Prentsa Oharren banner

Hasi dira hiriko markesinak eta hiri-altzariak onik uzteko lanak Gasteizen

 

Gasteizen hasi dira, dagoeneko, udalerriko markesinak eta hiri-altzariak onik uzteko lanak. Hiriko hiri-altzarietako publizitatea ustiatzeko kontratuaren baitako lanak dira. Proiektua, besteak beste, Arabako hiriburuko markesinak berritu eta modernizatzeko, eta Vitoria-Gasteiz Smart Green City Plana garatzen jarraitzeko sustatu da. Egun hauetan kaleetan ikus daitezkeen lehen lanez gain (autobus geralekuak garbitu, lixatu eta margotzea), hiriko hamar komun publiko lekuz aldatzeko lanei ekin zaie, eta datozen hilabeteetan beste kokaleku batzuetan jarriko dira, TUVISA udal garraio-enpresak eskatuta, eta autobus-gidariek, kode bidez,  eta herritarrek, oro har, erabili ahalko dituzte.

Iragarri zen bezala, kontratu honen bitartez tamaina handiko pantaila digitala duten 20 markesina berri jarriko dira, baita geralekuko 47 argibide-gune berri ere. Horrelako kontratuetan ohikoa denez, enpresa adjudikaziodunak inbertsio handia egin beharko du hiri-altzarietan (ia bost milioi euro), eta Udalari kanon bat ordainduko dio espazio publikoa erabiltzeagatik. Kanona 113.000 euro izango da, eta urtero eguneratuko da kopurua. Horren truke, markesinetako eta kontratuan aurreikusitako hiri-altzarietako publizitate-ustiapena kudeatuko du adjudikaziodunak; dena den, udalaren publizitaterako tarteak ere erreserbatu beharko ditu. Udalak kalkulatu du 13 urterako kontratuaren prezioa 28 milioi eurotik gorakoa dela, inbertsioa eta altzarien mantentzea barne.

Markesinei dagokienez nabarmendu beharra dago Patxi Mangado arkitekto nafarraren jatorrizko diseinuarekin jarraitzea erabaki dela, dagoeneko Gasteizekin identifikatzen den diseinu modernoa eta funtzionala dela iritzita. 20 markesina berriek, dena den, tamaina handiko —82 hazbeteraino— LCD pantaila digital bana izango dute; pantailek eguneko 24 orduetan eta asteko 7 egunetan funtzionatuko dute. Erasoen kontrako eta eguraldi txarretik babesteko elementuak ere izango dituzte. Konektagarritasunari dagokionez, Ethernet, 3G/4G, Bluetooth, Wifi eta NFC teknologiak baliatzeko prestatuta egongo dira. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Saila osagai berritzaile horiek non jarri aztertzen ari da, eta erabilera handia duten geralekuetan jarriko dira.

Orobat, geralekuko 47 argibide-gune (TFT pantailekikoak) instalatzea barne hartzen du kontratuak, eta kontratuan sartutako altzari guztien metalezko egitura eguneratzea. Gaur egun, honako elementu hauek daude Gasteizen: 222 markesina hirian eta industrialdeetan, eta beste 28, kontzejuetan; 178 MUPI; 10 komun; 20 erloju-termometro; 96 zutoin, autobus geralekuetan; 17 zutoin, taxi geralekuetan, 53 informazio-panel, eta geralekuko 98 argibide-gune.

Onik uztea eta irisgarritasunaren aldetik egokitzea

Egun hauetan hasi diren eta azaroaren amaierara edo abenduaren hasierara arte iraungo duten lan horiek honakoak hartuko dituzte barne: osorik garbitzea (baita eranskailuak kentzea ere), herdoildutako zatiak lixatzea, korrosio-kontrako inprimaketa duen pinturaren esku bat ematea, eta herdoilaren aurkako pinturaren bi esku. Binilo apaingarriak eta TUVISAren binilo korporatiboak eta informaziozkoak aldatuko dira. Kontratuak irauten duen 13 urteetan, enpresa adjudikaziodunak hirutan egin beharko du garbiketa sakona.

