Prentsa Oharren banner

Abendaño eta Gazalbideko iturri apaingarriak margotzeko lanak

 

Gasteizko Udala Abendaño eta Gazalbideko iturri apaingarriak margotzen ari da egunotan. Aste honetan bertan amaituko dira mantentze-lan zorrotz horiek, leku horiek itxura berritua eta erakargarriago izan dezaten.

Izan ere, iturri apaingarri horien hondoa, hasieran urdina zena, koloregabetuta zegoen, ia zuri, eta nahiko hondatuta. Langileek urmaelen hondoak eta hormak luzitu eta zarpiatu dituzte, eta urdinez margotu. Emaitza ona izan da.

“San Martineko auzokoak iturri apaingarriak zaharberritzeko eskatzen ari ziren. Egindako lanak Gasteizko inguru horretako paisaia hobetu duelakoan gaude. Eremua, gainera, aisialdi momentuetan eta bertan lasai egoteko ere hobe geratuko da”, adierazi du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok.

Share

Bi atxilotu lesioak eragiteagatik

Bi pertsona atxilotu ditu Udaltzaingoak asteburuan lesioen delituak egiteagatik.

Atzo, igandea, udaltzainek 25 urteko gazte bat atxilotu zuten borroka batean lesioak eraginez eraso-delituaren ustezko egilea izateagatik. Borroka hartan, pertsona batek bekain batean odola zerion zauria jasan zuen. Bake kalean jazo ziren gertaerak, 07:25ean.

Ostiralean, 34 urteko beste gizonezko bat atxilotu zuten delitu berarekin lotuta. Buruileria plazan jazo ziren gertakariak. Bertan, gizonezkoak, ustez, beste bati eraso egin zion burdinazko barra batekin eta Santiago Ospitalera eraman behar izan zuten. Ustezko egilea etxean atxilotu zuten.

Beste atxiloketa batzuk

Udaltzainek 21 urteko gazte bat atxilotu zuten atzo, emakume baten oihuak entzun zitezkeen Pio XII.a kaleko etxebizitza batera joan ziren udaltzainen aurka eraso egiteagatik. Etxebizitza barruan zeudela, hango bizilagunetako batek udaltzainen aurka eraso egin zuen eta, ondorioz, autoritate-agenteen aurkako atentatu-delituaren ustezko egilea izateagatik atxilotu egin zuten.

Larunbatean, 28 urteko gizonezko bat atxilotu zuten indarkeria erabiliz lapurreta delituaren ustezko egilea izateagatik. Gertakariak 07:40 inguruan jazo ziren Alaba Jeneralaren kalean, gazte batzuen artean borroka baten baitan. Gertakarietan parte hartu zutenekin elkarrizketa izan eta dagozkion miaketak egin ostean, udaltzainek gizonezkoetako bat atxilotu zuten indarkeriarekin egindako lapurreta-delituaren ustezko egilea izateagatik.

Gardelegi

Suhiltzaileak Gardelegi zabortegian izan ziren atzo, 19:30 baino zertxobait lehenago sute bat piztu baitzen. Sutan zegoen materiala mugitu eta nahasi zuten bi hondeamakinarekin lortu zuten sua itzaltzea. PSISZeko langileak gauerdia baino zertxobait geroago itzuli ziren parkera.

Share

Gasteizek Cabaret Festival jaialdia hartuko du abuztuaren 1etik 12ra

 

 

Besteak beste, David Bisbal, Pablo López, Ara Malikian, Hombres G, Dúo Dinámico eta India Martínez arituko dira Arabako hiriburuan.

Abuztuaren 1etik 12ra bitartean, Cabaret Festival jaialdia hartuko du Gasteizek, Iradier Arenan. Musikari ezagunen kontzertuak, umore emanaldiak eta txikienentzako ikuskizunak eskainiko dira.  Radio Gorbeak antolatu du, Televitoriaren laguntzarekin.

Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Canto, Arabako Foru Aldundiko Kultura diputatu Ana M. Del Val,  Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendari Goyo Zurro eta Nervión Flyn-en zuzendari David Camín izan dira jaialdia aurkezteko prentsaurrekoan. Bertako zenbait artistak ere hartu dute parte: Gatibuko kide Álex eta Haimar, Huntza taldeko kide Josune, eta Maribel Salas eta Gorka Aguinagalde aktoreak.

Cabaret Festival jaialdi kontzeptu berria da, intimo, dotore eta esklusiboa, Parisko kabaretetan inspiratua eta 20ko hamarkadako estetikan girotua. Herritarrek goi mailako ikuskizunez gozatu ahalko dute, leku ireki batean —Iradier Arenan— eta leku-kopuru mugatuaz, 1.000 pertsona gehienez, osasun arloko agintarien irizpideak betez.

“Eskerrak eman nahi dizkiot Nervión taldeari, ekitaldi hori egiteko Gasteizen aldeko apustua egin dutelako udan zehar Espainiako hainbat hiritatik egingo duen biran. Pandemiak guztiok geldiarazi gaitu, arlo askotan. Egoera berri honetan, Gasteizko kultura suspertu nahi dugularik, pertsonen segurtasuna eta osasuna bermatzen dituzten ekitaldiak lehenesten ditugu“, azaldu du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Jaialdiak maila handiko figurak eta taldeak aurkeztuko ditu: David Bisbal, Pablo López, Ara Malikian, Hombres G, Dúo Dinámico, India Martínez, Gatibu, Omar Montes, Natalia Lacunza, Izaro, Antonio José, Zea Mays eta Huntza. Goyo Jiménez, Carlos Latre, Los Morancos, Luís Piedrahita, Gorka Aguinagalde, Gurutze Beitia, Maribel Salas eta Óscar Terol, berriz, umore ukitua jartzeaz arduratuko dira.  Hiriko  haurrek, azkenik, Cantajuegos eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunez gozatu ahalko dute. Izen horiei beste batzuk ere gehituko zaizkie, baieztatu ahala.

“Gasteizko Cabaret Festival jaialdiaren kartelean bertako artistak Estatuko beste batzuen ondoan agertzen dira, eta horrek tokiko ehunaren balioa nabarmentzen du; izan ere, haiekin eskuz esku aritu gara lanean covid-19a gure hirira iritsi zenetik”, azpimarratu du Cantok. “Gasteiztarrak zein bisitariak ekimen berri horrekin bat egitera animatzen ditugu, Gasteizko uda kolorez beteko baitu. Zain gauzkazue”, erantsi du.

Sarrerak bihar jarriko dira salgai, 12:00etan, www.nervionentradas.com eta www.cabaretfestival.es webguneetan, baita Kutxabanken web-orrian ere.

 

Informazio gehiago

 

 

 

 

 

 

Share