Prentsa Oharren banner

Udalaren gizarte-zerbitzuek 32.965 pertsonari eman zieten arreta 2019an

 

Aurreko ekitaldiko oroitidazkia argitaratu du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak

 

32.965 pertsonari eman zien arreta Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 2019an, hau da, 2018an baino 883 pertsona gehiagori. Jon Armentiak zuzentzen duen sailak argitaratu berri duen oroitidazkian ageri da datu hori, kudeaketaren, eskarien eta Udalak emandako erantzunen inguruko datuen bilakaera jasotzen baita bertan.

2019ko abenduaren 31n, 14.986 familia-dosier zituzten aktibo Udalaren gizarte-zerbitzuek, aurreko ekitaldian baino % 5 gehiago. Dosier aktiboen % 58,8an erreferentziako pertsonak espainiar nazionalitatekoak ziren.

Problematika-motaren arabera, honela banatzen dira jarduerak: kasuen % 49,2an arazo ekonomiak ziren tarteko; % 28,3an, lan-munduan txertatzeko zailtasunak; % 24an, autonomia pertsonalaren mugak; % 17,7an, osasun-arazoak, eta % 16,9an, lan-munduan txertatzeko zailtasunak eta beste.

“Joan den urtean, autonomia pertsonalaren eta osasunaren inguruko arazoen gorakada antzeman genuen, eta, aldiz, behera egin zutela langabeziarekin eta bizikidetza-desorekekin zerikusia zutenak”, azaldu du Jon Armentia zinegotziak. Gainera, bere sailak garatutako hiru ildo estrategikoak nabarmendu ditu: “eskubideak eta bizi-kalitatea bermatzea; garapen komunitarioa eta aurre egin behar diegun erronka handiei ekiteko baliabideak, programak eta prestazioak hornitzea, eta herritarrentzat gertuko erreferentea izatea nahi dugun gizarte-zerbitzuak sendotzeko berrikuntza eta kalitatea”.

 Helburu horiek betetzeko eta dauden beharrei erantzuteko, Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 67,6 milioi euroko aurrekontua gauzatu zuen, hau da, Gasteizko Udalaren aurrekontu osoaren % 18,13.

 

 

Share