Prentsa Oharren banner

Bildumagileen azoka igandean irekiko da berriro, Santa Barbara plazan

 

Bildumagileen azokak asteburu honetan ekingo dio berriro jardunari, baina beste leku batean, Santa Barbara plazan. Izan ere, Covid-19arekin lotutako prebentzio-arau berriak direla kausa beharrezkoa da edukiera kontrolatzea eta azoka egiten den lekua mugatzea. Ohiko lekuan —Espainia plaza—, ordea, jende ugari ibiltzen da batetik bestera, eta zaila gertatzen zen neurriak betetzea.

“Bildumagileen azokan hiriko pertsona asko elkartzen dira gauzak trukatzeko, eta horregatik mantendu nahi izan dugu, baina behar diren segurtasun-neurriak hartuta. Santa Barbara plazan duela aste batzuk hasi ginen beharrezko segurtasun-neurriak probatzen”, azaldu du Merkataritza zinegotzi Igor Salazarrek.

Azokako hogei saltokietan askotariko bilduma-gaiak erakusten eta saltzen dira: zigiluak, txanponak, billeteak, mineralak, oroi-dominak, postalak, argazkiak, liburuak, egutegiak, aldizkariak, loteria, binilozko diskoak, kartak edo kromoak.

Datozen hilabeteetan, beraz, Santa Barbara plazako pergolaren azpian egingo da azoka, ohiko ordutegian (10:00etatik 15:00etara) eta saltoki-kopuru berarekin. Pergolako zutabeen artean hesiak edo zintak jarriko dira, eta bi sarrera eta irteera bat egokituko. Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak kontratatutako langileek kontrolatuko dituzte sarrera-irteerak, saltzaile ibiltarien elkartearen laguntzarekin. Bezeroei gel hidroalkoholikoa eskainiko zaie, azokako erosleek berek erosia. Gainera, saltokien alboen artean 1,5 metrotik gorako distantzia utziko da.

Share

Selektibitatearen amaieran egin daitezkeen ospakizunetan osasun-gomendioak betetzeko eskatu du Udalak

Gasteizko Udaleko Osasun Publikoaren Zerbitzuak osasun-gomendioak betetzeko eskatu die gaur Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa (USE) amaitzen duten ikasleei, horrekin lotuta egin daitezkeen ospakizunetan koronabirusaren transmisioa eragoztearren.

Araban 1.600 pertsonak baino gehiagok egingo dituzte gaur azken azterketak, hirugarren jardunaldian. Aurtengo USEko azterketak aparteko zirkunstantzietan egin dira, batetik, itxialdian ikasi behar izan dutelako eta probak hilabete atzeratu direlako; bestetik, azterketak egiteko higiene- eta segurtasun-neurri zorrotzak ezarri direlako.

Ulergarria da azterketen bukaera ospatu nahi izatea, baina COVID-19a kutsatzeko arriskua ekar dezaketen egoerak eragozteko beharra azpimarratu du Udalak. Horretarako, funtsezkoa da une oro segurtasun-distantzia gordetzea, maskara erabiltzea distantzia hori bermatzerik ez dagoenean eta leku publiko itxietan, azalera komunak ez ukitzen saiatzea, objekturik ez partekatzea eta eskuak garbitzea, besteak beste.

Share

‘0 km-ko musika’ izenburuaren pean, Udal Banda gasteiztarrekin elkartuko da berriro datorren ostiralean

Gasteizko taldeak doako zazpi kontzertu emango ditu irailera arte, eta horretarako sarrera erreserbatu beharko da.

 

Gasteizko Udal Musika Banda uztailaren 10ean, ostiralean, bilduko da berriro bertako publikoarekin, Covid-19ak eragindako nahitaezko geldialdiaren ostean. Eta ahalik eta ondoen egin nahi du, jai-giroko kontzertu alai eta oso gertukoekin.

“Gure publikoarekin berriro elkartzeko Uraren Ezkutuko Lorategia aukeratu dugu, gure egoitzaren ondo-ondoan. Eta bultzatu eta sendotu nahi dugun ildo baten barruan egingo dugu: Gasteizko eta Arabako atzoko eta gaurko musikagileei ahotsa ematea“, adierazi du Bandako zuzendari Luis Orduñak.