Orobat, irisgarritasunaren arloko araudira egokituko dira geralekuak, eta euskarri iskiatikoa duten eserlekuak jarriko dira. Altzarien gutxieneko altuera ere aldatuko da, itsuei edo ikusmen-desgaitasuna duten pertsonei irisgarritasuna bermatzearren.

Pantaila duten 20 markesina berriez hornitzeaz gain, enpresa adjudikaziodunak gaur egun daudenetako 40 lekuz aldatuko ditu —BEAren markesina berriak jarriko ditu haien ordez—. Horretaz gain, lekuz aldatuko ditu autobus-geralekuetako 30 zutoin. BEAren markesinen mantentzea eta publizitate-ustiapena ere kontratu honen adjudikaziodunaren ardura izango da, eta udalaren  komunikazioetarako tarteak utzi beharko dizkio udalari pantaila-sarean.

TUVISAk eskatuta, berez garbitzen diren zortzi komun lekuz aldatzeko lanak ere hasi dira egunotan. Orain arte erabilera gutxiko lekuetan zeuden komunak (egunean bik pertsonak baino gutxiagok erabiltzen zituzten) leku egokiagoetara aldatuko dira. Kale hauetan jarriko dira, zehazki, komun berriak:  Nafarroako Errege-Erreginak, Zaramaga, Donostia-Blas de Otero, Bremen 15, Mariturri / Sofia Erregina:, Henry Morton Stanley kalea, Nazio Batuak / Mariturri eta Iruña Veleia / Oion. Autobus lineen irteera guneetatik edo ordua egokitzeko geralekuetatik hurbil dauden tokiak dira. Mantendu egingo dira Herrandarren kaleko garai bateko autobus-geltokian eta Cadena y Eleta Apezpikuaren kalean zeudenak.

2018an egin zuen kontratuaren lizitazioa Udalak, eta enpresa bakarra aurkeztu zen. Enpresa hark ez zituen betetzen eskatutako gutxieneko betekizunak, udal zerbitzu teknikoen arabera. Horren ondorioz, adjudikazioa eman gabe utzi zuen Tokiko Gobernu Batzarrak. Enpresak errekurtso berezia jarri zuen bera prozeduratik kanpo uztearen aurka. Geroago, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak ebatzi zuen enpresaren errekurtsoa ezestea, eta zuzentzat jotzea Tokiko Gobernu Batzarrak adjudikazioa hutsik uzteko hartu zuen erabakia.

 

Share

Bi bizikleta-gordeleku berri izango ditu Gasteizek, 56 bizikleta gordetzeko lekuarekin

 

Florida eta Hedegile kaleetako bi lokal baliatuko ditu Udalak, etorkizunean hiri osoan barrena zabalduko den bizikleta-aparkalekuen udal-sarearen prototipo gisa

 

Gorka Urtaran alkateak gaur jakinarazi duenez, 56 bizikleta modu seguruan gordetzeko lekua eskainiko duten bi bizikleta-gordeleku berri izango dira Gasteizen laster.  Zehazki, Hedegile kaleko eta Florida kaleko lokal banatan jartzea da Udalaren asmoa.

Lehen kasuan, 21 Zabalgunea hirigintza-sozietatearen hurrengo kontseilura eramango du Urtaranen gobernuak Hedegile kaleko lokalaren lagapena, etxebizitza-bloke horren beheko solairuan —68 m2 erabilgarri— 31 bizikleta uzteko lekua moldatzeko, lur arrasean, erraz sartu eta ateratzeko moduan.  Kanila bat ere izango du lokalak, eta bizikleta elektrikoak kargatzeko hargune bat eta zama-bizikletentzako bi leku berezi. Proiektuaren aurrekontua 34.500 eurokoa da, BEZa barne.

