Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-07-29)

Prentsaurrekoa. Andre Mari Zuriaren XXV. Txapelketa eta Emakumeen Paleta IX. Green Capital Txapelketa aurkeztea

Parte hartzaileak. Alkateorde Iñaki Gurtubai; Vital Fundazioko zuzendari nagusi Axier Urresti; eta Arabako Pilota Federazioko presidente Iker Gereta

Eguna. Asteazkena, uztailak 29

Ordua. 10:00

Tokia. Vital Fundazioko prentsa aretoa (Dendaraba 1. solairua)

———————————————–

Bisita Lakuako belaunaldien arteko eta aire zabaleko  jolastokira, zeinetan hamaika espazio ludiko sortu baitituzte orain arte hutsik zeuden lursailetan

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Mugikortasunaren eta  Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredo; eta Herritarren Partaidetza saileko zinegotzi Borja Rodriguez

Eguna. Asteazkena, uztailak 29

Ordua. 10:30

Tokia. Irteera lekua BMX inguruan, Zarautz, Getaria eta Baiona kaleen artean dagoena

* Bizikletaz joatea gomendatzen da bisita azkarrago egin ahal izateko. Adierazpenak BMX inguruan egingo dituzte.

—————————————-

Prentsaurrekoa. ‘Urrezko Zeledon’ gala

Parte hartzaileak. Kultura eta Hezkuntza zinegotzi Estibaliz Canto; Udal Bandako zuzendari Luis Orduña; eta Urrezko Zeledonen presidente Josemari Velez de Mendizábal

Eguna. Asteazkena, uztailak 29

Ordua. 11:00

Tokia. Principal Antzokia

 

 

Share

Olarizuko erromeria, berriro gurekin 2021ean

Udalak egingo du, hala ere, udalerriaren mugarrien bisita.

 

Gasteizko Udalak bertan behera utzi du irailaren 14an Olarizuko egunaren inguruan egitekoa zen jai-programa. Egun horretan Gasteizko Eraztun Berdeko leku kuttun horretan ohiko diren jende-pilaketak saihesteko asmoz hartu da erabakia.  

Olarizu mendiak eta haren azpiko larrek urtebete itxaron beharko dute, 2021era arte, ohiko erromeria berriz egin arte, bildutako uzta eskertzeko nekazarien erritua gogoratuz. Orduan, berriro izango dira Olarizuko zelaietan jai giroko jarduera guztiak, ohiko babarrun-jana eta igoera jendetsua Olarizuko gurutzera; jai-amaiera Plaza Berrira itzultzeko ibilbidearekin izango da, Udal Musika Bandak, txistulari, atabalari, trikitilari, gaita-jotzaile eta danborrariek zein Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak lagunduta.

Alabaina, 2020an ere udalerria mugatzen duten mugarrien urteko ibilbidea egiteko ohiturari eutsiko dio Udalbatzak, alkatea basozain nagusi eta talde buru dela, 500 urtetik gora duen usadio administratiboa berretsiz.

 

 

 

Share

Bikote bat atxilotu dute indarkeria erabilita lapurtzeagatik

Udaltzainek atzo, 13:35ean, bi pertsona, 47 urteko gizonezko bat eta 52 urteko emakumezko bat, atxilotu zituzten atzo indarkeria erabilita lapurreta-delitu baten ustezko egileak izateagatik. 13:00etan, Bake kaleko merkataritzagune batetik polizia bertaratzeko eskatu zuten. Bertan, segurtasuneko zaindariak objektuak lapurtzen harrapatu zituzten eta geldiarazten saiatu zirenean erresistentzia fisikoa jarri zuten bi lagun atxiki nahian ari ziren (gizonezko eta emakumezko bana). Udaltzainek bi lagunak atxilotu eta polizia-etxera eraman zituzten.

Gizonezkoa arratsaldean utzi zuten aske epaitegira joateko betebeharrarekin. Aldiz, emakumea Santiago Ospitaleko psikiatriako atalean ospitaleratuta geratu zen. Han jakinarazi zioten aske utzi zutela.

Azken 24 orduotan, hamabi trafiko-istripu erregistratu dira eta hiru pertsona zauritu dira.

 

 

Share

‘#PHEdesdemibalcón’ erakusketa,  ikusgai Gasteizen

 

Herrandarren kaleko kirol instalazioetan izango da erakusketa ikusgai, abuztuaren 31ra arte.

 

dossierra_fotos_desde_mi_balcon

Gasteizko Udalaren Hezkuntza eta Kultura Sailak ‘#PHEdesdemibalcón’ erakusketa ipiniko du ikusgai, uztailaren 28tik abuztuaren 31ra bitartean. Herrandarren kaleko kirol instalazioek hartuko dute erakusketa, zeinaren jatorria Argazkigintza eta Ikus-Arteen Nazioarteko PHotoESPAÑA Jaialdiak COVID-19ak eragindako osasun-larrialdiaren harira antolatutako ekimen bat baita.

