Prentsa Oharren banner

Sorkuntza koreografikoa bultzatuko du Gasteizko Udalak, Atalak 2020ren bitartez

‘Site Specific Ciudad en Creación’ aurkeztuko du Laida Aldazek hilaren 16an, Felix Petite antzokian

 

Sorkuntza koreografikoa bultzatzen jarraituko du Gasteizko Udalak, Sorkuntza Koreografikoaren Mugaz Gaindiko ‘Atalak’ Sarearen barruan. Eta Udalaren Antzoki Sarearen bitartez egingo du, baita Jose Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioaren bitartez ere.

“Sareko lan-egitura bat egituratzen du Atalak-ek, sortze-prozesuak eta koreografia-karreraren hasieran dauden artisten koreografia-proposamenak garatzen laguntzen duelarik. Hortik, parte hartzeko dugun interesa”, nabarmendu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Bi asteko iraupena duten esperimentazio-laborategiak eskaintzen dizkie sareak Akitania-Euskadi-Nafarroa Euro-eskualdeko koreografoei, baita ekoizpen-egonaldiak ere, ekoizpen horiek batera eta bestera eramateko aukerarekin.

Denis Santacana, Laida Aldaz eta Eneko Gil dira aurten koreografo gonbidatuak. Ekoizpen-egonaldiari dagokionez, Carmen Larraz nafarrak gidatuko du Atalak 2020.

Dantzaz da mugaz gaindiko sare horren buru, eta honako hauek biltzen ditu sareak:  Gasteizko Antzoki Sarea, CCN Malandain Ballet Biarritz, Baluarte Fundazioa, Tabacalera eta Gipuzkoako Dantzagunea, eta laguntzaileen sare gero eta zabalagoa, hala nola Gasteizko Udal Kontserbatorioa, Dantzerti, Baiona-Biarrizko Kontserbatorioa, SGAE fundazioa, La Fundición eta Azala.

‘Site Specific Ciudad de Creación’

Atalak ekimenaren barruan, ‘Site Specific Ciudad en Creación’ aurkeztuko du Laida Aldaz koreografoak hilaren 16an, aste hauetan Felix Petite antzokian garatzen ari den laborategia. Leku horretan bertan izango da, arratsaldeko zortzietan.

Ingurunearen behaketan oinarritzen da proposamena, sorkuntza-jarduerarako inspirazio gisa. Hiriaren konposizio espaziala aintzat hartzen du Aldazek non, nola eta zer sortu nahi duen erabakitzeko, eta material koreografikoaren errealitatea espazio eta leku desberdinekin trukatzen, proposamen koreografikoak ohiko espazio eszenikotik kanporatuz.

Laida Aldaz (Etxarri Aranaz, 1980) Nafarroako Dantza Eskola Ofizialean graduatu zen, 2000an, eta PARTSen (Brusela) jarraitzen du prestakuntza. Hainbat artista eta konpainiarekin lan egin du, hala nola David Zambrano, Julyen Hamilton, Ali & Hedi Thabet, Mat Voorter, Irma Firma, Enclave Dance Company, Cacao Bleu, Zoo Dance company eta beste. Hainbat diziplinatako artistekin jarri du harremanetan bere ibilbide profesionala, eta hainbat lan sortu ditu, sariak eta dirulaguntzak jaso dituzten eta mundu osoan barrena erakutsi diren lanak —Japonia, Estatu Batuak, Belgika, Espainia, Portugal, Alemania, Erresuma Batua…—. Gaur egun, bere pieza propioak sortzeaz gain, Zinetika zinema eta dantza jaialdiko zuzendaria da, eta —Carmen Larraz eta Marta Coronadorekin batera— La Faktoria zentro koreografikoa zuzentzen du, Nafarroan.

Share