Prentsa Oharren banner

Akordio bat proposatuko die alkateak udal talde politikoei —epe labur eta ertainera—, familien, enpresen eta Gasteizko Udalaren beraren ekonomia suspertzeko

 

Gorka Urtaran audioa

Gaur iragarri duenez, oposizioko taldeekin elkarrizketatuko da Gorka Urtaran alkatea datorren astean, guztion arteko akordio bat lortzen ahalegintzeko —ez epe laburrera bakarrik—, eta, hartara, familien ekonomia, hiriko ehun ekonomikoa eta Udalaren beraren ekonomia suspertzeko.

Azken 15 urteetako Udalaren finantza-egoera dela eta talde guztiek partekatzen duten diagnostikoa jarri du Gorka Urtaranek elkarrizketa horien abiapuntu gisa. Izan ere, aurrezpen garbia sortzeko ezintasunaren arazo estrukturala da horren ondorio nagusia, arrazoi ugariren kariaz, hala nola gastu arruntaren igoera —gero eta biztanleria handiagoari eskaini beharreko zerbitzuak ugaritzearen ondorioz—.

Epe labur eta ertaineko erronka horri eutsirik, eta osasuna, gizarte-ongizatea eta ekonomiaren susperraldia xede, hiru ardatz nagusi nabarmendu ditu Gorka Urtaranek: ordenantza fiskalak onestea, “berehalako beharrei begira jarrita, baina orobat epe ertainekoei ere, Udalaren arazo estrukturalari konponbidea aurkitzeko”; udal-aurrekontuak onestea —“egungo egoera ekonomikoa aintzat hartuta; familiena, enpresena, ostalariena, merkatariena, ekintzaileena…, sektore ekonomiko osoarena”—, eta Gasteizek aparteko funtsak jaso ahal izatea. “Estatutik nahiz Europatik kudeatzen diren funtsak Gasteizera irits daitezen ahaleginduko naiz, eta hala galdatuko. Sinetsita nago, gainera, ondo posizionatuta gaudela, erakundeen elkarlanaren bitartez hiriko proiektuak gauzatzen dugun esperientzia dela eta”, azaldu du alkateak.

Share