeko sistema ezartzeko. Kontratua gaur esleitu dute.

 206.325 euro baliatuko ditu Udalak hurrengo lau urteetan parte-hartzaileen sarea sortzeko, izena ematen dutenei prestakuntza teoriko-praktikoa eskaintzeko, banako konpostagailuak banatu eta auzoko konpostagune eraikitzeko eta, programa martxan jarri ondoren, jarraipena egin eta aholkularitza eskaintzeko.

2018az geroztik funtzionatzen du hondakin organikoak kudeatzeko modu horrek nekazaritza-eremuan, eta 148 familiak parte hartzen dute. Orain, hirira zabalduko da esperientzia, konpostagailuak jartzeko lekua duen edonori, ikastetxeei eta ekoizle handiei hondakin horiek kudeatzeko aukera emate aldera.

Birziklatzeko modu naturala da konpostatzea, ongarri natural bihurtzen baita materia organikoa, deskonposizio-prozesu kontrolatu baten bitartez. Etxeko eta lorategiko hondarrak baliatuz, ongarri naturala lortzen da, etxean.

Kontratuaren baldintza-agirian 350 parte-hartzaile finkatu ziren, banaka edo auzoko konpostaguneak erabiliz konpostatzeko. Gainera, hamabost ekoizle handik parte hartuko dutela aurreikusten da. Auzoko konpostagune eraikitzea ere aurreikusten du Udalak.

“Banakako edo auzoko konpostagunea izatea klima-aldaketa geldiarazteko ekimen garrantzitsua da. Horrelako ekimenen bitartez, ingurunearen alde egiten laguntzen die Udalak herritarrei. Hainbat familiak parte hartu zuten programan, nekazaritza-eremuan abian jarri genuelarik, eta bagenekien auzoetan ere bazirela hainbat pertsona eta komunitate, beren etxeetan konpostatzen hasi nahi zutenak”, nabarmendu du alkateak.

 

Share

Bi zauritu

Udaltzaingoak 22 urteko gazte bat atxilotu du gaur goizean autoritatearen aurkako atentatu-delituaren ustezko egilea izateagatik. Izan ere, goizeko 07:00etan Diputazio kalean harekin batera zeuden udaltzainen aurka eraso egin du. Agirrelandako polizia-etxera eraman eta guardiako epaitegian dagozkion izapidetzeak egin ostean, aske utzi dute.

Bestalde, udaltzainek atzo 20 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Herrandarren kaleko establezimendu komertzial batean indarkeria erabiliz lapurreta-delituaren ustezko egilea zelakoan. Emakumeak artikulu batzuk ordaindu gabe alde egin zuen establezimendutik eta saltokiko segurtasun zaindariak gelditu zuenean, eraso egin zion.

 

Share

Bizikletentzako aparkaleku seguruen VGBiziz sarean txandakako lekuak eta egoiliarrentzakoak izango ditu

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailaren eta IGIren (Ingurugiro Gaietarako Ikastegia) bitartez, Gasteizko Udala lanean ari da bizikletentzako aparkaleku seguruen VGBiziz sarea handitu eta hobetzearen alde. Funtsezko zerbitzua da mugikortasun-eredu berri bat sustatzeko, eredu bat non joan-etorri aktibo eta kolektiboak lehenetsiko diren banakako eta motorizatuen aurrean. Gaur egun era horretako instalazioak daude autobus-geltokian, Posta-etxean, Mendizorrotzean, Arabako Campusean, Santiago ospitalean, Aran, Adurtza eta Ariznabarra auzoetan eta Santa Barbara plazako aparkalekuan. Alabaina, Udalak aparkaleku gehiago egiteko asmoa du. Izan ere, bizikleta elementu garrantzitsua da Gasteizko Mugikortasun Planean, bizi-kalitatearen, segurtasunaren, efizientziaren eta iraungarritasunaren alde jokatzen duen garraiobidea den aldetik.