Hain zuzen ere, ‘0 km-ko musika’ proiektuak musikagile klasikoen lanak ez ezik, hala nola Felipe Hernando, Jesus Guridi eta Luis Arambururenak, artista garaikide garrantzitsuenak ere barne hartuko ditu, besteak beste, Bingen Mendizabal, Joselu Ruiz de Gordoa, Eduardo Moreno eta Silvia San Miguelenak.

“Konfinamenduan zehar konturatu gara zein garrantzitsua den gure inguruan dugun guztia, gure familia eta lagunak, bizilagunak eta gure baratzetako produktuez hornitu gaituzten saltokiak. Izan ere, aurreko hilabeteetan bizi izandako egoerak eta antzekoak baliagarriak izan daitezke dugunaz hausnartzeko eta hori baloratzeko, “esku-eskura edukitzeagatik” ez baitugu beti behar bezala baloratzen“, adierazi du Orduñak.

Zikloa uztailaren 10ean hasiko da, arratsaldeko zazpietan, eta iraileko beste bi egunetan jarraituko du. Lehenengo bi kontzertuak Araban XIX. eta XX. mendeetan jaiotako egileei eskainiko zaizkie, eta hirugarrena, Gasteizen jaio ez arren, ibilbide profesionala edo bizitza pertsonala Gasteizen edo Araban garatu duten egileei. Luis Orduñak zuzenduko ditu hiru saioak.

Nabarmenduak

Errepertorioak estreinaldi bat eta Udal bandak lehen aldiz joko dituen zenbait lan barne hartzen ditu. “Guretzat plazer handia da estreinaldiko lan bat aurkeztea, Urrezko Zeledon den Joselu Ruiz de Gordoa konpositorearen oparia. Bals dotore eta delikatua da, positibotasunez betea, eta ‘Izarren dantza’ izenburua du”, nabarmendu du zuzendariak.

Taldeak lehen aldiz interpretatutako piezei dagokienez, Eduardo Moreno, Silvia San Miguel edo Bingen Mendizabalen lanak ditugu, oso leku ezberdinetan estreinatu zirenak: Guardia, Estatu Batuak edo Televisión Españolako ekoizpenak. Horiez gain, Emilio Serrano, José Fresco eta Felipe Hernando egile arabarren lanak ere joko dituzte.

Beste hitzordu batzuk

Gasteizko Udal Bandak musikarekiko beste lau hitzordu eskainiko ditu irailera arte.

Uztailaren 17an, ‘Heroiak eta makurrak’ izenburua duen kontzertua eskainiko du Musika Bandak Uraren Ezkutuko Lorategian, eta besteak beste Conan el Barbaro, Alatriste eta Aitajauna pertsonaia ezagunei eskainitako konposizioak eskainiko ditu. Berriki zendu den Ennio Morriconeren omenaldia ez da faltako.

Uztailaren 24an, ‘Musika latindarra’-ren txanda izango da. Bandak lan ezagunak joko ditu, ‘La Cumparsita’ tangoa edo Perez Pradoren estiloko mamboa, esaterako.  Soinuzko bidaia izango da, Habanatik abiatuta Amerika osoa zeharkatuko duena, Oscar Navarro konpositore valentziarraren ‘Paconchita’ obertura latinoarekin amaitzeko.

Bi kontzertu horiek Iker Olazabalek gidatuko ditu.

Abuztuaren 4an jada, Udal Bandak ‘Urrezko Zeledon’ galan joko du, Principal antzokian, ‘Euskal Herriko jaiak’ izenburupean eta Luis Orduña zuzendari dela.

Programak irailean jarraituko du, eta Iker Olazabalek bi kontzertu tematiko gidatuko ditu Uraren Ezkutuko Lorategian. Irailaren 11n, ‘Pertsonaia historikoak’ saioak beren ideia, asmakizun, ekintza edo aurkikuntzen bidez munduan eragin erabakigarria izan duten ehunka pertsonaia ospetsu omenduko ditu. Esploratzaileak, filosofoak, konkistatzaileak… historiako pertsonaia garrantzitsu horiei eskainitako musika programatikoa.

‘Espazioko abentura’ saioak emango dio amaiera programazioari, irailaren 25ean. Konposizio asko eskaini zaizkio espazioarekin lotutako gaiei, edo horietan inspiratu dira, horregatik, bandak ‘Apollo 13’  filmeko musika hartuko du abiapuntutzat, Marcel Peetersek meteoritoei buruz landutako musikarekin jarraitzeko, Richard Strauss edo Gustav Holst bezalako konpositore historikoez ahaztu gabe.