Ekimenaren bidez, herritarrei eskatzen zitzaien argazkiak egitea beren leiho eta balkoietatik, une hartan esangura berezi batez jantzi ziren elementu haietatik, zein, bestalde, garrantzi handiko erreferenteak izan baitira Artearen Historian. “Ekimen hau gasteiztarrei zuzenduriko omenaldia da, hala eskertzeko osasun-larrialdiko egunik zailenetan, konfinamenduko haietan, agertu duten konpromisoa eta egindako ahalegina”, esan du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Ekimena estatu osoan deitu zen, eta hiri ugari atxiki ziren, besteak beste Madril, Bartzelona, Valentzia, Santander, A Coruña, Sevilla, Iruñea, Zaragoza, Santa Cruz Tenerifekoa eta Granada.

Maiatzaren 17ra arte jende asko mugitu zen sare sozialetan ,hiri horietan balkoien inguruan hartutako argazki onenak erakusteko. Edonork har zezakeen parte, argazkilari profesional zein zale, baita gainerako jendeak ere. Ilusio kolektiboaren aldeko deia izan zen, gai librean. Ekimena ixtean, 63.000 irudi ipini zituzten antolatzaileek Instagramen. PHotoESPAÑAk kalean ikusi ahalko diren 2.450 argazkiak hautatu ditu.

“Herrandarren kaleko kirol instalazioak izango dira erakusketaren agertoki, erakusketa-gune ez ohikoa, aire zabalean, Gasteizko udako kultur programaziora gehituko dena”, esan du Cantok. “PHotoESPAÑAko epaimahaiak Arabako hiriburuan egindako 50 argazki onenak hautatu ditu, sormena eta esplorazio artistikoa bor-bor, gasteiztarren eskutik datorkiguna, eta eskertu egin nahi duguna. Izan ere, arteak beti aurkitzen du bidea, baita unerik tristeenetan ere”, gehitu du.

Zinegotziak animatu egin nahi ditu gasteiztarrak partaideen lanak ikustera, “pandemiak derrigorrez etxean egotera behartuta zirelarik, denboraren zati bat balkoietan zuten edertasuna islatzeko tartea hartu zuten”.

Hiriz hiri egingo diren erakusketak emango diote hasiera 2020ko PHotoESPAÑAri, La Fábricak antolatuta udan zehar (irailaren amaiera arte) garatuko den ekitaldiari.

Informazio gehiago

 

Share

Juan Carlos I.a etorbideak martxoak 8 etorbidea izena hartuko du

GORKA URTARAN ALKATEAREN ADIERAZPENAK

Alkateak dio asko direla kale bat izatea merezi duten emakume gasteiztarrak, eta izendapen hori aukeratu duela berdintasunean oinarritzen den hiri askeago bat lortzeko bizitza eskaini diotenen aitorpen gisa

Juan Carlos I.a etorbidea, gaurtik aurrera, martxoak 8 etorbidea izango da. Duela aste batzuk hartutako konpromisoa betez, Gorka Urtaran alkateak Gasteizko Salburua auzoko etorbide honen izena aldatzeko dekretua sinatu du gaur goizean. Udal agintariaren hitzetan, “Gasteizko emakume askok merezi dute aitortza hori, gure aurrerabidean eta ongizatean ekarpen handia egin dutelako”. Udalaren kale-izendegian emakumeek espazio handiagoa izan dezaten bide horri ekiteko, ‘Martxoak 8’ –Emakumeen Nazioarteko Eguna- aukeratu du “berdintasunean oinarritzen den hiri askeago bat” lortzeko beren bizitza eman dutenei omenaldia egiteko.

Hiri batek pertsona bati eman diezaiokeen errekonozimendu handienetako bat bere kale, plaza edo espazio publikoko beste leku bati bere izena ematea da. Gasteizko Udalak, kale izendegian, hainbat arrazoi direla eta, jarraitu beharreko adibidetzat hartzen dituen balioak eta printzipioak ordezkatzen dituzten pertsonei eskainitako kale ugari ditu. Hainbat esparru eta diziplinatako figurak dira, eta, portaera eredugarriaren eta gizarteari eskainitako dedikazio nabarmenaren bidez, gure hiria ezagutarazten, aurrera egiten eta guztion onerako lan egin dute pertsona horiek. Horregatik guztiagatik, erreferentzia dira gainerakoentzat, harro egoteko eta Gasteizko herritar guztiek aintzat hartzeko arrazoi.

Aldi berean, azken hilabeteetan, balio eta printzipio horiekiko errespetua zalantzan jartzen duten hainbat informazio ezagutu dira Juan Carlos I.a errege emerituaren inguruan, zeinak Gasteizko etorbide garrantzitsu bati izena ematen zion gaur arte. Ildo horretan, aipatzekoa da martxoaren 15eko Erregearen Etxearen komunikatua. Bertan, egungo errege Felipe VI.ak, “Koroaren eredugarritasuna babesteko helburuarekin”, uko egiten dio bere aita Juan Carlos I.arengandik legokiokeen jaraunspenari, bai eta edozein aktibo, inbertsio edo finantza-egiturari ere, baldin eta haien jatorria, ezaugarriak edo helburua “legezkotasunarekin edo zuzenbide-irizpideekin bat ez badatoz”. Gainera, Juan Carlos I.ak Erregearen Etxearen aurrekontuan finkatuta zuen diru-kopurua kentzen zela jakinarazten zen.