Bestalde, bide publikoan bizikletentzako aparkalekuen eskaerak gora egiten duen neurrian, areagotu egin da baita espazio publikoko okupazio eta bizikidetza-arazoen kopurua. Gainera, kalean errazago lapurtzen dira bizikletak, eta arinago hondatzen. “Aparkaleku seguru, eroso eta kalitatezkoan egin behar ditugu, hiriaren luze-zabalean ondo banatuak. Bide horretan aurrera egin nahi dugu”, azaldu du gaur goizean Gorka Urtaran alkateak.

Asmo horrekin, gaur goizean onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak VGbiziz bizikleta-aparkaleku seguruan sartzeko eta aparkalekua erabiltzeko baldintzak arautzeko ordenantzaren proiektua. Araudiaren arabera, lekuak alokatu egin ahalko dira, txandakako erabilerarako edo egoiliarrentzat. Horrenbestez, herritarrek bi aukeraren artean erabakitzerik izango dute: lekuak aldi jakin batean erabiltzeko, edo lekuaren jabe izateko aldi jakin batean.

Orain artekoan, moduluak egun bateko, hiruko edo sei eguneko abonamenduen bidez balia daitezke. Ordainketa PVERDE aplikazioaren eta www.parkingverde.com webgunearen bitartez kudeatzen da. Esteka honetan aurkituko duzu zerbitzuari buruzko informazio guztiawww.vitoria-gasteiz.org/vgbiziz:

Tokiko Gobernu Batzarrak proiektua onetsi ostetik, batzordean aurkeztu beharko da ordenantza, eta denbora-epe bat irekiko da udal-taldeek zuzenketak aurkeztu ahal ditzaten. Gero, jendaurrean erakusteko eta alegazioak aurkezteko epea irekiko da. Prozesu horren ostean, oniritzia jaso beharko du Osoko Bilkuran. Eta behin Osoko Bilkuraren oniritzia jaso eta beste zenbait izapide pasa ostean, indarrean sartuko da. Urtaranen gobernuak asmotan, urtea amaitu baino lehen onartuko litzateke arau berria.

 

 

Share

Gasteizko Magialdia irailaren 14tik 20ra bitartean egingo da

Udalak sostengua ematen dio jaialdiari, zeina egokitu egin baita parte-hartzaileen segurtasuna bermatzeko

 

Gasteizko Magialdiaren 32. edizioa irailaren 14tik 20ra bitartean egingo da. Arabako Ilusionisten Elkarteak antolatzen du ekitaldia, zeina egokitu egin baita parte-hartzaileen segurtasuna bermatzeko.

Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok eta Magialdiaren zuzendari  José Ángel Suárezek aurkeztu dute jaialdia prentsaren aurrean.

“Etsipen garaietan magia inoiz baino beharrezkoagoa da. Horregatik da hain berezia jaialdiaren edizio hau.  Eta horregatik jarraitzen dugu laguntzen Gasteizko Udaletik“, azpimarratu du Cantok.

José Ángel Suárezek, bestetik, programaren berrikuntzak aurkeztu ditu, zeinean 30 ilusionistak parte hartuko baitute orotara. “Magia ibilbideak zabalduko ditugu, agertoki berria -Farolen Museoa- eta beste egun bat gehituz, galdutako edukiera konpentsatzeko”, jakinarazi du jaialdiaren zuzendariak.

 

Egitarauak hainbat jarduera barne hartzen ditu: magia lantegiak, ikuskizunak BIBAT museoko plazan, ‘Magia duten erakusleihoak’,  ‘Gertuko magiako ibilbideak’ eta  ‘Ekomagia’.

Ohiko galak ere egingo dira: “Vital Fundazioa” haurrentzako magia gala, “Heraclio Fournier” gertuko magiako nazioarteko gala, agertokiko magiako nazioarteko gala, gertuko magiako bakarlarien gala eta helduentzako magia gala.

Mago profesionalentzat, bestetik, hitzaldi programa bat antolatu da, Magia Azoka, eta bisita gidatuak Gasteizko kultur eta turismo baliabideetara.

“Gasteiztar guztiak gonbidatu nahi ditut Magialdira, ilusioaren lilura senti dezaten. Urte batean probatzen duenak errepikatu egiten du”, azaldu du zinegotziak.