Sarrerak

Sarrera erreserbatu beharko da doako ekitaldi horietara joateko, online, udalaren webgunearen eta Entradium plataformaren bidez, edo 945 16 16 18 telefonoan, 09:00etatik 15:00etara.

Share

Atxilotua bikote ohiari eraso egiteagatik

Udaltzainek 23 urteko emakumezko bat atxilotu dute bart etxeko indarkeria-delituaren ustezko egilea izateagatik. Ustez, Aranbizkarrako etxe batean izandako eztabaida baten ostean, bikote ohiari egin dio eraso.

Erasotuak, 35 urteko gizonezkoak, gorputzeko hainbat tokitan lesioak eta bekain batean ebakia zituen. Ikerketak egin ostean, udaltzainek emakumezkoa atxilotu eta polizia-etxera eraman dute. Gaur goizean jarriko dute epailearen esku.

Mehatxuak arma zuriarekin

18 urteko gazte bat atxilotu zuten atzo udaltzainek arma zuriarekin egindako mehatxu-delituaren ustezko egilea izateagatik.

Gertakariak arratsaldeko 16:00rak inguruan jazo ziren Barrenkale kalean, udaltzainek labana eskuetan gizonezko bati segika ikusi zutenean. Udaltzainak ikustean, gazteak paperontzi batera bota zuen arma. Salatzailearen hitzen arabera, atxilotutakoari egun batzuk lehenago lapurtu zion telefono mugikorra erreklamatu zionean hasi zen guztia.

Erasotzailea polizia-etxera eraman zuten eta gaur utziko dute epailearen esku.

Kamioi batean sutea

Suhiltzaileek Zigoitia parean, N-622 errepidean, zihoan kamioi bateko sutea itzaltzen lagundu zuten atzo. Suteak ibilgailuaren ihes-hodian izan zuen eragina. PSISZko kideak iritsi zirenean, garrak su-itzalgailu batekin itzalita zeuden. Ondorioz, suhiltzaileek kamioia urarekin freskatu zuten sua berriro piztu ez zedin.

 

Share

Dazz Jazz jaialdiak bost kontzertu eskainiko ditu Gasteizen, uztailaren 10eik 14ra bitartean

 

El Ayuntamiento apoya este certamen que se desarrollará en Vital Fundazioa Kulturenea

 Dazz Jazz jaialdiak bost kontzertu eskainiko ditu Gasteizen, uztailaren 10eik 14ra bitartean Dazz klubak antolatuta, Gasteizko Udalaren eta Vital Fundazioaren laguntza izango du jaialdiak.

Ekimenaren aurkezpenean izan dira Hezkuntza eta Kulturako zinegotzi Estíbaliz Canto, Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibáñez de Opacua, eta Beñat Lasagabaster, jaialdiaren antolatzailea.

Gasteizko Udaleko Kulturako zinegotziak antolatzaileen ahalegin handia nabarmendu du. “Hilabete zailak bizitzen ari gara, zailak guztiontzat. Gasteizko eragile kulturalekin batera aritu gara lanean, beren jarduerari berriro ekiteko bidean laguntzeko asmoz. Horregatik babesteko dugu Dazz Jazz jaialdia, zeinak kalitate handieneko musikaz beteko baitu Vital Fundazioa Kulturunea”.

Ekitaldia uztailaren 10ean hasiko da, ostiralez, Raynald Colom Trío hirukotearen eskutik, Raynald Colom (tronpeta), Gonzalo del Val (bateria) eta Jordi Gaspar (kontrabaxua) arituko direlarik. Larunbatean Román Filiú Trío izango da taula gainean: Román Filiú saxoan, Iván ‘Melon’ Lewis pianoan eta Javier Moreno kontrabaxuan. Jaialdiaren hirugarren saioan The Cuban Jazz Syndicate Fate arituko da. Taula gainean izango dira Pepe Rivero (pianoa), Miryam Latrece (ahotsa), Carlitos Sarduy (tronpeta), Ariel Brínguez (saxoa), Yarel Hernandez (baxua) eta Michael Olivera (bateria eta ahotsa).