Florida kaleko lonja ez da ezertarako erabiltzen gaur egun. 25 bizikletentzako lekua moldatzea aurreikusten da proiektuan, guztiak lur-arrasean, eta maniobrak erraz egiteko moduan. Erdi Aroko hirigunean aurreikusitako bizikleta-gordelekuan bezala, lokalak kanila bat izango du, bizikleta elektrikoak kargatzeko hargune bat eta zama-bizikletentzako bi leku berezi. Aurrekontua 24.000 eurokoa da, BEZa barne.

“Etorkizunean hiri osoan barrena zabalduko den bizikleta-aparkalekuen udal-sarearen prototipo gisa planteatzen dira bi esku-hartze horiek, konponbideak eta alternatibak aztertzeko aukera emango baitute. Bi kasuetan, fatxadaren tratamenduak, sarrera-sistemek, material eta koloreek eta euskarri-sistemak identitate bateratua ematea bilatuko da, argia eta ezagutzeko modukoa”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Share

Gizarte etxeek ikuskizunen programa berria aurkeztu dute

Liburutegien Sarearen jardueren, jarduera artistikorako hastapen-ikastaroen eta Auzo Eszena programaren osagarri izango da proposamena

 

Gasteizko gizarte etxeen sareak kultur programazio oparoa prestatu du udazkenerako, adin orotakoentzako ikuskizunen programa berria delarik nabarmenena.

‘Ikuskizunak gizarte etxeetan’ programaren barruan, zortzi kultur emanaldi eskainiko dira urriaren 3tik abenduaren 19ra bitartean, Aldabe, Arriaga, Salburua eta Zabalganeko gizarte etxeetan. “Tokiko eta kalitateko sorkuntzaren alde egiten dugu, euskal artista eta konpainia profesionalekin batera, eta Gasteizko publikoak atsegin hartu ahalko du adin orotakoentzako antzerki, dantza edo magia proposamenekin“, iragarri du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

19:00etan hasiko dira ikuskizunak, hauek, zehazki: Imanolen magia, Noralairen antzerki musikala, La Pulgaren eta Miren Amurizaren flamenko eta bertsolaritzaren arteko fusioa, Ameztu Produkzioen txotxongiloak, Zirika Zirkusen zirkua, eta Les Bobé-Bobé, Didau eta Próspero Teatroren antzezlanak. Sei ikuskizun euskaraz izango dira, eta bi gazteleraz.

Ikuskizun bakoitza baino 15 egun lehenago jarriko dira sarrerak salgai, gizarte etxe eta kirol ekipamendu guztietan (pilotalekuak izan ezik), baita internetez ere (emanaldia hasi baino ordubete lehenagora arte). Sarrerek 3 euro balioko dute.

Auzo Eszena

Ekimen berriaz gain, ‘Auzo Eszena’ zikloa ere eskainiko da, zeinak Gasteizko talde eta artista ez profesionalei aukera ematen baitie beren proposamenak jendaurrean erakusteko.

Martxoan bertan behera utzi behar izan zen programa, pandemia zela eta; orain berriro ekingo zaio, guztira zortzi ikuskizun eskainiz: horietako bi euskaraz izango dira, eta hiru, haurrentzat. Umorea, antzerkia, magia, bakarrizketak, komedia eta musikalak barne hartzen dituzte proposamenek, haur eta familiei zein heldu eta gazteei zuzendutakoak. Hori dena, artista hauen eskutik: Juanjo Monago, Imperfeccionismo Mágico, Pro-Ismo 0, Tadir, Arrox Bola Sormen Elkartea, Pánico Escénico, Ipazapi eta Auskalhop.

Urriaren 18tik abenduaren 20ra bitartean izango dira saioak, 19:00etan hasita, Arana, Aldabe, Arriaga eta Zabalganeko gizarte etxeetan.

