Prentsa Oharren banner

Udalak ongietorria eman die 169 funtzionario berriri

 

A eta B taldeetarako —goi eta erdi mailako titulazioei dagozkienak— egin zen LEPean sartutako 169 funtzionariori harrera egiteko eta haiek lanpostuaz jabetzeko ekitaldia egin da gaur goizean, Europa jauregian. Hiru hilabeteko praktikaldiari ekingo diote orain, behin betiko izendatzen dituzten arte.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek ongietorria eman die langile berriei, eta udal administrazioan betetzekoak diren zeregina nabarmendu du; izan ere, administrazioak hainbat erronkari egin behar die aurre, hala nola modernizatzea eta herritarren beharrizan berriei egokitzea. “Udal funtzionarioek ez dute alderdi politiko edo alkate jakin batentzat lan egiten, hiri oso batentzat baizik. Gaur, inoiz baino gehiago, gasteiztarrek zerbitzu publiko hurbila, arina eta eraginkorra eskatzen digute, erronkei erantzuteko gauza dena, COVID-19aren pandemiarekin egiten ari garen bezala“, adierazi du alkateak. Haren hitzetan, “egunero gasteiztarren beharrei erantzuten dien ia 3.000 pertsonako talde horretan sartzea ohore handia da, erantzukizun handia, administrazio publikoa lanbide aberasgarrienetako bat baita“.

Urtaranek adierazi duenez, 169 langile horiek sartzea beste urrats bat da agintaldi honetako helburu nagusia betetzeko: udal plantillaren bitartekotasun-tasa digitu bakarrekoa izatea. Ongietorria emateko ekitaldia hemendik aurrera beren gain hartuko dituzten zereginekiko lehen harremana izan da langile berrientzat. Gizarte Politiken zuzendari Sara Buesak hitzaldi bat eman du, eta udaleko zenbait sail eta zerbitzuetako arduradunek ere hartu dute parte.

Lanpostuaz praktikaldian jabetu direlarik, LEParen bidez eskainitako lanpostuen % 97 bete dira; orotara 7.662 eskabide aurkeztu ziren. Gaur funtzionario karrerari ekin diotenen % 76,3 emakumeak dira, eta batez besteko adina 46,31 urtekoa da, hau da, udal plantillaren batez besteko adinetik (48 urte) beherakoa.

Nabarmentzekoa da funtzionario berriek aurretik zuten esperientzia. Izan ere, ia bi herenek 10 urtetik gorako esperientzia dute administrazioan, eta % 28k, 5 eta 10 urte bitartekoa; Udalak ematen duen zerbitzuaren jarraitutasuna bermatzen du horrek.

Share