 

Informazio gehiago

 

 

 

 

 

 

Share

Bi hitzarmen onetsi dira haurren eta nerabeen eskubideak aldezteko jarduerak garatzeko

Gaurko bileran, Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailaren eta AVAIM zein Movimiento Contra la Intolerancia elkarteen arteko bi hitzarmen onetsi ditu Tokiko Gobernu Batzarrak, haurren eta nerabeen eskubideak aldeztu eta sustatzeko jarduerak garatzearren.

AVAIM-Tratu Txarrak Jasotako Haurren Laguntzarako Euskal Elkartearekin sinatutako hitzarmenaren bidez 11.405 euroko laguntza emango da zenbait jarduera garatzeko, besteak beste, haur eta nerabeenganako tratu onari buruzko sentsibilizazio-jardunaldi bat antolatzea profesionalei zuzendurik, eta familia barruko heziketan haur eta nerabeak ongi tratatzearekin lotutako jardunbide egokien dekalogo bat argitaratu eta banatzea.

Udal gobernuak onetsitako bigarren hitzarmenaren bidez, Movimiento Contra la Intolerancia elkarteak 10.280 euro jasoko ditu eskola eta ikastegietan eskola jazarpenaren eta ziberjazarpenaren prebentzioari buruzko hitzaldiak, lantegiak eta informazio-mahaiak dinamizatzeko.

Orobat, “Haurrak eta sare sozialen erabilera” inkestari buruzko zabalkunde-materiala argitaratzeko asmoa du.

 Pausoka programa

Bestetik, Tokiko Gobernu Batzarrak Pausoka programa kudeatzeko kontratua luzatzea onetsi du, 2020ko irailaren 5etik hurrengo kontratua esleitzen den arte, urteko 277.583 euroan. Pausoka programa funtsezkoa da udalaren gizarte zerbitzuen barruan, babes gabezia arin edo moderatuan dauden adingabeen balioespena eta haiekiko esku-hartzea bermatzen baititu.

Share

Gasteizko Udalak hezkuntza-programetara joateko garraiorako laguntzak onetsi ditu

Tokiko Gobernu Batzarrak laguntza-deialdia onetsi du Udaleko Hezkuntza Zerbitzuak antolatutako hezkuntza-programetan parte hartzen duten ikasleei horietara joateko garraio publikoa finantzatzeko; besteak beste, Magialdia, ibilbide historiko-artistikoak, Gasteiztxo eta Musika Adierazpena programak dira.

Hogei urte daramatzagu hezkuntza-sistema osatzeko xedea duten programa multzo bat garatzen eta hiriko baliabide eta bitartekoak hezkuntza-komunitatearen eskuetan jartzen“, nabarmendu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Gehienez 15.000 euro jarriko dira dirulaguntza horietarako.

Programei buruz

Magialdia Gasteizko magia jaialdia da, hiriko hainbat leku ilusioz bete ohiko duena irailean. Programak haurrentzako jarduerak barne hartzen ditu, hala nola lantegiak eta ikuskizunak.

Ibilbide historiko-artistikoen programak, bestetik, eskola eta hiriaren arteko elkarreragina bultzatu nahi du, leku eta eraikin esanguratsuetatik ibilbide didaktikoak eginez, garai historiko jakin baten ezaugarriak eta garaiak gaur egungo hirian izan duen eragina ezagutarazteko asmoz.

Gasteiztxo, ikus-entzunezko eta plastikazko hezkuntza programak, berriz, lengoaia plastiko eta ikus-entzunezkoetarako alfabetatzean aurrera egitea du xede, irakasle eta ikasleei baliabideak emanez hedabideek zabaltzen dituzten mezuak kodetu eta deskodetzeko, baita hiriko kultur eta gizarte baliabideen ezagutza sustatzea eta irakasleei tresnak eskaintzea eskola curriculuma diseinatu dezaten.

Musika Adierazpena programak, azkenik, Gasteizko herritarren kultura humanistiko eta artistikoa garatzen laguntzeko helburua du, eta hiriko musika baliabideak ezagutaraztekoa, kontzertu pedagogikoen bitartez.

 

 

Share