Urriaren 7an jarriko dira sarrerak salgai, gizarte etxe eta kirol ekipamenduetan zein internetez (emanaldia hasi baino ordubete lehenagora arte).

Sarrerek 3 edo 5 euro balioko dute.

Liburutegien Sarearen jarduerak

Udal Liburutegien Sareak, berriz, 46 jarduera antolatu ditu irailetik abendura bitartean. Hitzaldiak, liburuen aurkezpenak, errezitaldiak, ipuin-kontalariak, musika, lantegiak… Proposamen horietatik, 26 haurrentzat izango dira, eta 20, gazte eta helduentzat. 28 euskaraz eta 17 gaztelaniaz. Ingelesezko ipuinen kontalaria ere izango da haurrentzat.

Jardueretako batzuek euro bateko prezioa izango dute, eta beste batzuk doakoak izango dira, lekuak bete arte; lantegietan, berriz, izena eman beharko da. Jarduera baino bi aste lehenagotik eskuratu ahalko dira sarrrerak, edo lantegietan izena eman.

Jarduera artistikorako hastapen ikastaroak

Gizarte etxeetako udazkeneko programazioaren barruan, orobat, jarduera artistikorako hastapen ikastaroak ditugu, denboraldi honetan hilabetekoak izango direnak. Orotara 149 lantegi dira, eta 1.829 leku, hainbat alorretakoak, euskaraz edo gaztelaniaz: arte eszenikoak. arte plastikoak, dantza, musika, idazketa, eskulangintza eta irudia.

Irailaren 7an hasi zen izena emateko epea urriko ikastaroetarako. “Une honetan lekuen ehuneko 80 beteta dugu, baina interesdunak animatzen ditugu, ikastaro batzuetan oraindik badelako leku librerik; irail osoan eta ikastaroa hasten den egunera arte eman ahal da izena“, nabarmendu du Cantok.

Kultura segurua

Programa guztiak indarrean dauden jarduera-protokoloak kontuan hartuz diseinatu dira, eta garatuko,  eta segurtasun- eta higiene-neurriak une oro egokituko zaizkie osasun agintaritzak COVID-19aren prebentziorako ezartzen dituen osasunaren arloko arau eta gomendioei.

Azken batean, gizarte etxeak espazio seguruak direla aldezten dugu, eta herritarrek konfiantza izan dezakete, bertan kalitateko kultur eta arte jarduerez gozatzen jarrai dezaketelako“, amaitu du zinegotziak.

Bibliotecas_octubre_2020

Espectaculos_en_centros_civicos_otono_2020

Auzo_eszena_otono_2020

Share

Merkealdi eta Okasioko Liburuen XXXIV. Azokaren inaugurazioa

Merkealdi eta Okasioko Liburuen XXXIV. Azoka inauguratu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok. Urrezko Zeledonen plazan izango da, gaurtik —irailak 18— hasi eta urriaren 3ra bitartean. Euskadiko liburu-azoken koordinatzaile Asier Muniategi izan du lagun zinegotziak.

Euskal Autonomia Erkidegotik nahiz Estatuko beste leku batzuetatik —Madril, Andaluzia, Gaztela eta Leon eta abar— etorritako liburu-dendek 12 saltoki jarriko dituzte orotara. Gaztelaniazko eta euskarazko merkealdi eta okasioko liburuak izango dira salgai, euro batetik aurrera.

“Irakurketa izan da gure babeslekuetako bat, pandemiak eragindako konfinamenduan. Itzul diezaiogun orain eman digun guztia, gure liburutegiak liburu berriz hornitzeko inbertituz. Udazken eta negurako irakurgai erakargarri eta ekonomikoak aurkituko dituzte gasteiztarrek azoka tradizional horretan”, adierazi du Estíbaliz Cantok.

11:00etik 14:00etara eta 17:00etatik 20:30era egongo dira zabalik saltokiak.

 

Share