 

Egoera horiek guztiek agerian uzten dute Juan Carlos I.aren eredugarritasuna zalantzan dagoela, beste erakunde eta instantzia judizialek behin eta berriz adierazi duten bezala. Hiri onek ezin du, eta ez du nahi, horri guztiari arrotz izan. Eta horregatik, eta hirian kale bat duten pertsonek izan behar dituzten balioak babesteko, Juan Carlos I etorbidearen izena aldatzea erabaki du alkateak, eta erabaki horren berri eman dio gaur goizean Udaleko bozeramaileen batzordeari.

Erabaki hori hartzeko, Gorka Urtaranek kontuan hartu du, alde batetik, Udalbatzak aho batez onartu zuela ekainaren 19ko osoko bilkuran herri-txandak aurkeztutako mozio bat, kale izendegian emakume gehiago egotearen aldekoa. Bestetik, emakumeak aintzatestea eta berdintasun-politikak bultzatzea Udal Gobernu honek bete nahi duen konpromisoa da, etorbide horren izena aldatzea bezalako neurriekin.

 

“Gasteizko emakume askok merezi dute aitortza hori, gure gizartea hobetzeko egin duten ekarpenagatik. Gure hiriak gure egoera hobetzeko eta ongizate komunean hainbeste lagundu duten emakumeen izena daramaten kale eta plazak merezi ditu. Osoko bilkuraren akordioaren ondoren kale-izendegian egingo den lehen ekimen honetarako, eta hiri askeago bat izateko eta berdintasuna lortzeko bizitza eman duten eta ematen duten emakume guztiak aintzatesteko asmoz, erabaki hau hartu dut, martxoak 8 omentzeko, Emakumearen Nazioarteko Eguna omentzeko etorbide bikaina izateko “, esan du Gorka Urtaranek.

Share

Gazte talde batzuei zigorra jarri zieten osasuneko segurtasun-neurriak ez betetzeagatik

Udaltzaingoak festa bat itxiarazi du Gamarrako Ateko pabilioi batean, eta 43 salaketa jarri.

Bi jaieguneko asteburu honetan, Gasteizko Udaltzaingoak gazteen hainbat talderi jarri die zigorra pandemiarekin lotutako osasuneko segurtasun-neurri batzuk ez betetzeagatik (musukoa eramateko edo lonjetan ez elkartzeko betebeharra, adibidez). Esku-hartze esanguratsuena igande goizaldean gertatu zen Gamarrako Ateko pabilioi batean. Jai bat itxiarazi zuten bertan. Udaltzaingoak 43 salaketa jarri zizkieten parte-hartzaileei Eusko Jaurlaritzaren osasun-araudia ez betetzeagatik. Jarduera lizentziarik eta suteen aurkako babes-neurririk (su-itzalgailuak, seinaleztapena eta husteko bideak) gabe ari ziren egiten.

Asteburuan, bestalde, baina egun bat lehenago, udaltzainek Gasteizko beste bi tokitan hamarka laguni jarri zieten zigorra. Alde batetik, Aragoi kaleko lonja batean bilduta zeuden beste 25 gazte salatu zituzten; izan ere, egungo araudiak lokal horietan biltzea debekatzen du.

Bestalde, Santiago eguneko arratsaldean, beste patruila batek Aranzabal kalean esku hartu behar izan zuen. Bertan, udaltzainek 24 gazte salatu zituzten musukoa ez zeramatelako. Horrekin lotuta, gogorarazi beharrekoa da duela aste batzuk toki berean eta arrazoi bera dela eta, beste 20 neska-mutil salatu zituztela.

 

 

Bi atxilotu

Gainera, ostiraleko, hilaren 24ko, arratsaldean, 26 urteko gizonezko bat atxilotu zuten zigorra hautsi izanaren ustezko egilea izateagatik. Udaltzainak Salburua auzora joan ziren borroka bat zegoela zioen abisua jaso ostean. Borrokan aritutakoekin elkarrizketatu eta dagozkion ikerketak egin ostean, gazteetako bat atxilotu zuten inplikatutako beste pertsona batekiko urruntze-agindua indarrean zuelako.

Bestalde, udaltzainek errekisitoria judiziala zuen 56 urteko gizonezkoa atxilotu zuten larunbat arratsaldean. 18:00ak inguruan, gizonezko batek derrigor eraman beharreko musukoa ez zuela jantzita ikusi zuten. Zigorra jartzeko identifikatu zutenean, Bartzelonako 3. Instrukzio Epaitegiak emandako errekisitoria judiziala zuela egiaztatu zuten eta, horrenbestez, agindua gauzatu.

Ostiraletik, uztailaren 24tik, hamazazpi zirkulazio-istripu gertatu dira eta horietan bi lagunek zauri arinak izan dituzte.

Share