Prentsa Oharren banner

Gasteizko Antzerki Jaialdian protagonismo berezia izango dute tokiko konpainiek

Datorren astean jarriko dira salgai abonamenduak

Urriaren 7tik abenduaren 21era bitartean egingo den Gasteizko 45. Antzerki Jaialdirako dituzten proposamenak aurkeztu dituzte tokiko antzerki konpainien ordezkariek, gaur, prentsaurrekoan. Jaialdian 32 ikuskizun izango dira, guztira, eta horietatik 20, euskal taldeenak.

“Aurtengo jaialdia 0 km-koa izango da. Tokiko sortzaileen bandera-ontzia izatea nahi izan dugu. Gure helburua da arlo honetako artista, langile eta ikusleek berriz ere segurtasun- eta normaltasun- sentsazioa izan dezatela antzokietan” adierazi du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Horren haritik, antzoki sarearen arduradun Marta Morfortek azpimarratu egin du Gasteizko jaialdian segurtasun-neurri guztiak beteko direla, saio bakoitzean edukieraren ehuneko 50a, eta jendearen artean eserleku bat libre. Artistei bertaratzeagatik eskerrak eman ondoren, hitza eman die, euren proiektuak azal ditzaten.

Lehenik, Zanguango taldeko Miguel Muñozek hitz egin du. Joan den astean kaleko ikuskizun onenaren Max Saria jaso zuen “Al otro lado” lanagatik. Oraingoan, ‘Aquí va a pasar algo’ aurkeztu du, pertsona guztientzat jolasa aldarrikatzen duen umore-ikuskizuna.

Teatro Paraísoko Pilar Lópezek, berriz, Úniko, el Príncipe destronado’ lanaren magiaren lilura sentitzera animatu ditu ikusleak. Etxera beste umetxo baten etorrerak lehentasuna galarazi diola sentitzen duen seme bakar baten istorioa kontatzen du. “Jelosia eta enbidia bezalako emozioen kudeaketaz ari da”.

“Enredados” deialdiaren baitan, beldurrari buruzko “No me toques” Juan 20:17’ lana aurkeztu du Thussiako Miguel Garcések . “Pandemia garaian pasaporte inmunitarioak kudeatzen dituen enpresa bati buruzko da” adierazi du.

Off Local

Ondoren, Off Lokal deialdian aurkeztutako proposamenak azaldu dituzte.

Ekomako Aitor Colladok ‘Con los pies por delante’ lanaren zentzua azaldu du: heriotza desmitifikatzea. Bi pertsonaiak heriotzari aurre egiteko dituzten ikuspuntu ezberdinak deskribatzen ditu umorezko lan honek.

Ondoren, Mananas Fruti Co. konpainiako Jasón Guerrak ‘Acoples & Desacoples lana defendatu du. Bertan, gure familia- eta gizarte-bizitzarekin konpromisoak izateari utziz gero beste mundu bat posible dela ikusarazten saiatzen da coach bat.

Pez Limbo konpainiako Unai López de Armentiak, berriz, ‘Marea baja’ lanaz eta gizonen arteko zainketaz hitz egin du.

Tranpola konpainiako Josune Velezek ‘Txilin Hotsak’ aurkeztu du. Kristalezko ontzi huts batean zer dagoen esango dute lan horretan.

Pizifaktoriako Mikel Ayllón ‘Elkar ezagutu genuen eguna’, lanaz aritu da; internet bidezko harremana duten bi pertsonen arteko istorioa. “Bakoitzak bide desberdina aukeratzen du zoriontasuna bilatzeko” azaldu du.

Amaitzeko, Ypárchoumeko Marina Suárezek hartu du hitza. Existentzia mugimendu gisa aztertzen du ‘Hara Nori’ lanean.

Irailaren 21ean hasiko da antzerki-jaialdirako abonamendu salmenta (abonamendu irekietarako hitz ordua eskatu beharko da aldez aurretik). Sarreren salmenta irailaren 28an hasiko da.

Informazio gehiago

Share