Prentsa Oharren banner

SMSen bidez abisatuko du udal-garabiak, ibilgailuak kaletik kendu aurretik

Gaur martxan jarriko den zerbitzu hori baliatu ahal izateko, sisteman izena eman beharko da, Udalaren webgunearen bitartez

 

Gaur jarriko da martxan garabiak bide publikoan aparkatutako ibilgailuak bertatik kendu aurretik SMS bidez abisatzeko zerbitzua. Sistema horrek aukera ematen du mugikor-zenbaki bati alta emateko eta garabia titularraren ibilgailua eramatera doanean Udaltzaingoaren oharra jasotzeko SMS bidez.

Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Sailak Herritarren Segurtasunaren Sailarekin elkarlanean garatu duen ekimen hori dela eta, ibilgailua dagoen lekutik kendu ahal izango du jabeak, udal garabiak eraman aurretik, egindako arau-hausteari dagokion isuna ordaintzetik salbuetsita geratuko ez bada ere.

“Gaur martxan jartzen dugun sistema berri honek teknologiaren potentziala aprobetxatzen du, udal zerbitzua hobetzeko. Arau-haustea gorabehera, gaizki aparkatutako ibilgailuak enbarazu egin ohi die beste pertsona batzuei. Bertatik lehenbailehen kentzea da gure helburua. Horregatik, SMSa bidaltzen dugularik, aukera bat emango dugu, ibilgailua lehenago kentzeko; digitalizazioa baliatuz, konponbide efizienteagoa aurkituko diogu arazoari, eta gertuagoko tratua emango erabiltzaileei”, adierazi du Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodríguezek.

Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Marian Gutiérrezek, berriz, azpimarratu du 2019an udal-garabiak 3.821 ibilgailu kendu zituela kaletik, eta Agirrelandako ur-biltegira eraman. “Martxan jartzen dugun zerbitzu honekin, herritarrei eskaintzen diegun arreta hobetuko dugu, eta, bidenabar, udal baliabideak optimizatuko”.

Udalaren webgunearen bitartez izena eman beharko da zerbitzu horretan, esteka honetan

 

Gerora, tramitazio presentziala ere ezarriko da.

Poliziak eta garabiak prestutasunik handienarekin jokatuko dute beti ere, bizkortasunez, oztopatzea edo arau-haustea konpontzeko. Beraz, inolaz ere ez du itxoingo abisua jaso duen pertsona iritsi arte.

 

Share