Prentsa Oharren banner

Udalak koronabirusari aurre egiteko materiala erosteko laguntza berriak eskatzeko epea ireki du

 

Gelak, maskarak eta manparak erosteko deialdiak 200.000 euroko aurrekontua du, eta malgutu egin dira betekizunak, saltegi eta enpresa gehiagotara iristea xede.

 

Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapenerako Sailak ireki egin du saltegi eta enpresei osasun larrialdiak eragindako gastuak ordaintzen laguntzeko laguntza berriak eskatzeko epea. Bigarren deialdi honek 200.000 euroko aurrekontua du babes- eta higiene-materiala eskuratzeko. Urriaren 2an bukatuko da eskabideak aurkezteko epea. Programa Ekonomia Suspertzeko Planean sartuta dago, COVID-19ak tokiko sare ekonomikoan duen eragina arintzeko laguntza eta ekimenen multzo handian.

Honelakoak erostearekin zerikusia duten gastuetarako emango da dirulaguntza, besteak beste: maskarak, eskularruak, aurpegia babesteko pantailak, manparak, prebentzioko eta higiene sanitarioko materiala eta instalazioak desinfektatzeko materiala, hala nola gel edo xaboi desinfektatzaileak. Birusak eragindako aholkularitza- eta kontsultoria-gastuak ere finantzatzen dira, baita itxialdian eraldaketa digitalarekin lotuta egin diren inbertsioak ere. Jarduera eten zelarik, ekipoak eta makinak martxan jartzeko beharrezko gastuak ere barne hartzen ditu. Aurkezten diren proiektu guztiek gutxienez 500 euroko inbertsioa izan behar dute merkataritza, taberna, jatetxe eta ile-apaindegiak badira, eta 1.000 eurokoa, gainerako sektoreetakoek.

Alkateorde eta Ekonomia Sustapenerako zinegotzi Maider Etxebarriak adierazi duenez, “laguntza hauek funtsezkoak dira hiriko sektore ekonomikoen eskari nagusietako bati erantzuten baitiote. Lehen deialdian 300 eskaeratik gora jaso ziren eta orain malgutu egin ditugu betekizunak, dirulaguntzak merkatari, ostalari eta enpresari gehiagorengana irits daitezen. Lagundu egin behar diegu, bete-betean ari baitira krisiaren ondorioak pairatzen”.

Sektorearen iradokizunek hainbat betekizun egokitzeko balio izan dute. Horrenbestez, bigarren deialdian 50 langile baino gutxiago (lehen deialdian 10 langile baino gutxiago) eta urteko negozio-bolumena 10 milioitik beherakoa duten enpresak aurkez daitezke (aurrekoan 2 milioitik beherakoa izan behar zuen). Halaber, ezabatu egin  negozioaren antzinatasunaren muga (lehen bi urtekoa).

Laguntzarako 200.0000 euroak bi zatitan banatzen dira: Lehena, txikizkako merkataritzaren, ostalaritzaren eta zerbitzu pertsonalen sektorerako; bigarrena, lehenengo puntuan sartzen ez diren sektoreetarako.

Ekonomia Sustapenerako Sailak irekia du  enplegua mantentzeko laguntzak eskatzeko epea, osasun-krisiak eragin dien hamar langiletik beherako enpresentzat.  Dirulaguntza 2.000 eurokoa da egindako lanaldi osoko kontratu bakoitzeko, eta gehienez ere 6.000 eurokoa enpresa bakoitzeko. Kasu honetan, aurrekontua 450.000 eurokoa da, eta eskabideak hilabete honen 11ra arte aurkez daitezke.

Share