Prentsa Oharren banner

‘Berriro elkartzearen poza’ aurkeztu du udal bandak

Zazpi kontzertu izango dira abonamendu-denboraldi berrian, irailetik maiatzera bitartean, Principal antzokian.

 

‘Berriro elkartzearen poza’ izenburupean, abonamendu-denboraldi berria aurkeztuko du Gasteizko Udal Musika Bandak —irailetik maiatzera bitartean izango da, Principal antzokian—.

Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Canto eta Udal Bandaren zuzendari Luis Orduña izan dira zikloa aurkezteko prentsaurrekoan. “Berriro biltzeko unea iritsi da. Musika zoragarriz inguratuko gara, bakarlari bikainak entzungo, zuzendari gonbidatuak lanean ikusiko, zoriontasunez bete gaitzan musikak”, adierazi du Cantok.

Orduñak nabarmendu duenez, “baikortasunak markatzen du 2020-21 denboraldi hau, baita poesiak, historiak, umoreak eta aldarrikapenak ere. Izan ere, uste dut garaia dela emakumeek musikan duten papera agerian jartzeko, eta, beraz, emakumezko orkestra-zuzendari bat izango dugu lehenengo aldiz, gonbidatua”. Ildo beretik, emakumezko musikagileen lanak eskainiko dira kontzertuetan, eta emakumeei protagonismoa emango.

Irailaren 30ean hasiko da ziklo berri horren egitaraua, zikloari izena eman dion ‘Berriro elkartzearen poza’ kontzertuarekin. Luis Gonzálezek parte hartuko du bertan, tronpeta-bakarlari gisa. Gainera, azaroaren 25ean, asteazkenez, ‘Haizea alde’ entzun ahal izango dute ikusleek, Isabel Rubioren zuzendaritzapean. Eta ‘Beethovenen Gasteiz’ izango da protagonista abenduaren 16an, asteazkenez, bandaren 2020ko programazioa itxiko duen kontzertuan.

Otsailaren 10ean, Marcel Ortegak zuzenduko du banda, ‘XXI zerumuga’ musika-emanaldian. Martxoaren 10ean, ‘Bizia koloretan’ emanaldia izango da, Victor de Andrés tronboi-bakarlari dela.

Ensemble Rayuela saxofoi-laukotea, berriz, gonbidatu gisa arituko da, apirilaren 21ean, ‘Globaliz-acción!’ kontzertuan, eta, denboraldiari bukaera emateko, maiatzaren 12an, ‘Optimismorako bidean’ emanaldian.

Bihar, irailak 8, jarriko dira salgai abonamenduak, 14 euroan, eta sarrera solteak, berriz, irailaren 22tik aurrera erosi ahal izango dira, 3 euroan, Principal antzokiaren ohiko salmenta-bideak baliatuz.

“Behar diren neurriak hartuko dira segurtasuna bermatzeko, bai artistena, bai emanaldietara joaten diren ikusleena”, azpimarratu du zinegotziak, eta orobat animatu ditu gasteiztarrak Udal Bandaren denboraldi berriko abonamendua erostera. “Aire freskoa iritsi da bandara. Ez ezazue galdu”.

 

Informazio gehiago: www.vitoria-gasteiz.org/banda

 

 

 

 

 

 

 

 

Share