Dazz Jazz jaialdiak aurrera egingo du uztailaren 13anb, astelehenez, Félix Rossy & Toni Saigi bikotearekin: Félix Rossy tronpeta jotzen eta Toni Saigi pianoan. Amaierako kontzertua asteartean izango da, eta Pacheco & Sempere & Regidor hirukotea arduratuko da horretaz. Roberto Pacheco (tronboia eta ahotsa), Miguel Sempere (baxua) eta Luis Regidor (gitarra eta ahotsa) arituko dira jaialdiko azken kontzertuan.

Kontzertuak Vital Fundazioa Kulturunean (Dendaraba, Bake kalea 5, 1. solairua, Gasteiz) izango dira, 20:00etan. Sarrerak 5 euroan erosi daitezke Dazz klubean (Aiztogile kalea 60, Gasteiz).

Dazz kluba

Azken urteotan, Dazz klubetik lehen mailako artistak pasa izan dira, nazioarteko ospedunak. Horri esker, Gasteizen kontzertu-leku gisa sendotu da, eta jarraitzaile zintzo eta esker onekoak bildu ditu inguruan. Aurten, eta COVID-19aren ondorioz, Dazz klubaren kudeatzaileek betan behera utzi behar izan dituzte hitzartuta zituzten hainbat kontzertu. Alabaina, eta Gasteizko Udalari eta Vital Fundazioari esker, Dazz Jazz jaialdiaren lehen edizioa antolatu dute aurten.

 

 

 

 

Share

Ostiraletik aurrera, handitu egingo da Mendizorrotza eta Gamarrako edukiera

Uztailaren 10etik aurrera, Mendizorrotza eta Gamarrako kirol-esparruetako gehieneko edukiera 1.500 pertsonatik 2.000 pertsonara pasako da, txanda eta instalazio bakoitzeko. Kirol eta Osasun Sailak hartu du erabakia, udako kanpainaren fase pilotuaren bilakaera ona izan dela ikusi ostean, ez baita gorabehera esanguratsurik gertatu bertan. Hasieratik beretik esan zen bezala, instalazioen edukiera pixkanaka handituko da, baldin eta egoerak horretarako aukera ematen badu.

Edukiera handitzeaz gain, ostiraletik aurrera haurrentzako gune guztien erabilera baimenduko da, nola igerilekuetan, hala berdeguneetan. Osasun alorreko gomendioak jarraituz, itxita jarraituko dute ur-txirristak eta kirol-kantxak.

Bestalde, gaurtik aurrea (uztailak 8), aldageletako dutxak erabili ahalko dituzte Mendizorrotza eta Gamarrako Kirol Klubeko eta Mendizorrotzako igerileku estaliaren erabiltzaileek. Hori bai, ezin izango dira dutxa guztiak erabili, kopuru mugatu bat baino ez. Aldagelen edukieraren kasuan bezala, dutxa erabilgarrien kopuruaren murrizpenak osasun alorreko agintariek gomendatzen duten pertsonen arteko gutxieneko distantziaren baldintza bete ahal izateko. Horrenbestez, leku horietan arduraz jokatzea gomendatzen da.

 

Share

Gasteizek bost ikastetxetako jolastokiak irekiko ditu uztailaren 13tik irailaren 4ra bitartean

 

Hezkuntza Zerbitzuak bultzatu du ekimena, ‘Auzoarentzat zabalik 2020’ izenez, eta zenbait kultur eta jolas jarduera ere programatu ditu

Arabako hiriburuko bost ikastetxek jolastokiak irekiko dituzte uztailaren 13tik irailaren 4ra bitartean, Udalaren Hezkuntza Zerbitzuak sustatu duen ‘Auzoarentzat zabalik 2020’ ekimenari esker. Ikastetxe hauek hartuko dute parte programan: Adurtza ikastola HLHI, Ibaiondo HLHI, Salburua HLHI, Odón de Apraiz HLHI eta Zabalgana HLHI.

Ekimenak helburu hauek ditu: jolas erlazionalaren praktika aberastea, beharrezko segurtasun-jarraibideak errespetatuz eta dagokion osasun-araudira egokituz, eta kontaktu fisikorik eskatzen ez duen jarduera fisikoa sustatzea (patinajea, mahai-tenisa, pala-jokoa, lurreko joko tradizionalak, etab.).

