Prentsa Oharren banner

Iraunkortasun Energetikoaren Batzordea izango du Gasteizek

Aste honetan sinatu du Gorka Urtaran Gasteizko alkateak Iraunkortasun Energetikoaren Sailen arteko Koordinazio Batzordea eratzeko dekretua. Organo hori arduratuko da energia kontsumitzen duten eta energiaren arloan kudeatzeko eta gastatzeko gaitasuna duten udal sailen arteko koordinazioaz —Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren Saila, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Saila, Ogasun Saila eta Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Saila—.

Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko 4/2019 Legean finkatu ziren arlo horretako arau orokorrak, administrazio publikoei nahiz sektore pribatuari dagokienez, energia aurrezteko eta efizientzia energetikoa lortzeko neurriak bultzatzeko, baita energia berriztagarriak sustatu eta ezartzeko ere. Besteak beste, legean jasota dago erakunde bakoitzak iraunkortasun energetikorako batzorde bat izan beharko duela.

Batzordearen eginkizunen artean, hauek nabarmendu behar dira: eraikinen, ibilgailuen eta argiteria publikoko instalazioen inbentarioa egitea; energia-kontsumo osoaren oinarrizko erreferentzia-mailak finkatzea, eta Udalaren Jarduera Energetikoaren Plan Orokorra lantzea.

Share