Prentsa Oharren banner

ECNA Informática enpresak garatuko du Gasteizko Udalaren iruzurraren kontrako prebentzioa eta borroka hobetuko dituen softwarea

 

700.000 euro inbertituko ditu Udalak programa horretan, 2023ra arte

 

2020-2023 urteetarako Iruzurraren kontrako Prebentzio eta Borroka Planeko ekintzen euskarri izango den softwarea garatzeko kalitate-prezio erlazio onena duen eskaintza aukeratzea onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak. Hain zuzen ere, ECNA Informática enpresak egindakoa.

Kontratuaren aurrekontua 700.000 eurokoa da, BEZa barne, eta gauzatzeko aldia, berriz, lau urtekoa.

Iruzurraren kontrako Prebentzio eta Borroka Planaren bitartez, zerga-sistemaren aplikazio zuzen eta efektiboa zaindu nahi da, zerga eta tasen inguruko informazio-, kontrol- eta erregulazio-jardueren bitartez, funtsezko premisa baita hori Udalaren diru-sarreren kudeaketan.

Lau jarduera-ildo handik osatzen dute plana: zerga-betebeharrak betetzen diren kontrolatzea; zerga- eta bilketa-prozeduren hobekuntza eta eraginkortasuna bultzatzea; beste administrazio batzuekiko lankidetza eta sailen arteko koordinazioa, eta zergadunei ematen zaizkien zerbitzuak hobetzea.

Zehazki, diru-sarreren sistemaren barruan, online aplikazioen efikazia eta eraginkortasuna hobetu nahi dira, hala nola errolden kudeaketa, likidazioa, tarifa fiskal laua edo gainbalioak. Gainera, trafiko-isunak kudeatzeko plataforma arindu egingo da, baita gidariak identifikatzeko web-zerbitzu ere.

“Udalaren webgunean herritarrei zerbitzua emateko ditugun aplikazio informatikoen eraginkortasuna areagotzera bideratuta dago ekimena. Gaur egun, inoiz baino beharrezkoagoa dugu eguneratze teknologikoa. Zerga-sistema behar bezala eta eraginkortasunez aplikatzen dela bermatzea da gure xedea”, adierazi du Administrazio Publikoaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodríguez.

Share