 

 

Era berean, distantzia fisikoak mantentzera egokitutako ohitura berriak eta jolas-praktikak ikasteko espazioak eskaini nahi ditu, eta ingurumena errespetatzen duen jolasa, eskola-espazioen erabilera eta pertsonen zaintza bultzatu.

 “Uda ezohiko honetan jolasteko aukerak aberastu nahi ditugu Hezkuntza Zerbitzutik. Horretarako, eskola-jolastokiak irekiko ditugu berriro, ekipamendu horiek erabiltzeko baldintzak eta araudia bereziki kontuan hartuta“, adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok. “Proposamenak erantzun inklusiboa eman nahi du, leku horiek pertsona guztiei irekitzea, autonomia eta hiriak eskaintzen dituen topalekuak zabaltzea sustatuz“, gaineratu du.

Ikastetxeetako patioak egun eta ordutegi hauetan irekiko dira:

  • Uztailaren 13tik 31ra, 11:00etik 13:30era eta 17:30etik 20:30era.
  • Abuztuaren 1etik 31ra, 11:00etik 13:30era.
  • Irailaren 1etik 4ra, 11:00etik 13:30era eta 17:30etik 20:30era.

Egoera ahulenean egon daitezkeen haurren beharrei erantzuteko egin ditugun ahaleginak abuztuan irekitzera bideratu dira, kontuan hartuta aurten egoera desberdina izan daitekeela hirian, eta auzo eta ikastetxeen hautaketan ere kontuan hartu da hori“, azpimarratu du Cantok.

Ikastetxeetara joaten diren pertsonen segurtasuna bermatzeko neurriei dagokienez, gehienez 200 laguneko edukiera ezarri da eskola-jolastoki bakoitzean, eta bakarrik aire zabalean dauden jolastokietara sartu ahalko da.

Gainera,  sei urtetik gorako pertsonek nahitaez erabili beharko dute maskara baldin eta pertsonen artean 1,5 metroko segurtasun-tartea gordetzerik ez badago, eta gomendagarria da hiru eta bost urte bitarteko haurrek ere erabiltzea.

Jarduerak

Ekipamendu horiek irekitzearekin batera, unean uneko kultur eta jolas jardueren programa bat ere antolatu da. Jarduera horiek euskaraz egingo dira, gune ireki batean eta unean-unean indarrean dagoen osasun-araudia zorrotz betez.

Ikuskizun hauek osatzen dute programa:

 ‘Ganbara’: ipuinak, antzerkia eta txotxongiloak uztartzen ditu, ingurumenaren zaintza, irakurzaletasuna eta beste hainbat gai jorratzeko. 18: 30etik aurrera eskainiko dira saioak, egun eta leku hauetan:

  • Uztailak 20. Zabalgana HLHI.
  • Uztailak 21. Salburua HLHI.
  • Uztailak 22. Adurtza ikastola HLHI.
  • Uztailak 23. Ibaiondo HLHI.
  • Uztailak 24. Odón de Apraiz HLHI.

 

‘Reziklantes’ taldeak perkusioa erabiltzen du jendeak proposatzen duen kontzertuan parte har dezan. Rezikletei esker, Turukutupa elkarteak eszenaratze harrigarria sortu du, birziklatuz sortutako hamaika soinu-tresnarekin. Hona hemen egutegia:

  • Uztailak 29. Zabalgana HLHI (12:30).
  • Uztailak 29. Salburua HLHI (19:30).
  • Uztailak 29. Adurtza ikastola HLHI (17:30).
  • Uztailak 30. Ibaiondo HLHI (18:00).
  • Uztailak 30. Odón de Apraiz HLHI (12:30).

‘Balio Magikoak’ familientzako ikuskizuna da, antzerkia, umorea eta magia nahasten dituena. Proposamen parte-hartzailea eta dibertigarria da, elkartasuna eta pertsonekiko eta ingurumenarekiko errespetua bezalako balioak sustatu nahi dituena. 18: 30etik aurrera eskainiko dira saioak, egun eta leku hauetan:

  • Abuztuak 31. Zabalgana HLHI.
  • Irailak 1. Salburua HLHI.
  • Irailak 2. Adurtza ikastola HLHI.
  • Irailak 3. Ibaiondo HLHI.
  • Irailaren 4a. Odón de Apraiz HLHI.

Informazio gehiaho

Share