Prentsa Oharren banner

Urtaranen gobernuak 50.000 euroko laguntzak lortu ditu iraunkortasunarekin eta ekintzailetzarekin lotutako bi proiektu aktibatzeko

  • Udalak KONPONDU proiektua garatuko du enpresa eta saltokiekin, hainbat gai berrerabili eta birziklatzeko, arropatik hasita makineria industrialeraino
  • IGIk, berriz, espazio pribatu eta publikoetan azpiegitura berdea sortzeko proiektu bat sustatuko du: eskola bat, ikusmen urriko pertsonentzat egokitutako lorategi bat, eta adimen-desgaitasuna duten pertsonentzako berdegune terapeutikoa

 

Urtaranen gobernuak Iraunkortasunerako Euskal Udalerrien Sareak (Udalsarea 2030) emandako bi laguntza lortu ditu, bakoitza 25.000 eurokoa —eskura daitekeen gehieneko kopurua—, Udalak sustatutako bi proiektutarako, EHU, Egibide, ACLIMA eta lurraldeko beste entitate, enpresa eta erakunderekin batera lantzekoak.

Laguntzetako baten bidez, Ingurumen Plangintzaren Zerbitzuak eta Enpresen Zerbitzuak KONPONDU proiektua jarriko dute abian, ekonomia zirkularra bultzatzeko politiken barruan, zeinak beste sektore batzuetan arrakastaz garatzen ari baitira. Produktuen bizitza baliagarria luzatzen laguntzea da helburua, horiek konponduz, hondakin bihur ez daitezen.

Kanpaina bat egingo da Gasteizko herritarrek kontsumo-ereduak alda ditzaten, produktu bat bota beharrean hori konpontzearen alde egin dezaten sustatuz, eta erosketa-erabakietan gehiago irauten duten produktuak eta zirkularitate-irizpideei jarraituz diseinatutakoak aukeratu ditzaten, hau da, konpondu eta eguneratu ahal izateko ekodiseinatukoak.

Horretaz gain, arropatik hasita makineria industrialeraino konpontzen diharduten enpresa eta negozio lokalak —600 inguru—bultzatuko dira ekimenaren bidez, eta Gasteizko ekintzailetza ekosistemako beste enpresa eta pertsona batzuei lagunduko diegu, konponketa aurreratuaren, birmanufakturaren, berregokitzapenaren eta negozioen ikuspegi-aldaketaren alorretan ekintzailetza proiektuak gara ditzaten“, azaldu du alkateak.

“KONPONDU hitzaren bidez bi arlo aipatu nahi dira: batetik, gauzak konpontzean oinarritutako kontsumo eta negozio ereduen aldeko apustua; bestetik, pandemiaren inpaktu ekonomikoa konpontzen laguntzea, eredu horiek enpresek egoera aldakorretan zailtasunak gainditzeko duten ahalmena sustatzen baitute, eta lurraldean finkatzen laguntzen”, erantsi du Gorka Urtaranek.

Proiektu horrekin, hondakinen kudeaketaren lehentasuna dena azpimarratzen du Udalak, Agenda Gasteiztarrean eta Vitoria Gasteiz Green Deal agirian jasotako ekintzen arteko bat izanik: prebentzioa. Era berean, Euskadiko Ekonomia Zirkularrerako 2030 Estrategiarekin lerratzen da, horren arabera, alor jakin hauetan enplegua sortzeko aukera handiagoak izan baitaitezke: konponketa, birfabrikazioa, eguneratzea, birziklatzea, alokairua edo leasinga.

Bestetik, aurrea hartzen dio European Green Deal egitasmoaren alderdi batzuk katez kate apliklatzeak tokiko esparrura ekar ditzakeen ondorioen etorrerari: konponketaren alorrean gaitasunak garatzea, kontsumitzaileei produktuak non eta nola konpon ditzaketen jakinaraztea eta, oro har, ekonomiaren suspertzea ekonomia zirkularrean eta enpresak lurraldean finkatzean oinarritzea.

 

Lorategiak ikasteko eta bitarteko terapeutiko gisa

Udalsarea 2030en beste laguntza bat (25.000 eurokoa) jaso du Udalak, hiru proba-proiekturen bitartez Gasteizko azpiegitura berdea era partekatuan eraikitzeko programa bat garatzeko:  Txagorritxuko haur-eskolako jolastokia naturalizatzeko proiektua; Urarteko udal baratzeetan (Abetxuku) ikusmen urriko pertsonentzat egokitutako lorategia sortzeko proiektua, Itxaropena elkartearena, eta Adurtza okupazio-zentroan (Arabako Foru Aldundiak kudeatzen du) adimen- eta garapen-desgaitasuna duten pertsonentzako mikropaisaia edo berdegune terapeutikoa sortzeko proiektua.

IGIk sustatuko Hiri Azpiegitura Berdearen Estrategiaren barruan txertatu ditu hiru ekimen horiek alkateak. Estrategiaren helburua da “hiriko berdeguneen ekologia-, ingurumen- eta gizarte-funtzioak hobetzea, parke, lorategi, kale, plaza zein erreketan esku hartuz, baita beste aukera-espazio batzuetan ere, hala nola eraikinak eta erabiltzen ez diren orubeak. Ekintza horien xedea da biodibertsitatea handitzea, uraren kudeaketa hobetzea, CO2ren eta beste kutsatzaile batzuen xurgapena handitzea, eta funtzio soziala hobetzea, besteak beste. Esku-hartze horiei guztiei esker, Azpiegitura Berdearen Sistema osatzen ari da, eta hori, era berean, hiriak klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko duen ahalmena hobetzen ari da, baita herritarren osasuna eta ongizatea ere.

Orain arte Gasteizko Udalak sustatu eta gauzatu ditu jarduera horiek, berdegune eta espazio publikoetan. Baina ekipamendu pribatuetan ere garatu daiteke azpiegitura berdea, esaterako, auzo-komunitateetako patioetan, ikastetxeetan edo osasun eta asistentzia zentroetan. “Orain mota ezberdinetako hiru proba-proiektu hauek (hezkuntza, asistentzia eta terapia alorretakoak) planteatzen dira, eredugarri izan daitezen eta ingurumen- eta gizarte-onurak ekar ditzaten, eta gero Gasteizko beste leku batzuetan eta beste udalerri batzuetan kopiatzerik  izan dadin“, azpimarratu du alkateak.

 

 

 

Share